Egilea

Argazkiak:

Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Euskal Herritik zehar: Argizaiolak dir-dir Amezketan

Loreak gure hilerriez jabetuko dira datorren azaroaren 1ean, Santu guztien egunean. Pertsona asko euren arbasoak lurperatuta dauden lekuetaraino hurbilduko dira, egun horretan eskaintza berezia egiteko. Utzi gaituztenen oroitzapen eguna da. Dena den, loreak ez dira egun horretako protagonista bakarrak izango. Badaude oraindik ia guztiz desagertu diren tradizioak kontserbatzen dituzten zenbait toki. Amezketa dugu eredu nagusia. Amezketa, Gipuzkoa erdi-erdian, Aralar mendilerroaren azpian kokatutako herri txikia da. Bertara abiatu beharko dugu gure kulturako erritu ia galdu baten lekuko izan nahi badugu.

Argizaiolak hilobien gainean Amezketako San Bartolomé parrokian

Argizaiolak hilobien gainean Amezketako San Bartolomé parrokian. Javier Juanes, 1998.

Oroitzapenerako eguna

XVI. mendeko San Bartolome parrokiaraino eliztar asko eta asko hurbilduko dira azaroaren 1ean. Bertako hormen artean, mendez mende fededunek jasotako tradizioa berriz bizi ahal izango da: argizaiolen piztea.

Tenpluan barrena sartu ahala, irudi berezi batek harritzen gaitu. Ilunpean gaudela, bankurik ia ez dagoela ohartzen gara. Banku lerro batzuk besterik ez dira ikusten aldarearen parean. Elizaren nabea egur-mosaiko batez osatuta dago. Hilerria dirudi eta hala da, bai. 160 baino hilobi gehiago dira pasabide nagusiaren alboetan dauden hobiak, guztiak haritz edo gaztainondo tapa batez estalita. Ezin da ahaztu aitzinean hildakoak tenpluan bertan hobiratzen zirela. Familia bakoitzak bere hilobia zuen eta, gaur egun, askok oraindik ere gordetzen dute. Hilobi bakoitzaren gainean zegokion belaunaulkia ipintzen zen eta, ondoan, familiaren argizaiola. Familiako emakumeak ziren normalean, argizaiolak zaintzeaz arduratzen zirenak.

Amezketako San Bartolome parrokiaren erdiko nabea, Santu guztien egunean ospatutako mezan

Amezketako San Bartolome parrokiaren erdiko nabea, Santu guztien egunean ospatutako mezan. Javier Juanes, 1998

Argizaiolak: suaren dantza

Elizkizuna hastear dago eta eliza jendez gainezka ikus daiteke. Iluntasunak, argizaiolen argiari bide eman dio. Baina, zer dira zehazki argizaiolak? Itxura antropomorfoa duten taulak dira (izan ere, burua, besoak eta hankak sumatu daitezke) eta azalean irudiak zizelkatuta dituzte. Egurraren inguruan, argizarizko metxa luze bat dago kiribilduta. Muki hau piztu egiten da eta, argizariaren goialdea itzaltzen den heinean, hedatu egiten da. Argizaiolen artean, badaude mende bateko antzinatasuna dutenak. Dudarik gabe, balio handiko ondarea dugu hau, bai artisau-lanaren aldetik eta baita sentimenduen aldetik ere. Bizirik dauden familiartekoen etxeko sua hildakoei eramatea da argizaiolen betebeharra eta esanahia.

Santu guztien eguneko meza amaitzear dago. Ilunpean sugarren siluetak dantzan darraite oraindik. Solasaldi atsegin eta lasaia, gelditu direnen eta joan zirenen artean.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media