Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aitor ORTIZ DE PINEDO
Olerkiak, narrazioak, saiakerak eta kritika literarioak argitaratu zituzten euskaraz Gernika aldizkarian.
Idazleak hiru taldetan sailkatu ditugu: Lore Jokoen ondorengokoena, gerra aurreko joeren jarraitzaileena, eta, azkenik, berritzaileena.
Emaitza horretara iristeko kontuan izan dugu O. Paz-ek Los hijos del limo liburuan (1974) eman zituen poesia modernoaren ezaugarrien zerrenda. Aldizkariaren idaztietan ezaugarri horiek zein neurritan agertzen diren bilatzen saiatu gara. Honako hauek dira, besteak beste, literatura modernoaren ezaugarri batzuk: tradizioa eta klasizismoa ukatzea; sentiberatasuna; pasio kritikoa; gaztetasunaren gurtza; historiari garrantzia aitortzea; perfekzioa haraindian gabe etorkizunean bilatzea; ekintza lehenestea kontenplazioaren aurretik; lana, aurrerakuntza eta politika hobestea penitentziaren, graziaren eta erlijioaren ordez, hurrenez hurren; Jainkoa ezkutatzeak sortzen duen larrimina; protestanteek bultzatu zuten Niaren adierazpena...
O. Pazek bi ezaugarri funtsezkoren arabera deskribatu zuen poesia modernoa: analogia, hau da, mundua ulertzeko modu antipositibista hura, eta, ironia, mundua hauskorra delako kontzientzia. Goazen idazle-taldeak mugatzera.
Lore Jokoen ondorengoak ditugu Dominique Dufau (1880-1956) Senpereko notario edo barataria, Jokin Aldabe (1883-?) eta Iñaki Larramendi (1874-1960).
Gernikan egin zuen ekarpenaren kalitateagatik D. Dufau gailentzen da talde honetan. Saiogilea dugu. Eskualtzaleen Biltzarreko partaidea izanik, elkarte horrek zuen ikuspegiaren errainua ematen digu.
Ignacio Eizmendi Manterola Basarri.
Belaunaldiz belaunaldiko tradizioari eusteko deia egin zuen. Tradizioa altxor etnografiko aldagaitz moduan ulertzen du. Nabaritu zuen gizarte tradizionala kolokan zegoela. Gizarte hori aldaketa prozesu itzuriezinean murgildu zuten kostaldeko turismoak, Ameriketarako emigrazioak, frantsesezko lehen eskolaratze derrigorrezkoa eta laikoa (1882ko Jules Ferryren legea) eta bi mundu gerrek. Ohiturak eta hizkuntza begiratuak izan zitezen ahalegindu zen D. Dufau. Eta emakumeak jarri nahi izan zituen ekandu onen begirale gisa: dela amacho zaharra, dela emaztekia, direla alabak. Zeinek bere arloan iraganaren erreprodukzioa bermatu behar zuen (“Amacho”, Gernika 11. zkian).
Euskaldunak ohoratzeko zenbait baliabide onetsi zituen. A. Xahok euskaldunari itzuli zion duintasuna bere egin zuen (A. Xaho: “euskaldunak txapela Jainkoaren aurrean baino ez du kenduko”). Herri-mitologiak euskaldungoari ematen dion nortasun berezia azpimarratu zuen (lamiek Ganich euskaldun prototipikoari makila eskuratu zioten arrotzei iraina ordainarazteko idatzi zuen artikulu batean), eta Lore Jokoetan egiten zen herri-espresioen goraipamena zuzenesten zuen. Euskal festek mugak zituzten, ordea, ez baitzituzten antolatzaileek kontuan hartzen adierazpide jasoagok (literatura, musika landua, arteak...), eta folklorearen esparru estuan mugitzen ziren (“Ganichen makhila”, G. 12)
Lore Jokoek ahalbidetu zuten euskaldunaren begitarte alaia hasieran, nola halako tristezia bihurtuko zena bigarren aldi batean ikusita gertakariek zeramaten bidea. Modernitatearen ikuspegitik begiratuta, esan daiteke euskararen mundua eta bizimoldea buru argituek aldaketaren aurkako babeslekutzat zeukatela orduan. Tradizioa biziberritzeko asmorik gabe sinboloen indar soilean fidatu ziren.
Gerra aurreko joeren jarraitzaileak ditugu Iñaki Eizmendi “Basarri” (1913-1995), Eusebio Erkiaga (1912), Nikolas Ormaetxea “Orixe” (1888-1961).
Basarri ertzaina izandakoa zen, eta erbestean gorriak ikusi zituen Landetan pinuak mozten, frantsesek inola ere egin nahi ez zuten lana (“Atzerriko bizitza”, G. 14). Espainia nazionalera itzultzean zigor-batailoietan lan egin behar izan zuen errejimenak derrigortuta.
Baserriei eskainitako bertso-sortan euskararen gotorlekutzat dauzka, eta bakardade buruaski horretan irauteko erregua luzatzen die. Esentziak baserrian daude, handik atera baitira, besteak beste, euskal gizaki ospetsuen abizenak (“Euskal baserriak”, G. 6).
Beste sorta batean arrantzaleen bizimodu nekeza jorratu zuen. Hemen idealizaziorik ez. Lan baldintzak hobetzeko iradokizunik ez. Haiekiko esker ona eskatzen dio irakurleari, eta baita Ama Birjinaren babespean denok jartzeko gomendioa egiten ere (“Arrantzaleak”, G. 9).
Gizartearen beste arlo batean, hondartzetan albornoza kentzeko ohitura gaitzetsi, eta gazteei gogorarazi zien mundu honetako kontuen iragankortasuna. Labur esanda, bertsolaria errealista izaten zekien batzuetan, nahiz eta gizaki mundukoiaren baitan eta aurrerakuntzaren baitan erabateko federik ez izan (“Itsas-Ertzetako kontuak” G. 13). Modernidadearen aurrerakuntzan jarrera bibalentea zuen.
Ikuspegi teozentrikoarekin ebazten ditu garaitsu hartan izan ziren itsaso haserrearen triskantzaren arrazoiak. Gizakia da erruduna duen portaera moral okerragatik (“Itsasoa haserre”, G. 15)
Eusebio Erkiagak F Krutwigek proposatutako lapurtera klasikoaren bidea jarraitzen du olerki batean (“Leihoan”, Gernika 19), eta beste idazki batzuetan ere bai. Bilbon bizi zen, eta bankuan egiten zuen lan. Existentzialismo kristauaren zantzuak nabari dakizkioke “Bethi gose” olerkian (G. 17). Existentzialisten kontrako iritzia agertuko zuen, “Jean Paul Sartre’ren ardi galduak” (Egan 2-1951) poeman haiek Epikurozaleekin berdinduta —existentzialisten epikureo-zaletasuna herri-filosofiaren arabera ulertuta, hau da, plazeren bilaketa tentugabe gisa—. Badirudi gerra aurrean publikatzen hasi zen poeta honek, gerra ostean idazle gazteenganako hurbilketa egin arren, atzera buelta egin zuela gero hizkeraren zein pentsamoldearen aldetik.
Soziolinguistikaren alorrean hizkuntzaren plangintza eraginkorra izateko mugarriak zeintzuk izan zitezkeen igarri zuen: eskolak, bertsolariak, prestigio akademikoa (A. Tovar hizkuntzalari famatuaren hizkuntza goraltzeko hitzak)... Erkiagarengan jokabide bikoitz paradoxikoa agertzen zaigu, alegia, ekintza sozial eraginkorrerako deia pentsamolde tradizionalistarekin batera agertu zuen (“Erabiltzeke eztugu euskara lantzen ahal”, G. 22).
Orixek humanismoa ulertzen zuen modua konfesionala zen zeharo; kultura eta zibilizazio hitzak susmagarriak zitzaizkion, gorroto zituela zioen. Jakintzaren gainetik ohitura onak jarri zituen. Zientzia modernoa ñabardurarik gabe aldeztetik urrun zegoen (“Gizabidea” G. 11 eta 12).
Nicolás Ormaechea pellejero “Orixe”.
Kristau ugariren epelkeriaren aurka egin, eta ausardia nabarmenez salatu zuen. Nahiz eta eliztarren kopurua jaisten ikusi, Eliza gaurkotzeko premiarik ez zuen sumatzen.
Indibidualismoaren kontra egin zuen. Etika kristaua nahikoa eta sobera iruditzen zitzaion portaera arautzeko.
Berritzaile nagusiak ditugu Jean Diharce “Iratzeder” (1920-2008), Andima Ibinagabeitia (1906-1967), Federiko Krutwig (1921-1998) eta Jon Mirande (1925-1972).
Iratzederrek II. Mundu Gerran ibilia zen fraide-bizitza egin aurretik, eta mundua ezagutzen zuen. Euskararen gainbeherak kezkatzen zuen, bere ustez eskolak, turismoak eta diru-goseak bultzatzen baitzuten (“Zenbat gazteri”, G. 22). Horren kontrako txertoa zen hiztunen komunio izpirituala, kantuz eta dantzan herrietako plazetan ikus zitezkeen bezala (“Berritz ere”, Gernika 9). Gainera euskara Jainkoaren mintzoa da. Mistikotasun honek badu alderdi telurikoa: euskal lurrarekin sentitzen duen lotura adore-emailea du (“Haitz-pean”, Gernika 11)
A. Ibinagabeitiak euskalgintza eguneratu zuen. Gazteagoen lankidea izaten jakin zuen. Irekitasuna erakutsiko du J. Miranderen poesiari abegi ona egitean, eta olerkariari arnasa ematean. Olerkiak egunerokotasunean murgildurik bizi den gizakiaren bizipenak islatu behar ditu. A. Ibinagabeitiak ikusi zuen Pariseko zuberotarrak euskal literatura homologatu egiten zuela Europako besteekin bere bulkoak zintzotasunez adieraziz (“Olerkariarenean”, G. 23)
Bestalde A. Ibinagabeitiak edozein ideia kritikatzeko eskubidea aldarrikatu zuen; ildo honetatik, kosta ahala kosta defendatu zuen zenbait aburu apurtzaile adierazteko eskubidea (kasu honetan J. Miranderenak ditu gogoan, itxura guztien arabera). Abertzaletasun ofizialak bestela pentsatzen zuen, eta aldizkaria diruz sustatzeari uko egin, eta ekonomikoki ito egingo zen.
F. Krutwigek modernitatearen kritika humanista egin zuen. Mundu Gerraren biharamunean Ilustrazioaren ametsa amesgaizto bihurtu zela sentitu zuen: etengabeko aurrerakuntzarik dagoen egiatan zalantzagarria zaio II. Mundu Gerraren ostean; industrialismoak langilea aberetu egin du; materialismoak izpiritua pobretu du (“Humanismu, gizabidea”, G. 17)
Ekialdera joko du Mendebaldearen porrotari irtenbidea bilatzera. Hango filosofiek mundua ezagutu ezin dela baieztatu (Mâya-ren oihala dela eta), eta eszeptizismo epistemologikoa bultzatzen dute. Eszeptizismoak berarekin dakar tolerantzia, egia erabatekorik ez baitago. Mundua ironiaz ikusten du (“Gernikako Arbolaren Fruktuak”, G. 15)
Nazinokeria salatzen du F. Krutwigek, nazioek zeinek bere burua jarri nahi baitute gainerakoen gainetik, eta gerra dator horren ondorioz. Nazinokeriak paralelo linguistikoa du: garbizaletasuna. F. Krutwigek, aldiz, dio substratu greko mankomuna duela Europak. Gernikan ditugu F. Krutwigen zenbait idazki liberal (“Euskera Euskalerriaren Kultur-Bidea ledin izan”, G. 14)
F. Krutwigek eta Jon Mirandek elkarren berri bazuten. Jon Mirande Parisen bizi zen, eta harremanak izan zituen sasoi hartan hainbat euskaltzalerekin: A. Ibinagabeitia, F. Krutwig eta Tx. Peillen Gernikako kolaboratzaileekin, besteak beste. Aldizkari horretan plazaratu zituen lehen idazkiak.
Egin zituen aldarrikapen politiko apurtzaileak aldizkariaren biziraupena kolokan jarri zuten, eta badirudi Gernikaren itxiera azkarragotu zutela. Gernika Laguntartearen irekitasun humanista ez zen ondo hartu sektore abertzale batzuetan. Izan ere, J. Mirandek abertzale zintzo eta on pusken jokabideak kritikatu zituen. Auzo-herriekin erasokorra izandako Euskal Herria zitzaion eredugarria, alegia, Gaskonia inbaditu zuena eta hegoalderantz zabaldu zen Nafarroako Erresuma. Nahi zuen Euskal Herria Europako beste herri gutxituekin elkartu zedila burujabetasuna lortzeko. Nahi izan zuen Gerra Hotzaren testuinguruan abertzaleek bizi zuten impasse etsigarria hautsi edozein pietismoren kontra (“Abertzaletasunaren inguruan”, G. 25)
Poema erotikoak era argitaratu zituen. Poema horiek momentu serioen arteko aringarri gisa idatzi zituen; pilotariak besteko garrantzia zuen olerkariak herriaren bizitzan, bere ustez. Erotismoa askatasunez erabiltze horrek Gernikako beste kolaboratzaile batzuen gaitzespen borobila ekarri zion. Bestalde, ipuin batean ohiko ezkontza harreman batzuen ezinbesteko amaiera tragikoa deskribatzen du (“Ametsa”, G. 19)
J. Mirande ironikoa da errealitatearen aurrean. Horrez gain, erritmo analogikoa txertatu zuen poemetan ingeles erromantikoen irudira: hoskidetasunaz gain, bertso-lerroetan talde fonikoen errepikapenek durundi berezia sortzen dute (“Ametsetarik”, G. 16)
Amaitzeko esan dezagun Gernikako literaturan badirela 1960 inguruko panorama-aldaketaren lehen zantzu batzuk.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus