Artisaua | |
Produktuak | |
Prezioak |
ARTISAUA
Idoia Abínzano Zaragüeta eta Alfonso Otal Isabella, 1987an hasi ziren euskal ehungintza tradizionaleko lanak egiten eta lehengaia aztertzen. Museo batzuek enkargatuta, jantzi tradizionalen erreprodukzioak egiten dituzte, lihozkoak gehienetan, urdin koloreko gurutze puntuz brodatutako iruditxoekin. Horrez gain, ehungintzari buruzko klaseak ere ematen dituzte.
Texartu, gaur egun, EHUNGINTZA ESTUDIO bat da. Ehungintzaren -edo, zehazkiago esanda, ehungintza tradizionalaren- mundu korapilotsuan 14 urteko esperientzia duen artisau talde batek osatutako enpresa bat da, Nafarroako Gobernuaren artisautza ziurtagiria duena. Nolabait, Idoia Abínzanok 80ko urteen bukaeran sorturiko artisautza tailerrari eman dioten bultzadaren fruitua da.
Texarturen helburu nagusia, ehungintza tradizionalaren kultura berreskuratu, baliozkotu, ahal den heinean egokitu, mantendu eta zabaltzea da. Izan ere, sektorearen industrializazioaren eta, orain, globalizazioaren ondorioz, kultura hau, artisautzaren beste hainbat alderdi bezala, gizartean zeukan lekua galtzen ari zen, ahanzturan erortzeko arriskuarekin.
Kultura herrikoieko elementuak izanik, oso kontuan hartzekoak dira Texartun erabiltzen dituzten teknikak, beren gertutasunagatik, funtzionalitateagatik, edertasunagatik, ugaritasunagatik eta autonomia zein nortasunez hornitzeko gaitasunagatik. Gure idiosinkrasia markatzen dutenez, ahal dugun heinean mantendu egin behar ditugu, beren diseinuak eguneratuz eta erabilera berriak bilatuz.
Texartun erabiltzen dituzten teknikak antzinako eta oraingo ehuleengandik ikasi dituzte, jakintza iturri horietako asko betiko galdu badira ere. Hala ere, garbi daukate uneoro produktuak hobetzeko teknikak aztertzen eta garatzen joan behar dutela, eta balio berriak bilatzen, diseinu eta materialen aldetik adibidez. Artisautza tailer guztiek aritu beharra daukate diseinu berriak sortzen eta garatzen, eta ondoren materialei aplikatzen. Ehungintzan, gainera, ezin zaie material, kolore eta ligamenduen aldetik dauden joerei bizkarra eman, baina ez da, ezta, ehungintza industriak markatzen duen aldibaterakotasunean erori behar, hain zuzen ere hori baita artisautzaren eta industriaren arteko desberdintasun nagusia. Etengabe garatzen ari den tradizioa da.