Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Euskal kulturaren lehen aldizkaria da Internet sarean. Aitzindaria izan genuen eta hamar urteren buruan are garbiago dago Euskonewsek jarraitzen duela lehen tokian, astero-astero iristen zaizkion milaka eta milaka irakurlek sailkapenaren goreneko maila ahalbidetua. Orain dela hamar urteko irailaren 8an publikatu zen lehen aldiz eta ordudanik hazten joan da, euskal kulturaren inguruan haz daitekeen neurrian. Eusko Ikaskuntzaren agerkari honek gure kulturaren difusioa sendotu du, ibilbideari ekin zionean inork pentsa ezin zezakeen moduan.
Eskerrak eman behar dizkiegu, lehenik, gure irakurleei, aurrera jotzeko mezu eta seinale garbiak eten gabe bidali dizkigutelako. Ez da erronka erreza izan astero kalitate mailari eustea, irakurleek behar eta merezi dutena, hain zuzen. Baina Euskonewseko lan taldeak helburua lortu du eta pozik gaude emaitzarekin.
Eskerrak ere, bai noski!, astekari elektroniko honen garapenean gurekin esku hartu duten guztiei. Ia 3.000 pertsona dira, modu batera edo bestera, hamar urte hauetan lankidetza eskaini dutenak. Batzuek – 2.000 inguru- euren artikuluekin; beste askok euren lan artistikoak –eskultura, margo irudiak, argazkiak eta abar- erakutsi dituzte; beste horrenbeste esan daiteke artisauei buruz; 450 lagunekin eginiko elkarrizketak eskaini dira. Zenbakiek argi azaltzen dute Euskonewsena ez dela lau zororen abentura. Eta parte hartzaileen zerrendak ezer baino hobeto azaltzen digu gure agerkariaren ibilaldi preziatua.
Euskonewsen eskaintza oso zabala izan da, edukiei dagokienez. Eusko Ikaskuntzaren lan arloak kontuan hartuta, gaien espektroa aberatsa gertatu da. Denera 9.000 orri baino gehiago jorratu dira, sailkapenean honako hauek gailentzen direlarik: giza zientziak –4.200 orri-, artea –3.000-, zientzia eta teknologia –600-, orokorrak –1.000- jokoak, kirolak eta ikuskizunak –200.
Euskonewsen itzala munduko toki guztietara hedatu da, Internet bitartez. Lanen egileei askatasun osoa eman zitzaien beren ekarpena, nahi zuten hizkuntzan egiteko. Horrela, gaztelania izan da gehien erabilitakoa, %56rekin. Jarraian euskara agertzen zaigu, %36rekin. Eusko Ikaskuntzak garbi izan zuen lehen unetik euskarari lehentasuna eman behar zitzaiola, baina ez gaztelera edo beste edozein hizkuntza maioritariotatik gurera eginiko itzulpen gisa, baizik euskarazko ekoizpena sarituz. Eta konprometitu egin zen, euskaraz iritsitako lanak irakurle gehiagoko beste hizkuntzaren batera itzultzera. Bide hori irekita, euskal lanen jarioa hazi egin zen, oso interesgarria deritzogun kopuru horretaraino ailegatuz.
Eta hizkuntzen erabilpenarekin jarraikiz, diodan –batere zalantzarik gabe– euskara irabazle atera dela gure erronkan. Garbi dago euskarazko edukia beste hizkuntza batera itzulita –euskal egile gehienek gaztelera hautatu zuten beren ekarpenerako– askoz irakurle gehiago duela. Eta estatistikek dioskutenez, sortzezko euskal gaien erdarazko itzulpenak irakurle gehiago izaten ditu bertsio originalak baino. Guztiz normala, bestalde, balizko irakurleriaren tamainari bagagozkio. Beraz, euskal sortzaileak – kalitatezko lana burutuz gero– aukera zabalak ditu publiko ugariago batera heltzeko... euskarari kalitatezko errekonozimendua ahalbidetzen zaion bitartean.
Euskonewsek multimediarako bidea ireki zuen lehen aletik, Eusko Ikaskuntzak Euskal Herriko zenbait irratirekin astero dituen saioen eskaintza mundu osoko bisitariei hurbildu baitzien. Eta ehundaka ordu ipini dira entzutera, espezialistek jorratutako mahai inguru, tertulia eta bestelakoak direla eta. Irrati digitalaren inguruan urrats interesgarriak eman dira astekarian eta jakin badakigu gure saioak munduko zenbait Euskal Etxetako euskal kulturaren ikastaroetan entzun behar dituztela ikasleek.
Antzerako bidea burutu nahi da orain bideo formatoarekin. Egunera arte modu apalean jorratu bada ere, Eusko Ikaskuntzak kultura edukien difusioa sendotu nahi du bideoren bitartez aurrerantzean eta dagoeneko martxan jarri du lan lerro sendoa Euskomedia Fundazioaren eskutik. Bideoek toki garrantzitsua izango dute, jadanik irekitzen den Euskonewsen aldi berrian.
Euskonews berritzailea izan da bere ibilbidean. Eta berrikuntzarik esanguratsuenetakoa edukiak entzun ahal izateari dagokiona dugu. Urrats handia izan zen, teknologien erabilpen egokiak noraino eraman gaitzakeen argi geratu zelarik. Inbertsioa izan zen, Eusko Ikaskuntzaren ohiko finantza funts argalen kargu, baina merezi izan zuen, kolektibo berrietara ailegatu baikinen. Ezindu fisikoengana ez ezik, edukiak lasai hausnartzea nahiago dutenengana ere heldu ginen, eta kulturarako lagun askoren gogoa asebete genuen formula horrekin.
Izan dira hamar urte eta hurrengo hamarrei ekiten diegu, indarberrituta. Eusko Ikaskuntzaren aldetik gonbite egin nahi diegu euskal kulturaren aldeko mugimenduetan ari diren guztiei. Euskonewsen ateak zabalik ditugu denentzat, batuketak gure erronketan lagunduko digula konbentzituta. Giza komunitate aberats bat sortu da Euskonewsen inguruan eta ongarritzea dagokigu Eusko Ikaskuntzatik, ahalik eta fruiturik hoberenak ematen jarrai dezan.