Euskonews&Media 2004. urteanEscuchar artículo - Artikulua entzun

Josemari VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA
Traducción al español

Amaitu da urtea eta Euskonews & Media gure aldizkariak etapa berri bat bete du, aurrekoetan bezala joera hazkorra izan duelarik. Aldizkaria koskortu egin da eta ezinbesteko erreferentzia bilakatu zaigu euskal kulturarako, Internet sarean eskaintzen denari dagokionez. Sei urte egin zituen lehengo irailean eta dagoeneko, ia-ia jolas gisa hasitakoak bide berriak eta, garai hartarako, zeharo irudiezinak ireki ditu.

Marka guztiak hautsi ditu Euskonews & Media-k 2004an eta espero dugu horiek txiki geratzea 2005ean ditugun erronkei bagagozkie. Izan ere, esparru berritarako ahaleginetan ari da aldizkaria eta aurten berrikuntza batzuk eman litezke. Baina horiek garaiz adieraziko zaizkio irakurleari.

Ez da txantxetako marka, ez alajaina!, 60.000 bisitari desberdin edukitzea hilero, horiek batzen dituzten 120.000 inguru bisitarekin. Gure iragarpenik baikorrenak ere ez ziren maila horretara ailegatzen. Baina lortu da eta orain, aurrera begira gaudelarik, 2005eko irakurleen kopurua handitzea da, jakina. Edozein enpresak egingo lukeen moduan.

Bitxikeriak izan ditu aurtengo jardunaldiak eta egiaztapen batzuk nagusitu zaizkigu. Haien artean, adibidez, mundu globalizatu eta informatuaren konstatazio garbia gertatu da. Begira: aurten une konkretu batean gehien irakurri diren bi testuak, bi artikuluri dagozkionak dira. Orain arte elkarrizketak ziren gehien erakartzen zutenak, baina tendentzia aldatu egin da, eta horrek zer ikusirik izan du Interneten bilatzen dena eguneroko errealitatearekin lotuta dagoelako. “Los terremotos en Euskal Herria: cuando la tierra empieza a temblar” izan da bisitariek urteko aste normal batean gehien irakurri duten artikulua, nahiz eta orain dela 2002ko ekainean argitaratu genuen. Asiako tsunami edo itsasikararen eragina Euskonews & Media-raino iritsi zen eta bilatzaileetako motoreek guganaino ekarri zituzten mundu osoko irakurleak, horiek bilatzaileei gaztelerazko “terremoto” planteatu baitzieten. Milaka irakurle sartu ziren aste horretan artikulua irakurtzera. Argitaratu zen egunean mila irakurletik pasatuko ez zen idazkia ongi errepasatua izan da 2004ko abenduaren 26ez geroztik. Koldo Núñez Betelu egileak ongi inbertitutzat eman dezake bere ekarpena.

Koldo Núñez Beteluren “Lurrikarak Euskal Herrian: lurra dantzan hasten denean” artikulua Euskonewsen
Koldo Núñez Beteluren “Lurrikarak Euskal Herrian: lurra dantzan hasten denean” artikulua Euskonewsen.

Beste adibidea bitxiagoa da, nahiz eta aurrekoaren mailara ez heldu, kopuruari dagokionez. Abenduan ere, Espainiako Telebista katea batek “cde” odol taldeari buruzko saio bat eman zuen gaueko biharamunean gertatu zen. “Hospital central” deritzan telesailean gai hori agertu zen eta itxura denez espainiar ikusle askorengan larridura sortu zuen, biharamunean Euskonews & Media-ren estatistikek gora ekarri baitzuten “Antropología Biológica de la población vasca: la población actual y su futuro” artikulua, Javier Rosiquek idatzia. Internautek "cde" tekleatu zuten eta bilatzaileek artikulu horretara eraman zituen.

Ikusi dugun bezala, aurreko adibideek garbi darakutsate gazteleraren indarra euskara ahularen aurrean. Pellokeria da baina errepikatu beharrekoa, inor engainatu ez dadin. Euskarazko artikuluen artean gehien bisitatutakoa – ez dakit irakurri hitza ipin ote nezakeen- “Txalaparta” izeneko bat izan da, Juan Mari Beltranek 1998an idatzita. Esan behar da Juan Mari aurreko beste urte batzuetan ere gertatu zela txapeldun artikulu berdinarekin. Gainera, erdarazko bertsioak handitu egiten du txalaparta tresnari buruz zertxobait dakitenen multzoa.

Juan Mari Beltranen “Txalaparta” artikulua Euskonewsen
Juan Mari Beltranen “Txalaparta” artikulua Euskonewsen.

Dena den, eta nire hitzetatik ezelako ezkortasun kronikorik antzematen dela pentsa ez dezagun, euskarazko artikuluak – dagozkien asteetan zein datu basetik hartuta- gero eta gehiago irakurtzen dela azpimarratu behar dut. Normala, oso, internauta euskaldunen tropela ere handiagoa baita egunetik egunera.

Ziur nago 2005 urte hobea izango dela aurrekoa baino. Baina horretarako, orain arte Euskonews & Media-ren orrietara azaltzen ohitu diren lagunekin zintzo jokatzen jarraitu behar da, eta ahalik eta kalitaterik hoberena ematen saiatu beharko da aldizkaria. Horrela bakarrik egingo dugu euskal kultura unibertsalagoa.

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2005/01/14-21