Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Kondaira batek dioenez, artzain arabiar batek ardi-esnea sartu zuen behin arkume-urdailez egindako zahagi batean. Orduak eman zituen oinez eguzki galdatan, eta etxera iritsi eta zahagia ireki zuenean, esne puska bat gatzatuta zegoela ikusi zuen. Halaxe, ustekabean, ikasi omen zuten gazta egiten, aipatutako kondairaren arabera behinik behin (Simone Ortegaren Quesos españoles1 lanean dago jasota).
Beste bertsio bat ere irakurri nuen, zehatzagoa denboran, Neolitikoan kokatzen baitu gaztaren aurkikuntza. Eta aurkitzailea artzain euskaldun bat dugu, gainera. Hego-haizeak jotzen zuen egun batean, gure artzainak aurreko gaueko afariko bildotsaz egindako zahagian sartu zuen esnea. Egungo Eibar hiriaren inguruan bizi omen zen. Etxera iritsi eta hara non ikusi zuen zahagiko likidoa gogortu eta solido bihurtu zela.
Badirudi egiaztatuta dagoela gazta Kristo aurreko laugarren milurtekoan sortu zela gutxi gorabehera, Mesopotamian. Jakinekoa denez, K.a. 10.000 eta 12.000 urteen bitartean hasi ziren ardiak hezten, ziurrenik Tigris eta Eufrates ibaien ertzetako eremuetan. Hezitako lehen ardiak mufloiak izan ziren.
Gazta egiteko prozesuari buruzko lehen deskribapena Ur hiriko tenplu sumeriarreko “Esnetegiaren frisoan” azaltzen da, eta gaur egun Bagdageko Museo Nazionalean dago. Aipatutako tenplua Nin-Har-Sag jainkosaren (ganaduaren babeslea) omenez eraiki zuten. Datari dagokionez, K.a. 3.100 eta 3.500 bitartekoa da.2
Araban, La Hoyako aztarnategian hainbat gazta-ontzi aurkitu dituzte, Brontze Aroaren bukaeratik Burdinaroaren I. garaira bitartean (duela 3.000 bat urte) egindakoak. Buztinezkoak dira, eta 120 eta 150 bitarteko diametroak dituzte gutxi gorabehera. Gazta egiteko erabili zituzten, nonbait.
Biblian, Samuelen bigarren liburuan (K.a. 1040 aldera idatzia), Davidi, hebrearren bigarren erregeari, eskainitako oparien artean gaztak aipatzen dira.3 Bestalde, Joben liburuko 10. kapituluan (K.a. V. mendean idatzia gutxi gorabehera) gatzatua aipatzen da.4
Arkeologiak aurkikuntza arras baliotsuak eskaini dizkigu: besteak beste, gazta-ontziak, oso aspaldikoak jatorriz. Antzinaroko zibilizazio askotan, buztinezko ontzi horiek erabiltzen zituzten gazta edo gaztanbera egiteko, eta gaur egun, munduko museo askotan ditugu ikusga.5
Grekoek gazta asko jaten zuten, eztiarekin batera edo fruitu lehorrekin nahastuta. Homeroren Odisean (K.a. IX. mendea), Polifemo ziklopeak gazta egiten du bere haitzuloan, eta sasi gainean uzten du lehortzen.
Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. 3digitala
Tropa greko, judu eta erromatarrek gazta zatiak jaten zituzten, elikagai horrek borrokalariei indar handiagoa ematen omen zielakoan.6
Bestalde, jakinekoa da Inperioaren garaian kantabriarrek gazta keztatuak bidaltzen zituztela Erromara.
Historian zehar aurrera eginez, Erdi Aroko medikuek (“fisikoak” esaten zieten orduan) gaztak digestioarentzat onak zirela uste zuten. Horregatik, gazta jaten zuten beti bazkaltzen hasi aurretik eta bukatu eta gero, eta bazkalondoan, gainera, fruitu lehor eta guzti. Ardoa edaten zuten laguntzeko.
XVI. mendean, Gaztelako gortean postrea zen gatza, baina pixka bat besterik ez zuten jaten. Italiako, Mallorcako, Toledoko, Pintoko eta Peñafieleko gaztek zuten sonarik handiena, onak omen zirelako. Dena den, ardi-esnez egindako gazta leunak zituzten gogokoen, usaina eta zaporea hobeak zirelako. Elikagai moduan, berriz, behi-esnea iruditzen zitzaien guztietan osasungarriena. Azkenik, ahuntz-esnea gutxietsi egiten zuten, arruntegia zelakoan.7
Ikusten denez, gazta barra-barra jan izan da beti, baita eskasia-garaietan ere. Zergatik? Erantzuna erraza da. Esnea aprobetxatzeko beharrak eraginda, gazta asko egiten zuten biztanleria-guneetatik urrun kokatutako behitegietan, artzainen txaboletan, jauretxeetan nahiz komentuetan. Toki horietan guztietan, esne-soberakinak gorde egiten zituzten, eta noski, galtzeko arriskua zegoen, bereziki beroa egiten zuen hilabeteetan. Ondorioz, sobera geratutako esnea aprobetxatzeko modurik onena gazta egitea zen.
Berehala galtzen zen likido ezegonkor bat, esnea, luzaroan irauten zuen elikagai solido bihurtzeko prozesua zen funtsean gaztagintza.
Euskal Herrian, XIX. mendeko azken laurdenean, langile- eta meatzari-familietan ia inoiz ez zuten jaten esnerik, arrautzarik eta barazki freskorik, eta gazta are gutxiago. Nekazariek langileek baino haragi gutxiago jaten zuten, baina esnea, arrautzak eta barazkiak ohiko elikagaiak ziren baserrietan. Horrela, Gipuzkoako nekazarien oinarrizko jakia arto-ogia zen, eta horrez gain, neurri txikiagoan hala ere, gari-ogia, esnea, patata, gaztainak, babarrunak, babak, azak, urdaia, zezina eta sagarrak jaten zituzten, eta gazta ere bai, noski.
1857tik 1863ra bitartean, Louis Pasteurek pasteurizazio deritzon prozesua (bere omenez ezarri zioten izena) aurkitu zuen, eta handik aurrera hainbat jatorritako eta ganaduren esneak nahasten hasi ziren, pasteurizatu ondoren gazta bihurtzen baitziren. Aipatutako prozesua aurrerapauso handia izan zen gaztagintza industrialarentzat.
Pasteurizazioaren bidez, bereziki patogenoak diren mikroorganismoak suntsitu egiten dira elikagai likidoetan. Lehenbizi berotu egiten dituzte, irakin gabe (60 eta 90º artean), eta gero bat-batean hoztu. Pasteurizazioari esker, bakterioak sortzeko joera duten esne ezegonkorrak, adibidez behiarena, ardi- edo ahuntz-esneekin nahastu daitezke.
Gaur egun, gazta fresko guztiak (hala nola, Burgosekoa eta behi-esnea oinarri duten gainerakoak) esne pasteurizatuarekin egin behar dira, bakterio patogenorik (adibidez salmonella edo brucella) ez sortzeko. Era berean, gazta helduak gutxienez 45 egunetan uzten dituzte ontzen, jan aurretik.
Gaur egun, ezin konta ahala gazta mota egiten dira munduan. Herrialde, lurralde eta eskualde bakoitzean gazta mota ezaugarri bat egiten da, tokian tokikoa, esne motaren (behia, ardia, ahuntza, astemea, bufaloa, oreina, ganbelua, jaka, llama,...), ontzeko moduaren (freskoa, ondua, erdiondua, hartzitua,...) eta gehigarrien (onddoak, piperbeltza, baratxuria,...) arabera, besteak beste. Egile batzuen ustez, 2.000 gazta mota inguru egiten dira munduan.8
Lan egiteko modua berbera da beti, ardi-, behi- edo ahuntz-esnea erabilita ere. Desberdintasun bakarra tamaina izaten da. Behi-esnez egindako gaztak handiagoak izaten dira, leunak direnez gehiago jan daitekeelako; ahuntz-esnez egindakoak, berriz, txikiagoak izaten dira, zapore gogorragoa dutelako.
Lehenbizi, ezaugarri bat argitu nahi dut. Gure artean, ahuntz- eta behi-esnez egindako gaztak ardi-esnez egindakoak baino askoz ere gutxiago jaten dira. Euskal Herriko isurialde atlantikoko ardi autoktonoa latxa izenekoa da. Karrantzako ardiek bezala (inguru hartako autoktonoak), latxa motakoek esne asko ematen dute. Isurialde mediterraneokoek (adibidez, txurrak, rasak eta merinoak), berriz, esne gutxi ematen dute, eta haragitarako erabiltzen dira gehienbat.
Maiatzaren 3tik aurrera, artzainak larre garaietara joaten dira latxa-artaldeekin, eta han geratzen dira neguko lehen giro hotzak iritsi arte. Urteko bi transhumantzia-bidaia horien arrazoi nagusia giro beroagoa bilatzeko nahia dela uste dute askok. Baina uste ustela da hori, benetako arrazoia hauxe baita: larreak agortu egiten dira (behealdekoak udaberrian eta toki garaietakoak udazkenean), eta ondorioz, artaldea asetzeko adina belar ez dutenez, artzainak beste toki batera abiatzen dira janari bila. Horregatik, larreak eta eguraldia zertan diren ikusita, zenbaitetan denboraldia luzatu edo laburtu egiten dute, aste batzuk gehiago edo gutxiago eginez.
Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. 3digitala
Demagun artzain batek egoki elikatutako 100 ardi on dituela. Bada 80 eta 100 litro bitartean eskuratuko ditu egunero (litro bat esne eguneko ardi bakoitzeko, baina ia bi litro ere lortu daitezke ardi bakoitzeko). Kilo bat gazta egiteko 5’5-6’5 litro esne behar dira oro har. Dena den, kontuan hartu behar da esnearen errendimendua belarraren kalitatearen (artzainen iritziz, eremu eguzkitsuetako larreak dira onenak), klimaren eta animaliaren arrazaren eta adinaren araberakoa izaten dela. Gainera, kumeei titia kendu ondoren, gero eta esne koipetsuagoa eta hobea ematen hasten dira ardiak, eta artzainek esne hori izaten dute gogokoen, hain zuzen, gazta egiteko.
Urteko zer garaitan egiten dute gazta artzainek? Antzina, urtarrilean edo otsailean hasten ziren, eta Paduako San Antonio egunean (ekainaren 13an) uzten zioten gazta egiteari, ardiek kumeak hezi zitzaten. San Migel egunean (irailaren 29an) berriro ekiten zioten, eta gazta egiten jarraitzen zuten neguko transhumantzia-bidaiaren garaia heldu arte. Ohitura hori errotik aldatu da, ordea, ardiek lehen urtarrilean eta otsailean erditzen baitzuten, eta orain urrian edo azaroan izaten baitituzte umeak.
Horra zer esan zidan artzain batek: ipar-haize arina dagoen egun freskoetan egiten dela gaztarik onena. Aitzitik, hego-haizea kaltegarria omen da, gazta bigunagoa (arrogua) ateratzen delako eta aire-burbuilak hartzen dituelako.
Lehengairik bikainenak erabiltzeaz gain, gazta ona egiteko ezinbestekoa da lanabesak garbi-garbi egotea, bestela litekeena baita zapore txarra hartzea edo alperrik galtzea, zikinkeriaren ondorioz. Horregatik, gaztagileek aluminiozko lanabesak erabiltzen dituzte gaur egun. Lehen, aitzitik, egurrezko tresnak erabiltzen zituzten: adibidez, kaikua (Erronkarin cuezo eta Luzaiden kotxia) eta malatxa.
Jetzitako esnea9 aluminiozko ontzi batera isurtzen da orain, baina antzina labatza edo apatza izeneko egurrezko ontzian uzten zuten lehenbizi, eta txapazko balde batean gero. Gaur egun, esne jetzi berria, hoztu baino lehen, aluminiozko iragazki batetik (iragazkiya, irazkia, koladoria edo pasadoria) pasarazten dute; lehen, aldiz, oihal porotsuz osatutako iragazkia edo zapia erabiltzen zuten horretarako. Zapian asunak ere ezartzen zituzten, zutoinak beherantz kokatuta, zikinkeriak garbitu eta esnea arazten zituelakoan.
Esneak berezko berotasuna galdu baino lehen, giro hotza badago edo jezten denbora gehiegi eman bada, berotu egin behar izaten da 31 gradura iritsi arte. Lehen, esnez betetako treska berotzen zuten sutan; orain, aldiz, altzairu herdoilgaitzezko upela erabiltzen dute. Upela barneko ur-zirkuitu batek berotzen du, butanoaren edo beste energia-iturri baten bidez. 31 bat gradura iristen denean, gatzagia eransten da.
Esneko arkumearen (hilabete baino gutxiago izaten du, eta esne hutsez egoten da elikatuta) urdailetik ateratako digestio-entzima da gatzagia. Gatzagi bakoitzarekin 50 kilo gazta inguru egiten zuten artzainek. Sutondoan lehortzen utzi ondoren, baserriko sukaldean edo txabolan esekita uzten zuten 20 bat egunetan. Laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, gatzagi-hautsa saltzen hasi ziren farmazietan. Orain, prestatutako gatzagia, hautsa nahiz likidoa, erabiltzen dute nagusiki. Hala ere, aipatzekoa da gaztagile askok gatzagi naturala eta gatzagi likidoa erabiltzen dituztela, lehenengoak industrialak baino zapore gogorragoa ematen diolako gaztari.
Beste toki batzuetan barazkiak erabiltzen dituzte gatzagi moduan: adibidez, basa-kardoaren (cynara cardunculus) edo herbacol izeneko belarraren floskuluak eta pikondoak. Gatzagi horiekin egindakoei “belar-gaztak” deritze.
Gatzagi naturala lehenbizi ur berotan biguntzen da, eta gero zukua ateratzen zaio zapitxo batekin estutuz, zikinkeria solidoak kentzeko.
Behin gatzagia erantsitakoan, likidoa jalkitzen utzi behar da (20 eta 50 minutu bitartean, artzainaren esperientziaren eta giro-tenperaturaren arabera). Hurrengo urratsa esneari gatzagia kentzea (ekintza horri mamia jo esaten diote toki batzuetan, moztu beste batzuetan,...) izaten da, orea ongi nahastuz. Antzina, artzainek eskuekin egiten zuten hori, edo malatxa izeneko gorosti-egurrezko makilatxoarekin (esfera itxurako adar erradial okertuak zituen). Gaur egun irabiagailu modernoa, teniseko erraketa errektangularra dirudien altzairu herdolgaitzezko pieza batez hornitua, erabiltzen dute gatzagia kentzeko. Aipatutako piezak aluminiozko profila eta lira edo gitarra izeneko pita-hariak ditu, eta horiekin mozten da orea. Artisau batzuen iritziz, tresna horrek pikor txikiagoak mozten dituenez, nahastura oso koipetsua izaten da, eta gazta ondorioz, gantzatsuagoa eta lehorragoa.
Ildo horretan, oso hedatuta dagoen uste bat aipatuko dizuet: gaztak luzaroago irauten duela, gatzagia kendu bezain laster esnea berriz berotuz gero, 35-38º C-ra iritsi arte. Horixe egiten dute gaztagile batzuek.
Nahastura hoztu eta gero, gaztanbera-pikorrak oratzen hasten da artisaua, gutxinaka-gutxinaka, ore zuri freskoa (Araban gatzatoa) sortu arte.10 Aipatutako orea zatitu eta gazta-ontzian (edo zumitzean) sartzen du gero. Antzina haritz- edo arte-egurrezko ontziak erabiltzen zituzten, geroago gasa batez estalitako ontzi biribilak hedatu ziren, eta gaur egun plastikozkoak dira nagusi.11 Ondoren, esne-ontziari tapa ezarri eta prentsan sartzen da. Antzinako prentsak egurrezkoak ziren (harriak ere bazituzten), gero metalezkoak (malguki ugarikoak) kaleratu zituzten, eta gaur egun prentsa hidraulikoak erabiltzen dira. Bertan, behar adina denbora ematen du gaztak, likido guztia kanporatu arte. 12 orduko prozesua izaten da gutxienez.
Gazta egiterakoan sobera geratutako gazura (Araban gatzura) zerriei edo ardiei ematen zitzaien jateko. Batzuei okerreko jokabidea iruditzen zitzaien ardiei gazura ematea, esnea edateko grina sortzen omen zitzaielako, eta artzaina ohartzen ez zenean edaten saiatzen zirelako. Artzainek gazura edan egiten zuten, zenbait gaitz sendatzen omen zituelakoan: ur horrekin prestatzen zuten kafea, edo bestela, gaztanbera (edo zenbera) ateratzen zioten, gazura berriz berotu (gazta egin eta gero) eta behin eta berriz irabiatuz.
Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. 3digitala
Lanabesak gorabehera, aipatzekoa da Euskal Herriko txoko guztietan ez zutela prentsa erabiltzen gazta egiteko. Horrela, adibidez, etxeko andreek beste era batean egiten zuten etxerako gazta: esne jetzi berriari gatza bota eta sutan jartzen zuten, eta gatzagia erantsi eta jalkitzen utzi eta gero, sardexkarekin mozten zuten. Ondoren, eskuekin oratzen zuten, gogor eraginez, ogiarekin egiten den bezala, gazur guztia kentzeko. Azkenik, sukaldeko apalategietan uzten zuten lehortzen.12
Bestalde, gazta errea edo gasna errea Iparraldeko gazta bereizgarrietako bat da. Ez dute prentsatzen, eta ez dute gazta-ontzirik ere erabiltzen, egurrezko ohol (xorta, zortze, txortxapekua) baten gainean ezarritako egurrezko zumitza (soka batekin lotua) baizik. Egurrezko oholaren muturretik, esnea berotzeko erabili den ontzira isurtzen dute berriz gazura, eta bertan, orea zumitzarekin lotzen dute. Betetzen denean, soka askatu gabe, sutara hurbiltzen dute, bi aldeetan kolorea hartu dezan. Ondoren, zumitza kendu eta sutara hurbiltzen dute berriz, ordura arte zumitzak estali dituen zatiek ere kolorea hartu dezaten. Zumitza berriz sartu, pixka bat gehiago estutu, bi aldeetan gatza bota eta apalategian uzten dute. Hainbat egunetan bueltak ematen dizkiote, aireztatzeko eta bi aldeak berdin lehortzeko.
Gazta egiteko jardunbide tradizionalaren nondik norakoak aztertzen jarraituko dugu, hurrengo urratsari helduz. Prentsatu eta gero, gatzunetan edo ur gazitan sartzen da gazta, ontzi baten barruan, hainbat ordutan. Uretan behar adina gatz dagoela egiaztatzeko, arrautza bat sartzen dute artzainek: nahikoa gatz baldin badago, arrautza azaleratu egiten da. Zenbait gaztagilek, gatzunetan sartu beharrean, gatz lodiarekin igurzten zuten gazta.
Gazta bukatuak apalategietan (gazta-apalak, apala, gaztatokia edo gazta-leku) uzten zituzten, alde guztiak aireztatzeko. Horretarako, egunero buelta eman behar izaten zaie gaztei, eta azalean gatza bota.13 Apalategian utzi eta 15 egunera, gaztak garbitu eta azken gatz-geruza eransten zaie, gatz berria erabiliz.
Apalategiak artzainen txaboletako sukaldean egoten zirenez, gaztak berez keztatzen ziren, etxeko suaren eraginez. Gaztak ongi keztatzeko eta kolore gorrixka polita hartzeko, gaur egun etxola txiki bat erabiltzen dute artzainek. Bertan, elorri zurien edo pagoen adarrak erretzen dituzte, eta kearen eraginez kolore ikusgarria hartzen du gaztak.
Artzain batzuek ura txikoriaz nahastu eta bertan sartzen zituzten keztatu gabeko gaztak, azalak itxura ederragoa hartzen baitzuen, zaporerik aldatu gabe. Oro har, merkatura joan aurretik, pitin bat koipeztatutako eskutrapu batekin garbitzen dute gazten gainazala, salgai jarritakoan distiratsuago egon daitezen.
Ildo horretan, kontuan hartu behar da gazta keztatuek anbar-kolorea hartzen dutela, eta guztiek gogoko ez duten zapore berezia ere bai. Adibidez, Gipuzkoan eta Nafarroako mendialdean gazta keztatua Bizkaian eta Araban baino gehiago saltzen da, azken bi lurralde horietan aipatutako ezaugarriak ez baitu halako estimazio handirik.
Ontzeko, gutxienez hiru hilabetez utzi behar dira gaztak ongi aireztatutako toki batean. Tenperaturak egonkorra izan behar du, 10 eta 12 gradu bitartekoa, eta hezetasunak, berriz, % 85etik % 90era bitartekoa. Hezetasuna eta tenperatura zaintzen dituzten ontze-ganbara modernoak daude gaur egun.
Hona hemen oso ohiko beste galdera bat: Zein da gazta dastatzeko unerik egokiena? Zenbat buru, hainbat aburu. Artzain bakoitzak bere iritzia du. Batzuen ustez, urtebeteko gaztak dira onenak, eta beste batzuen ustez maiatzean egiten direnak. Eta jakina, kontsumitzaileen gustuak ere badu zerikusia horretan guztian, batzuek gazta gogorrak baitituzte gogoko, eta beste batzuek bigunak. Beraz, gazta bigunak nahiago dituztenentzat gazta gazteak, hiruzpalau hilabetekoak, dira egokienak, eta gogorrak nahiago dituztenentzat, ostera, zaharragoak, urtebetekoak edo.
Artzain askok gazta guztiak handizkari bakar bati saltzen dizkiote, alderdi komertzialaz ez kezkatzeko. Baina oraindik badira merkatu eta azoketara jaisten jarraitzen dutenak, beraiek egindako gaztak saltzera.
1 ORTEGA, Simone: Quesos españoles, Ediciones Altaya S.A., Bartzelona, 1998, 14. or.
2 GARCÍA DEL CERRO, Carlos; ARROYO GONZÁLEZ, Manuel: 101 quesos magistrales, Ediciones Altaya S.A., Bartzelona, 1998, 9. or.
3 BIBLIA DE JERUSALÉN, Desclée de Brouwer, Bruxelles (Belgika), 330. or.
4 Idem, 617. or.
5 Interesgarria da benetan oraindik ere familia batzuek gazta egiteko horrelako buztinezko elementuak erabiltzen dituztela ikustea. Horren berri eman ziguten, adibidez, Quintanaloman (Burgosen). Bertan, “oncella” deitzen diete buztinezko gazta-ontziei.
6 PYKE, Magnus: El hombre y su alimentación, Ediciones Guadarrama S.A., Madril, 1970, 56. or.
7 SIMÓN PALMER, María del Carmen: La cocina de palacio: 1561-1931, Editorial Castalia, Madril, 1997, 52 or.
8 GARCÍA DEL CERRO, Carlos; ARROYO GONZÁLEZ, Manuel: 101 quesos magistrales, Ediciones Altaya S.A., Bartzelona, 1998, 7. or.
9 Jezteko ekintza hainbat modutan izendatzen dute tokiaren arabera: eraitsi, eraitzi, jeitzi, jetzi, jatzi, deitzi, deiztu, ezi, eratzi, batu, sumir, ordiñar, ordeñar,....
10 Hainbat gaztagilek, norbaiti buruz hitz egiten ari zirela, hauxe esan zidaten: “esku bereziak zituen”. Artzainaren eskuei berebiziko garrantzia ematen zitzaien gaztagintzan.
11 Arabako eta Nafarroako eremu batzuetan, gazta-ontzien ordez, zumezko moldeak eta burdinezko pieza zulatuak (gazura pasatzeko) erabiltzen zituzten. Kultura mediterraneoan espartzuko moldeak ohikoak izan dira. Plastikozko molde batzuetako marrazkiak espartzuzko moldeek uzten zituzten arrastoen antzekoak dira, espikula eta guzti.
12 Hala egiten zuen Juana Arrutik (1948an hil zen, 80 urte zituela), gure informatzaile José Mari Lerchundiren amonak, familiaren baserrian, Mindin, Aian (Gipuzkoa).
13 Gaztak aireztatzeko jadanik ez dira erabiltzen egurrezko apalategiak, metalezko saretak baizik, behetik ere aireztatu daitezen.