Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Segura. Edertasun xumea

Juan AGUIRRE SORONDO

Jaio, hazi eta gainbehera etortzen gara... Banakoak, familiak, herrialdeak, zibilizazioak, baita giza obrak ere —beren teknikak eta itxurak, ideiak eta zoramenak—, Naturaren sabel amaigabean sortzen den oro sortzen eta hiltzen da. Hiriak berak ere, gizarte organismo gisa, ziklo-printzipio berari jarraitzen dio: gaztaroaren ostean loraldia iritsiko da, eta garai horren ostean, makalaldi malenkoniatsua, baina jakituriaz hornitua.

Gipuzkoa hegoaldean, mendi magal baten gainean, Segura dago, Erdi Aroko bitxi distiratsua. Biografia luze eta nobleko herria da Segura. Garai oparoenen oinordeko, babes-egitura bikaineko hirigunea ukitu gabe dago ia, eta monumentu izendapena duten eraikinak ditu han-hemen.

Segura

Ilustrazioa: Josemari Alemán.

Segura iraganeko herria da, gerra eta maitasun istorioak kontatzen dituzten aitona-amona nekaezinen antzera: esaten dutenetik gutxi edo ezer ez da berria, baina haien alboan bakea eta bizitzan landutako mila irakaspen biltzen dituen bidean murgiltzen gara beti.

Jaio egiten gara: Segura 1256an jaio zen, artean motela zen Oria ibaiaren eta haitzarte baten babesean. Antzina San Andres ermita zegoen hirigunean, eta suak hartu zuen gero. Seguraren jaiotza “geoestrategikoa” izan zela esango genuke gaur egun. Mende erdi lehenago probintziak Gaztelarekin bat egin zuen, Nafarroako Erresumari bizkarra emanda, eta mugako eremu honetan, harresiz inguratutako herri bat sortzea hitzartu zuten, lubaki eta zubi altxagarriekin, dorredun bost ate eta gerra babesgarriekin. Nafarren erasoei aurre egiteko batetik, eta lautada eta Pirinio arteko bidea San Adriango pasabidetik babesteko bestetik. Hiri segurua, izenak berak dioen moduan.

Koroaren interesei estu lotuta zegoen eta Segurak eskumena zuen bitartekaririk gabe Gaztelako erregeari zuzenean kontu emateko. Alfontso X.a Jakitunak sortu zuenetik Errege Katolikoetaraino errege guztiek gorteiatu zuten Segura, aparteko kontzesioen bitartez. Hauek dira nagusiak: Nafarroa eta Guipuzkoa artean garraiatutako merkantzia guztiei mugako eskubideak kobratzeko eskumena zuen; Legazpiko “burdinola masukerak” Segurara bertara eraman zituzten babesteko; alkabalaren salbuespen arraroa zuen, eta “gaizkile edo boteretsuen”, hau da, bidelapur eta jauntxoen aurrean babesteko inguruko herri eta lekuek Segurarekin bat egiteko baimena zuten.

Segura hazi egin zen, eta XIV. mendean heldu zen. Orduan hiriak egungoaren antz handia zuen jada, noble, merkatari, olagizon eta kaletarren etxeak hiru kale luzetan pilatuta, kostarako bide harritsuan behera. Garaiko hirigintzarekin bat zetorren egitura, Eiximenis katalanak kanon bihurtu zuen formula ezagun baten ildokoa: “Hiriak ondo egituratuta egon behar du, hau da, hiru arlotan ongi eraiki eta ordenatuta: batetik, espiritualki ongi antolatuta; bestetik, garaiko legeen arabera ongi gobernatuta; eta azkenik, formaz ongi eraikita”.

Espiritualki, Segura “ongi zegoen antolatuta”, Andre Mariaren Jasokundeko elizaren inguruan, euskal gotikoko filigrana ikusgarria geroago txertatutako elementuekin, probintziako onenetakoa. Eliza horrek armonia zehatza du barnealdean: kapitelak, gangak, gurutzeriak zutabe ederren gainean, beirazko armiarma baten argitan. Eta horrez gain, Luis Salvador Carmona maisuaren erretaula churriguereskoa, intxuar zurez eta Perutik ekarritako urrez eginikoa, 42 figurak osatutako zeru ahurraren osagarri; Vaticanoak esan zuenez “Jasokundeari buruzko irudi espiritual garrantzitsuena” da.

Elizako hormek harresia indartzen dute, eta lege sakratuaren eta mundutarraren artean hatz bateko tartea baino ez zegoen (horregatik esan zuen errege Jakitunak “harresiak gauza santuak dira, baita hirietako eta herrietako ateak ere”). Zenbait mende geroago Segurako eremua mugatzen zuten hormatal sakratuak desegin egin zituzten, baina zorionez, sarrerako hiru atari zutik daude oraindik: Oxiña, Jauregi eta Zeraingoa; zazpiehun urteko portaleak dira, arreta handiz zainduak, antzinatasunarengatik eta Segura seguruaren harresi barnean ataka eta kanoi-zuloetatik denbora luzez zaindu dutelako ordena.

Segura

Ilustrazioa: Josemari Alemán.

Azkenik, hiriak formaz ongi eraikita egon behar duela esan zuen Eiximenisek Erdi Aroan. Antzinako kronikak irakurri gabe, bistakoa da hori. Segurako kaleetan gora eta behera ibiltzea aski da, itxura handieneko etxeen aurrealdeak ikustea, Guevara —Gipuzkoako Behe Erdi Aroko hiriaren pertsonaia ospetsuenetakoa—, Alústiza, Jáuregui, Lardizábal (egungo Udaletxea), Zurbano eta beste hainbaten jauregiak. Nobleen harmarriak dituzten oinetxeak, zizelkatutako teilatu-hegalak eta sarraila landuak, gargolak eta isurkiak, baita arkupe zabal, itzaltsu eta freskoak ere. Nik neuk Arrue eta Sandon etxeak ditut gustukoen, Goiko atearen alboan: mudejar arkitektura exotikoa du, Sandon XIX. mende amaieran bertan bizi izan zen bizimodu dotoreko dandyaren ibileren gertaleku bikaina.

Eta Segura gainbehera etorri zen... Gerra mehatxuak amaitu zirenean -XVII. mende hasieran-, Segurarekin bat egin zuten herriak, Legazpia buru zela, banandu egin ziren pixkanaka; Errege Bidea eraiki zuten gero, San Adriango bide zaharra utzita. Trenak ere ez zuen Segura aukeratu, eta kalitate oneko burdinolak izanagatik, herriak ez zuen industria berririk erakarri.

Baina arestian esan dugunez, jakituriaz eta lasaitasunez jarduten dutenak saritu egiten ditu denborak. Segura ez da aberatsa, ezta pobrea ere, baina Gipuzkoako Erdi Aroko hirigune puru eta zabalenaren oinordeko oparoa da, eta txoko garai batetik isilik gogoratzen ditu bere garai oparoak. Edertasun xumea. Segurako kaleetan barrena ibili direnek baino ez dute ezagutzen Gipuzkoa.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media