Lotutako artikuluak

Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Miguel Angel Arzuaga, Oñatiko paisaia-margolaria (1925-1960)

Edorta KORTADI OLANO

1. Panel biografikoa
2. Datu biografikoak
3. Lehenengo ikasketak
4. Lehiaketak
5. Paris eta Erroma
6. Bere lanaren azterketa. Pintura eta Akuarela
Bere lanaren katalogoa:
Lehen denboraldia: 1945-50
Bigarren denboraldia: 1950-55
Hirugarren denboraldia: 1955-60
7. Diseinu Grafikoa. Irudiztatzea eta Kartelak
8. Erlijiozko ikonografia
9. Laburpena eta sintesia

 

1. Panel biografikoa

1925. Oñatin jaio zen 1925eko maiatzaren 27an. Senén Arzuaga bankariaren eta Jovita Lasagabaster etxekoandrearen semea, zortzi senideetako zaharrena zen: Miguel Angel, Arantxa, Javier, Mª Asunción, Jose Mari, Jesús Mari, Josefina eta Mª Nieves.

1939-40. Lehenengo ikasketak María Guinea margolariarekin egin zituen, eta gero bere maisu Vicente Cobreros Urangarekin. Donostiako Arte eta Lanbide Eskola. Margolaritzarako zaletasuna berezkoa zuen, ongi marrazten zuen oso umetatik.

1946, 48 eta 50. Gipuzkoako Artista Berrien Lehiaketan saritua.

1946. Akuarelako lehen saria. Educación y Descanso-ren Lehiaketa.

1951 eta 1953. Paris. Jose Manuel Setienekin batera egon zen Montmartren.

1952. Gasteiz. Lehenengo erakusketa Aurrezki Kutxaren aretoetan. Donostia, Bilbo eta Baiona. Erakusketak.

1953. Erroma. Jose Manuel Setienekin batera egon zen Agustindarren egoitzan.

1953. Mar de Plata. Argentina. Erakusketa Mauricio Flores Kaperotxipiren galerian.

1955. Iruñea. Erakusketa Jose Manuel Setienekin batera Ibañez aretoan.

1957. Anoetako Miren Izaskun Etxabeguren Artolarekin ezkondu zen abuztuaren 16an. Hiru seme-alaba izan zituzten: Maria Pilar, Arantza eta Miguel Angel.

1957. Oñati. Argazki-estudioa ireki zuen bere herrian. Aurrez Albrecht Schommer-ekin ikasi zuen.

1957. Sevilla. Lehen saria eta urrezko domina Educación y Descanso-ren XV. Erakusketan.

1960. Auto-istripu lazgarrian hil zen 35 urte zituela.

1961. Urteurreneko omenaldi-erakusketa.

2010. Oñati. Lehenengo erakusketa antologikoa.

Miguel Angel Arzuaga (Oñati, 1925-1960), “Oñatiko paisaia-margolaria”, horrela deitu zion Flores Kaperotxipi artigrafo eta pintoreak1 Gipuzkoa sakoneko margolari honi, eta gaur egun ia ezezaguna denez, Oñatiko Udalak berreskuratu egin nahi izan du Gipuzkoako margolaritzaren historiarako.

Berreskuratze-lan horren abiapuntua Oñatiko kultura-kudeatzailea den Patxi Hipolitorekin izan nuen elkarrizketa batean dago; Oñatiri tradizio plastiko modernoa falta zitzaiola esan nion nik, eta berak, apur bat minduta, erronka hauxe bota zidan: Herriko margolaritzaren promesa gazte honen bizitza eta lana berreskuratzea, hain etorkizun ona zuenean auto-istripu lazgarri batean hila.

Egia esateko, gutxi dira Arzuagari buruzko erreferentzia bibliografikoak, Flores Kaperotxipirenaz gain, zeren eta ondorengo beste idazle batzuk hark esandakoetan oinarritu baitira: adibidez, Luis de Madariaga (1971), Llanos Gorostiza (1980) eta Miguel Angel Marrodán (1981).2 Beste idazle eta tratatu batzuetan, berriz, Ana Mª Guasch, Juan Plazaola eta neurean, ez da agertzen ezta aipatzen ere. Labur esateko, ezezaguna da. Ezagutu eta harekin harremanak izan zituzten margolariak, María Guinea eta Jose Manuel Setien adibidez, dagoeneko hilda daude. Beraz, haren familian landa-lana egitea besterik ez da geratzen, eta Arzuagak berak utzitako lana, haren alaba Mª Pilarrek eta honen senar Juan Mari Ibarrondok ahalegin handiz eta maitasunez katalogatua, aztertzea.3 (AURKIBIDEA)

2. Datu biografikoak

Miguel Angel Arzuaga

Miguel Angel Arzuaga Oñatin jaio zen 1925eko maiatzaren 27an, klase ertaineko familia euskaldun batean. Aita, Senén Arzuaga, Durangokoa (Bizkaia) zen, nahiz eta umetatik ama alargunarekin Urrexola-Oñatin bizi; gizon polifazetikoa izan zen, Banco Guipuzcoanoko enplegatua, Mocoroa notario-bulegoan abokatu-laguntzailea, parrokiako organo-jotzaile ez-titularra, parrokiako abesbatzaren zuzendaria, eta zenbait soinu-tresnaren (pianoaren, biolinaren...) jotzailea. Ama, Jovita Lasagabaster, Artabe baserrikoa (Aretxabaleta - Gipuzkoa) zen, emakume serio, zorrotz eta buruargia, etxeko lanetara emana, gaztelaniaz oso ondo mintzatu eta idazten zuena. Bien artean zortzi seme-alaba izan zituzten, Miguel Angel haietako zaharrena.4

Margolaria ezagutu zuen jendeak esaten duenez, gizon ona zen, beti oso berea zuen irribarrearekin, alaia, kirolaria eta ekintzailea, fededun eta erlijiozalea, eskatzen ziotenean edozein kultura - edo gizarte-ekintzatan laguntzeko beti prest zegoena: jaietako kartelak egiten, liburu eta aldizkariak irudiztatzen, parrokiarako lanetan... Margolaritzaz gain, beste zaletasun asko zituen: poesia, musika (familiatik zetorkiona), mendia (umetatik aitarekin hartara egina), eskiatzea... Azken hau zeharo autodidakta gisa Arantzazuko maldetan egiten hasi eta gero lagun zituen Juanito Ibarrondo, A. Maiztegui, Alberto Schommer eta Periko Oleagarekin praktikatu zuen.

Gizon garai eta liraina, planta onekoa, Miren Izaskun Etxabeguren Artolarekin ezkondu zen 1957ko abuztuaren 16an; emaztea Anoetako Katategi baserrian jaioa, 1952an 18 urte zituela Oñatira joan zen, bere osaba, Oñatiko parrokoa zen On Miguel Etxabeguren-en zerbitzari izateko. Senar-emazteek hiru seme-alaba izan zituzten: Maria Pilar, Arantza eta Miguel Angel. (AURKIBIDEA)

3. Lehenengo ikasketak

Donostiako Marianisten Ikastetxean hasi zen Batxilergoa ikasten, eta Bengoetxea kalean bizi zen izeba Katalinaren etxean hartzen zuen ostatu. Hirugarren edo laugarren ikasturtean, nota onak izan arren eta kurtsoa urte haietako (1939-40) onena izan omen zen arren, Arte eta Lanbideetako Eskolan margolaritzako gau-eskoletan matrikulatu zen; eta han asko lagundu zion maisu batekin topo egin zuen, Vicente Cobreros Urangarekin, alegia. Batxilergoa utzi eta Cobreros maisuaren ikaslerik onenetakoa bihurtu zen.

Han ezagutu zuen adiskide eta bidelagun izango zuen Jose Manuel Setien, hura ere joera postinpresionistako paisaia-margolari nabarmena eta ia gure egunotara arte bizi izan dena. Eta Banco Guipuzcoanon hasi zen lanean aitaren ondoan, nahiz eta hori ez izan berak gogoko. Beste askotan bezalaxe, gerraosteko giroak ez zuen margolaritzatik bizitzeko aukerarik ematen, eta ogibide finko baten beharra zegoen.

Baina nondik eta nola sortu zitzaion Arzuagari margotzeko zaletasuna? Nondik etorri zitzaion marrazteko eta margotzeko joera, margo-kaxa eta asto batekin bere herria eta bertako paisaia irudikatzeko joera? Noranahi eramaten zituen margoak eta astoa, postinpresionismoaren kutsuko eta joskerako margolanak egiteko.

Ez da batere harritzekoa haren familiako kultura-giroan margolaritzarako zaletasuna sortu izana, gero argazkigintzarekin egin zuen bezala. Margolaritzarako zaletasuna ia berezkoa zuen, ongi marrazten baitzuen oso umetatik. Familiak eta adiskideek lagundu zioten. Baita ere lagundu zion, eta ez gutxi, beste margolari batzuen presentziak eta konpainiak; adibidez, María Guineak eskolak eman zizkion Miguel Angeli, baita paisaia berberak partekatu ere; eta Vicente Cobreros-ek lehen urratsetan gidatu zuen.

“Oñatik, musikari handi bat —aita Madina— izateaz gain, bi margolari ditu. Gizonezko bat eta emakumezko bat. Lehenengoa, Miguel Angel Arzuaga. Biak dira batez ere paisaia-margolariak. María Guineak, mendearekin batera sortuak, Miguel Angeli irakatsi zion, hau 1925ean etorri zelarik mundura, eta gero Cobreros Urangak gidatu zuen. Ondoren, Parisen eta Madrilen ibili eta Oñatira itzuli zen lanera. Aspalditxotik parte hartzen dute erakusketa garrantzitsuetan Donostian, Bilbon eta Baionan. Eta Arzuagak Mar de Platako euskal margolarien nire galerian ere erakusten ditu bere paisaiak”.5

Arzuaga eta Floresen arteko harremana aita Madinaren eta bere iloba Periko Olegaren bidez ezarri zen, azken hau margolariaren laguna ere bazen eta. Horrelaxe bidali zituen hainbat margolan Mar de Platako (Argentina) galeriara, bere izena eta prezioa jartzearen ardura hartuz.6 Aita Agustindarren bidez New Yorkera bidali zituen ere beste margolan batzuk.

Margolan batzuek prezioa jarria zuten, 2.000 pezeta inguru, baina egia esateko asko oparitu egiten zituen, eta beste batzuk prezio sinbolikoan saltzen zituen. Jende askok eskatzen zizkion margolanak, oso atsegin zituztelako, baina familiak dioenez, saltzea zaila zen. (AURKIBIDEA)

4. Lehiaketak eta sariketak

1946, 48 eta 50. urteetan Arzuaga Gipuzkoako Artista Berrien Erakusketetara aurkeztu zen: lehenengo bietan 13. saria eman zioten eta azkenekoan 3. saria.

1946. urtean lehen saria lortu zuen Akuarelan Educación Descanso-ren lehiaketan, eta hurrengo urtean erakusketa berean lehen saria Olio-margolaritzan.

1952. urtean berak bakarrik egin zuen erakusketa Gasteizen Aurrezki Kutxaren aretoan, eta 1955ean, Jose Manuel Setienekin batera, Iruñean Ibañez aretoan. 1957. urtean lehen saria eta urrezko domina eman zizkioten “Educación y Descanso”ren XV. Erakusketan Sevillan.

Ez da harritzekoa, beraz, Flores Kaperotxipik Arzuaga aipatzea 1954an gorantz doan eta etorkizun handia izan dezakeen margolari gazte gisa:

“Erakusketa horietan eta horietatik kanpo (Artista Berrien erakusketez ari da), nik kanpoan daramatzadan 18 urteotan entzuten diren izen berriak hauek dira: Miguel Angel Arzuaga, Simon Arrieta, Menchu Gal, Etxandi, Ansa medikua, Fray Javier de Eulate, Mari Paz Jiménez de Bizcarrondo, Chillida margolaria, eta Chillida eskultorea”.7

Benetan, artigrafoak gure margolaria sartu dueneko zerrenda ez da nolanahikoa eta hutsala, eta kontuan hartzekoa da gure pertsonaia kokatu, bere testuinguruan jarri eta hobeto balioesteko.

Llanos Gorostizak ere “Alternativa entre figurativos y abstractos” kapituluan, Gipuzkoako margolari onenen artean aipatzen du, beste hauekin batera: Gracenea, Miguel Angel Alvarez, Julio García Sanz, Ana María Parra, Maite Rocandio eta Jesús Montes.8

1953. urte aldera, Arzuagak Mar de Platan Flores Kaperotxipiren galerian egin zuen erakusketa XX. mendeko artista ospetsuen ondoan, eta erakusketa hura ia milioi bat turistak ikusi zuen:

“Kaperotxipik prestaturiko erakusketaren katalogoan, berak egindako margolanez gain, beste hauenak ere ageri dira: Juan Zuloaga, G. Ruiz Idarraga, Philippe Veyrin, Ricardo Baroja, José de Bikandi, Ramón Arrúe, J. L. Cruzalegui, Miguel Angel Arzuaga, Félix Muñoa, Pedro Mari de Irujo, Emilio Azarola, José de Arechalde eta G. Montes Iturrioz.”9 (AURKIBIDEA)

5. Paris eta Erroma

1951. urtean, 26 urte zituela, margolari gaztea Parisera joan zen Jose Manuel Setien margolari adiskidearekin batera. Ziur asko Educación y Descanso-ren lehiaketetan irabazitako sarietakoren baten diru-laguntzari esker. Parisen Montmartreko pentsio batean hartu zuten ostatu; Paul adiskideak, Oñatin ezagutu zuen espainierako irakasleak, aurkitu zien hura. Asko eta ondo margotu zuen, baina, familiakoek diotenez, gose handia pasa zuen. Bigarren aldiz ere itzuli zen Parisera, eta biluzi onak margotu zituen han, gero desagertu zirenak.

Floresek esan zuenez, eta gu ere iritzi berekoak gara, bai Arzuaga eta bai Setien, gauza asko eta onak ikasita itzuli ziren Parisko egonalditik. Bere paisaia arinagoa eta modernoagoa zen, eta irabazi egin zuen egitura edo testuretan:

“Berrietako bat, nondik dabilen oso ondo dakiena, Jose Manuel Setien da. Marrazten ziurtasun handia izateaz gain, kolorearen ikuspegi zehatza du, eta jarraikitasuna lanean. Miguel Angel Arzuaga paisaia-margolariarekin egon zen Parisen, eta gauza asko eta onak ikasita itzuli zen.”10

1953. urtean, Setienekin batera Erromara joan zen, eta han Aita Agustindarren egoitzan hartu zuen ostatu; han, beste batzuen artean, Urkia monsinorearen erretratua margotu zuen. Ostatuaren trukean, margolan batzuk utzi zituzten.

Palma Mallorcakoan ere margotu zuen, baita Madrilen ere opor batzuetan. Bere adiskide Maninen pentsioan egon zen. Zirrara eragin zion Pradoko museoak.

1957. urte aldera, Banketxean lan-utzialdia eskatu eta argazki-estudioa ireki zuen Oñatin, hartan jardun nahi baitzuen. Lanbidea Gasteizen ikasi zuen Albrecht Schommer Kotch-ekin (bere adiskide eta eskiatzen lagun zuen Alberto Schommer-en aitarekin); han lan egiten zuen astelehenetik larunbatera, eta asteburuetan Oñatira etortzen zen bere familiarekin. Hura hil ondoren, Oñatiko estudioa anaia txikiak, Jesus Mari argazkilari profesionalak, hartu zuen.

Goierrira bidean, Gabiria (Gipuzkoa) inguruan, paisaia miresteagatik-edo, autoa errepidetik irten eta istripu lazgarri batean galdu zuen margolariak bizia 1960ko urriaren 5ean. (AURKIBIDEA)

Miguel Angel Arzuaga

6. Haren lanaren azterketa. Pintura eta akuarela

Orain arte katalogaturiko 154 lanetatik, gu lan datatuak aztertzera mugatuko gara batez ere, emaitzek fidagarritasun handiagoa izan dezaten, eta zehaztasun handiagoz behatu ahal izateko haren bilakaera diakronikoari ere. Eta hori datatu gabeko lanez osatuko dugu, gure ustez interesgarriak baitira beren balio sortzaile eta formalengatik, obra plastikoaren gorputz sendo eta koherente bat sortu ahal izateko.

Paisaia landatarra 79
hiritarra 55
itsastarra 5
Erretratua 10
Natura hila 5
Teknikak marrazkia Txinako tintaz / akuarela / olio pintzela / olio espatula

Lanen katalogoa

Lehen denboraldia: 1945-50

1945

1947

1948

1949

1950

1951

Lehen denboraldi honetan hasten da inpresionismo osteko tankeran landa-paisaia garatu eta gauzatzen; pintzelkada arin eta malguez eta kolore leun eta griseztatuez, Etxandi eta beste margolari batzuenaren antzeko paisaia sortzen du. Nolabaiteko fauvismoa ere sumatzen da. Beraz, Arzuaga paisaia-margolari fin gisa hasten da, Regoyosekin hasi eta gure egunotara arte iristen den tonu eta ñabardurazko paisaiaren euskal tradiziorik onenari atxikia.

Bigarren denboraldia: 1950-55

1951

1953

Bere sortze-lanaren bigarren aldi edo une honetan heldutasun handiagoa dago obran, espatula erabiltzen du, eta ardura handiagoa testura eta kolore fauvistekiko; hori Gauguinen eta Frantziako fauvisten (Matisse, Vlaminck, Derain...) herentzia da, eta Euskal Herrian Arteta, Iturrino, Bikandi, Martiarena, Menchu Gal-ena.

Hirugarren denboraldia: 1955-60

1956

1957

1958

1960

Arzuaga akuarela-margolari fin eta ona da, aisetasunez marrazten dituelarik urkolore edo guaxelan finak. Beste horrenbeste gertatzen da azken urteetan egiten dituen olio-paisaiekin. Ziurrak eta helduak dira.

Margolariak bi autorretratu eta adiskideen zenbait erretratu ere egin zituen: Juanito Ibarrondo , Mari Carmen liburuarekin, J. Victor Balzategi... baina gure ustez ez dira haren lanik onenak, eta maila hobea du paisaietan.

Hobeak eta interesgarriagoak dira, antolaketa nahiz ebazpen aldetik, haren hiru natura hilak: Motxila eta botak, botila eta kataloxarekin, Martin arrantzale txoria, Txoria eta pitxerra, Ardandegia. Ongi asmatuta daude konposizio aldetik eta ongi enpastatuak kolorez. Pena da gehiago ez egin izana.

Eta haren produkzio datatuaz gain, beste hainbat lan geratzen da, agian interesgarrienak eta heldutasun handienekoak, ikonografia aldetik nahiz piktorikoki, eta haren produkzioan aurreratuenak eta berritzaileenak direnak. Aipa ditzagun horietako batzuk:

Akuarela gehienek paisaiari behatzeko eta margotzerakoan sintetizatzeko gaitasun handia erakusten dute. Kalitate eta edertasun handikoak dira gehienak.

Lan hauetan guztietan, Arzuaga teknikoki heldua eta betea agertzen da, molde eta sortze-modu berritzaileak adierazten ditu, Espainia osoan eta Euskal Herrian sortzen hasia zen paisaia berriarekin sintonian: Benjamín Palencia, Menchu Gal, Ana Mª Parra, Ascensio Martiarena, Gaspar Montes, Ignacio Etxandi eta beste asko. Paisaiaren errebindikapena da, Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, gizakien eta borroken ama eta orube den paisaia, eta artistak menderatzaileen ezarpenagatik margotzera ausartzen ez direna, eta bizirik irauteko beharrizan hutsez egiten dutena. Paisaia eta erretratua, gainerakoaz haiek arduratuko dira eta. Naturaren eta lurraren landa-paisaia, Oñatiko herriko monumentu eta arkitekturen paisaia eta ikuspegiak. Lurraren eta bertan eraikitako monumentu aipagarrienen kantua eta errebindikapena. (AURKIBIDEA)

7. Diseinu grafikoa: irudiztatzea eta kartelak

Miguel Angel Arzuagaren pinturek, olio-lanek nahiz akuarelek, ixteko lerrorik ez duten arren, eta ezaugarri moderno hori miresgarria da benetan, zalantzarik gabe, haren margolaritza guztia marrazki indartsu eta ahaltsuan oinarritua dago, eta horrek egituratzen eta antolatzen du era egoki eta zuzenean.

Hori erakusten du Txinako tintaz egindako marrazki-bilduma zoragarriak —San Anton Plaza, Unibertsitateko pasealekua, Oñatiko Udaletxea—, haren familiartekoek dauzkatenak, baita Herriko iturriei buruz egindako marrazki-irudi moderno eta zehatzek ere —ziur asko, bere maisu Vicente Cobreros Urangak Oñate aldizkarian Agustin Ansa mediku eta marrazkilariaren irudiekin argitaratutako artikulu baten harira— eta hainbat pertsona ospetsuri eta gairi buruz egindako beste irudi batzuek: Jose Adriano Lizarralde, Magdalenako ermita edo baseliza, Lazarraga dorrea, Bidaurretako hospizioa, San Elias leizezuloa.11

Txinako tintaz egindako marrazkietan, garbia eta zehatza da trazuan, zuriunea menderatzen eta beltzezko orbanetan. Aldizkarietarako irudietan gehiago hurbiltzen da irarlan edo grabatuaren teknikara, hauek marrazkiak izan arren, graziaz orbantzen ditu, eta ilun-argizko ukitu erromantikoagoa ematen die. Oñatiko iturrien marrazkietan, espazioaren eta ilun-argiaren kontzeptua ia fotografikoa da, oso modernoa.

Pedro de Anasagastiren Florecillas de la Virgen de Aránzazu libururako egin zituen irudiez12, eta horiek beti aipatzen dituzte artigrafoek, esan behar dugu, bai tamaina txikiko lehenengo zazpiek, eta bai orrialde osoko hogeita hamarrek, antolaketaren, marrazkiaren eta orbanaren zentzu klasikoa dutela, linoleo gaineko grabatuaren teknika imitatzen saiatuz, marrazkiak direla uste baitugu, eta horietan bi joera sumatzen dira, antolaketa edo konposizio xume eta pausatukoak, eta antolaketa diagonalagoa eta dinamikoagoa dutenak. Marrazkilariak egunezko eta gauezko efektuak bilatzen ditu, eta mendiko, itsasoko, hiriko, etxeko eszenak gauzatzen ditu, guztiak daudelarik plano onez, perspektibaz, irudibilduz beteak, azken bi mendeetako gubilaren teknikaren baliabideak ongi ezagutzen zituela erakutsiz. Gure gusturako, guztien artean aipagarriak dira: De un mancebo varonil que cantó Maitines con primor y sustentó con primor a los frailes de Aránzazu (Gizon gazte batek fintasunez Matutiak abestu eta Arantzazuko fraideak arreta handiz mantendu zituenekoa), eta De cómo la Virgen de Aránzazu podó de brujas y hechiceras el país vasco-navarro (Nola Arantzazuko Ama Birjinak murriztu zituen Euskal Herritik sorgin eta belagileak). Hemen ere nabarmenak dira paisaia-margolari gisa haren dohain handiak beste gauza guztien gainetik. Lan honen azalak eta kontrazalak egilearen akuarela arin eta koloretsu bat daramate, esandakoa berresten duena. (AURKIBIDEA)

8. Erlijiozko ikonografia

Nahiz eta bere lanaren katalogazioan erlijiozko lan bat bakarrik agertu, Oñatiko parrokian dagoen Kristoren Pizkundea, esan beharrean gaude formatu handiko bi margolan ere egin zituela, Herriko Santa Ana komentuko elizaren aldarean atzealde gisa jartzeko San Frantziskoren eta Arantzazuko Ama Birjinaren irudientzat.13 Bi hondo-paisaia dira, Arantzazukoa eta Asisekoa, beren harkaitz eta harresiekin, aurrean Gubbio otsoa agertzen dela. Hauek ere postinpresionismo osteko kutsu eta joskera duten margolanak dira, komentu berria egin ondoren gaur egun gordeta daudenak.

Pizkundean, Kristo heldu eta bizardun bat, pasioko estigmekin, piztuta ari da goratzen, garaipenaren banderatxoa esku batean duela, eta bedeinkatzeko jarreran bestea, lokartutako bi soldaduren gainetik, eta bi aingeru gaztek inguratuta. Kontrastezkoa baino gehiago ñabardurazko margolana, gris eta urdinetan enpastatua, irudien aurrez aurreko perspektibarekin. Bai lanaren eskatzailearen eta bai egilearen aldetik, ikonografiak modernitatea eta aurrerapena adierazten ditu, Vatikanoko II. Kontzilioaren aire berritzaileak sumatzen direlarik.

Erlijiozko eskultura batzuk ere egin zituen Arzuagak mandatuz: Jesusen Bihotzarena, Agustindarren elizako dorrerako, hiru metro altu, lau zatitan egina, eta Familia Santuarena, Arabako Villabuena de Alava/Eskuernagako eskolen aurrealderako, eskolaren ongile zen eta Oñatin jabegoak zituen Socorroko markesaren mandatuz egina. 2 metro da altu. Bi irudiek kutsu naturalista dute, eta mota honetako ikonografiaren molde tradizionalei jarraitzen diete, ziur asko bat zetozelako eskatzaileen zaletasunekin. (AURKIBIDEA)

9. Laburpena eta sintesia

Miguel Angel Arzuagaren bizitza eta lanaren sintesi eta azken ohar gisa, ausartuko gara esatera Oñatiko eta Euskal Herriko paisaia-margolari on eta interesgarria dela, XX. mendeko 40ko eta 50eko hamarkadetakoa, bere karrera margolari gisa, eta agian baita argazkilari gisa ere, etenda geratu zelarik auto-istripu lazgarri baten ondorioz. Inpresionismo osteko korronteetara atxikia, Frantziako fauvismoa gehiago bereganatuz, kolore biziekiko zaletasunarekin, landa- eta hiri-paisaiak garatu zituen, azkenean paisaia arin, espresionista eta koloretsuagoa margotu zuen, Ignacio Etxandi, Menchu Gal eta Ana Mari Parraren ildotik, joko asko eman ahal izango zuelarik, bere garaiko artigrafoek adierazten duten bezala. Interesgarriak haren natura hilak, ez hainbeste irudiak.

Marrazkilari ona baitzen, arinago eta askeagoa ageri da marrazkietan, eta klasikoagoa liburuak eta aldizkariak irudiztatzen. Ez dugu ezagutzen haren kartelista edo afixagile-alderdia.

Beste arte lanak:


(AURKIBIDEA)

1Mauricio FLORES KAPEROTXIPI. Arte Vasco. Ekin. Buenos Aires, 1954; 274-75 orr.

2Luis de MADARIAGA. Pintores Vascos. Auñamendi, 1971, I. lib., 68. or. LLANOS GOROSTIZA. Pintura Vasca; Neguri, 1980; 173. or. Miguel Angel MARRODAN. Diccionario De pintores vascos, I. lib.; Beramar, 1989; 118. or.

3Pilar ARZUAGAk eta Juan Mari IBARRONDOk orain arte 154 lan katalogatu dituzte, gehienak olio-margolanak, akuarelak eta Txinako tintaz egindako marrazkiak.

4Datu biografiko gehienak Arzuaga-Lasagabaster klan familiarrak emanak dira, nik aurrez bidalitako galdera sorta bati erantzunez.

5Mauricio FLORES KAPEROTXIPI. O.c., 274. or.

6Honetaz badago M.A. Arzuaga eta Flores Kaperotxipiren arteko eskutitzen dokumentazioa.

7Ibidem. o.c., 207-209. orr.

8LLANOS GOROSTIZA. Pintura Vasca. Neguri, 1980.

9M. FLORES KAPEROTXIPI. O.c., 289-290. orr.

10Ibidem, 233. or.

11Oñate aldizkaria. 1951. urtea. Patxi Hipolitoren bilduma.

12Donostian Atotxako frantziskotarren liburutegian aurkituriko alea.

13Hainbat egile. Oñatiko Bailarako Historia eta Arte Inbentarioa. Udal Liburutegiaren Buletina, 11. zka.; Gasteiz, 1982; 300. or.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media