Miguel Urroz
MIGUEL URROZ
Koilaragilea
2003 / 02-28 / 03-07
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Produktuak
 Bibliografía
 Prezioak


ARTISAUA

Miguel artisaua 1936ko urriaren 21ean jaio zen, Oizen. Bere aita, Francisco Urroz Aristegui (1982an 77 urterekin hila) eta bere aitona, Agustín Urroz Ilarregui, arotz-ebanistak ziren. Eta, orain, Miguelen iloba bat ari da tradizioari heltzen: Angel Mari Terán Urroz.

Bost anai-arreba baziren ere, bik bakarrik (Miguelek eta José Mariak) ikasi zuten ogibide hau.

Hamaika urte besterik ez zeuzkanean, eskola utzi eta Felix Mendiberrik Donamarian (Nafarroa) zeukan aroztegira joan zen lanbidea ikastera, eta hemezortzi hilabete eman zituen bertan. Ez zuenez kobratzen, familiarentzat diru apur bat lortzeko, hamahiru urte zituenean baso moztaile lanetan zebiltzanei laguntzen hasi zen, eta hamabost urterekin, berriz, Irati aldean ibili zen, mendi bideak garbitzen, egurra prestatzen, etab. 1957an, soldaduska egitera joan zen.

Soldaduska amaitutakoan, mendira itzuli zen, zuhaitzak moztera, Belatera lehenengo, eta gero Iratira. Horrela ematen zuen "mendiko denboraldi" osoa, maiatzetik azarora bitartean. Negua etxeko aroztegian igarotzen zuen, edo ahal zuena egiten.

Argazkia
Gure artisaua azoka batean

Hurrengo urteetan Frantziara joan zen, mendian beste zortzi urtez lan egitera, eta gero bost urtez igeltsero lanetan aritu zen, Frantzian baita ere.

1973an, Laminaciones de Lesaca-n hasi zen lanean (Lesaka, Nafarroa), eta bertan jardun zuen lanean, 1993an aurre erretiroa hartu zuen arte.

Miguel ezkongabea da.

Txikia zenetik aritu da aitari aroztegi-ebanisterian laguntzen, eta nostalgiaz gogoratzen du bost urte zeuzkanean egurrezko autobus bat egin zuenekoa, jostailuzkoa, baina xehetasun guztiak zeuzkana: ateak, leihoak, etab.

1980an, bere aita eta anaiarekin merkataritza azokatara joaten hasi zen. Haiek ezpel egurrez egindako koilarak saltzen zituzten, eta berak, berriz, kirtenak (aizkoretarako, aitzurretarako, paletarako, etab.), baina aitak erretiroa hartu zuenean, bera ere ezpel egurrez egindako tresnak saltzen hasi zen.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen