Lotutako artikuluak

Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Migel Anjel Arzuaga Lasagabaster (1925-1960)

Jerardo ELORTZA

Sarrera

Haurtzaroan, artean jaioterritik gutxitan ateratzen ginenean, ez genuen aukera gehiegi izaten musika, literatura edota arte ederrei buruzko informazioa gureganatzeko. Oñatik garai hartan, nahiz eta probintziako udalerririk zabalena izan, zortzi mila bat bizilagun edukiko zituen. Jende-kopuruari dagokionean, ez zen txiki-txikia, baina ez oso handia ere eta ordurako Gipuzkoako beste zenbait herri aurrea hartzen ari zitzaion. Halako testuinguruan, bada, ez zen erraza gure artean kultura aldetiko ekimenak edota jardunaldiak bideratzea eta mamitzea. Gainera kontuan izan behar dugu gerraostearen ondorioak sufritzen geniharduela, eta, urterik gogor eta latzenak pasatuak izan arren, gabezia izugarriak nabarmentzen zirela diktadurapean gizarte-arlo askotan: askatasunean, ekonomian eta kulturan ere bai, jakina.

Hala eta guztiz ere, sasoi zail eta ilun haietan Oñatik lortu zuen, muga eta eragozpen ugariren gainetik, emaitza eta fruitu interesgarririk. Musika-sailean, adibidez, aipatzekoa da Julian Zelaiak, San Migel parrokiako organista trebeak, elizan eskaintzen zizkigun G. F. Händel, J. S. Bach, C. Frank eta abarren obra-atal ederrak. Schola Cantorum abesbatza ere sortu zuen 1940 hamarkadaren azken aldera; eta hurrengoan gogoan hartzekoak dira orduan Argentinan bizi zen Frantzisko Madina herritarraren bi musika-lan oso oñatiarren estreinaldiak: Oñati izeneko rapsodia polita (1950) unibertsitateko klaustroan eta Arantzazu musika-poema ederra (1957) parrokian. Ondorengo urteetan Joxe Mari Arzuagak sortu eta zuzenduko zuen Irrintzi zortzikote ospetsuak jarraitu zion Julian Zelaiaren eta, batez ere, Patxi Madinaren eskolari.

Arte plastikoetan ez zen, beharbada, hainbesterainoko erreferentziarik. Baina gure belaunaldiak, mutiko-mutikotatik, pintore oñatiar bat ezagutu zuen batez ere: Migel Anjel Arzuaga Lasagabaster, plaza nagusian bankuaren gainean bizi ziren Senen eta Jovitaren semerik zaharrena. Herrian zehar, kalean nahiz auzoetan, sarritan topatzen genuen bere tramankuluekin Oñatiko bazterrak eta txokoak margotzen. Zenbat aldiz ez genuen ikusi Etxebarrialde baserri ondoko Aingeru Guardako santutxo ingurutik hain gustuko zuen Aloña mendi-lerroa pintatzen. Edota Larraña, Berezao, Torreauzo eta beste hainbat lekutako ermitak, baserriak eta paisaiak mihisera ekartzen. Azkenera orduko ohitu egin ginen herriko hamaika leku eta paraje Migel Anjelek bere koadroetan islatzen ikustera.

Lehen urteak

Migel Anjel Arzuaga Oñatin jaio zen 1925eko maiatzaren 27an, Santa Marinako plazan, Madinabeitia familiaren palazioari erantsita dagoen etxean. Arestian aipatu dugunez, Senen Arzuaga eta Jovita Lasagabaster izan ziren bere gurasoak. Migel Anjelen aita durangarra zen jatorriz, baina umetan ekarri zuten Oñatira, Urruxolako abadetxera, bere ama alargundu zenean. Ama, berriz, Aretxabaletako Aozaratza auzoko baserri batean sortu eta gaztetan etorri zitzaigun hona neskame moduan. Senenek eskola aski ikasi zuen Urruxolako apaizarekin eta gerora herriko agustino laterandarren komentuan. Ikasketa horiei esker bulegari-lanak egin zituen gaztetatik Oñatiko hainbat toki eta enpresatan, baina Gipuzcoano bankuan batik bat, bertako zuzendari izatera iritsi zelarik. Herriko zenbait aberats-etxetako administratzaile ere izan zen. Musikarako zaletasun handia zeukan eta organoa ez ezik, beste dozena-erdi bat instrumentu ere jotzen ikasi zuen. Askotan jardun zuen San Migel parrokian organista titularraren ordezko gisa.

Beraz, Oñatin ezagutu zuten elkar Jovitak eta Senenek eta bertan ezkondu ziren. Izan zituzten seme-alaba denek, aldez edo moldez eta bakoitzak bere era eta neurrira, musika, arte edo literaturarako joera erakutsi zuten: Migel Anjelek margolaritzarako; Arantxak marrazkigintzarako; Jabierrek literaturarako; Joxe Marik musikarako; Asunek kantu eta antzerkirako; eta Jesus Marik argazkigintzarako. Migel Anjelek txiki txikitatik azaldu omen zuen marrazkigintzarako abilezia. Anai-arreba eta lagunen artean jolasean lehiaketak egiten zituztenean, hark gauzatutako marrazkiren bat izaten zen saririk preziatuena, Jabier anaiak dioenez.

Lehenengo urteetan ospitaleko Sor Paulina famatuaren eskolaurretik pasatu ondoren, Migel Anjel laterandarren ardurapean Kale Zaharrean zegoen herri-eskolara joan zen ikastera II. Errepublikan, Fernando Urkia, Benito Larrakoetxea eta abar maisu zituela. Baina 1936ko gerra madarikatua iritsi zen eta egoera asko aldatu zen haurrentzako: alde batetik, zortzi-bederatzi hilabetetan ustekabeko oporraldia heldu zitzaien umeei; eta bestetik, aurreko irakasleak dekretuz kendu eta eskolak berriro hastean, bestelako maisuak tokatu zitzaizkien, Jose Luis Arrazola parrokiako apaiza, esate baterako. Gorabeheratsua izan zen, bada, gatazka-garai haietan Oñatin geratu ziren haurrentzat ere.

Gerra amaitu, herriko batxiler-institutua berriz kendu eta fraide maristak Oñatiko unibertsitate zaharra izandako kolegiora bueltatu zirenean, han ikasi zuen apur batean Migel Anjelek. Baina laster jo zuen Donostiara Aldapetako marianisten ikastetxera, batxilerra egiteko asmotan, amaren aldetiko osaba-izeba batzuen bitartez. Ikasketetan ez zebilen gaizki, baina Arzuagaren grina marraztea eta pintatzea zenez, Donostiako “Artes y Oficios” eskolan eman zuen izena iluntzetan, bere zaletasunean aurrera egin ahal izateko. Maisu ona egokitu zitzaion: Vicente Cobreros Uranga margolari tolosarra. Cobrerosek ikasle kuttuntzat eduki zuen beti Migel Anjel. Gaur egun Donostiako Postetxe nagusiaren egoitza den eraikuntza hartan, oraingo Koldo Mitxelena Kulturunearen aldamenean, ikaskide izan zituen, besteak beste, Eduardo Chillida eta Mentxu Gal. Baina eskola hartan egin zuen benetako adiskidea Jose Manuel Setien donostiarra izan zen.

Lanbidea aukeratu beharraren nekeak

Batxilerra bukatu gabe itzuli zen Migel Anjel Oñatira, baina bere baitan pinturarako pasioa zeharo sendoturik. Alabaina, ez ziren samurrak 1940 hamarkadako gose-urte haiek, eta bizi ahal izateko soldata finkoren bat eskaintzen zuen ofizioren bati heldu beharra zegoen. Ama Jovitak aita Senenen bankuan lanean hastea zela egokiena adierazi zion semeari. Amaren desioari men eginez, apur bat gogoaz kontra, zeregin horretan hasi zitzaigun Arzuaga, hartarako kontabilitate-ikastaro batzuk maristetako gau-eskoletan hartu ondoren. Horrenbestez, Zazpibideta eta plaza bitartean oraindik ere hor kokatzen den Guipuzcoano izeneko diru-etxe horretako langile bihurtu zen gazte asko. Laster iritsi zitzaion, dena den, soldadutzara joan beharreko obligazioa ere. Eta eskerrak betebehar hori etxetik oso urrin barik egiteko aukera izan zuela: Burgosen, hain zuzen ere.

Soldadutza amaitu eta bankuko lanari ekin zion berriro Oñatiko plazan. Eta arratsaldetan Galdoseneko zerrara ere joaten zen, hango bulego-kontuak eguneratzera. Baina ez zuen sekula bere benetako zaletasuna alde batera utzi. Edozein tartetxo aprobetxatzen zuen, margotzeko trasteak hartu eta ikuspegi interesgarriren bat zuen paisaia edo txokoren bat pintatzeko. Jaioterria bakarrik, ordea, gutxitxo zela-eta, ahal zuen guztietan kanpoko erreferentziak ezagutzen eta beste iturri batzuetatik edaten ahalegindu zen. Ingurukoak ez ezik (Donostia, Gasteiz, Bilbo, Iruñea, Baiona), urrutiagoak ere bai: 1950ean, adibidez, Madrilera joan zen egun batzuetarako, hango museoak bisitatu eta arte-munduaz gehiago janzteko; 1951n Parisen egon zen aste pare batean, garai hartan artista plastiko gehientsuenen hiriburuan.

Kontuan izan behar da “ihesaldi” artistiko horiek bankuko lana laga gabe burutu behar izaten zituela, oporretan eta ahalik eta era merkeenean. Parisez zeharo maitemindurik etorri zenez, bi urte geroago, 1953an, beste egonaldi labur bat egitera bertaratu zen, J. M. Setien adiskidearekin oraingoan. Sena ibaiko bazterrak, Montmartreko kale estuak eta beste paisaia paristar batzuk pintatu zituzten lagun biek elkarren lehian. Erromara ere iritsi zen Setienekin batera, hainbeste arte-altxor gordetzen dituen hiri klasikoaren edertasunez asetzera. Egun gutxiren buruan han margotutako koadro mordoxka bat ere ekarri zuten Euskal Herrira. Parisen lagun baten bitartez aurkitu bazuten ostatua, Erroman Oñatiko fraide laterandarren sortetxean eman zieten lo-lekua. Hori bai, horren truke han egindako obra batzuk utzi zituzten Italiako hiriburuko komentuan: horietako bat urte batzuk lehenago Oñatiko herri-eskolan Migel Anjelek maisu izan zuen Fernando Urkia arbizuarraren erretratua, ordurako agustino laterandarren abat nagusia zenarena, hain zuzen ere.

Aldi oparoa

Etengabe arituko da Arzuaga 1950eko hamarkada osoan arte plastikoen arloan. Pinturan bereziki, baina beste sail batzuk baztertzeke. Oso aberatsa da, esate baterako, aldizkari eta liburuetarako marraztu zituen grabatuen saila: sasoi hartan gure herrian Oñate izeneko kultur aldizkari garrantzitsua argitaratu zen 1950 eta 1955 bitartean, Iñaki Zumalde historialariaren eta beste zenbait herritarren ekimenez. Iñaki eta Migel Anjel adiskide minak zirenez, laguntza emankorra eskaini zion pintoreak idazleari: aldizkariak kaleratu zituen lau ale marduletan Migel Anjelen dozenaka marrazki eder azaldu ziren, Oñatiko kale, plaza, txoko, eraikin, eliza, ermita, pertsonaia eta beste hainbat xehetasun erakutsiz. Urte haietako laburbilketa oñatiar grafiko bikaina da.

Arantzazurekin ere harreman handia zuten aspalditxotik Arzuagatarrek, bertoko seminarioan ikasi baitzuten Jabierrek eta Joxe Marik. Ez da harritzekoa, beraz, frantziskotarrek hango Aranzazu hileroko ezagunerako haien anaiari, Migel Anjel Arzuagari, ilustrazioak eskatzea. Harako ere grabatu mordoa egin zuen, 195... eta 195... bitarteko ale guztietan agertu zirenak. Ez zen, ordea, horretara bakarrik mugatu fraideekin izan zuen lankidetza. Pedro Anasagasti idazle frantziskotarraren Florecillas de la Virgen de Aranzazu (1952) liburuaren berrogeitik gorako grabatuak ere Migel Anjeleri zor zaizkio. Beste liburu baten azala ere moldatu zuen eta, batez ere, urte haietan Oñatin agertu ziren jaietako programetan edota bestelako zenbait ospakizunetan Migel Anjelen aztarna artistikoari jarrai dakioke.

Marrazki-eskola batzuk ere eman zizkien Oñatiko agustino laterandarren seminarioko ikasle gazteei, Pablo Anduagaren ekarpenean adierazten zaigun moduan. Alabaina, ez zen hori agustinoekin izan zuen gerra osteko harreman bakarra: gogoratu arestian aipatutako Erromako egonaldi laburra. Oñatiko komentuan Migel Eztanga fraide laterandarra zegoen orduan irakasle, beste arbizuar bat, Migel Anjelen aita espirituala eta aholkularia. Bestalde, orduantxe hasi zioten agustinoek zenbait urte lehenago oinaztarri batek eraitsitako kanpandorre zorrotza berreraiketzeari. Eztanga “ingeniari” zutela, makina bat ordu sartu zuten garai hartako estudianteek dorre berria jasotzeko, hartarako behar ziren porlanezko plakak patioan prestatzen. Orduantxe ipini zen, halaber, laterandarren eliza-dorrearen erdian ageri den Jesusen Bihotzaren irudi handia. Eta estatuaren egilea Migel Anjel bera izan zen, agustinoetako behealdeko sotoko tailerrean zatika moldatu ondoren. Beste eskultura antzeko bat ere gauzatu zuen Socorroko Markesaren enkarguz, gaur egun Errioxa arabarreko Villabuenako plazan ikus daitekeena: Familia Sakratua irudikatzen duen baxuerliebea dugu.

Heriotzak goizegi eten zuen arte-ibilbidea

Edonola ere, margolari gisa utzi zizkigun Arzuagak fruiturik helduenak. Harrigarria da, aipatu berria dugunaz gain, urte gutxiren buruan pintatu zituen koadroen kopurua. Oñatin, batik bat, baina Paris, Erroma, Madril, Gasteiz eta beste leku batzuetan mihisean islatutako irudiak ahaztu gabe. Sakabanatutako margo-lanen artean ehun eta berrogei eta hamar inguru sailkatu dira erakusketaren aitzakiaz. Eta horiek baino gehiago badirela pentsatzeko arrazoirik badugu. Guk baino espezialista adituagoek aztertuko dute Migel Anjelen bilakaera piktorikoa, baina, gure iritziz, ez dago dudarik ibilbide artistiko inportante batean abiatua zela pintore oñatiarra 1950 hamarkadan, erditik aurrera batez ere.

Aurreko hamarkadan Gipuzkoako artista gazteen lehiaketetan behin baino gehiagotan parte hartu zuen Donostian. Baina urte hauetan erakusketa mordoxka bat izango du han eta hemen taldean nahiz bakarrean: Gasteiz (1952), Baiona (1952) Oñatiko Txantxiku Txoko elkartean (1956 ?) Iruñea (1956), eta Donostian (195?), adibidez. Oñatin bertan margolari taldetxoa sortu zen garai hartan Migel Anjelen inguruan: Maritxu Ginea, Nikolas Erostarbe, Antonio Maiztegi eta Jose Luis Urrutia, besteak beste. Talde honetako gehienek hartu zuten parte, hain zuzen ere, 1960ko San Migeletan Oñatiko unibertsitate zaharrean eratu zen eskualdeko erakusketan.

Arzuagaren ibilbide pertsonalari bestelako egoera ekarrarazi zion 1957ko abuztuaren 16an hartu zuen erabakiak. Egun horretan ezkondu baitzen Izaskun Etxabeguren anoetarrarekin. Izaskun urte batzuk lehenago Oñatira etorria zen, bere osaba Don Migel Etxabeguren herriko parroko bakezalearen etxera. Laster jaio zitzaizkien lehenengo alabak, Pili eta Arantxa. Baina Migel Anjelek beste erronka zail bati ere erantzun zion orduan: hainbat urtetan lantoki segurua izan zuen bankua utzi eta bere zaletasunekin egokiago zetorren lanbide bati heldu zion. Hartarako argazki-denda jarri zuen Kale Barrian, Etxaluzeko plazatxoan. Bera, dena den, Gasteizera joan zen Alberto Schommer Koch fotografo alemanarekin ikasi eta lan egitera. Honen semea, oraindik bizi den Alberto Schommer argazkilari ospetsua, lehenagotik ezagutzen zuen Migel Anjelek, Oñatira etortzen zelako eskiatzera Arantzazu aldeko mendietan beste lagun gasteiztar batzuekin batera. Astean zehar Jesus Mari anaia egiten zen Kale Barriko dendaren kargu.

Horretan ari zirela, aita Senen hil zitzaien 1960ko urriaren hasieran, Errosarioko domekan. Hiletak hurrengo egunean ospatu eta asteartean Donostiara abiatu ziren autoz handik ehorzketara etorritako senide bat eramatera eta Migel Anjelek hiriburuan gestioren batzuk egin behar zituelako. Baina ohiko bidetik joan beharrean, paisaia bitxi ea politagoak zeharkatzea pentsatu zuten. Hartarako, Legazpin Zumarraga aldera hartu barik, Motxorrotik gora igo ziren Zerain eta Segura aldeko paraje ederrak ikusteko asmotan. Alabaina Gabiriako Santa Marina gaina igaro eta laster istripua izan zuten beheranzkotan, eta bidetik atera ziren. Ez zen, itxura batean, oso larria, kotxean zihoazen beste hiru lagunek ez baitzuten aparteko minik hartu: Donostiako lehengusua, Joxe Mari anaia eta honen emazte Paulina urraturen batekin libratu ziren. Migel Anjelek, ordea, zori txarra izan zuen, benetan. Lepondoko kolpe txar ben ondorioz bertan geratu zen zerraldo. Izaskun haurdun zegoen eta Mitxel semea aita hi eta hilabete batzuetara jaio zen. Goierriko mendate horretan eten zen hogeita hamabost urterekin askoz aberatsagoa izan zitekeen margolari oñatiarraren arte-ibilbidea. Hala eta guztiz ere, ez zen makala izan utzi zigun ondare artistikoa eta belaunaldi gazteagoei horixe ezagutarazteko asmotan prestatu ditugu erakusketa eta katalogo hau.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media