Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Julio Galarta. Koloreak benetan aberatsak direnean, formak bere osotasuna izango du

Jone Alaitz URIARTE IRIARTE

Gaur egun ere begiak ixten baditut, gogoan dauzkat baserri bi horien aurrealdeak, bata kolore zuriz margotua, eta bestea aldiz kolore gorriz. Baserriak bata bestearen ondoan daude eta beren teilatu zaharrak, inguruko berdearekin nahasten dira. Atzealdean, udazkeneko laino makalen gibelean gordeta, arrasatearrok hainbestetan begiak gora altxa eta parean topatzen dugun mendiaren tontorra dago. Baina batez ere koadro hontako berdeak etortzen zaizkit gogora, asko daude, eta harrizko zubitxo hura, Aramaiotik datorren ur bizia goitik begiratu eta bere uretan islatzeko grazia duen zubi zaharra. Urtez urte, Garagartzako txoko idiliko hau geure etxean izan dugu presente, leiho batetik kontenpla daitekeen paisaia bat bailitzan, Julio Galartaren pintzelada fidelarenekin margotua.

Gure inguruan hain ezagunak diren bazter eta txokoak margotzeko zuen trebezia azpimarratuko nuke batik bat Galartaren obran. Bere olioen bitartez, gure egunerokotasunean hain onartuak ditugun kale eta inguruak, begien bistara atseginak suertatzen zaizkigun postaletan bihurtzen zituen Galartak. Sorgin kantoi edo Kanpantorreko kantoiak, Arbolapeta, Olarte kalea... kontaezinak dira margolariak gure herriko txokoak bere koadroetan islaturik ikusteko ematen dizkigun aukerak. Bere pinturak estilo bera konpartitzen dutela esan daiteke, hots, artista honen estiloa paletan egiten zituen konbinazio egoki eta bere pintzelada zaindu eta tinkoagatik emana datorrela. Lasaitasuna eta sosegua eskaintzen du Galartaren lanak.

Galartaren kolore-paleta ugaria da: urdin eta zuriak erabiltzen ditu euskal gaien inguruan ari denean, paleta beroagoa ordea, Errioxa eta Arabako lurrak margotu nahi dituenean. Hala ere, bere margoetan kolore guztientzat lekua dago beti: balkoietatik zintzilik dagoen arropa garbitu berria, urrutira ikusten diren miradore gorriak, udaberriko lore eta zuhaitzak, milaka erreflexu duen Ullibarri-Ganboako ur hotzak... xehetasun hauetan nabarmentzen da Galartaren begi paziente eta sentikorra.

Paisai-pintore bezala ezagutzen dugu batik bat Galarta, izan ere, Euskal Herriko paisaia berdeak margotzen trebea izan zen bera. Geure inguruko paisaiak duen tonalitate ugari bereizten jakin izan zuen, bere ehunetan dozenaka berde ezberdin pintatuz, paisai horretako zatitxoak bere koadrotara eramango balitu bezala. Galartak ematen zuen pintzelada bakoitzarekin nahi zuen tokira heltzen zen, bere obretan ez dago ezer soberan ezta faltan ere. Errealitatea bera da, baina Galartaren kolore paleta ezagutu ondoren, maixu lan batean bilakatzen dena. Bodegoi, marinak eta erretratuak badituen arren, paisaietan nagusitzen da bera, inguru hauetako baso eta zelaiak, kale eta auzoak margotzen benetako maisua dela frogatzen baitu koadroz koadro.

Agian, aski ezaguna izan ez den maisua da Galarta, batzuetan gertu dagoena ez baitugu bere neurrian baliosten jakiten. Hala eta guztiz ere, artista honen lana dagokion tokian jartzen jakin beharko genukeela uste dut, hau da, museo, areto eta kultur etxeetan. Julio Galartari egin diezaiokegun omenaldirik onena bere obra ugaria han eta hemen erakustea da. Hala nola bere lana ikertu, zabaldu eta hedatzea, izan ere, bere baitan balio handia duen lana da Galartak egin duena. Ea bada, aurki gipuzkoar museo eta arte katalogoetan bere izena aurki dezakegun.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia