Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Hondarribia. Eta ez eskatu gehiago

Juan AGUIRRE SORONDO

“¿Quieres más, Fuenterrabía?” (Gehiago nahi al duzu, Hondarribia?) galdetzen zuten Alvarez Quintero anaiek, euren prestutasuna oktosilabikoetan adieraziz, musen hiriari egin zaizkion laudorio poetiko ugarietako batean. Eta ez da gutxiagorako ere. Hektarea gutxi batzuetan Hondarribiak Euskal Herri osoaren bertuteak laburbiltzen ditu, naturalak, gizatiarrak edota estetikoak, modu aski harmoniatsuan. Horregatik, betidanik izan da artisten, intelektualen eta jende distiratsuaren bizileku hautatua.

Bere kultura kaletarraren kutsu diplomatikoari esker, munduko errege-erreginen besotik ibili da, edota garrantzi historikoko erabakien gune izan da, Pirinioetako Bakea, esaterako. Horri guztiari herri arrantzalearen izaera zakarra eta adar baserritarraren jakinduria zintzoa gehitzen zaizkio.

Zer gehiago nahi duzu, Hondarribia, zure emakumeen graziak ere milaka urteko oihartzuna badu? Kondairak dioenez, Antxo Abarka erregea —ustez gazteluan (egun paradore den horretan) armak ezarri zituen lehena—, Jaizkibelen egindako ehizaldian herriko neska baten edertasunarekin txundituta gelditu zen. Arrakastaz limurtu bide zuen neskatxa, hilabete batzuk geroago bere semea izan baitzuen. Ulergarria zaigu nafarraren ahulezia monarkikoa (betiere garai hartako mentalitatea kontuan hartuta), mila urte beranduago hainbat neska hondarribiarren berezko lerdentasunak ere liluratzen baikaitu.

Hondarribia: Txit Noblea, Leiala, Adoretsua, Beti Fidela... Hiri batek izan ditzakeen titulu guztiak biltzen ditu, eta horiekin batera bere edertasunak kantatu eta kontatu dituzten miresle handiak ere. Harresi harrigarriak eta istorio zirraragarriak dituen hiriaren ondoan edozerk txikia dirudi.

Acta de la Real Academia de B.B.A.A. de San Fernando - 1781

Juan Ciudaden monumentuak gogorarazten digu bertan azaldu zitzaiola Ama Birjina Juan de Dios izenarekin santifikatu zutenari. Aipatutako monumentua atzean utzita, Santa Maria Atetik Kale Nagusiaren igoera paregabera igaroko gara. Kale Nagusia, askotariko apaintasunaren erakusle diren jauretxeen arteko arteria. Ia-ia aterpean egiten dugu bidea, kale irekian bagaude ere: nagusitasuna erakutsi nahia medio, etxeen arkitektura gizendu zuten hegal-balkoiekin eta harburu landuak dituzten teilatu-hegal bikoitzekin. Jauregitxoak bikain dekoratuta daude, armarriekin, forjatuekin, moldurekin eta mentsulekin.

Goialdean zain dugu Jasokundeko eta Sagarrondoko Ama Birjinaren eliza. Horren estiloa gotiko dekadentea dela diote, baina nire lagun batek, eraikinaren monumentaltasuna eta aldareen, kaperen eta museoaren aberastasuna ikusita, adierazi zuen: “Dekadentea? Lerdena esango nuke nik!”.

Eta azkenik, Arma Plaza eta Karlos V.aren gaztelua, keinu gogorrekoa, itxura maiestatikoduna, gotorlekuari izena eman zion enperadorearen zalgurdia igarotzean Flandriako Tertzioetako lantzari batek izango zukeenaren modukoa. Aitortu behar dut zeru zabalaren ikuspegiak, mendebaldeko haizeak eta itsasoaren zerumugak adiskidetzen nautela gotorleku zakarrarekin: bertan nagoenean etsipenez oroitzen naiz botere publikoen arduragabekeriagatik eraitsitako hainbeste euskal dorretxeez.

Hobe plazan gelditzen bagara, alabardadun eta mosketoidun formazio militarrak gogoratuz, edo Europatik Gaztelara eta Gorteetatik Europara zihoazen zalgurdiak eta diligentziak bertan gelditzen zirenekoak... zezenketa-arratsaldeetan izan ezik. Halakoetan, ez zegoen ejertzito inbaditzailerik hondarribiarra Arma Plazako eserlekutik mugituko zuenik, azken zezena hil arte bederen (horrela gertatu zen 1638an). Izan ere, mendez mende setiorik gogorrenak pairatu dituzte berezko duten patxada galdu gabe...

Hondarribia aurrera doa, ez delako apenas iraganetik bizi, orainaldi lanbrotsuan lagungarri bazaio ere: bere arkitekturaren handitasuna eta paisaiaren edertasuna ez dira nahikoa herri kontentagaitzaren nahiak asetzeko. Ez dago gehiago eskatzerik!

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media