Neolitikoko gizakiak likidoak ahora eramateko itsas maskorrak erabiltzen zituela egiaztatzen duten frogak aurkitu dira. Aho zabaleko eta heldulekudun koilara modernoaren erabilera Egiptotik datorkigu. Horren adierazgarri dira hileta-pusketan aurkituriko koilarak. Marfilezkoak, adarrezkoak, harrizkoak, egurrezkoak, etab. aurki ditzakegu, heldulekuetan taila eta marrazki ederrekin. Tebasen, esaterako, Isis jainkosaren irudia duten batzuk aurkitu dira. Salomonen tenpluan (K.a. X. mendean) urrezko koilarak erabiltzen ziren. Greziarrek urrezkoak, zilarrezkoak, marfilezkoak eta herritarrek egurrezkoak erabiltzen zituzten.
Erdi Aroan herriko jendearen artean ez zen ohikoa koilara erabiltzea (eta are arraroagoa zen sardexka erabiltzea). Izan ere, eskuekin jaten zuten. Aberatsek eta nobleek soilik zituzten zilarrezko koilarak.
Orain ehun urte arte, gure eskualdean, mahai erdian janariz beteriko ontzi bat jartzen zen eta denek jaten zuten bertatik eskuak erabiliz, ogiaren laguntzaz.
Koilararen erabilera XX. mende hasieran orokortu zen, lehenik egurrezko koilararena eta gero (garai modernoetan) metalezkoarena. Garai berean herri xumea ere sardexkak erabiltzen hasi zen, jai handietarako eta etxean gonbidatu garrantzitsuak zeudenean.
· Koilarak: 3, 4, 6, 8, 10… €.
· Sardexkak: 6 €-tik gora.
· Espatulak: 6 €-tik gora.
· Irabiagailuak: 10 €-tik gora.
· Mailuak: 10 €-tik gora.
· Makilak: 5, 10 eta 17 €.
· Etab.
Antxon AGUIRRE SORONDO
Félix Barcina Valle
Larragain kalea, 6-2 D.
20500 ARRASATE-MONDRAGÓN
Tel. 943 79 86 28
Koilarak egiten dituzten artisauei buruz, aurrez, bi aldiz hitz egin dugu atal honetan. Horrela egin genuen Miguel Arrozekin (EUSKONEWS 201 zk.) eta Santiago Oteizarekin (EUSKONEWS 293 zk.). On Joxe Migel Barandiaranek ezpel-zurezko koilarei buruz argitaraturikoa aipatu genuen lehen artisauaren fitxan, baita koilara horiei eskainitako bertso batzuk ere. Gai horretan interesaturiko irakurleek fitxa horietan aurkituko dute informazio gehiago.
Gure artisaua Llanos de Buretan (Burgosen) jaio zen 1939an, nahiz eta Hoz de Valdivieson (probintzia berean) hazi zen. Haren aita José Maria Barcina Alonso (1980an hil zen laurogei urterekin) artzaina izan zen, haren aitona bezala. Haiek ere ezpel-zurezko koilarak egiten zituzten.
Haren aita erramu-igandean urtero Burgosera joaten zen eta saltzeko 12 dozena koilara, hau da, 144 koilara eramaten zituen. Irabazitako diruarekin “jata” bat (3 hilabeteko zekorra) erosten zuen, familiaren azienda handitzeko. Sardexkak ere egiten zituen, baina ez askorik.
8 urte besterik ez zituela aitarekin artzain hasi zen gure artisaua, eta harekin ikasi zuen zura lantzen.
1957 inguruan, Francok onarturiko araudi baten ondorioz, Burgosko Diputazioko mendiak pinu-erretxinarekin birpopulatzen hasi ziren. Abereak lur horietan izaten zituztenez eta horientzako larrerik gabe geratu zirenez, utzi egin behar izan zuten beren ogibidea. Felixek Arrasatera (Gipuzkoara) emigratu zuen lan bila. 18 urte zituen eta bertan soldadore-lanbidea erakutsi zioten.
24 urterekin bere herritar batekin ezkondu zen Arrasaten, Felipa Canorekin (2008an hil zen). Harekin 2 neska eta mutil bat izan zituen. Hirurei eman dizkie “ikasketak”. Orain hiru biloba ditu, 2 neskatila eta mutiko bat.
1997an 58 urte zituela, enplegu-erregulazioaren ondorioz, aurre-erretiroa eman zioten. Ordutik aurrera artisautzako azoketara joaten hasi zen.
Politeknikoko ikasle batzuk joaten dira astean 3 egunez bere etxera eta berarekin lanean aritzen dira.
Hainbat azokatara joaten da, baita inguruko (Gipuzkoako, Bizkaiko eta Errioxako…) Erdi Aroko azoketara ere.
2001ean Errenteriako (Gipuzkoa) Artisautza Azokako stand onenaren Saria jaso zuen.
Felixek harrotasunez kontatu dit bere seme-alabak (Bego eta Felix, azoketan produktu mikologikoak saltzen dituzte) eta bere biloba nagusia (Leire) ezpel-zura lantzen ikasten ari direla.
Nahiz eta gehienbat koilarak egiten dituen, sardexkak, espatulak, paletak, irabiagailuak, almaizak, okela biguntzeko eta intxaurrak apurtzeko mailuak, makilak, kaikuak, kriskitinak, zurezko onddo txiki-politak eta beste elementu batzuk ere egiten ditu, guztiak ezpel-zurez.
Makilak egiteko batzuetan beste zur batzuk ere erabiltzen ditu: lizarra, hurritza, gorostia, etab.
Azoketan saltzen ditu, baina jatetxeen, tabernen, elkarteen eta abarren enkargu ugari ere jasotzen ditu.
Burgosko Ojeda Hotelean urtero bazkari bat egiten da. Bazkari horretako plater nagusia baratxuri-zopa izaten da. Mahaikide guztiek berak eginiko koilarak erabiltzen dituzte, eta amaitzean etxera eramaten dituzte.
Zer da ezpela? Ezpela (buxus sempervirens L.) metro bat eta bi metro artean dituen zuhaixka da. Oso zur gogora du eta behin leundutakoan oso polita geratzen da. Gainera, ez du kolorerik galtzen eta bustia dagoenean ez ditu eskuak zikintzen. Pirinioetan eta kantauriar isurialdean oso ugaria da.
Aspaldi bera joaten zen Burgosko mendietara zura moztera. Gaur egun lagunek ekartzen diote.
Abuztuaren 15etik Gabonak arteko aldian moztu behar da, hobe egun argi eta lehorretan. Euria egin badu, lehortu arte itxaron behar da. Izan ere, ezpel-muluek ur asko xurgatzen dute. Mozterakoan, agintariek zerrarekin oinetik moztera behartzen dute, motzondorik geratu ez dadin, oso arriskutsua baita, animaliek horiekin tupust egiten dutelako eta hankak zauritzen dituztelako.
Ondoren, 6 hilabetez beren ortuan izaten dituzte zurak, lehortu daitezen. Halere, zurak poliki-poliki lehortu behar direnez, bero handiko egunetan ur apur bat botatzen zaie.
Denbora hori igarotakoan egosi egiten ditu. Horretarako, ortuan sua pizten du eta zurak ura irakiten duen tutu batean sartzen ditu. Behin egositakoan, zerrarekin mozten dira eta lantzen hasten da. Mozteko txantiloi batzuk ditu.
Jarraian, piezak lantzen hasten da. Horretarako, erreminta txiki batzuk ditu, horien artean bizar-labana, baita zerra, arraspa, karraka, xaflak, aizkora, tornuzila, zulagailu elektrikoa, erremintak zorrozteko esmeril-harria, arkatza eta lixak ere.
Lana zur hezearekin egiten denez (hau da, guztiz lehortu gabeko zurarekin), sardexken hortzak okertu ez daitezen lehortu arte ziri txiki batzuk sartzen ditu horien artean. “Ezpela oso bihurria da” azaldu digu Felixek.
Aspaldi tailer txiki bat zuen etxabean, baina orain bere etxebizitza gaineko atikoan lan egiten du, bertan argi ugari baitu.
Inoiz ez ditu bere piezak bernizatzen. Denek kolore naturala izan ohi dute. Batzuetan baino ez ditu iluntzen, zura labean apur bat belztuz.
Irakurleen iritziak: