Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
José Javier FERNÁNDEZ ALTUNA
Zalantzarik gabe, Nestor Basterretxea (Bermeo, 1924) Euskal Herriko arte garaikidean izan dugun izen eta artista handienetakoa da, eta ez bakarrik zorionez bizitzen jarraitzen duelako, baizik eta gainera sormena lantzen jarraitzen duelako. Artista garaikide bezala Nestor Basterretxearen artelanetan eta orokorrean bere ibilbide artistiko luze eta oparoan hiru ezaugarri nabarmendu nahiko nituzke.
Lehenengoz bere ibilbide artistikoaren hasieratik arte garaikidearen alde eginiko apustua. Frankismo garaiko lehenengo bi hamarkadak orokorrean zailak eta bereziki hizkuntza artistiko garaikideen aurkakoak izan baziren ere, Nestor Basterretxeak eta garai bereko beste artista euskaldun batzuk —Jorge Oteiza, Eduardo Chillida eta Agustín Ibarrola, besteen artean— abanguardia garaiko gramatika garaikidearen aldeko apustua egin zuten —bi mundu gerren artean sortutakoa, eta bereziki abstrakzioaren ildotik abiatuz— sinistitutak garai berriak, askatasun garai demokratiko berriak, etortzekoak zirenak, artea aulertzeko eta artea egiteko modu berri batekin batera etorri behar zirela. Hala ere, Nestor Basterretxearen ibilbide artistikoan ildo nagusia arte garaikidearen aldeko apustua egitea izan bada ere, bere garapenean fase eta etapa desberdinak izan ditu, eta ondorioz, inoiz ez da izan ikuspegi edota begirada bakarreko artista; alderantziz, beti izan du oso argi artelan multzo bakoitza garaiaren arabera eta batez ere enkarguaren esanetara egon behar zuela, eta horregatik bere hizkuntza artistiko garaikideari muzin egin gabe beti jakin du gramatika, lexiko edo sintasia aldatzen egokitzeko asmotan momentu bakoitzean sortzen zitzaion egoera berriari. Hala ere, bere lan guztiak aztertuz eta bereziki egin zituenak Arantzazun, 57 Taldeko kideekin batera eta Gaur taldearen testuinguruan —orduan finkatu baitzituen bere hizkuntza artistiko garaikidearen ezaugarri nabarmenenak, finkoenak— argi eta garbi ikusten da abanguardia abstraktoa eta konstruktiboaren aldeko apustua —Neoplastizismoa, Suprematismoa eta Konstruktibismoaren ildoa jarraituz— gustokoena izan zuela, eta neurri batean edo bestean, hori defendatu zuen bere ibilbidean eginiko artelan desberdinetan, eta ez bakarrik gainera pinturarekin eta eskulturarekin lotutako disziplinetan.
“Mural”, Néstor Basterrechea.
Nestor Besterretxearen bigarren ezaugarri garrantzitsua nabarmentzekoa honako hau da: bere ibilde osoan beti arte garaikidearen aldeko apustu ausarta egin badu ere, artista bizkaitarrak bere belaunaldiko beste artista asko bezala —oraingoan ere Jorge Oteiza eta Eduardo Chillida, besteen artean— hizkuntza artistiko berritzaileak Euskal Herriko nortasunarekin, berezko ezaugarriekin konbinatzen saiatu da. Hori horrela, Nestor Basterretxeak beste artista euskaldunekin batera euskal estetika tradizionala delakoa aurkitzen saiatu zen eta ez bakarrik hainbat ikerketa arkeologikoetan eta antropologikoetan parte hartuz, baizik eta baita ikerketetan lortutako emaitzak arte garaikidean txertatzen saiatuz ere; hori bai, tradiziozko estetika hori besterik gabe jarraitu beharrean, Nestor Basterretxeak beti oso argi izan du estetika horren ezaugarriak, aitzindariak eta erroak jakin ondoren, artista garaikidearen lana garai eta gizarte berriarekin lotura estua izango duen estetika berri bat asmatzea izan behar zuela, aurrekoa, lehenengoa bezain euskalduna baina berezko nortasunarekin, eta horregatik ezainbestekoa zela aurretik zegoenaren ikerketa eta azterketa, baina beti argi izanik abanguardia europearrak sortutako hizkuntza artistiko berriekin bat egiten zuten proposamen artistikoak sortu behar zirela, nahiz eta apustu berritzaile hauek garaiko gizartean agian babesa handirik ez izan, tamalez gehienetan gertatu zen bezala, eta ez bakarrik frankismoaren erruz baita euskal abertzaletasuna ulertzeko modu ez egokiagatik ere.
Hirugarren ezaugarria Nestor Basterretxearen ibilbidean aniztasuna hitzarekin lotu beharra dugu, hots, aniztasuna ez bakarrik estiloarekiko, hizkuntza artistikoarekiko lehen ezaugarrian azpimarratu dugun bezala, baizik eta aniztasuna baita ere disziplinekiko askotan eta orokorrean eskultoretzat hartu izan bada ere artista bermeotarraren lana, bere ibildean asko dira jorratu dituen beste disziplinak eta ez bakarrik arteari lotutakoak baizik eta baita kultura arloarekin lotutako beste adierazpenekin, nabarmenduz diseinua, arkitektura, argazkigintza eta bereziki zinea. Alde honetatik ere Nestor Basterretxea artista garaikidea dugu, abanguardia garaiko beste artista asko bezala —Malevich, Rodchenko, Mondrian, Le Corbusier— bera ere artista lana ez zuelako pentsatzen disziplina bakar batera mugatu behar zenik baizik eta besteetara zabaldu eta batez ere gizartearekin, bizitzarekin harreman estuan ipini, loturak sortu azken helburua lortzeko, arte berri bat gizarte berri batentzat. Ikuspegi honetatik abiatuz, ondorioz, Nestor Basterretxea ez dugu bakarrik eskultore eta pintore bikaina baizik eta diseinatzaile aurrerakoia, arkitekto interesgarria, argazkigile ausarta eta zinemagile harrigarria. Arlo guztietan hizkuntza garaikideen aldeko apustua eginez baina ohartuz ere disziplina bakoitza bere berezko ezaugarriak dituela, Nestor Basterretxeak lortutako merito handikoa da: disziplina bakoitzean lan bikainak egitea eta harridura sortzea desberdina izanik guztietan bere zigilua, bere estiloa, horrela bere nortasuna ere antzematzen delako.
“Núcleo interior exterior”, Nestor Basterrechea.
Lanekino, Nestor Basterretxeak urte guzti hauetan egin dituen lan interesgarri guztiak biltzeko asmoa izango bagenu artikulo hau hasieratik berriro idazten hasi beharko ginateke, eta gainera ziurrenik jorratu dituen disziplina bakoitzarekiko artikulo bat beharko genuke. Hurrengo asteetan Baionako Euskal Museoak eta Bonnat Museoak elkarrekin eskainiko dioten erakusketetan —lehenengoak arlo eskultorikoaren inguruan eta bigarrengoak pinturari— hainbat lan ikusteko aukera egongo bada ere, artikulo honek eskaintzen digun aukera ezin dugu galdu hainbat artelan gomendatzeko. Eskultura alorrean “Cosmogonica vasca” izeneko seriea interesgarrienetakoa da Euskal Legebiltzarreko areto nagusian kokatuta dagoen lanarekin batera; bi artelan hauek eta Euskal Herriko hainbat espazio publikoetan kokatu dituen eskulturak —espazio hauetan testuingurua eta eskalerekin asmatzen Basterretxea ere nabarmendu behar da— bere hizkuntza artistikoa eta bere estiloa oso ongi laburbiltzen dute. Pinturan, bestalde, zorionez eta azkenik Arantzazuko kriptan beharrezko moduan egokitu diren margoak bere ibilbide artistikoaren beste adibide adierazgarria da, bere hizkuntza artistikoa baztertu gabe jakin zuelako hau bezalako enkargu konplexu bateri aurre egiten eta zailtasunak zailtasun bere artelana sortzen eta defendatzen.
Arkitektura alorrean eraikuntza gutxi altxatzea lortu badu ere —soilik Irunen kokatuta dagoen Etxe Tailerra Jorge Oteiza eta Luis Vallet arkitektoarekin batera— asko dira marraztutako ideiak eta proiektuak interesgarriak; batzuk soilik nabarmentzekotan aipatu Deusto Unibertsitateko Liburutegia, Bilboko Sabin etxea, Lemoizgo Zientzia Museoa eta Gernikako Gerren ondorio latzen inguruko Museoa ere. Zineman bestalde, Basterretxea hainbat lanen egilea da elkarlanean eta horien artean hiru benetan aipagarriak direla, “Pelotari”, “Operación H” eta batez ere “Amalur”, non bertan Nestor Basterretxearen ezaugarri gehienak laburbildurik aurkitu baiditzazkegu.
Honelako ibilbidearekin eta kontutan hartuz zorionez bizirik eta oraindik lan egiteko gogoz prest dagoela, Nestor Basterretxearen lanak behin behineko erakusketak baino behin betiko espazioa behar dute, espazio fisiko duin bat Jorge Oteiza eta Eduardo Chillidak daukaten bezalakoa, bere artelan ospetsuenak bertan bildu ahal izateko eta bereziki bere ibilbidean burututako proiektu eta ikerketa guztiak bertan jasotzeko asmotan. Azken finean, berak atzera begiratzen jakin zuen bezala gero aurrera egiteko, guk ere aurrera jarraitzeko ez dugu gertatutako ahaztu behar, iraganean oraindik ikasteko asko daukagulako. Baina gainera Nestor Basterretxea ez da inoiz iragana izan baizik eta beti oraina eta etorkizuna, eta ondorioz, ezinbestekoa izango da Nestor Basterretxeari eskainitako arte zentro bat horrela izatea, etorkizunak ekarriko digun artearen, gizartearen eta bizitzaren isla.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus