Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Andoni EIZAGIRRE, Mondragon Unibertsitatea, HUHEZI fakultatea
Idazlan honen asmoa da zientziak eta teknologiak telebistako albistegietan duten garrantzia eta trataera aztertzea. Izan ere, zientzia eta teknologia gizarteratzeko premiari erantzunez azken urteotan ugaldu egin dira estrategia eta ekintza-planak.1 Estrategien artean aipagarrienetakoa da heziketa eta kultura zientifikoa sustatzea. Helburu horrekin, ekintza-planetako bat da herritarrak telebistaren bidez zientzia eta teknologia gaietan sentsibilizatzea. Bestalde, ikerketa desberdinek egiaztatu dute herritarrentzat informazio zientifikoa eskuratzeko modu ohikoena telebista dela, eta zehazkiago, telebistako albistegiak.2 Arrazoi horiek tarteko, zientzia eta teknologiari buruzko albisteak ikerketzearen egokitasuna bistakoa da.
“Zientzia eta teknologia hizpide: telebistako albistegiak” ikerketari bagagozkio, analisi-unitateak diseinatzerakoan informatiboaren atalak modu integral batean ikertzea hobetsi dugu. Diseinu metodologikoa zedarritu eta edukien analisiari dagokionean, alderdi formalei, estrukturalei eta diskurtsiboei arreta ipini zaie. Hori guztia posible izan da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikerketa diruz lagundu eta Elhuyar Fundazioak interesa erakutsi duelako.
2009ko bigarren seihilabetekoa aztertu dugu. Lagin bezala hamabi egun zoriz aukeratu ditugu, hamabi albistegietatik bederatzi astegunekoak eta hiru berriz asteburuetakoak, guztiak ere gaueko albistegiak. Telebista-kateei dagokienean, lau telebista-kateri ipini diegu arreta, hurrenez hurren: ETB1, ETB2, TVE1 eta La2. Orotara, zientzia eta teknologiari buruzko 69 albiste antzeman dira (albiste guztien %4,35), 64 astegunetan emitituak eta 5 berriz asteburuetan. Edozein kasutan, jarraian bi auziri soilik ipiniko diet arreta: batetik, zientzia eta teknologia albisteek telebista-kateetako albistegietan duten garrantziari; eta, bestetik, albisteek duten trataerari, hautapen-irizpidea identifikatu eta interpretatzeko moduetako bat ere baden heinean.3
Argazkia: Lee Nachtigal.
Hasteko eta behin, albisteen adierazgarritasun-maila ulertzen lagunduko diguten aldagaiak ikusiko ditugu. 69 albistetatik 3 (%4) agertu dira goi-buruan, sarrerako titularretan orotara 17 (%25) eman dira, eta gainontzeko 49 albisteak (%71) ez dira agertzen bestelako une erabakigarrietan (bigarren sarrerakoan edota agurrekoan), baizik eta albiste arrunt bezala.
Albistegian duten kokapena aztertuz gero, 69 albisteetatik 9 (%13) agertzen dira 0-900’’ bitartean, 55 albiste (%80) ostera 901’’-1800’’ artean, eta 1801’’-2700’’ blokean berriz 5 albiste (%7).
Agerpenarekin eta kokapenarekin alderatuz, albistearen iraupenean emaitzak osasuntsuagoak dira. Hala, 40 albiste (%58) iraupen luzekoak (>76’’) dira, 11 albiste (%16) dira 36’’-75’’ bitartekoak, eta albiste motzak (<35’’) azkenik 18 albiste (%26). Aldagai hauek eta beste aztertu (irudia, soinua) eta eskala bat osatuta, egiazki, zientzia albisteen adierazgarritasun-maila txikia da, salbuespenekin ez du aparteko garrantzirik, eta bestelako gaiak dira lehentasuna dutenak.
Emaitzak beste modu batzuetara ere baieztatu ditugu. Albisteen aurreikuspen-indizea da horietako bat. Hemen ikusi dugu 69 albistetik 13 izan direla aurreikusiak, alegia, telebista-kateek modu autonomoan prestaturikoak; 43 albiste ostera jakinaraziak (prentsaurrekoa, adierazpen instituzionala, protesta-ekitaldia); eta, hirugarrenik, 13 albiste izan dira ez-aurreikusiak, alegia, aurreikusi gabea baina jakinarazitakoa modu propio batean osatua eta moldatua. Aldagai honek merezi du arreta, izan ere, bere neurrian balio digu telebista-kateek zientzia eta teknologia gaiei emaniko garrantzia ulertzeko. Bestalde, albistearen hornidura aztertu dugunean ere, aukera izan dugu genero periodistikoa ezagutzeko. Kasu honetan, zientzia eta teknologiari buruzko 69 albisteetatik 53 albiste berriak dira, 14 albiste erreportaiak dira eta 2 albiste berriz kronika generokoak. Emaitza hauek ere adierazgarriak dira, jakinda zientziari buruzko albiste on batek testuinguruari buruzko informazioa, kontzeptu zientifikoen azalpena edota formatu berezia behar izaten dituela, nekez lortzen dena albiste arrunt bezala emitituta. Halako aldagaiek berretsi digute albistegietan zientzia eta teknologia albisteen garrantzia txikia dela.
Albisteak modu orokor eta bateratuan ikertuta, beraz, lehen ondorioa da zientzia eta teknologia gaiek albistegietan garrantzi urria dutela. Zehaztapenak egin behar dira ordea. Izan ere, albistegietan zientzia eta teknologia albisteek duten garrantzia bezain esanguratsua izan liteke zientzia eta teknologia albisteen inguruko antzekotasun eta berezitasunak aztertzea ere. Hautapen-irizpidea izan da hori aztertzeko analisi-unitateetako bat.
Halaxe, albisteak gaiaren arabera sailkatzetik ekin diogu. Hauek dira emaitzak: “zientzia eta teknologia” eremuan 17 albiste (%25), “zientziaren inplikazioak” deritzogunean 40 albiste (%58), “zientzia-politikak” blokeak 5 albiste (%7) merezi izan ditu, eta “zientzia-sistema” delakoak berriz 7 albiste (%10). Albisteak bloke tematikoetan bereizita, hurrengo urratsa izan da horien izaera aztertzea.
1.grafikoa: Albisteen gaiak
Gertakarien izaera dela eta, 69 albisteetatik 42 albistek dute izaera negatiboa (%60), 27 dira izaera positiboa (%39) duten albisteak, eta bakar bat berriz neutrala (%1). “Zientzia eta teknologia” gaiei buruzko 17 albisteetan, 16 dira izaera positiboa dutenak eta ostera albiste bat da negatiboa. Aldea ikus daiteke ere zientziaren inplikazioei buruzkoan, izan ere, 40 albisteetatik 31 dira izaera negatiboa dutenak, 8 izaera positiboa dutenak eta albiste bat da neutrala. Zientzia-sistemari buruzko albisteetan 5 dira negatiboak eta 2 positiboak, eta azkenik zientzia-politikei buruzko 5 albisteak dira negatiboak.
2.grafikoa: Gertakarien izaera gaika
Gehiago xehatuz gero, emaitza ugari ulertzeko aukerak ditugu. Esate baterako, albisteei eskaini zaien begirada ere aztertu dugu. Kasu honetan, hauek dira emaitza orokorrak: 21 albiste (%30) aurkikuntza modura eman dira, 33 albiste (%48) berriz arriskuren bati loturik, eta azkenik 15 albistek (%22) izan dute ongizateari eta hazkunde ekonomikoari begirako motiboa. Beste modu bat da albisteen dimentsioa ikertzea.
Zientzia eta teknologiari buruzko albisteak hiru dimentsioren arabera bereizi ditugu, hurrenez hurren, zientifikoa, politikoa eta ekonomikoa. Alegia, dimentsioek albistea lantzeko hobetsi den ertza adierazten digute. Ikerketak erakusten digunez, 69 albisteen artean 30 albistek izan dute lerrokatze politikoa, 24 albiste berriz ertz zientifikoa azpimarratzetik eratu dira, eta ostera 15 albistetan azpimarratu da alderdi ekonomikoa. Garrantzitsua da horri arreta ipintzea, balio digulako esplikatzeko albisteen trataera eta gertakariaren izaera. Lehenago ikusi dugu zientzia eta teknologiari buruzko gertakarien izaera nagusiki negatiboa dela (% 60), positiboen (% 39) eta neutralen (% 1) aldean. Gertakarien izaera gaiz-gai ere zehaztu dugu. Horiek gogoan, orain zehaztapen gehiago egiteko tenorean geundeke. Hala, dimentsio politikoa duten 30 albisteetatik 28 negatiboak dira eta 2 positiboak. Ostera, dimentsio zientifikoa duten 24 albisteetatik 17 dira positiboak eta 7 berriz negatiboak. Hirugarrenik, dimentsio ekonomikoa duten 15 albisteei arreta ipiniz gero, ikusten dugu 7 direla positiboak, 7 baita ere negatiboak, eta aldiz bat neutrala.
3.grafikoa: Albistearen dimentsioa eta izaera
Era batera eta bestera saiatu gara emaitza horiek egiaztatzen. Lerro hauetan aurkeztu ditugun emaitzekin, badugu zehaztasunik egiteko aukera. Zientzia-politikei arreta ipintzen badiegu, horri buruzko bost albisteak dira negatiboak, 4 ertz politikotik landuak eta bat ertz ekonomikotik. Zientzia eta teknologiari bagagozkio, hemen aurkitzen ditugu emaitza diferenteenak. Izan ere, 17 albisteetatik bakar bat da izaera negatiboa duena. Ertz zientifikoa duten guztiak (14 albiste) dira positiboak, ertz ekonomikotik eta politikotik landuriko albiste bana ere positiboak dira, eta albiste negatiboa berriz ertz politikotik landurikoa da. Zientzia-sistemari arreta ipintzen badiogu, ikusten dugu 5 albiste negatiboetatik bi ertz ekonomikoari begirakoak direla eta beste hiru berriz ertz politikoari dagozkiola. Ostera, bi albiste positiboak ertz ekonomikotik eta politikotik emanak dira, hurrenez hurren. Gainontzeko 40 albisteak (% 58) zientziaren inplikazioei buruzkoak dira, eta ikusi dugu ere horietatik 31 albiste direla negatiboak, 8 positiboak eta bat neutrala. Zehaztu ditzagun emaitza horiek albisteen ertzei ere arreta ipinita. Kasu honetan ikusten dugu 31 albiste negatiboetatik 20 dimentsio politiko batetik landu direla, 4 dira ertz ekonomikotik eman direnak eta 7 albiste negatibo berriz dimentsio zientifikoa azpimarratzetik letozke (zehazki, horrek adierazi nahi du ezagutza zientifikoak aurkitu dituela ebidentziak baieztatzeko garabidearen arriskuak). Zientziaren inplikazio positiboa lantzen duten albisteei dagokionean, 5 dira ertz ekonomikotik aipatzen direnak eta hiru berriz alderdi zientifikoa medio. Azkenik, izaera neutraleko albisteak ertz ekonomikoa du.
Hemen aurkezturikoak dira ikerketaren emaitza batzuk. Alde batetik, agerikoa da albistegietan zientzia eta teknologia albisteek toki urria dutela eta beren adierazgarritasuna ez dela esanguratsua. Bigarren irakurketa orokor bat da adieraztea zientzia eta teknologiari buruzko albisteek trataera negatiboa dutela. Halere, gure ikerketan zehaztapenak identifikatzen ere saiatuko gara, aldagai esplikatzaile adierazgarriagoak ikertuz. Gauzak horrela, egia da zientzia eta teknologia diziplina gisara lantzerakoan oro har aurkikuntza dutela hizpide eta inplizituki zein esplizituki hori modu positiboan tratatzen dela. Baina zientzia eta teknologiari buruzko albisteetan zientziaren inplikazioak, zientzia-politikak eta zientzia-sistemaren ingurukoak ere ematen dira, horiek albisteen % 75a osatzen dute, eta hain zuzen ere horietan testuinguru zabalagoa integratzearekin batera dimentsio ekonomiko, zientifiko edota politikoaren alderdi gatazkatsuak, arriskutsuak eta negatiboak lehenesten dira.
“Zientzia eta teknologia hizpide: telebistako albistegiak” ikerketak egiaztatu du, bestalde, zientzia eta teknologia albisteen statusa nabariki txikia dela. Egiazki, albistegien formatu arruntek mesede gutxi egiten diote azalpen egoki bati; albisteen balio nagusituek zaildu egiten dute zientziari buruzko albiste bat taxutzea eta bere kasuan modu integral batean prestatzea; albisteetan genero nagusia berria izateak ere badu eragina trataeraren kalitatean, hala nola, albisteak nagusiki informaziozkoak, azalekoak eta testuingururik gabekoak izaten dira; albistegietako kazetarien artean zientzia aditurik ez izateak edota zientziaren dibulgazioan prestakuntza ez edukitzeak ere nekez laguntzen du albisteak aurreikusten, prestatzen, sakontzen edota kontrastatzen. Hauek ere badira ikerketan zehar aztertu ditugun gaietako batzuk. Albisteen alderdi formalak, estrukturalak eta diskurtsiboak landu ditugu, baita horien arteko loturak aztertu ere, eta ikusi dugu korrelazioak nabariak direla. Gaiak merezi du arreta.
1European Commission (2001): European Governance: A White Paper. COM, Brussels, 428 final; European Commission (2002): Science and Society: Action Plan. Commission of the European Communities, Luxembourg.
2 European Commission (2007): Scientific Research in the Media. Special Eurobarometer 282. A Report to the EC Directorate General for Research from the Directorate-General for Communication; Prospekzio Soziologikoen Kabinetea (2009): Zientzia eta Teknologiaren Gizarte Pertzepzioaren Inkesta. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus