Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aitor ORTIZ DE PINEDO
Lehen atal honetan Gernika aldizkariaz arituko gara, eta bigarren atalean bertako euskal idazlanei buruz. Aldizkaria sarean zein Ediciones Vascasen argitalpen faksimilean irakur daiteke.
Helburua dugu aldizkari humanista eta liberal hau ezagutaraztea, eta bertako euskarazko literatura modernitatearen aurrerabidean kokatzea.
Rafael Picavea.
Gernika aldizkaria (1945-1953) sortu zuen Rafael Picaveak Donibane Lohitzunen 1945ean, alemaniarrek alde egin eta gutxira. Erbesteratu talde batek hitzaldi sorta antolatu zuen, eta parte-hartze horiek publikatu zituen Gernikaren lehen zenbakiak.
Izenbururako hiri foralaren izena aukeratzeak badu zerikusirik bertako bonbardaketarekin. Gerra Zibilaren ostean elkarbizitza berreskuratzeko ahalegina egin nahi zuten; “etxetik bidalitako” haiek planak egiten zituzten gizartea antolatzeko, denbora laburrean bueltatzeko asmotan. Ezin jakin zezaketen erbestealdiak iraungo zuen tarte luzea.
Aldizkariaren inguruan Gernika Laguntartea antolatu zuten. Ahaztezina zitzaien hiribilduan gertatutako sarraskia. Arbola ere burujabetasun galdu berriaren ikurra zen. Era berean, oso gogoan zuten J. M. Iparragirrek Arbolaren kariaz ondu zuen kanta, abertzaletasun unibertsalistaren adierazpidetzat zeukatena.
Gernika Laguntarteak kultura aldizkari kultural hau sortu zuenean tradizio bat berreskuratu nahi zuen. Tradizio hori Berpizkunde humanistan hasten zen. Ez zituzten ahazteko Joanes Uharte Donibaneko medikua, Francisco de Vitoria Ameriketako indio aurkitu berrien aldeko jurista dominikoa, Bartolome de Carranza teologo erasmozalea, Martin Azpilkueta teologoa, Xabierreko Frantzisko zein Zumarragako Juan. Euskal Herriko humanismoaren aitzindaritzat zeuzkaten.
Errebindikatzen zituzten Azkoitiko Zalduntxo ilustratuak ere, herria modernizatzen saiatu zirenak. Beraien lanaren jarraitzailetzat daukate beren burua Gernika Laguntartekoek.
Gernikaren erredakzio taldeak modernizazio-ahalegina egin nahi zuen euskal gazteriaren onetan. Pedagogia soziala egin nahi zuen.
Aipagarria da, halaber, aldizkariko zenbaitek Frantziako pertsonalismoari zioten begikotasuna. Juan Thalamas apaiz irundarra Gernikaren bigarren zuzendaria izan zen. Gasteizeko apaizgaitegian frantseseko irakaslea izandakoak E. Mounier ezkerreko pentsalari katolikoaren lanak ezagutzen zituen. Beharbada, Gernika aldizkariaren aurrekari hurbila Idearium aldizkaria izan zen. Idearium gerra aurretxoan argitaratu zen Gasteizeko apaizgaitegian, eta beraren inguruan biltzen ziren J. Thalamas eta J. M. Barandiaran, besteak beste. Esan beharra dago pertsonalismoak eragin zabala izan zuela Hegoaldean gerra-ostean; J. Agirre Lehendakaria ere pentsamolde horren hurbilekoa zen.
Humanismoa aukeratu zuten testuinguru mundial lazgarri hartan irtenbideak topatu nahian. Norabide bera hartu zuen Katalunian Joan Sales idazleak, Incerta glòria eleberria idatzi zuenean (2005ean berrargitaratua). Nobela gogoangarri hartan gerra hurbileko desmasiak kritikatu zituen PSUCeko militante ohia zen idazleak, eta humanismo bakezalea aldarrikatu zuen.
Izan ere, Gernika bizi izan zen garaia sosegu gutxikoa izan zen. Erbesteratuak Frantzian errefuxiatu ziren 1937tik 1939ra bitartean. 150.000 inguru izan ziren gerrak Euskal Herritik ihes eragindakoak. II. Mundu Gerra izan zen segidan 1939tik 1944ra bitartean. Aliatuek irabazi bezain laster Gerra Hotza izan zen 1945etik 1953ra bitartean. Euskal diasporak aliatu garaileen baitan zuen itxaropena etsipen bihurtu zen 1953tik 1956ra, aliatuek Franco onetsi zutenez geroztik. Gogo-giro goibel honen adierazgarri da J. Miranderen “Lili bat” poema (Gernika 24).
Juan Thalamas.
Frantziako erbestea gazi-gozoa izan zen. Front Populaireko ezkertiarrek besoak zabalik hartu zituzten errepublikanoak. Katolikoek, ordea, errezeloz hartzen zituzten iheslariak; baita abertzale demo-kristauak ere, ezkertiarrekin batu zirelako altxatuen kontra. Eskualduna astekaria ere agertu zen Eliza espainiarraren onespena zuen “gurutzadaren” alde katolikotasunaren izenean.
Iparraldeko beste eragile batzuk, aldiz, kanporatutakoei bizimodua errazten saiatu ziren; horien artekoak ziren P. Lafitte, eta, baita Dominique Dufau ere, Senpereko alkatea izandakoa eta Gernikako kolaboratzailea.
Euzko Jaurlaritzak ahalak eta bi egin zituen propaganda egiten bere espezifikotasun politikoa ezagutarazteko Europari. Horretan aritu zen LIAB (Ligue Internationale des Amis des Basques). G. Bernanos idazle pertsonalistak zeregin hauetan hartu zuen parte, J. Maritain filosofo enbaxadorearekin, F. Mauriac Nobel sariarekin eta abarrekin.
Frantzian, hala ere, egoera zailduko zitzaion Jaurlaritzari mehatxu faxista areagotu ahala. Frantziako gobernua beldur zen, ekialdean Alemania nazia baitzuen, eta hegoaldean Francoren errejimena. Erbesteratuen egoerak txarrera egin zuen. Kontzentrazio eremuetara eraman zituzten asko; Landetan zegoen Gurs-eko kontzentrazio esparruan egon zen Orixe Gernikako kolaboratzailea beste 5.000rekin batera. Horko elikadura eskasa zela eta pasadizo umoretsua kontatzen du sarean dagoen “Idorreria” olerkian.
II. Mundu Gerrarekin “etxetik bidalitakoek” Frantziatik alde egin behar izan zuten. Euzko Jaurlaritza noraezean ibili zen, antolatu ezinaren ezinaz. Euskal iheslariek aliatuei lagundu zieten espioitza-lanetan eta gudariak eskainita. A. Ibinagabeitia Gernikako kolaboratzaileak espioitza-lan horietan jardun zuen.
Gerra Hotza helduta, antikomunismoa nagusitu zen aliatuen artean; Francok nazioarteko onespena jaso zuen, besteak beste Bretainia Handiarengandik eta AEBengandik.
Gernika plataforma zabala zen, eta errepublikanoei irekita egon zen, baina ez zegoen EAJren momentuan momentuko jokabide aldakorraren esanetara. Alderdi hori akordioak lortzen saiatu zen, noiz errepublikarrekin, noiz Espainian monarkia berrezartzearen aldekoekin; beste zenbaitetan bakarkako politika subiranista egin zuen, testuinguru politikoaren arabera betiere.
Antza denez, Gerra Hotzak ekarri zuen giroa gaiztotzeak eragina izan zuen Gernika aldizkariari iturri ekonomikoak mozterakoan. Diasporak dirurik eman ez, eta aldizkaria ekonomikoki ito bide zen. Dirudienez obedientzia politikoa ezein irizpide kulturalaren eta euskaltzaleren aurretik zegoen. Ez dugu ezagutzen protagonista zuzenen azalpen argirik bukaerako pasarte horri buruz. A. Ibinagabeitiak, ordea, “anaiek suntsitu” zutela Gernika aldizkaria idatzi zuen bertan (Gernika 25). A Ibinagabeitia Agirre Lehendakariaren lankide hurbila izan zen.
Testuinguru politikotik kulturalera jauzi egin, eta aipa dezagun aldizkari ugarik bete zuten eginkizuna liburuak argitaratzea neketsua edo ezinezkoa zen egoera hartan.
Herria 1944an sortu zen Eskualdunaren kolaborazionistaren ordez. Herriak erabili zuen Behe-nafarrera eta Lapurtera elkartuz P. Lafittek kodetu zuen; euskalki literario honek Lapurtera tradizionalaren tornu berria finkatu zuen.
Jose Miguel Barandiaran.
J. M. Barandiaranen inguruan sortu zen Eusko Jakintza 1947an. Hainbat euskalariren lan interesgarriak biltzen ditu aldizkari horrek.
Euzko-Gogoa 1950ean sortu zuen J. Zaitegik Guatemalan. Euskara jasoa lantzen saiatu zen, eta Euskal Unibertsitatea testuz hornitzeko saioak egin zituen. Horren harira talde horretakoek euskaratu zituzten Antzinatasun greko-erromatarreko hainbat testu.
Egan, ordea, barneko aldizkaria zen. 1954tik aurrera euskara hutsez argitaratu zen.
Begiratu orokorra eman diezaiogun Gernikari euskarazko literaturarekin abiatu aurretik. Gernika aldizkarian euskararen presentzia %30ekoa da. Gaztelania zen hizkuntza nagusia, eta frantsesez ere publikatzen zuen, kolaboratzaile guztiak ez baitziren erbesteratuak. Erdarazko artikulu zenbaiten berri ere eman dezagun.
Polemika batzuk izan ziren Gernikako kolaboratzaileen artean. Lehen gerra-ostean Euskaltzaindia lo-zorrotik atera zuen F. Krutwig Gernikako kolaboratzaileak. Erakundea berregituraketan desadostasunak sortu ziren Orixe eta P. Lafitte tarteko, Orexakoaren gutunetan irakurri daitekeen moduan.
Beste polemika extraliterario bat izan zen lapurtera klasikoaren inguruan sortu zena. F. Krutwigen kezka zen euskara kultur bide bihurtzea. Neologisten bidea gaitzetsi, eta terminoak sortzeko Antzinate greko-erromatarrera jotzea proposatu zuen, Europan egin ohi zen bezala. Orixe eta F. Krutwig ez zetozen bat itzultzean hartu behar ziren jokabideetan. Orixek bere hazaldikoek egindako lana aintzat ez hartzea leporatu zion F. Krutwigi.
Horretaz aparte, polemika iturri izan zen nazio-izena aukeratu beharra ere. Zer aukeratu, Euzkadi gudarien eginek goraldua, ala Euskal Herria deitura tradizionala?
Musikaren arloan aipagarriak dira F. Madina konpositore arrakastatsuaren iritziak herri-musikari buruz. Folklorearen inguruko zenbait uste oker argitu, eta Errusiako konpositoreek egin duten ondarearen erabilera eredutzat jarri zuen.
“Errea” (Victor Ruiz Añibarro) publizistak etxekoandrearen gastronomiari buruz eta letretako gizakiei buruz idazten dituenak barre eragitekoak dira.
Orain, aldiz, aipa ditzagun Gernikak izan zituen zuzendariak.
Fundatzailea Rafael Picavea izan zen. Lehenagotik ere sortu zituen hainbat astekari eta aldizkari (El Pueblo Vasco...). Diputatua izan zenez sarri agerkariok bere jarduera politikoari babesa emateko erabiltzen zekien. Enpresak kudeatzen ere jardun zuen, ez beti arrakasta berarekin.
Gerra lehertzean EAJ alderdiaren inguruko diputatu independentea zen. Erbesteratu zen eta Euzko Jaurlaritzaren Pariseko egoitzaz arduratu zen. Ordezkaritza horren bozeramalea izango zen Euzko Deya agerkaria martxan jarri zuen 1936an. Gernikaren lehen alea atera eta handik lasterrera zenduko zen.
J. Thalamas bigarren zuzendaria lehen aipatu dugu, eta goazen orain Gernika luzaroen argitaratu zuena aipatzera: Isidoro Fagoaga. Nafarra zen tenore wagneriar hau. Milaneko Scalan aritu zen kantari. Gernikako bonbardaketa izan zen, eta italiarrek beren merezimendutzat aldarrikatu zuten, nahiz eta gero naziak agertu egile gisa. Ez zitzaion gustatu beratarrari batere, ordea, italiarren jarrera. Dirudienez horregatik bueltatu zen Euskal Herrira karrera lirikoa bertan behera utzita. Ez da erraza gizon honen pausuak jarraitzea erreserba eskatzen baitzien inguruko lankideei-eta. Aldizkaria Buenos Airesera argitaratu zuen 1951tik 1953ra; kantari sasoiko diruak eralgiz hornitu zuen ahal izan zuen bitartean.
Bigarren artikulu batean Gernika aldizkariko literatura aztertuko dugu.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus