Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Arantza OZAETA, Mondragon Unibersitatea
Lanak sermoia zer den azaltzea du helburu, sermoia hizkuntzako gertaera modura harturik, objektu diskurtsibo gisa. Sermoia zer den deskribatzeko, zehazki, XIX. mendeko sermoia, oso egokia gertatzen da Agirre Asteasukoaren obra (Asteasu, 1741-1823), bereziki bere Eracusaldiac trilogia mardula (1500 orrialde ingurukoa), 1850. urtean publikatu zena Tolosan, egileak 27 urtetan zehar idatzi eta ondua.
Zergatik da egokia Agirreren obra? Batetik, Asteasukoak erabateko maisutasunez baliatu zuen Mendiburuk eta Kardaberazek (XVII. mendea) jesuiten sermoia euskarara ekartzeko ahalegina, teknika eta “makinaria”. Agirrerekin, eta baita bere garaikide izan ziren Mogel, Añibarro, eta besterekin, sermoia “muntatzeko artea” finkatu eta hedatu egingo da XIX. mende hasieran, genero nazional bihurtzeraino.
Juan Bautista Agirre Elola.
Bestetik, Agirre Asteasukoaren sermoiak ez dira Asteasuko elizan esatekoak soilik. Sermoiak beste apaiz batzuentzat idatzita daude eredu modura erabiltzeko, hortik liburuen eskaintza: “apaiz euscaldunei”. Haiek, sermoiak jada idatzita izanda, beste eginkizun batzuetarako astia eta eskua libre izan zezaketen. Beraz, Agirreren sermoiak eredu esportagarriak dira, tokian tokiko doiketak eginez, erabat erabilgarriak (hortik Eracusaldiac obra Hegoaldean lau probintzietara zabaltzea). Agirre Asteasukoa bere sasoiko figura espiritual, sozial eta beharbada intelektuala da; teologo kontziente eta pedagogikoa. Oso kargu eklesiastiko altuak izan zituen: Gipuzkoako Artzapeztazgo Nagusiko Diputatu izan zen, garai zailetan, Independentzia Gerla tartean zela. Horrela bada, Agirre pertsona egokia litzateke erakunde erlijiosoak homologatutako eta ontzat emandako obra sortzeko. Eta alabaina, horregatik da egokia Agirreren obra sermoia zer den aztertzeko, erakunde erlijioso baten “aurpegi linguistikoa” aztertzeko eta ezaugarritzeko.
Izan ere, mintzairari buruz dugun ikusmoldetik, sermoiek ez dituzte idazle partikularraren joko subjektibo eta psikologikoak ispilatzen, mintzairaren eta giza instituzioen arteko elkarreragin edo interakzioa baizik. Bestela esanda, badago dialektika bat ekintza diskurtsibo baten eta berau ekoizten duen instituzio edo giza estrukturaren artean. Guk baliatu dugun printzipio nagusia (Interaccionismo sozio-diskurtsiboarena, Voloshinov 1992/1929; Bronckart 2005) zera da: mintzaira azterketak “goitik beherako” norabidean egin beharra dagoela, instituzio-erakundeetatik, hizkuntza unitateetara. Ikuspegi honetatik, hizkuntzaren eta soziologiaren arteko lotura egin daiteke, hein batean egin ere.
Horiek horrela, nola ekin sermoiari? Zer aztertu? Nola aztertu? Sermoiaren azterketari ekiteko bost azterketa-mota egin dira kapitulu banatan. Pentsa daiteke zergatik bost azterketa mota. Akuilatu gaitu Bajtinen (1978) konstatazio batek: falta da metodologia bat “masa berbal handiak” deskribatzeko eta, horrenbestez, hainbat analisi egin behar izan dugu testuaren gainean, helburuari loturik: sermoiaren ezaugarritze diskurtsiboa egitea. Lehen kapituluan, idazlearen koordenada biografiko batzuk ematen dira, idazlea bere saioan kokatzeko. Bigarrenean, sermoien egitura aztertzen da. Hirugarrenean, sermoiaren helburua zein den. Laugarrenean, polifonia kontuetan murgiltzen gara, bai pertsona izen-ordainen azterketan, bai ahotsen zirkulazio aberatsean (bereziki aipugintzan), eta ziurrenik hauxe da tesiaren ekarpenik handiena. Bosgarrenean, sermoiaren erretorika aztertzeko bide batzuk proposatzen dira.
Zehatzago esateko, lehen kapituluan zedarritu dugu zer den Agirre autorearena eta zer rolarena. Agirre asko baititugu, eta beti dago bereizi beharra esatariaren posizionamenduaren artean (alderdi soziala) eta haren rolaren artean (alderdi indibiduala). Bigarren kapituluan sermoien azterketa semantikoa egin dugu: egitura eta zentzua elkarrekin jarriaz. Hirugarrenean sermoiaren ilokuzio indarra emozionatzea dela ondorioztatu dugu, ez soilik irakastea (“eracusaldiac”) edo erregulatzea eta kontu-hartzea; eta badakigu sermoigintzan ugari baino ugariagoak direla hizketa-egintza bideratzaileak eta kontrolatzailak; hala ere, horiek beste zerbaiten pentzutan egongo lirateke: izanaraztea, grinatzea. Laugarren kapituluan ikusi dugu zein lotura duten hizkuntzazko gertaerak historiarekin. Horretarako, aipugintzaren fenomenoa aztertu ditugu (Berbaldi Zuzena eta Zehar Berbaldia). Aipua, ezeren gainetik, sermoien ezaugarririk nabarmenetakoa da. Historian zehar ez da izan beste ahaleginik horrenbesteko garrantzirik eman dionik aipuari. Eta ez da beste diskurtsorik horrela jokatzen duenik. Aipua da sermoiaren arima, diskurtso esparrua. Luze eta zabal dabil aipua, bi modutara ibili ere, nabarmen: errepikapen gisa (behin eta berriz erabiltzen dira aipu berberak, bai sermoi desberdinetan, bai sermoi berean bertan); eta aipuaren ondotiko iruzkina, hau da, aipua-iruzkuna erlazioa. Horiexek, sermoiaren bapore-motorea elikatzeko iturriak; hots, “iturri beroa” eta “iturri hotza”. Iturri beroa ortodoxia kristauaren ahotsak osatzen dute (Bibliak, Patristikak, Elizako doktoreek, Kontzilioek, etab); iturri hotza herritarren ahotsa (doxa) da, kristaua, nahi eta ezin ari dena kristau bideari taxuz ekiteko. Heterodoxia (Lutero, ilustratuak eta enparauak) ekarri ere ez dira egiten ahots gisa. Eta doxa, herritarraren ahotsa, ahots inkonsistente eta funts gabeko agertzen da beti, diskurtsorik osatzen ez duen talde gisa, para-doxia osatzeko gaitasunik ez duen talde gisa. Azkar eta zakar erantzuten baitira doxaren kexu, galdera eta zalantzak.
Agustín de Cardaberaz.
Horrela bada, aipugintza susterrez aztertzeko ikuspegi tradizionalak gainditu beharra dago eta, beraz, alteritate, hetereogeneitate eta ahotsen zirkulazioaren problematikatik ekin behar zaio. Aipugintza ez da sermoian a priori pentsa daitekeen bezain fenomeno aseptikoa. Izan ere, sermoia ahotsen gatazkan eta berformulazioan oinarritzen da. Oposizio binarioa eskaintzen du: mundua eta “errealitatea” balorazio positiboetara eta negatiboetara polarizaturik errenditurik, ebaluazio axiologikoak eta balore subjektiboak direla medio. Antitesiak elikatzen du sermoiaren motorra.
Ondorio horiek erdietsi dira hiru mota edo mailako analisiak eginez: 1) marka linguistikoak (puntuazioa, kurtsiba, zenbait aditz, latina, eta abar); 2) marka horiek interakzio mailan, eta, 3) interdiskurtso mailan. Kontuan hartzen dira azter-unitateok sermoietan duten presentzia, maiztasuna, banaketa eta konfigurazioa. Eta azken hau gertatzen da giltzarri. Argi azaltzen baita, bai pertsona-izenordainak, eta bai aipugintza ez direla neutroak instantzia diskurtsiboekiko; kontrara, interes eta asmo jakinen arabera dantzatzen dutela.
Horrela bada, laugarren kapituluan ikusi dugu sermoia produktu historiko gisa nola gauzatzen den, izan ere, mintzaira ontzen eta fintzen da zeinuaren eta munduaren —instituzioen— artean egiten diren interakzio eta egokitzapenei esker. Hizkuntza, orobat, Austinen ildotik, ekintza da. Baina hizkuntza markak loturik daude instantzia sozio-diskurtsiboekin eta denboragarrenean ontzen dira diskurtso molde egonkorrak eta generoak. Horregatik da, hain zuzen ere, sermoia mintzairaren produktu historikoa.
Tesian saiatu gara erakusten hizkuntza formak bere horretan neutroak eta indiferenteak badira ere giza-erakundeekiko, berauek ez direla indiferenteak hizkuntza forma eta mintzaira praktikatzeko moduekiko. Horrela, sermoiek soziologian eta historian dituzte sustraituta erroak, sakon sustraituta gainera.
Tesia Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailean egin da (EHU, Gasteizko Letren Fakultatea). Zuzendaria, Luis Mari Larringan.
Tesia liburu gisa argitaratuko da abenduan. AGIRRE ASTEASUKOAREN ERACUSALDIAC: SERMOIA IKUSPEGI SOZIO-DISKURTSIBOAREN ARGITAN. Bilbo, Euskaltzaindia, IKER 24 (prentsan).
Agirreren publikazioak, eta bere inguruan publikatutako zenbait gauza.
AGIRRE, J. B. (1803). Confesioco eta Comunioco Sarcramentuen gañean Eracusaldiac. Tolosa. Francisco Muguerzaren moldizteguian.
AGIRRE, J. B. (1850). Eracusaldiac, Tolosa, Andres Gorosabelen moldetegian.
AGIRRE, J. B. (1978 [1850]). Eracusaldiac. Donostia, Hordago.
AGIRRE, J. B. (1996). Arpoi baten eran. Irun, Alberdania.
AGIRRE, J. B. (1999). Erakusaldiak. Antologia. Fidel Altunaren edizioa. Donostia, Euskal Editoreen Elkartea.
ALTUNA, F. (1999). “Aurkezpena” In Agirre, J. B. (1999). Erakusaldiak. Antologia. Donostia, Euskal Editoreen Elkartea. XIII-CXXIV.
ARANBURU, P. J. (1995). JUAN BAUTISTA AGIRRE ELOLA (1742-1823). Gizon eta apaiz eredugarria, Asteasu, Asteasuko Udala.
ARANBURU, P. J. (1996). “Juan Bautista Agirre, euskal idazlearen liburutegia, 1742-1823”. Fontes Linguae Vasconum 28: 73: 493-505.
ARANZABAL, J. (2008). “Telepolis”. Jakin 164 (urtarila-otsaila), 102-107.
ARRUE, A. (1975). “Juan Bautista Agirre”. Egan 7: 1, 1-7.
LARRINGAN, LM; OZAETA A (2009). FUNCIONAMIENTO SOCIO-DISCURSIVO DEL DISCURSO REFERIDO. LOS SERMONES DE UNA AUTOR VASCO DEL SIGLO XIX. ACTAS DEL IIº ENCONTRO INTERNACIONAL DO INTERACCIONISMO SOCIODISCURSIVO”. ESTUDOS LINGUÍSTICOS/LINGUISTIC STUDIES, Nº 3. EDIÇOES COLIBRI/CLUNL, 287-302.
OZAETA, E. (1973). Juan Bautista Agirre. Kristau ikasbidearen euskal irakasle. Asteasu 1742-1823. Estibalitz, Tesina argitaragabea.
OZAETA, E. (1975). “Kristau-ikasbidearen euskal irakasle bat XIX mendean”. Jaunaren Deia, 24-35.
OZAETA, A. (prentsan): Agirre Asteasukoaren Eracusaldiac: sermoiaren azterketa sozio-diskurtsiboa. Iker Saila 24. Bilbo, Euskaltzaindia.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus