Escribe

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Getaria. Zerupean, itsaso-gainean eta mendian

Juan AGUIRRE SORONDO

Getaria zaharra. Kea eta herria, Quetari edo zelatari gaskoiz. Bi etimologiok San Anton mendiaren kokapen estrategikoa adierazten dute, izan ere, bertatik ikusten den itsaso-eremu zabalari esker, Gipuzkoako kostaldean parekorik ez duen talaia baita. Eta zergatik ez Garate-herria? Toponimo horrek herria Garate mendiaren magalean kokatuta dagoela adieraziko luke.

Getaria izenaren zergatiak alde batera utzita, udalerria eratu baino hainbat mende lehenago ere Bizkaiko golkoko txoko preziatu horretan biztanlerik bazela frogatu da. Herria XIII. mendearen hasieran eratu zuten, probintziaren hazia izan ziren Donostiarekin eta Hondarribiarekin batera ia-ia. Alde batera lurra lantzeko aproposa den mendi urtsua du, eta bestera itsasoratzen den lur-muturra, badian arrantzaleen lana babesten duena.

Zalantzarik gabe, bertako biztanleen lehen ogibidea arrantza izan zen, batez ere balearen arrantza, Kantauriko onenetakoak baitziren zeregin horretan. Herriak zetazeoen arrantzarekin duen lotura ia genetikoa armarrian islatuta dago: kaiaren ondoan balea hilzorian ageri da, arpoia sartuta duela. Arrantza izan da lehen jarduera herrian, baina ez bakarra. Getariarrak itsasoarekin lotutako bestelako zereginetan aritu izan dira aspalditik: mundu berriak konkistatzea, armada, edota ozeano batetik besterako garraioa. Era berean, ontzigintza-arkitekturak ospea eman dio herriari, bertako behargin adituei eta ontziolaren izen onari esker. Erdi Aroan erreinuko ontziola garrantzitsuenetakoa izan zen.

Getaria. Ilustración: Josemari Alemán

Getaria. Bertako biztanleen lehen ogibidea arrantza izan zen, batez ere balearen arrantza.
Ilustrazioa: Josemari Alemán

Getaria zaharra: lau kale eta bi kantoi, jauregi ederren eta arrantzale-etxe bitxien artean bikain kokatuta. Hirigune historiko horretan, Erdi Aroko upategietako txakolinaren eta sukaldeetako antxoa-lapikoen usaina lagun izango ditu bisitariak, eraikin zaharren artean dabilela. Elkano, San Roke eta Nagusia kaleek arkitektoen eta margolarien begirada erakartzen dute, dorretxeen baoak eta balkoiak ikusgarriak baitira. Antzinako jauntxoen defentsarako eraiki zituzten dorretxeok, gaur egungo hirigintza zibilarekin era armoniatsuan uztartu direnak. Beraz, mendez mendeko bilakaera agerikoa da Getarian, itsasoari begiratzen dion hiri-geografia harmoniko eta iradokitzailean.

General Arnao eta Nagusia kaleen artean kokatuta dago San Salbador parroki eliza, Monumentu Nazionala espainiarrentzat eta bihotzekoa gipuzkoar guztientzat, probintziako ermandadea 1397an bertako ojiben azpian eratu zenetik. Tenpluaren historia alde batera utzita ere, sentsibilitate apur bat besterik ez da behar begien aurrean dugunarekin harritzeko: mailaka kokatutako habearteak, triforio ederra, kapera eta guzti duen katrapona, haizealdera dagoen paisaia bedeinkatzen duena...

Erdi Aroko Getarian zehar ibilaldia eginez itzal handiko herritarren haurtzaroa datorkigu gogora: lehenik eta behin Juan Sebastian Elkanorena, baina baita ere Tahiti esploratu zuen Domingo Bonaetxearena edo Quijano e Iturregi abnegatuarena, zeina kolerari aurre egiteko zereginetan hil baitzen Alacanten. Eta nola ez, Cristobal Balenciagaren haurtzaroa ere, XX. mendeko jantzigintza-arkitekto handienarena. Haren museo bikaina bisitatzeko gomendioa egiten diogu, behin eta berriro, formen edertasunaren aurrean sentsibilitate apur bat duen guztiari.

Getarian gabiltzala, ikusgarria da alde zaharra, zerupean, itsasoaren gainean eta mendian mihiztatuta; estimatzekoa da biztanleen izaera irekia eta egiazalea, jende langilea da, eta aldi berean bestelako plazerrak maite dituena, hala nola, moda, gastronomia, arte herrikoia, edota indarrezko norgehiagoka... Horrenbestez, ulergarria da naturaren eta bertakoen arteko elkar-ulertze sakona, idatzizko oroimen ororen aurretik sustraitu zena eta herriaren adierazpenetan agerikoa dena. Keta gaztearen mitoa da elkar-ulertze horren adierazle. Kondairaren arabera, neurriz kanpo desiratzen zutela ikusita, gazteak harri bihurtzea aukeratu zuen. Mitoak, oraingoan ere, sortu zuen herriaren esentzia argitzen du.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia