Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Badirudi atzo izan zela! Oso ohituta gaude gure zaharrei, gurasoei, osaba-izebei eta aitona-amonei esaldi hori entzuten, baina urteak igaro ahala, harritu egiten gara guk geuk ere esaten dugula ohartuta. Gaur niri dagokit esatea: ordenagailuaren aurrean eseri eta... “10 urte jada! Ematen du atzoko kontua dela”. Bururatu zaidan lehengo esaldia izan da.
Zein hurbil eta zein urrun dagoen 1998ko irailaren 8 hura, gaur 10. urteurrena ospatzen duguna. Egun hartan, euskal kultura eta zientzia Interneten hedatzeko lehenengo harri-koskorra jarri zuen Eusko Ikaskuntzak, Euskonews & Media astekariaren lehenengo zenbakia argitaratuta.
10 urte, 540 lan-aste, 452 zenbaki, 116 monografiko, 9.500 artikulu baino gehiago eta 2.722 kolaboratzaile. Horiexek dira gure zenbakiak. Baina zenbaki hutsak izango lirateke gure irakurlegoaren etengabeko hazkundea eta gure aldizkariak lortutako eragin soziala ere erakutsiko ez balituzte. Izan ere, urtean 2.500.000 orrialde kontsultatzea lortzera iritsi gara, eta 10 urtetan metatutako kontsultak 17.000.000 dira. Ostiralero, 7.500 harpidedunek jasotzen dute aldizkariaren aurkibidea beren posta elektronikoan, eta, web orrian egindako bisita zuzenak erantsita, guztira 30.000 dira bisitariak.
Guretzat harro egoteko modukoa da denbora honetan 2.722 kolaboratzaile eduki izana. Horiek guztiak adituak dira jorratu dituzten gaietan eta onginahi hutsez jarduten dute gurekin. Horien ikerkuntza maila altuari eta euskal ikaskuntzak merezi duten neurrira goratzeko jarritako interesari zor die gure aldizkariak bere kalitatea.
Argazkia: Fabio Panico.
http://www.flickr.com/photos/meupassadoretratado/306307787/
Kopuru horiek oso garrantzitsuak dira, euskal kulturan espezializatutako komunikabide bati buruz ari garela kontuan hartzen badugu, halakoa baita Euskonews & Media. Mundu zabaleko bisitariak jasotzen ditugu eta horiek era guztietako edukiak begiratzen dituzte, eduki horiek Interneteko bilatzaileetan indexatzeko egindako lan zorrotz eta etengabeari esker. Lortutako funtzionamendu ona dela eta, euskal kulturaren alorreko erreferentzia bihurtu gara Interneten.
Hamar urteko ibilbide honetan, aldizkariak sekzioak sortu eta kendu egin ditu, inkesten arabera irakurleek erakutsitako hobespenak aintzat hartuta. Sortutako sailen artean aipatzekoa da “ART-aretoa” izeneko arte-galeria, horretan, 2000. urteaz geroztik ia 200 artistak jarri baitituzte euren obrak erakusgai; baita euskal artisautzari eskainitako “Artisautza” saila ere, 2001eko urriaz geroztik Euskal Herriko 150 artisauren lanak eta teknika ezagutarazi baititu. 2002ko urrian, berriz, aldizkariak Euskal Herritik kanpo bizi diren euskal kolektibitateei ireki zizkien ateak “Kosmopolita” sekzioaren bidez, haien errealitatean eta euskal sustraiak bizitzeko moduan oinarrituta, bizi diren lurraldeetatik euskal presentziaren lorratzaren berri eman ziezaguten.
2007ko urtarrilean, bestalde, jauzi kualitatibo eta kuantitatibo handia eman genuen, astero eguneratzen diren bi gehigarri sortuta: bata Euskonews gaztea da, Euskal Herriko hainbat ikastolatako gazteek egindakoa, eta, orain arte, 76 zenbaki argitaratu dituena; bestea, berriz, Euskonews Multimedia, Eusko Ikaskuntzaren barruan edo ekimenez audioan (2.000 ordu baino gehiago) eta bideoan sortutako eduki guztiak eskaintzen dituena.
Sail guztien eboluzioa:
Egungo sailak | Argitaratzeko zenbakia |
Elkarrizketa
|
|
Gaiak |
|
Atzoko Irudiak |
|
Efemerideak |
|
Irratia |
|
Euskobooks |
|
ART-aretoa |
|
Artisautza |
|
KOSMOpolita |
|
Hurrengo zenbakia |
|
Desagertutako sekzioak | |
Media |
|
Kultur Iritziak |
|
Hemeroteka |
|
Erakuslehioa |
|
Irakurlearen Txokoa |
|
Euskal Kantutegia |
|
Links |
|
EI-ren berriak |
|
Berrikusketak |
|
Webcam |
|
Udalak |
|
Gehigarriak | |
Euskonews Gaztea |
|
Euskonews Multimedia |
|
Aldizkariak bi diseinu izan ditu (1998-2003 eta 2003-2008) gaur 2008ko irailaren 8ra arte, gaurkoan diseinu grafiko eta funtzionaltasun berriak aurkezten baititugu. 2003an, argitalpenaren diseinua goitik behera berritzeaz gain, prestazio berriak erantsi genituen, hala nola, informazioa berreskuratzeko sistema eta artikuluen bertsio entzungarria. Ordura arte estatikoa izandako edukia (1-220) Euskomedia informazio-sisteman katalogatu genuen, eta 221. zenbakitik aurrera, aldizkariaren kudeaketa eta edizio osoa sistema horren bidez egiten dugu. Sistemari esker, testu osoak bilatu daitezke, eta bilaketa errazak eta aurreratuak ere egin daitezke informazioa gurutzatzeko, hainbat iragazki erabiliz, esate baterako, aldizkariaren zenbakia, izenburuak, egileak, sekzioak, zenbaki monografikoak, gaiak, hizkuntzak, datak eta deskribatzaile toponimiko, onomastiko eta instituzionalak.
Euskonews & Mediak hiru sari jaso ditu: 1999an, Argia aldizkariak “Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria” eman zion; 2003an, lineako komunikabiderik onenarentzako Buber saria lortu zuen, eta 2005ean, euskal artisautzaren hedapenari dagokion Artetsu saria eman zion ARBASOk, Euskal Herriko artisautza tradizionala sustatzeko elkarteak.
Bukatzeko, eskerrik zintzoenak eman nahi dizkizuet aldizkarian zuen artikuluak, ekarpenak eta iradokizunak bidalita onginahi hutsez parte hartu eta hartzen duzuenoi, baita irakurleei eta 10 urte hauetan bidea gurekin egin duen pertsonal teknikoari ere. Bihotz-bihotzez, mila esker.