Informazio gisa honako hauek aipatuko ditugu:
· Giltzatakoak (gazta edo laia gai hartuta, besteak beste), 5 €-tik hasita
· Tamaina askotako barraskiloak, 7 €-tik hasita
· “Boletus” perretxikoak, hainbat tamainatakoak, 15 €-tik hasita
· Argizaiolak, 10 €-tik hasita
· Uztarriak, 80 €-tik hasita
· Erlojuak, 50 €-tik hasita
· Eskulturak, 50 €-tik hasita
· Aterki-ontziak, 90 €-tik hasita
· Kako-altzariak, 60 €-tik hasita
· Zoko-altzariak, 250 €-tik hasita
Antxon AGUIRRE SORONDO
Betiarte
Karlos Irazu Muñoa
Mulladi Etxea 13 A
LARRAUL / GIPUZKOA
Web: www.betiarte.com
Lehenago ere heldu diogu “taila herrikoiaren” gaiari, Jose Luis Urbieta artisauari elkarrizketa egin genionean (EUSKONEWS 461. zk.), hain zuzen. Gaurkoan Karlos Irazu Muñoa izango dugu hizpide, taila herrikoia lanbide duen artisaua.
Karlos Irazu Muñoa Larraulen (Gipuzkoa) jaio zen 1970eko ekainaren 19an. Jose Irazu Azkue eta Josefa Muñoa Izagirre senar-emazteek izan zituzten zortzi seme-alabetan zazpigarrena da.
Lehen ikasketak burutu ostean, lanbide heziketaren bidea hartu zuen eta elektronika ikasi zuen salesianoekin. Sukaldaritzako modulua ere egin zuen, eta ondoren hainbat jatetxetan aritu zen lanean Zarautzen, Mugiroko Bentan, Sevillako Iturralen eta Malagan, besteak beste. Gerora Bolivian eta Perun izan zen lankide boluntario lanetan, eta handik itzulita Larraulgo Herriko Ostatuko jatetxeaz arduratu zen.
Bertan ekin zion zura lantzeari. Poliki-poliki jarduera hori gainontzekoei gainditu zitzaien eta 1998an lanbidetzat hartu zuen. Betidanik atsegin izan ditu eskulanak, eta 1998an, bere tailek piztutako interesa ikusita, lanbide horri heltzea erabaki zuen.
Ordutik, artisau-azoketan izan ohi da bere produktuak saltzen.
Gabiltza artisauen elkarteko kide da.
Aitziber Mendiola du neska-lagun, lanbidez zaharberritzailea, eta Aitor da euren semea.
Tamaina askotako lanak egiten ditu, giltzatako txikietatik hasi eta baita altzari handiak eta eskulturak ere:
A. Apaingarriak: giltzatakoak (gazta edo laia gai hartuta), tamaina askotako barraskiloak, perretxikoak, argizaiolak, onddoak, uztarriak, erlojuak, ateetan jartzeko kartelak, armarriak, eskulturak, etab.
B. Altzariak: mahaiak, kanporako eserlekuak eta aulkiak, erlojuak, aterki-ontziak, kako-altzariak, zoko-altzariak, etab.
Azoketan, dendetan eta Larraulgo lantegian ditu salgai produktuak, eta web orriaren bidez ere eros daitezke.
Aizkolarien eta segalarien lehiaketetarako garaikurrak ere landu izan ditu.
Hainbat erakusketa egin ditu, azkena Tolosako Aranburu jauregian, non “Kolpez kolpe” izenburupean 10 pieza baino gehiago erakutsi dituen.
Artisauak hitz egin dezala:
Duela hamar urte hasi nintzen zura lantzen, eta horretarako hiru tresna erabiltzen nituen: gubia, mazoa eta egurrak bere gorputzaren bidez eskaintzen dizkigun mila formak interpretatzeko gaitasuna. Gaur egun tresna gehiago ditut eskura, hein handi batean egurrari esker, baina garrantzitsuena hirugarren hori da.
Basora joan eta aurrean sustrai bat aurkitzen dudanean, haren eta nire artean komunikazioa sortzen da, eta hor ematen da eraldaketaren magia. Sustraiak eta horren inguruneak bat egiten dute sortzeko dudan borondatearekin, ni bakarrik ez bainaiz horretako gai. Elkarrekintza horretan forma eta esanahia eraldatzen dira, eta zerbait berria sortzen da, ordura arte izan ez dena, eta aldi berean prozesu eder horretako osagai guztiak biltzen dituena. Horregatik, hasieran “egurraren eraldaketa” esaten nion neure lanari, baina egia esan, uste dut biok eraldatzen garela emaitza bakar horretara iristeko.
Lantegian nagoenean, sustraia eskuetan eta emaitza berria buruan, egurrari soberan dituen zatiak kentzea izaten da hurrengo urratsa, zati bigunak, azala, etab. Horrela, forma berrira iristen naiz, sendoa eta aldagaitza den forma horretara. Prozesu horretan ezusteko aldaketak ere izaten dira, eta beraz, bukaerara arte ez dut jakiten “zer izango den” sustrai hori. Egia esateko, eraldaketaren magia ez da amaitzen pieza bukatuta dagoela erabakitzen dudan arte.
Hamar urteotan egin ditudan bostehunetik gora lanetan agerikoa da prozesu mailan eta emaitzan izan den bilakaera. Baina magiaren funtsa ez da aldatu, benetako inspirazioa borondatean datzala uste baitut, eta norberaren esku dago aurkitzea.
Egin behar duen produktuaren arabera aukeratzen du landuko duen egur mota. Aritza edo gaztainondoa erabiltzen ditu altzariak egiteko, pagoa uztarriak egiteko, gauza txikietarako nahiago du urkia, zuria delako eta kolorea ondo hartzen duelako, bolumena duten piezak egiteko, berriz, gaztainondoa erabiltzen du, egurraren formak aprobetxatzeko, batez ere harrotuta dauden egurrak, oso profil politak baitituzte.
Era berean, teila zaharrak margotzen ditu, eta erretako egurrekin ere egiten du lan.
Tailatzeko orduan, nahiago du moztu berria den egurra erabiltzea, lehorra baino errazago lantzen baita, ez delako horren gogorra.
Lantegian prest ditu lanerako behar dituen bitarteko guztiak: zinta-zerra, disko-zerra, motozerrak, azala lautzeko makinak, zulagailuak... eta baita lanabesak ere: trintxa-gubiak, arraspak, mazoak eta mailuak, zerroteak eta zerrak, kurrikak eta aliketak, erregelak, konpasak, etab. Horiez guztiez gain, kontsumigarriak direnak ere eskura izaten ditu: arkatzak, lixak, pintzelak, esmalteak, bernizak, etab.
Irakurleen iritziak: