Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Iñaki PETXARROMAN
Japoniako krisi nuklearrak ongi azaldu du ingurumenarekin eta lurrarekin dugun harremana zertan oinarritzen den: itsukerian eta zuhurtziarik ezean. Fukushimako istripua gertatu aurretik ondo genekien zein diren industria nuklearraren arriskuak, ezinezkoa dela haren hondakinak kudeatzea, eta ondorengo belaunaldiei inori gustatuko ez litzaiokeen arazoa utziko diogula kudeatzeko… Alabaina, istripuaren aurretik lobby nuklearra borroka oso garrantzitsua ari zen irabazten munduan: krisi energetikoaren eta klima aldaketaren arazoen aurrean alternatiba sasi-berdea balitz bezala saltzen ari zen bere teknologia. Eta gure agintariek sinistu, eta babestu. Orain, atzera egiten ari dira Alemanian, AEBetan, Europako Batasunean... Edo haizea berriz noiz aldatuko zain daude. Hondamendien aurrean dugun amnesia kolektiboak ea noiz ematen dien aukera industria nuklearra berriz hauspotzeko. Berriro ere gure miopia eta ikusi nahi eza geratu dira agerian; Behin baino gehiagotan egin behar dugu topo harri berarekin. Zenbat Txernobyl behar dira, ikasteko eta aintzat hartzeko, goazen bidezidorrak irteerarik gabeko kale itsu batera garamatzala?
Funtsean arazoa hau da: orain arteko eredu energetikoa agortuta dago. Erregai fosilak bukatzear daude —gasa eta petrolioa— eta energia atomikoak badakigu zer dakarren. Bada, beste eredu guztiz ezberdina jarri behar da martxan: ezinbestez gutxiago kontsumitu, aurreztu eta iturri berriztagarrietatik elikatuko den eredua, iraunkorra izango bada. Hori ikasten ez dugun bitartean, Japonian bizitzen ari diren antzeko egoerak igaro beharko ditugu.
Eredu hau inoiz ez bezalako arazo ekologikoak sortzen ari da munduan. Eta Lurra bera arriskuan egon ote daitekeen hasi gatzaizkie entzuten zientzialariei. Klima aldarazten ari gara: Euskal Herrian 1,5 gradu berotu da batez besteko tenperatura azken hiru hamarkadetan. Berotegi efektuko gasak dira errudunak, petrolioa eta gasa neurri gabe sortzen dituen eredu energetiko eutsiezina. Bide honetatik segitzen badugu, 4-5 gradu artean berotuko dira tenperaturak gurean mende amaieran —zientzialariek hala ohartarazi digute—. Mende erdirako 15 zentimetro artean goratuko da Bizkaiko itsasoaren maila. Hondartzen erdiak baino gehiago desagertuko dira (Zarauzkoa esaterako). Egun hirigune diren itsasadarretako lur asko irentsiko ditu itsasoak. Eta, gauzak horrela, adibidez, (ez diezadala gaizki har, otoi) Zarauzko udala ez dut oso kezkatuta ikusten zientzialariek ohartarazi dioten egoeraz, nahiz eta herri hori, hondartzarik gabe, zaila egiten zaidan irudikatzen. Zertaz biziko dira? Tira, lasai, zientzialariak “ekologista katastrofisten” tesietara lerratzen direnean ez zaizkigu interesatzen. Ez diegu sinesten. Ez dugu neurririk jarriko egoera zuzentzeko. Japonian bezala, olatua gainera etortzen zaigun arte.
Teknologiarik “seguruena” zuen Fukushima 1eko zentralak ere. Lehertu den arte. Aurrerapenaren kontuak, jakina! Ez dezagun ahaztu hondamendi aukerak ditugula Euskal Herrian ere: Garoñan, Itoitzen, zentral kimikoetan... Zer gertatuko da inoiz adituek iragarritako ezkerreko hegalaren mugimenduen ondorioz Itoizko urtegiaren horma erortzen bada? Zer gertatzen ari da egunero Zabalgarbin errauts bihurtzen ditugun milaka tona hondakinekin? Nora doaz minbizia eragiten duten dioxina, furano eta gainerako metal astunak?
Geratu eta berriz pentsatu behar dugu. Abiatu garen bidezidorrak guregan eta hurrengo belaunaldietan izango dituen eraginak hain dira larriak... 30 urtetan hirukoiztu egin dugu artifizializatutako lur kopurua Hego Euskal Herrian: 30.000 hektarea genituen zoru bilakatuta 1980ko hamarkadaren hasieran eta 90.000 ditugu gaur egun. %47 handitu dugu klima aldaketa eragiten duten berotegi efektuko gasen kopurua. Europa osoan autobia eta autobide kilometro gehientsuen duen herrialdeetako bat da gurea, eta porlan kopuru handiena erabiltzen duena pertsona bakoitzeko... AHTak gure mendi-ibarrak porlanez betetzen jarraitzen du, eta diru publiko kutxak husten: osasun publikoa, pentsioak eta gizarte zerbitzuak oraindik ere txiroago bihurtzen.
20 urtetan bikoiztu egin dugu pertsona bakoitzak sortzen duen zabor kopurua, eta murriztu, berrerabili eta birziklatu txostenetako teoria baino ez dira, eguneroko jardunetik urrutiko kontuak. Bizkaiko itsasoa arrainik gabe utzi, eta armatutako atunketarietan doaz arrantzaleak Somaliara han gosez diren herritarrei proteina iturri beharrezkoa duten arraina kentzera. Eta haien itsasoetan hondakin toxiko eta nuklearrak tonaka botatzera.
Munduko oihanen deforestazioaren arduradun gara, eta gure aztarna ekologikoa munduak paira dezakeenaren oso gainetik dago. Alegia, mundu osoko biztanleek guk bezainbeste kontsumitu eta kutsatuko balute hiru Lur planeta beharko genituzke. Alegia, natur baliabideak agortzen ari gara, ez gureak bakarrik, baita besteenak ere. Eta, hazkundearen logikaren paradoxak: natur baliabideak agortzen diren mundu batean, inoiz agortuko ez balira bezala jokatzen jarraitzen dugu.
Foto: CC BY - epSos.de.
Azken aldian gure inguru honetan Lurrari ikusten dizkiodan orbain gero eta sakonagoek bultzatu naute Lurra, zorua bailitzan (Txalaparta, 2011) liburua idaztera. Gogoetatzeko ordua dela iruditzen zait, eta gogoeta eskatzen diet herritarrei (sistema honen oinarri herritarrak ere bagarelako), eta agintariei, haiek direlako enpresen lobby-en eta multinazionalen aginduz ingurumenaren —eta herritarren (berriro ere Japoniakoa gogoratu!)— aurkako politika estrategikoak aurrera eramaten dituztenak.
Euskal Herrian ez gara liderrak ezertan. Naturari eta Ama Lurrari egindako erasoetan gara, izatekotan, eredu. Hizkuntzaren erabilera maltzurraren azpian, has gaitezen proiektuei dagokien moduan deitzen: errauste planta ez da energia balioztatzeko planta, handik sortzen den energia ezin da esan berriztagarria denik (are eta gutxiago diru publikoz lagundu); Pasaiakoa ez da eko-portua, Gipuzkoan dagoen itsas natur altxorrik handienetako bat suntsituko duen azpiegitura baizik; garapen eredu hau ez da iraunkorra, ondorengoentzat liratekeen baliabideak bueltarik gabe agortzen ari garelako; autoa errege bihurtu duen garraio sistema hau eutsiezina da; AHTa ez tren bat, lurra suntsitzen duen hegazkinaren pareko energia irenslea baizik..
Iberdrolak, Endesak, Repsolek, British Petroleum, lobby nuklearrak, zementuegileek, erraustezaleek... denek hitz egiten digute iraunkortasunaz, denak jantzi zaizkigu berdez... Biluz ditzagun, eta, bereziki, biluz dezagun hizkuntza... Jar diezaiogun proiektu bakoitzari dagokion etiketa, jarri gaitezen ispiluaren aurrean. Agian, orduan, ohartuko gara gutxiagorekin bizitzea, posible ez ezik, onuragarria ere badela; eta, zoriontsuago egiteaz gain, ondorengoei guri utzi diguten moduko planeta bat uzteko aukera emango digula. Ez diegu gutxiago zor.
Beraz, denbora baldin badago, has gaitezen atzera.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus