Logikoa den bezala, prezioa pieza bakoitzak duen tamainaren eta pieza egiteko erabilitako denboraren baitan dago; baina, oro har, prezioak honako hauek izan daitezke:
· Bainugelako lurrerako alfonbrak: 22 €tik gora.
· Logela, egongela edo korridoreetako alfonbrak: 45 €tik gora.
· Fularrak: 50 €tik gora.
· Bufandak: 38 €tik gora.
· Gerrikoak: 18 €.
· Eskumuturrekoak: 5 €.
· Etab.
Antxon AGUIRRE SORONDO
MIA RISSANEN
Karmengo Ama kalea, 14-2.
ARROA / ZESTOA
Tel. 943 14 80 65
Posta elektronikoa: mia5@euskalnet.net
Euskonewsen 170. zenbakian, 2002ko ekainean, ehungintzako emakume artisau bati buruz hitz egin genuen.
Oraingoan ehungintzako beste emakume artisau bat ekarri dugu, ikusiko den bezala, oso ezaugarri interesgarriak dituena: MIA RISSANEN, finlandiarra jaiotzez eta euskalduna bihotzez.
Gure emakume artisaua Helsinkin (Finlandia) jaio zen 1963ko maiatzaren 9an.
Finlandiako eskoletan eskulanak ikasten ziren, eta gaur egun ere ikasten dira. Miaren familian amonak (1913-2003) ehuntzen zuen. Amonaren gaztaroan, etxe askotan zuten familiarentzat ehuna egiteko ehungailua eta neska gazteek beren eztei-jantziak ere prestatu ohi zituzten. Miaren amonak artilea eta lihoa erabiltzen zituen lanerako. Etxeko ardien artilea fabrika batera saldu eta, han tratatu ostean, amonari itzultzen zioten berriro, nahi zuen kolorea zuela.
Mia 14 urterekin hasi zen josten eta beretzako arropak egiten, zaletasun handia zuelako.
Lehen ikasketak burutu ondoren, “Esku Lanbideak” eskolan sartu zen; han bi urtez ehungintzako teknikak ikasten aritu eta gero, Helsinkin Emausko Trapu Biltzaileak taldeko kide bilakatu zen bere borondatez. Talde horretan, besteak beste, arropa zaharrak bildu eta errefuxiatu-eremu eta bidazti-etxeetara eramateko prestatu ohi dituzte. Behar baino arropa gehiago biltzen zutenez, ordea, beroki-zatiak erabiliz mantak egiten hasi ziren, eta ehun-zerrendez ehotzen ere bai, amonak egiten zuen bezala; gure emakume artisauak oraindik ere erabiltzen du teknika hori.
Finlandian Joseba Ossa ezagutu eta Arroara (Zestoa) bizitzera etorri ziren. Hemen hiru seme-alaba izan dituzte: Maia (1991an jaioa), Aitor (1993) eta Ainara (1998).
2000. urtean, hain gogoko duen lanari berriro ekin eta etxeko atikoan irazki-hari baxuko ehungailua prestatu zuen, lanik ez duen tarteetan ehuntzeko.
Ehungintza alorreko artisautza eskolak ere eman izan ditu, gehienetan inguruko heldu-taldeei.
Honako gai hauek egiten ditu:
· Tapizak edo trapuzko alfonbrak lurrerako; oso ohikoak dira Europako iparraldeko herrialdeetan.
· Lihozko fularrak janzteko.
· Altzari-estalkiak.
· Artilezko bufandak, artile lodiz eginak edo kotoi-belusaz nahasiak.
· Kotoizko eskumuturrekoak.
· Kotoizko gerrikoak.
· Etab.
Gehienetan, kolore leunak, gozoak, lasaiak erabiltzea gustatzen zaio.
Urtean, gutxi gorabehera, 12 azokatara joaten da eta hantxe saltzen ditu bere produktuak.
Errenteriako Artisautza Azokaren hiru ekitalditan parte hartu du (2006, 2007 eta 2008 urteetan).
Garai batean, Euskal Herriko herri guztietan izaten ziren ehungailuan ehotzen zuten ehuleak. Baserritarrek lihoa ematen zieten eta, diruaren truke, ehuleek ehunak egiten zituzten.
Ikus dezagun nolakoa den, laburki, irazki-hari baxuko ehungailuaren lana gaur egun.
Lanean era guztietako hariak erabil daitezke, baina normalean kotoi-, liho- eta artile-haria erabiltzen da. Haria hariletan, konoetan edo matazetan eros daiteke, baina matazetan datorrenean harilak egiten dira. Irazkia egiteko, harilak hainbat ataltxo dituen tiraderan ipini behar dira. Tiradera horien goialdean hari-gidari bat egon ohi da, eta irazkiko hariak handik igarotzen dira, harilkaira heldu baino lehen nahas ez daitezen.
Irazkia ehungailuko hari-multzoa izaten da eta horietan ehotzen da bilbea. Bilbea eta irazkia elkarzutean ipini ohi dira.
Harilkaia tresna bi eratakoa izan daiteke: marko motakoa horman ipintzeko edo danbor motakoa, birak ematen dituena. Harilkaiak irazkia egiten du; hots, gero ehungailuan jartzeko irazkiak izan behar duen luzera prestatzen du.
Hurrengo pausoa, orrazi-pasagailuaren laguntzaz irazkia ehungailuan muntatzea izaten da. Hariak, banan-banan, lehenik sareetatik eta gero orrazitik igaro behar dira. Amaitzean, irazkia tolesgailuan biribiltzen da. Zenbait ehungailutan, lehenbizi irazkia biribildu eta gero lehen aipatutako lanak egiten dira. Pedalak, berriz, dagozkien makila-igorgailuei eta goiko hagei lotzen zaizkie, eta horien mugimenduen eraginez bilbe batzuk igo eta besteak jaitsi egiten dira, eta horiekin batera irazkiaren hariak ere bai, anezka igarotzeko zuloa irekiz.
Lan aldi hori amaitutakoan, irazkia makilari lotu eta tenkatu egiten da. Ehotzen ari denak gurpil horzdunen bitartez egokituko du irazkiaren tenkatzea, eho beharreko gaiak duen malgutasuna eta produktuaren helburua kontuan izanik.
Jadanik zati bat prestatua dago; orain bilbea anezkan muntatu behar da, lanean hasi baino lehen.
Lanerako hari mehea erabiltzen denean, lehenengo haria, txirrika moduan, paperezko oinarri batzuetara igarotzen da, eta gero txirrika anezkan ipini behar da. Hala ere, lanerako gai lodiak, kordoiak edo trapu-zerrendak erabiltzen badira, material hori zuzenean anezka luze eta ireki batean biribiltzen da.
Bitxikeria modura esan dezagun gure emakume artisauak hariak ez ezik, ehun-zerrendak ere erabiltzen dituela lanerako, ehun-zerrenda horiek elkarri lotuz edota hariarekin nahasiz. Ehun-zerrenda horiek erabilitako kotoizko arropa garbietatik ateratzen ditu, botoiak edo kremailerak kendu ondoren zerrenda luze eta etengabe batean ebakiz, josturak eta azpildurak agerian gelditzen direla. Zerrendak hariletan biltzen ditu kordoiak balira bezala.
Ehungailuan 120 zentimetro arteko zabalera duten ehunak eho ditzake, baina gehienetan 60 eta 85 zentimetro arteko zabalera dutenak ekoizten ditu, eta luzera nahi adinakoa.
Azoketara joaten denean, mahai gaineko ehungailu txiki bat eramaten du edo eskumuturrekoak eta gerrikoak egiteko erabili ohi den gerri-ehungailuaz lan egiten du.
Azkenean, oso egitura alai eta ikusgarria duen ehuna ekoizten du, tamainaren arabera edozertarako erabil daitekeena.
Irakurleen iritziak: