Itsaso EZENARRO
Traducción al español
4. HIZKUNTZA OFIZIALEN ETA EZ OFIZIALEN ARTEKO ETENA
Estatuak politikoki antolatzeko egitura nagusi bihurtu zirenetik, hizkuntzen arteko banaketa zorrotza gertatu da: hizkuntza ofizialen eta ez-ofizialen arteko bereizketaz ari gara. Halaber, estatuen sorrerak ekarritako eten horrek eragin nabaria izango du nazioarteko erakundeetan ere, eta zer esanik ez aztergai dugun EBn. Izan ere, EBk, estatuen berdintasun juridikoaren printzipiotik abiatuta, estatu kideen hizkuntza ofizialen arteko berdintasun-printzipioan oinarritu zuen bere barne-araudi linguistikoa.
Berdintasun printzipio hori aurpegi bikoa dela esan daiteke, ordea. Izan ere, begiratu batean estatu-hizkuntza guztiak maila berean jartzeak ekitatez jokatzea dela dirudien arren, jokabide erabat eztabaidagarria da demokraziaren ikuspegitik: zergatik hartzen dira kontuan estatu-hizkuntzak soilik, hizkuntza ez-ofizialak bazter utzita?
Argazkia: Clara Natoli (clarita1000@gmail.com). |
Bestetik, zer da ofizialtasuna? Normalean, zuzenbidearen arabera, hizkuntza ofizialak eta hizkuntza gutxituak bereizten dira, baina euren arteko mugak ez daude beti hain garbi. Izan ere, kategoria lausoa da ofizialtasunarena, estatu batetik bestera legediak eta kontzeptu politikoak aldatu egiten dira-eta. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ofizialtasun linguistikoaren definizio hau eman zuen 1986ko sententzia batean: “Es oficial una lengua, independientemente de su realidad y peso como fenómeno social, cuando es reconocida por los poderes públicos como medio normal de comunicación en y entre ellos y en su relación con los sujetos privados, con plena validez y efectos jurídicos”. Beraz, kategoria juridiko baten definizioa da: erabaki politikoa errealitate soziolinguistikoaren gainetik dago.
Horregatik, hizkuntza ofizialen eta ez-ofizialen arteko banaketak egoera paradoxikoak sortzen ditu; esaterako, zenbait hizkuntza ez ofizialek hiztun gehiago dute estatuko hizkuntza ofizial batzuek baino, eta sarritan baita kultur hedapen zabalagoa ere. Adibidez, maltera hizkuntza ofiziala da, baina 300.000 hiztun baino ez ditu. Aldiz, katalanak 7 milioi hiztun ditu; maltera, eslobakiera, daniera, finlandiera, lituaniera, letoniera, esloveniera, eta estoniera baino hiztun gehiago, baina ez da ofiziala EBn eta hizkuntza gutxitutzat hartzen da.
Hizkuntza ofizialen eta ez-ofizialen auziaz ari garela, Espainiar Estatuko erkidego autonomoetan ofizial diren hizkuntzen gainean zehaztapen bat egin behar da. Esan bezala, Europako erakundeetan hizkuntza ofizial eta lan-hizkuntza bihurtzeko irizpidea estatu batean edo gehiagotan ofizialtzat onartuta egotea da. Ez da inon aipatzen, ordea, Batasuneko estatu baten lurralde osoan ofizial izan behar duenik, eta, beraz, araudiak ez du inolako eragozpenik jartzen Batasuneko estatu bateko zati batean ofiziala den hizkuntza Europa mailan hizkuntza ofizialtzat onartzeko.
Beraz, ez dago euskarari, katalanari eta galegoari Europan ateak ixteko arrazoirik, eta, ildo horretatik, aurrerapauso handia eman da azken urtean; izan ere, hemendik aurrera, batetik, herritarrak Europako erakundeengana hizkuntza horietan zuzendu ahal izango dira eta, bestetik, Europako erakundeetan euskaraz, katalanez zein galegoz hitz egin ahal izango dute agintariek (bat-bateko itzulpen-zerbitzua aldez aurretik eta behar beste denboraz eskatuta). Dagoeneko egin da lehenengo hitzaldia euskaraz Europako erakundeetan: Eskualdeen Batzordean euskaraz aritu da Jose Maria Muñoa, Kanpo Harremanetarako Lehendakariaren ordezkaria.
5. ESTATUEN KONTRAESANA
Gaur egun, berrehun bat estatu daude munduan eta sei mila hizkuntza inguru. Beraz, estatuen izaera elebakarretik abiatutako hurbilketa ez da baliagarria1. Dena den, ikuspegi hori nagusitu da estatu-nazioaren eraikuntzan, estatu elebakar eta monokulturalarena, homogeneitaterik gabe komunitate politikorik ez dagoela sinetsita.
Europako eraikuntzaren protagonistak estatuak izan dira, eta horrek isla garbia du hizkuntzen auzian. Gutxiengo izatea egokitu zaienean, formula berrien bila jo dute estatuek, eta eleaniztasun integralaren bidea hautatu dute, hizkuntz aniztasunaren onurak aldarrikatuta. Honakoa da galdera: Europan estatu-hizkuntza guztiek eskubide berberak izan behar badituzte, zergatik ez da planteamendu bera egiten estatuen mugen barruan estatu-hizkuntzen eta hizkuntza gutxituen artean? Hizkuntz aniztasuna ez ote da hain aberasgarria estatuaren mugen barruan? Zergatik ez da aplikatzen politika bera estatuaren barruan, kontuan izanda askoz bideragarriagoa dela? Ala berdintasun-doktrina hori eta hizkuntza eskubideak estatu-hizkuntzei bakarrik dagozkie? Esaterako, zergatik ezin dira baliatu euskara, katalana eta galegoa Espainiako Kongresuan?
Estatuek ez dute onartzen horrelako paralelismorik egiterik, eta barne-arrazoiak, subiranotasuna eta estatuaren batasuna eta segurtasuna bezalako argudioak erabiltzen dituzte ihesbide gisa.
Kontraesana nabarmena eta larria da benetan: Europako erakundeak eleanitzak dira, eta hizkuntz aniztasunaren aldekoak, aniztasun hori Europaren funtsezko ezaugarrietako bat delako. Estatu-nazioaren atzean, aldiz, tradizio eta bokazio elebakar sutsua dago gehienetan.
Baina ez gaitezen tranpan eror, estatuek Europako erakundeetan egiten duten hizkuntz aniztasunaren defentsa bat dator-eta tradizio elebakar horrekin. Izan ere, nahiz eta Europak hizkuntza-unibertso aberats eta askotarikoa izan, “estatu-hizkuntzez” haratago doana, eta Europaren egituraketa politikoan oso kontuan hartu beharrekoa, zoritxarrez, Europaren eraikuntza ekonomiko eta politikoa “estatu-hizkuntza” kontzeptuan oinarritu da, eta horrek –besterik sinestarazi nahi badute ere? eragin negatiboa du Europako hizkuntz aniztasunean, hizkuntza ez-ofizialei bizkar ematen dielako.
Kultur eta hizkuntz aniztasunaren aberastasuna goraipatu bai, demokrazia linguistikoa aldarrikatu bai, baina betiere estatu-hizkuntzetara mugatuta. Hor dago kontraesana: ezin da hizkuntz aniztasunaren defendatzaile gisa agertu, estatu elebakarren ikuspegitik abiatuta. EBren aniztasuna defendatzen da, baina ahaztu egiten da estatu bakoitza ere anitza dela.
“La caracterización jurídica del régimen lingüístico europeo se articula a partir de una concepción de monolingüísmo estatal. El régimen institucional de las lenguas queda limitado a las lenguas de Estado, produciendo un primer nivel de jerarquía entre las lenguas europeas. A las lenguas oficiales en parte de un Estado, que no lo sean, a su vez, del conjunto del territorio de otro Estado miembro no les ha sido reconocido estatus oficial alguno”.2
Beraz, aniztasunaz ari garenean, argitu egin beharko da zertaz ari garen, estatu-hizkuntzez ala estatu horietan dauden hizkuntz komunitateen aniztasunaz. Argitu egin beharko da, halaber, hizkuntz aniztasuna estatuaren mugen barruan estatuaz haraindi bezain irmo defendatzeko prest gauden.
1 Ruiz Vieytez, Eduardo J. (2004): Europako hizkuntza gutxituen estatus ofiziala, Euskonews & Media
2 Urrutia Libarona, Iñigo: “Régimen jurídico de las lenguas y reconocimiento de la diversidad lingüística en la Constitución Europea”, in II Simposi Internacional Mercator:Europa 2004:Un nou marc per a totes les llengües?
Europar Batasunaren hizkuntza-irizpideen kontraesanak (I-III)
Europar Batasunaren hizkuntza-irizpideen kontraesanak (II-III)
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |