Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Berrikuntzako sistemen alderapen edo benchmarkinga

Mikel NAVARRO ARANTZEGI, Euskal Lehiakortasunerako Institutua eta Deustuko Unibertsitatea

Enpresa batek arrakastatsu diren bere lehiakideei begiratzen dienean eta haiekin bere burua alderatzen duenean, haien jokamolde onetatik ikasteko asmoz, benchmarking egiten duela esan ohi dugu. Bada, enpresa munduan sortutako ariketa hori azkeneko hamarkadan lurralde edo erregioetara zabaldu da eta gaur egun, erregioek, haien berrikuntzako sistemak hobetzearren, benchmarking ariketak egiteari ekin diote.

Batzuk, berriz, uzkur agertu dira lurralde benchmarkingaren inguruan. Izan ere, berrikuntzari buruzko Ekonomiak erakutsi duenez, lurraldeari aplikatzen zaionean besteengandik ikastea ez da hain erraza. Toki batean ongi funtzionatutako gauza batek ez du beste toki batean ongi funtzionatu behar eta, beraz, gauzak ezin dira, besterik gabe, kopiatu eta txertatu, batean eta bestean dauden ingurumari edo testuinguruak aintzakotzat hartu gabe. Gehienetan egiten diren ariketek, ordea, arau xume hori ahaztu egiten dute eta, gauzak zein testuingurutan sortu edo aplikatu behar diren kontuan hartzeke, itxuraz hobekien dihoakien erregioei bakarrik so egiten diete. Horren adibide garbia da batzuetan Euskal Autonomi Erkidegoa (EAE) Suediako Estokolmo berrikuntzan inguratu edo harrapatzeko oraindik orain ipinitako helburua. Benchmarking edo alderapena egiteko lehenengo araua zure antzeko baldintzak dituzten horiek identifikatzea izango litzateke; ondoren, bigarren araua, zure antzekoak diren horietatik zeinek jardun duten hobekien erreparatu, haietatik zer ikasi gehiago egongo delako; eta azkenik, emaitza hobe horiek zergatik lortu dituzten ulertzen ahalegindu.

Zein dira zure antzekoak diren jakiteko begiratu beharreko alorrak. Adituek diotenez, besteak beste, aldagai geo-demografikoei (biztanle kopurua, dentsitatea, adina, kokapena etab.) eta espezializazio sektorial eta teknologikoari kontu egin beharko genioke. Lehiakortasunerako Euskal Institutuan horrelako ariketa bat egin dugu eta EAE Europako Batasuneko (EBko) gainerako 205 erregioekin alderatu dugu eta haren antzekoen diren 30 erregioak identifikatu ditugu. EAEren antzeko erregio gehien duten herriak Alemania, Italia eta Austria dira; segidan, Frantzia eta Espainia (Katalunia eta Nafarroa) datoz; eta azkenik, pare bat erregio Erresuma Batuko eta Suediakoak. Lurralde horiek, EBko gainerakoekin alderatuta, ondoko ezaugarriak dituzte: biztanleria apur bat zahartuta dute, eskuarki ongi kokatuta daude; industrian eta enpresentzako zerbitzuetan espezializatuta daude; eta industriaren barruan, metalezkoan eta Material elektriko eta elektronikoan.

Horrela egindako benchmarking ariketatik hainbat ondorio esanguratsu ondorioztatu ahal izan ditugu. Lehen-lehenik, EAEren arrakasta ekonomikoari buruz dagoen irudi zabaldu hori zehaztu behar dela. Egia da EAE EBko erregioen batez bestekoak baino emaitza ekonomiko hobeak lortzen dituela (hau da, biztanleko errenta, produktibitate etab handiagoak); baina lehen esan bezala identifikatutako erregioekin alderatuta EAE emaitza ekonomiko kaskarragoak erdiesten ditu. Beraz, EAEren arrakasta ekonomikoa neurri handi batean lehian jarduteko dituen baldintza horiei (alegia, espezializazio sektorial eta teknologikoari) zor zaie, eta ez horrenbeste hemengo jarduleen portaerari.

Argazkia: CC BY - mirimcfly

Argazkia: CC BY - mirimcfly.

Bigarrenik, azken aldi horretan maiz esan izan da EAEn lehiaketako paradoxa gertatzen zela, hau da, lortzen ari ziren emaitza ekonomiko onak ez zetozela bat EAEk berrikuntzako emaitzen adierazleetan (adibidez, patenteetan) erakusten zuen emaitza txarrekin. Bada orain egindako benchmarkingean, ekonomi eta berrikuntzako emaitzako adierazleen artean zegoen aldea ia desagertu dela aurkitu dugu. Alde batetik, azken urteetan krisi ekonomikoak gogor astindu ditu Espainiako eta, neurri zertxobait apalagoan, EAEko ekonomiak eta horrek ekarri du EBko erregioen aldean EAEko ekonomia atzera egitea (batik bat, enpleguari buruzko adierazlean). Eta bestalde, berrikuntzako adierazleetan EAEk, krisia egon arren, hobetzen segitu du. Horren ondorioz, orain dela urte batzuk agerian zegoen lehiaketako paradoxaren arrastorik ia ez dago.

Hirugarrenik, askotan esan izan da EAEn patente gutxi zegoela, hemen farmazia, kimika eta tankerako sektorerik ez zegoelako, eta gurea bezala metalean oinarritutako ekonomia batean, berrikuntza I+G eta patenteei lotuta egon ordez, beste jarduerei (adibidez, hornitzaile eta bezeroekin harreman estuak izateari) lotua zegoela. EAEren baldintza antzekoak dituzten erregioek, ordea, erakusten digute azalpen hori funts gutxiko ustea zela, zeren eta haiek EAE bezala metalean espezializatuta baitaude eta, emaitza ekonomiko hobeak iristeaz gainera, biztanleko patente askoz gehiago ere lortzen dute.

Laugarrenik, azken hamarkada honetan sarritan EAEko berrikuntzako sistemaren eraginkortasun eza salatu izan da. Hau da, sisteman sartzen ziren baliabideekin alderatuta (adib. egindako ikerketa eta garapeneko kostua), inguratutako outputeko berrikuntzako adierazleak (adib. argitalpen zientifikoak edo patenteak) txit kaskarrak zirela. Lehiakortasunerako Euskal Institututik egindako benchmarkingeko ariketan, ostera, jadanik horrela ez dela aurkitu dugu. Horrela zen duela urte batzuk, bai; baina azken urte hauetan aurrerapauso handiak eman dira berrikuntzako emaitzako adierazleetan eta, azken datuen arabera, EAE ez da, eraginkortasunari dagokionez, EBko gainerako erregioak baino gaizkiago ari.

Azkenik, berrikuntzako jardueretan EAEn dagoen ahuleziarik handienak bere berrikuntza sistemak gainerako sistemekin dituen loturak islatzen dituen adierazleetan daudela erakutsi du Lehiakortasunerako Euskal Institutuak egindako azterketak. Edo bestela esanda, gure sistemaren endogamian datzala gure ahultasun handienetako bat. Gaur egun, gero baino gero, open innovation deituriko mundu batean mugitu beharra dagoela kontuan izanik, garbi dago hutsune hori gainditzeko lehentasun guztia eman beharko zaiola berrikuntzako politikatik.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media