Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Arrasate: Gipuzkoako hiribildu baten fundazioaren oihartzunak

José Ángel LEMA PUEYO, Erdi Aroan aditua

Orain 750 urte, 1260ko maiatzaren 15ean, Gaztelako erregeak, Alfontso X.ak (1252-1284), Leintzeko bailarako herriska xume bati, Arressate edo Arrasate deitzen zenari, hiri-gutuna eman zion. Gutunarekin batera, izenaren aldaketa izan zen: Mondragon edo agiriak berak zioenez, Montdragon. Izen berriaren esanahia —Dragoiaren mendia, ote?— eta zergatiak —tokiko kondairak ala monarkaren burutazio xelebreren bat, agian?— argitzeke daude oraindik.

Artikulu honen xedea, bertako biztanleen bizitza eta lehen historia, Berant Erdi Aroan zehar, deskribatzea da. Gaur egun ofizialki Arrasate-Mondragón izena duen udalerria Gipuzkoako Deba Garaia eskualdean dago, lurralde historiko horretako hego mendebaldean. Bere hasierako gunea, forua jaso zuena, bi muga fisikoren artean kokaturik zegoen. Hona hemen: mendebaldean, Santa Barbara muinoa; ekialdean, Deba ibaiak Aramaio ibaiaren urak hartzen dituen lekua. Zenbait tontorrek, Santa Marinak eta Udalaitzek kontrolatzen zuten lurraldea. Inguruetan Bergara, Elorrio, Aramaio eta Gasteiztik etortzen ziren bideak elkartzen ziren.

Arrasateko armarria.

Arrasateko armarria.

Dudarik gabe, Alfontso X.ak komunikabide-gune garrantzitsu hori sustatu nahi zuen, Gaztelako Mesetaren, Arabako Lautadaren eta Gipuzkoako kostaldearen arteko harremanak eta ibilbideak hobetu nahian. Aukeratu zuen tresna aipatutako gutuna izan zen. Zertan zetzan? Hotsandiko dokumentua zen, dotoretasunez apaindua, berunez zigilatua eta pergaminoan egina, oso idazkera ederra agertzen zuena eta jendaurrean, hau da, biztanleen aurrean, irakurri bide zutena. Garai hartan ohikoa zenez, gaztelaniaz idatzitako testu hori, biztanle guztiek erabili eta ulertzen zuten euskalkira itzuli eta moldatu zuen norbaitek ahoz eta ozenki. Agiri horri esker Arrasate —ordutik Mondragon izenaz ezaguna— Leintzeko bailaran nagusitu eta nabarmentzen hasi zen. Ordutik Arrasateko biztanleek Gasteizko forua izango zuten, baita foru horren abantailak ere: etxeak eraikitzeko orubeen banaketa, berma judizialak, hiriko bakearen babesa, jabetzaren berma, lege eta arauen berdintzea, jaurgo-zamen eta eskarien askapena, inguruetako mendietan eta oihanetan sartu eta ibiltzeko eskubide osoa. Geroago, erregeen beste gutun askok eskubideok berretsi, zehaztu eta handituko zituzten. Aldi berean, Arrasate hiribilduan tokiko boterea —udalaren aurrekaria— eratzen hasi zen. Kontzejua zen, 1262an lehen aldiz aipatutakoa, hasieran biztanleen edo, garai horretan ziotenez, gizon zintzoen asanblada orokorra, arazo komunak eztabaidatzeko bildu ohi zena. Erakunde xume hori bilakatu egin zen, bere ardurak edo karguak sortaraziz —1282tik aitzina alkateak eta jurados direlakoak aipatzen dira—. Denboraren poderioz, karguen konplexutasuna areagotu artean, biztanleen partaidetza gero eta mugatuagoa, gero eta elitistagoa izango zen. Bitartean, hiribildu berriak Leintzeko bailaran bere eragina hedatu zuen, eta 1353rako inguruetako hainbat herrixka —Garagartza, Udala, Erenusketa, Isasigaina, Uribarri eta Oleaga— bere kontrolpean geratuko ziren. Horrela, gutxinaka Arrasateko udalerriaren mugak, egun ezagutzen diren bezala, definitzen hasi ziren.

Bermeek eta pribilegioek babesturik, merkataritzaren eta garraioen etekinei esker, oihanen eta burdinolen ustiapenetik ateratzen ziren irabazien bitartez, Arrasate hirigunea eratu eta hazi zen. Planoari begira, eliptikoa zen, Gasteiz hiribilduarena bezalakoa, harrizko harresiek inguratutakoa. Agiriek kaleen izenen berri ematen digute. Testigantza idatzien arabera, hauexek ditugu, mendebaldetik ekialdera luzatzen zirenak: Burdinolen kalea edo Ferrerías, Erdiko kalea edo En Medio eta Iturriotz. Gainera, kale nagusiok osatuz, hiru karrika, gutxienez: Surgin, Olarte eta San Joan. Bestalde, bost atek edo atarik hiribilduaren sarrerak kontrolatzen zituzten. Kaleez eta karrikez aparte, harresien arteko espazioa orubeek betetzen zuten, hasieran tamaina berekoak, antza. Historialariek 12 m. luze eta 8 m. zabal zeuzkatela kalkulatu dute. Orubeotan etxebizitzak eraiki ziren, hasieran bi solairu bakarrik zituztenak. Dirudienez, XV. mendearen erdira arte zura izan zen materia nagusia. Salbuespenak tokiko aitoren semeen egoitzak —dorretxeak eta jauregiak— lirateke, aspalditik iada harriz egindakoak. Hiribilduaren historiaren lehen mendeetan, oraindik etxadien artean baratzeak eta lorategiak lantzeko bazegoen lekurik. Hala ere, biztanleria hazi, metatu eta pilatu ahala, harresien arteko esparrua betetzearen ondorioz, XV. mendearen amaierarako arazoak sortuko ziren. Erronka horri aurre egiteko, konponbideak bilatu ziren: baratzeak eta lorategiak kentzea, orubeak behin eta berriro zatitzea, solairu berriak eraikitzea —hirugarren edo laugarren solairura arte—, lurrazpia industea edo kaleetako espazio publikoa inbaditzea. Gainera, harresietatik kanpoko auzoak populatzeari ekin zion Arrasateko biztanleriak. Hedatze horrek eraginda, Berant Erdi Aroan eta Aro Berriaren hasieran Musakola, Zarugalde eta Gazteluondo auzoak eratzen hasiko ziren.

Arrasate hiribilduaren lehen historian, bortizkeria agertzen zaigu edonon. Izan ere, Gipuzkoak XIV eta XV. mendeetan gizarte-gatazka gogorrak eta latzak nozitu zituen: bando-gerrak deiturikoak. Arrasate ez zen salbuespena izan. Bere kasuan, mehatxua oso hurbil zegoen. Oñatiko jaunak edo kondeak ziren, hiribildua menperatu gura zutenak, beren jaurgoan sar zedin. Hiribilduan bertan, nobleziako bi leinu edo familia-talde —Bañez de Artazubiaga eta Guraia— borrokatu ziren beren artean tokiko lehentasuna eta nagusigoa erdiestearren. Gauzak korapilatuko ziren, barneko leinuek Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako beste leinu askorekiko harremanak baitzituzten. Arrasaterentzat unerik zailena 1448an izan zen. Urte horretan, gatazka horiek zirela medio, hiribildua erre zen, erabat suntsitu arte. Biztanleen erreakzioa monarkaren laguntza eta Gipuzkoako beste hiribilduekiko aliantza —Gipuzkoako Ermandade Orokorra deiturikoa— bilatzea izango zen. Horrela, Arrasatek bere ekarpena egin zuen Gipuzkoaren garapen politikorako. Izan ere, aliantza eta borroka horretatik sortuko ziren denboran barrena lurralde historikoaren foru-erakundeak: Batzar Nagusiak eta XVI. mendean iada, Aldundia. Bitartean, giro bortitz horretan, tokiko talde menperatzaile bat jaio eta garatu zen, leinu zaharrek eta gailentzen ari ziren senitarte berriek osatutakoa. Horiek izango zuten kontzejuaren edo udalaren erabateko kontrola XV-aren amaieratik, batik bat. Horien aurrean, gizartearen gehiengoa daukagu: dendariak, artisauak, olagizonak, errementariak, zurginak, larrugileak, zapatagileak eta auzoetako baserritarrak, botere politikotik gero eta baztertuagoak. Denbora igaro ahala, XVI. menderako lehen eskolen eta irakasleen berri izango dugu.

Arrasateko alde zaharra.

Arrasateko alde zaharra.

Leinuekin eta aitoren semeekin batera, kontzejuaren agintaritzarekin batera, beste botere bat hartu beharra dago kontuan: erlijioarena, kontzientziak zuzentzen zituena. Hiribildua jaio aurretik, gurtza antolatzeko eliza xume eta txikia bazegoen, Santa Marina deiturikoa. Baina, hiribilduaren garapenak parrokia-eliza berria eta handiagoa eskatzen zuen. Horrela sortuko zen San Joan Bataiatzailea eliza, dokumentazioak lehen aldiz 1318an aipatzen duena. Bere garrantzia ez zen mesprezagarria. Izan ere, San Joan eliza Leintzeko bailarako artzapez-barrutiko burua izatera iritsiko zen, Kalaorrako diozesiaren barruan. Arabako eta Gipuzkoako lurrak hartzen zituen barruti hori Elgoibar, Eibar eta Soraluzetik Aramaioraino hedatzen zen, iparretik hegora. Arrasaten bertan, gurtzaz arduratzen hainbat elizgizon aritzen ziren: artzapeza bera, apaiz onuradunak, hau da, beren mantenurako errenta bat edo errenta baten zati bat jasotzen zutenak, beren kaperau laguntzaileekin, onura gabeko apaizak, diakonoak eta diakonordeak. San Joan parrokia-elizaz eta pixkanaka gainbeheran sartuko zen Santa Marina baseliza zaharraz gain, beste tenplu batzuen berri ditugu —zortzi zehazkiago, XVI. mendearen erdian—. Gainera, hiru ospitalek ematen zieten aterpea eta laguntza behartsuei eta eriei: San Andresek, Sortzez Garbiaren monasterioak eta Santa Maria Magdalenak edo San Lazaroren etxeak.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media