Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Zortzi urte igaro dira Usurbilgo Lanbide Eskola bidea egiten hasi zenetik energia berriztagarrien eta energia-eraginkortasunaren sektorean, eta bost urte Energia Berriztagarrien Zentroa ireki zenetik.
Aldi honetan, eskola aitzindari bihurtu da sektorean (EAE mailan), eta Zentroaren hasierako helburu nagusiak indartu ditu (Euskonews 362 zenbakia).
Trebakuntza-eskaintza energia berriztagarrien instalazioak diseinatzen, muntatzen eta mantentze-lanak egiten adituak diren profesionalei bideratua dago, eta eskaintza urtero handitu da, bai irakastordu-kopuruari dagokionez eta baita ikastaro-kopuruari dagokionez ere (batez ere eguzki- eta haize-energiari buruzkoak).
Energia berriztagarrien arloari buruzko neurrirako prestakuntzan Institutuak duen esperientziari esker, 2009ko martxoa eta ekaina bitartean lau trebakuntza-ikastaro eskaini dira, eguzki-energiari buruzkoak, Espainiako elektrizitate-enpresa handienarentzat (ENDESA ENERGÍA, S.L.). Eguzki-energiaren alderdi ekonomikoei buruzko trebakuntza Espainia osoko zuzendariei bideratua zegoen, eta eguzki-energia fotovoltaikoari buruzko trebakuntza, berriz, Endesaren sare nazional osoko mantentzaile eta instalatzaileei bideratua.
ENDESAko langileak praktiketan.
Argazkia : Xabier Esteban.
2009-10 ikasturtea oso garrantzitsua izango da, Institutuak titulu ofizialeko goi-mailako heziketa-ziklo bat eskainiko duelako lehen aldiz. Urari eta Energiari buruzkoa izango da zikloa, “Energia-eraginkortasuna eta eguzki-energia termikoa” gaian espezializatua. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru zentrotan soilik eskainiko da titulua, eta, Gipuzkoaren kasuan, Usurbilgo zentroa aukeratu da.
Eguzki-energia termikorako, eguzki-energia fotovoltaikorako, haize-energiarako, truke geotermikorako eta energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko dauden instalazioak berritu, inplementatu eta optimizatzeaz gain, punta-puntakoak eta Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrak diren hainbat proiektutan sartuta dago Institutua.
Elektrolizatzailea.
Argazkia : Xabier Esteban.
- Hidrogeno-sorrera: 2007az geroztik, energia-eraginkortasuneko ikasgelak 5kW-eko potentzia duen erregai-pila bat du (hidrogenozkoa), eta ikasgelaren argiteria eta eraginkortasun handiko hainbat etxetresna elektriko elikatzen ditu. Urte hauetan, pilaren funtzionamendua ebaluatu da, ikuspuntu hauetatik: hidrogeno-kontsumoa, eraginkortasuna eta mantentze-lanak, eta kontsumo egonkorretarako akoplamendu elektrikoa.
2009an, proiektuaren bigarren fasea jarri da martxan: ur-molekula destilatuaren elektrolisitik abiatuta (korronte elektrikoa aplikatuz gertatzen den haustura) hidrogenoa sortzea, elektrolizatzailea erabiliz.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta CIDETEC zentro teknologikoak sustatzen dute proiektu hau, eta helburua da elektrizitatea modu autonomoan sortzea (erregai pilarekin), eta, bide batez, hidrogenoa lortzea, komertziala baino ekonomikoagoa eta purutasun handiagokoa.
- Kontzentrazioko eguzki-energia: 2008. urtetik Institutuak eta GOROSABEL SOLARDAM ENERGY enpresa gipuzkoarrak duten hitzarmenari esker, energia berriztagarrien sektorean dagoen teknologiarik berriena eta puntakoena egongo da erabilgarri Energia Berriztagarrien Zentroan: eguzki-energia termikoa kontzentratzeko sistema bat. Teknologia horren helburua da puntu baten gaineko eguzki-erradiazioa areagotzea, ispilu islatzaileak erabiliz; horri esker, 85 kW-eko potentzia termikoa lortuko da. Instalazioak sortzen duen ur bero guztia Institutuko berogailu nagusirako erabiltzea da helburua; hala, gasolio-kontsumoa eta emisio poluitzaileak murriztuko dira, eta diru asko aurreztuko da.
Kontzentrazioko eguzki-teknologia.
Argazkia : Xabier Esteban.
- Eguzki-arkitektura pasiboa – bioklimatismoa (tokian tokiko klima, ingurune naturala eta material jasangarriak aprobetxatzea eraikin baten energia-beharrak asetzeko): Institutuaren anbizio handieneko proiektuaren eraikuntza-lanak 2009an hastea espero da: LURRA eraikin bioklimatikoa. Energia Berriztagarri eta Eraginkorren Gipuzkoako Zentroa barne hartuko du eraikinak. Gainera, eraikin berezia da; izan ere, irizpide bioklimatikoak erabiltzen dituen eraikin bakarra ez bada ere, existitzen diren teknika eta material guztiak jarriko dira praktikan, berokuntza- eta hozte-eskaerari eta kontsumo elektrikoari dagokienez bere energia-beharrak asetzeko gai izan dadin.
Eskolaren helburuetatik arrakasta gehien izan duenetako bat energia berriztagarrien eta energia-eraginkortasunaren dibulgazioarekin loturikoa da, eta gizartearen jakin-mina ase du. Jardunaldi teknikoen bidez (profesionalei eta gero eta espezializatuagoa den publiko orokorrari zuzenduak), profesionalen komunitate bat sortu da, eta adituek teknologia horiei buruzko berrikuntzak, joerak eta abar azaltzen dituzten saio guztietara joaten dira.
Bestalde, Gipuzkoako ikastetxe guztietako DBHko eta Batxilergoko ikasleak etortzen dira bisitan Energia Berriztagarrien Zentrora, ez soilik Donostialdeakoak. 2004. urteaz geroztik, 6.000 ikaslek baino gehiagok izan dute aukera energia-iturri berriztagarriak eta ura eta energia aurreztea ahalbidetzen duten teknologiak ikusteko, ukitzeko eta hobeto ezagutzeko.
Bisita bateko ikasle-taldea.
Argazkia : Xabier Esteban.
Informazio teknikoari eta arauei buruzko informazio egokiari esker, eta dauden teknologiei buruzko, merkatuaren egoerari buruzko eta hainbat energia-iturri berriztagarriren indargune eta ahulguneei buruzko ezagutza zehatzari esker, enpresa, erakunde, administrazio eta partikularrek aholkularitza bilatu dute Institutuan. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Usurbilgo Udalarekin eta CENSOLAR zentroarekin dauden aholkularitza- eta lankidetza-hitzarmenez gain, ALECOP enpresarekin, GOROSABEL SOLARDAM ENERGY enpresarekin eta Donostiako Sustapena sozietatearekin ere egin dira hitzarmenak. Ezin dugu ahaztu Institutuak urtero aholkulari aditu bat jartzen duela EUROPAKO BATZORDEAREN zerbitzura, trebakuntzaren arloan energia-sektorearekin loturik dauden proiektu guztiak ebaluatzeko.
2006. urtean Institutuak SOL y PAZ saria jaso zuen, egindako hezkuntza-lanarengatik, eta 2008. urtean EUROSOLAR saria jaso zuen, estatu mailan, energia berriztagarriei buruzko trebakuntzari eta sentsibilizazioari buruzko proiektu integralari esker. Bi sariek ospe ikaragarria eman diote Institutuari estatu mailan.
EUROSOLAR sariak emateko ekitaldia.
Argazkia : Xabier Esteban.
Mundu mailako krisi bat bizi dugu, eta, munduko zenbait liderren mezuen arabera, energia berriztagarriak eta eraginkorrak krisiari aurre egiteko konponbidea dira. Hala eta guztiz ere, ezin dugu ahaztu potentzia handiko haize- eta ur-energiak eta ikerketa-fasean dauden beste energia batzuk izan ezik (esaterako, marea-energia), beste energia guztiak bidegurutze batean daudela. Eguzki-energiaren, energia termikoaren eta energia fotovoltaikoaren kasuan, azken urteotan hazkuntza ikaragarria jasan dute, eraikuntza-sektorearekin (lehenengoa) eta elektrizitate-salmentarekin (bigarrena) lotuta.
“Adreiluaren krisia” deiturikoaren erruz, eguzki-energia termikoa “sortasun-egoeran” dago, sektorearen egoera berriro bideratu arte eta modu ordenatuan eta jasangarrian hazi arte. Bestalde, eguzki-energia fotovoltaikoak egoera larria bizi du, elektrizitate-salmenta arautzen duten arauen etengabeko gorabeherak direla eta. Industria-sare bat eta instalatzaile-sare garrantzitsu bat izanda (lanpostu kualifikatu ugari sortu dituztenak), garrantzitsua da gobernuak hausnarketa egitea, eta berriro ere sektorearen alde apustu egitea eta sektorea indartzea. Izan ere, lanpostuak sortzeaz gain, Estatuari hainbat milioi euroko gas-emisioak gutxitzen laguntzen dio sektoreak.
Egia da egoera korapilatsua dela, baina egia da, baita ere, energia berriztagarriek merkatuetara eta egoera aldakorretara egokitzeko ikaragarrizko ahalmena dutela, eta, hori dela eta, trebakuntzaren munduak erronka handia du: krisiak gehien zigortu dituen sektoreetako —eraikuntzako, industriako eta zerbitzuetako— profesionalak (langabezian daudenak edo lanean ari direnak) prestatzea, espezializatzea eta birziklatzea eta haien ezagutzak aprobetxatzea energia berriztagarrien instalazioak egiteko, instalazio horiek modu ezin hobean lan egiteko eta mantentzeko, eta hiri-inguruneetara eta landa-inguruneetara egokitzeko eta haietan integratzeko (sorkuntza banatuko iturri gisa).
“Energia-eraginkortasuna eta eguzki-energia termikoa” heziketa-zikloak eraikinetako eta industrietako instalazioak aztertzeko gai izango diren profesionalak prestatuko ditu bi urtez, eta eraikinetako energia-kontsumoa eta ur-kontsumoa gutxitzeko eta arrazionalizatzeko hobekuntzak proposatuko ditu.
Hori guztia dela eta, krisian egon arren eta zalantza-garaia bizi dugun arren, etorkizunak itxura ederra du, eta erronka ugari ekarriko ditu munduko ekonomiaren motor izango den sektore honentzat.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus