Idatzi

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Euskal Pizkundea Araban

Josemari VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA

Euskal Pizkundeak bere garrantzia izan zuen Araban. Eta kultura uhin horren eragina Arabatik kanpo indartsuagoa suertatu zen arren, arabar lurraldean ere bere hazia ipini zuen, etorkizun hobearen esperantzan. Gasteiz euskal kulturaren arrago emaritsua izan zen XX. mendearen lehen herenean eta hiriburutik —batez ere bertako Apaizgaitegitik— ehunka lagunek egin zuten lan euskal herritarren garapen aske eta osoaren alde. Eta euskara izan zuten lanabes.

Zer dela-eta ez da hain ezaguna arabar lurraldean bizi izandako euskal loraldi hura? Agian ez du merezi erantzunen bila ateratzeak, ustekabe ezatseginak aurki baigenitzake. Horregatik, jo dezagun aurrera eta laburbil dezagun ondoko lerroetan euskararen loraldiak Araban izan zuen garrantzia.

Arabako hiriburua izan zen Euskal Herriko intelektual askoren jomuga XX. mendearen hasieran. Bertako Apaizgaitegiak ziren bilgunea, bertara ehunka gazte hurbiltzen baitzen urtero eliz-karrera egiteko asmoz. Haien guztien irakasleen artean goi mailakoak izan ziren. Esan daiteke, garai hartan —Deustuko Unibertsitatearekin batera— gurean zen zientzia-gunerik garrantzitsuena genuela Gasteiz, 1880an eraikitako lehen Apaizgaitegi Kontzilarrekin eta 1930ean bere ateak ireki zituen ondorengoarekin. Hori bai, eliz-ikasketetara enfokatua, gehien bat.1

Hogeigarren mendeko aurreneko hamarkadan, Gasteizko Apaizgaitegira Jose Migel Barandiaran gazte ataundarra heldu zen, ordudanik bertako pertsonaiarik inportanteenetakoa bilakatuz. Bertatik irradiatu zuen Barandiaranek bere lana, harik eta 1936ko gerra zibilak erbesteko bidea hartzera behartu zuen arte.

Gasteizko Apaizgaitegia

Garai hartan, Deustuko Unibertsitatearekin batera, zientzia-gunerik garrantzitsuena Gasteiz genuen, 1880an eraikitako lehen Apaizgaitegi Kontzilarrekin eta 1930ean bere ateak ireki zituen ondorengoarekin.

Barandiaranen bide berdintsutik baina lau urte geroago, Manuel Lekuona oiartzuarra ailegatu zen Gasteizera eta, Barandiaran bezala, behin apaiztuz gero zentroaren bizitza akademikoan aritu zen 1936ra arte, besteak beste Euskara eta Euskal Literaturako irakasle gisa.

Arabar testuinguru osoa kontuan hartuz, aitortu behar da XX. mendearen hastapenetako Gasteiz hartan euskal giroa ez zela oso normala hiriko kaleetan. Eta lorpenik aurreratuenak hiritar ospetsu batzuen ikerketa lanetara mugatzen ziren. Oso lan interesgarriak, zalantzarik gabe, baina esparru berdinean Euskal Herriko beste latitudeetan burutzen ari zenarekin alderatuta, apal samarrak, nonbait. Izenen artean, Federico Baraibar euskaltzalea aipatu behar da.

Hogeigarren mendeak zerumuga zabalagoak ekarri zituen euskal kulturarentzat arabar lurraldean, eta hor aipatu behar dugu Apraiz sendia, batez ere Angel eta Odon anaiak. Angel —Artearen Historiako Katedraduna Salamankan 1911tik— Eusko Ikaskuntzaren alma mater izan zen, eta erakundearen lehen idazkaria, 1918an.

Arabar lurraldean euskararen presentzia oso mugatua zegoen XX. hastapenetan. Eta hizkuntza horretako ekoizpena hutsaren hurrena genuen, Euskal Herriko lurraldeetako ekarpenik murritzena, nonbait. Horrela jarraituko zuen mendeko lehen herenean ere, Gasteizko Apaizgaitegiaren salbuespenarekin. Hauxe dugu Arabatik irradiatuko zen euskal mugimenduaren zentroa. Uhina Arabatik Arabara iritsi ote zen beste galdera bat da.

Apaizgaitegiko bi gizakume erraldoi

Jose Migel de Barandiaran

Barandiaran 1914an apaiztu zen. Urte batzuk lehenago, artean Teologiako ikasketak amaitu gabe, euskal etnografia eta arkeologiarako zaletu zen. Apaizgaitegian klaseak emateari ekin zion 1913an, Fisika gaiarekin, baina euskal ikerketak hartu zuen toki indar handiz Barandiaranen bizitzan. Eta lan mardul bezain joria Gasteizko Apaizgaitegitik irradiatu zuen 1936ra arte.

Jose Migel de Barandiaran

Hogeigarren mendeko aurreneko hamarkadan, Gasteizko Apaizgaitegira Jose Migel Barandiaran gazte ataundarra heldu zen, ordudanik bertako pertsonaiarik inportanteenetakoa bilakatuz.

Eusko Folklorea deritzan egitasmoari ekin zion 1921ean Apaizgaitegi Kontziliarrean eta Zuzendaritza Batzorderako ondoko lagunak hautatu ziren Jose Miguel Barandiaran, Manuel Lekuona, Eugenio Larrañaga, Jose Ariztimuño, Leon Bengoa, Manuel Lopez, Juan Iruretagoyena, Juan Aranguren, Leonardo Guridi, Andres Agirre, Tiburtzio Ispizua, Felix Zamalloa, Markos Maguna-goikoetxea eta Julio San Pedro. Sortze-une hartako protagonisten artean baditugu bi 1936an fusilatuta izango zirenak, astebeteko diferentziarekin: Jose Ariztimuño “Aitzol” eta Leonardo Guridi, urriaren 17an eta 24an, hurrenez hurren.

Barandiaranek, Antonio Pildain, Leonzio Aravio-Torre eta Manuel Lekuonarekin batera, “Lyceum Cassiciacum” zeritzan taldetxoa osatu zuen 1924an, hain zuzen Apaizgaitegian zientzia jorratzen zuten lau irakasle horien elkartea bilakatu zelarik, “tertulia erlijioso-zientifikoa”ri eragiteko. Biologia, gizarte psikologia eta antropologia dira lehen lan gaiak, eta euren arteko solasaldien emaitza positiboa zelako, publikapenen bat argitaratzea eta taldea beste lagun batzuei irekitzea erabaki zuten.

Gymnasium

Gymnasium

1927ko martxoaren 21ean, Gymnasium aldizkaria jarri zuen martxan Barandiaranek. “Revista bimestral de iniciación científico-literaria” bezala titulatzen zen.

Handik hiru urtera, 1927ko martxoaren 21ean, Gymnasium aldizkaria jarri zuen martxan Barandiaranek. “Revista bimestral de iniciación científico-literaria” bezala titulatzen zen.

Eta lehen zenbakitik euskarazko artikuluak ageri ziren. Bi hilabetean behin argitaratzen zen, eta 1932ko maiatza-ekainekoa izan zen azkena. Euskarazko zenabtu daitezke.

Manuel Lekuona

Apaizgaitegian 1916an hasi zen irakasle moduan. Euskara eta Euskal Literaturaren Katedra zen berea eta handik barreiatu zuen bere maisutasuna, Apaizgaitegia betetzen zuten ehundaka ikasleengan. Hala ere, garai hartan bere ikasle izandako Cecilio Agirrek 1914an jartzen du Manuel Lekuonaren maisu-lanaren hasiera.

Cecilio Agirreren aipamenari helduz, esan behar da 1861ean sortutako Gotzaitegian, Mateo Mujika 1928ko ekainean agertu arte gotzain guztiak erdaldunak izan zirela. Bide batez, esan behar da Gasteizko Agirre Apaizgaitegian 1857 inguruan euskarazko klaseak ematen zirela baina 1880an Apaizgaitegi Kontziliarra eraiki zenean zeharo desagertu zirela, gotzainaren aginduz.2

Kardaberaz Akademia

Manuel Lekuonak, bere ingurura biltzen zen apaizgaien indarraz aprobetxatuta, eta ikasle gazteen nahiari helduz, Kardaberaztarren Akademia sortu zuen 1924ko apirilean, Eta hastapenetatik berrogeita hamar kide baino gehiago izan zituen Akademiak.

Zein zen Kardaberaz Akademiaren asmo nagusia? Argi asko: euskal idazleak sortzea, ihardunbide erlijiosoan euskaldun hezitu gisa aritu ahal izateko. Manuel Lekuona izan zen Akademiaren burua —zuzendaria— erakundeak aldi hartan bizirik iraun zuen bitartean. Oso urte oparoak gertatu ziren 1935 eta 1936. Apaizgaien artean baziren beste nolabaiteko kultura kezkak ere. Adibide gisa, 1934-35 ikasturtean “Gasteizko Apaizgaien Yakintz-Bide Batza. Asociación de Orientaciones Culturales de los Seminaristas de Vitoria” izeneko elkartea sortu zuten.3

Urte pare bat lehenago, apaizgai gazteago batzuek —filosofia ikasten zihardutenak— ausartagoak izan ziren eta aurrerago jo zuten. “Aurrera Beti” lelopean, “Kardaberazen Batzarreko irugarren maila” zeritzan talde bat osatzeari ekin zioten. Asmoa, Lekuonaren Kardaberaz Akademiari indar berri ematea zen. Talde hartan ari zen Jose Maria Arizmendiarrieta eta berak idatzi zituen ondoko hitzak, 1933ko azaroaren 1.ean:

Euzkadiko apaizok beste aberri eta tokietakuak baño nagiaguak, alperraguak? ... Beste aberrietako apaizak baño alperraguak izateagatik ardura ezpadeusku, besterik-eztako izkuntza onen edertasunak ikara eragiten ez badeusku, geure amaren eraileak izan gerala gure ondorenguak izateak ikaratzen ezpagaitu bere, naita-naiez Eleixa Amak agintzen deuskulako ikasi bearko dogu euzkera.4

Idazki horretan Arizmendiarrietak erabiltzen dituen kontzeptu eta ideia batzuk, 1922an, Eusko Ikaskuntzaren III Kongresuan “Euskera e Iglesia” titulupean Angel Urrutia apaiz, erlijioso eta misiolariak eskainitako hitzaldi mamitsutik daude hartuta. Ondokoak bezala:

“Aurrera Beti” lelopeko “Kardaberazen Batzarreko irugarren maila” taldekideen artean, Anastasio Albisu, Jose Maria Arizmendiarrieta, Serafin Esnaola, Ramon Narbaiza eta Alexander Mendizabal izan ziren. Dena den, Arizmendiarrieta da, lanaren pisurik gehien hartu zuena.

Kardaberaz aldizkaria

Kardaberaz aldizkaria

Bederatzigarren aldizkaria kaleratzeko “Aurrera Beti”koek berreskuratu zuten txanda, eta 1936ko apirilean ipini zuten aldizkaria irakurleen eskuetan. Euren estilo apalagoari berrekin zioten, eta zazpigarrenean bezala “Urtziztiko Kardaberaztarrak” izenpetze kolektiboarekin aurkeztu zituzten zenbakiko hamalau gaiak.

“Aurrera beti”ko kideek aldizkari bat sortzea erabaki zuten 1933an —Kardaberaz izenekoa— eta lehen zuzendari Serafin Esnaola hautatu zuten. Yakintz-Batza sortzean, eurek ere parte hartu nahi izan zuten baina bi taldeen arteko harremanak ez ziren oso finak izan, eta hika-mika ugari izan zituzten. Jose Maria Arizmendiarrieta eta Jokin Arostegi izan ziren bi taldeen bozeramaleak.

“Kardaberaz”: bederatzi zenbaki

Bederatzi zenbaki argitaratu ziren 1933-36 aldian. Lehen zenbakia —1933ko abendukoa— “Lizardi”ri eskaini zioten. Gelatinan dago inprimatuta eta ez darama ezelako zehaztasunik lanen egileak identifikatzeko. Dena den, “Aurrera Beti”koen bileretan irakurritako gaien arabera badakigu Arizmendiarrietak izan zuela oinarrizko protagonismoa zenbaki hartan.

“Agur Jaunak” titulupeko lehen artikuluak aldizkariaren zergatia eskaintzen zuen:

Egunen batean gure elizan eta elizkizunetan euskera lasai eta egoki erabili al izateko, gaurtik bertatik gerta zaitezela. Orixe da elizak eskatzen dizuna...

Bigarren zenbakia, Jon Arana “Loramendi” olerkariari eskaini zitzaion. Hirugarrena “Lekuona’tar Imanol Jaunari”. Laugarrena “Bustinza’tar Ebaristo. Kirikiño”ri. Zenbaki horretan salto eman zen gelatinaz inprimitzetik multikopiaz egitera. Eta lehen aldiz agertu ziren aldizkariaren kolaboratzaileen izenak, eta euren grafia errespetatuz hauexek ditugu: Albisu’tar Anastasi, Anakabe’tar Kepa, Arizmendi’tar Joxe Mari, Azpitarte’tar Joseba, Etxebarria’tar Peliken, Esnaola’tar Serapin, Gangoiti’tar Marzelo, Gorostidi’tar Kepa, Mendizabal’dar Alexander, Narbaiza’tar Erramon, Oyartzabal’dar Andoni, Zamora’tar Joseba Mirena, Zubillaga’tar Genar, Zuloaga’tar Domeka.

Bosgarren zenbakiak aurrekoaren ildotik jo zuen eta Arizmediarrietaren oharrei jarraiki, badakigu berrehun eta sei aletako tirada izan zuela, eta 0’80 pezeta irabazi zutela. Ez dut aurkitu seigarren zenbakiko alerik eta ez daukat haren gaineko erreferentziarik. Zazpigarren zenbakia aurreko bosten estilokoa da eta “Aurrera beti”koek “Urtziztiko Kardaberaztarrak” izenpean argitaratu zituzten euren lanak, zein nori zegokion zehaztu gabe. Hogeita hamabi orrialde ditu, azala eta kontrazalaz gain. Eta azaleko marrazkiak Ekin aldizkaria sutondoan eserita irakurtzen ari den baserritar bat ekartzen digu.

Zortzigarren zenbakia heldu zen eta “Yakintz-Bide Batza”koek hartu zuten euren gain edukia prestatzeko ardura. Zenbaki honetako sailen tituluaren azpian erdarazko hitz bat agertzen da, hizki txikiz idatzita. Horrela: “Nora? Orientación”, “Elerti. Literatura”, “Gizaizti. Antropología”, “Gizartizti. Sociología”, “Bizizti. Biología”, “Endaizti. Etnología”, “Pisia. Física”, “Orizti. Ontología”, “Edesti. Historia”...

Manuel Lekuona

Manuel Lekuona Apaizgaitegian 1916an hasi zen irakasle moduan.

Zortzigarren zenbakiak bi argitalpen izan zituen; aurrena 150 aletakoa eta bigarrena beste 50ekoa. Aurrekoekin bezala, ale guztiak Apaizgaitegian saldu ziren, banaka batzuk ezik, euskal pizkundeko idazle eta eragilerik sonatuenek jasotzen zituztenak: Aitzol, Orixe, Lauxeta eta abar. Lauaxetak horrela idatzi zuen zortzigarrenaren gain, 1936ko otsailean: “Kardaberaz, materialmente la revista peor presentada de Euzkadi, es sin embargo la publicación con más valor con que cuenta este idioma”.5

Bederatzigarrena kaleratzeko “Aurrera Beti”koek berreskuratu zuten txanda, eta 1936ko apirilean ipini zuten aldizkaria irakurleen eskuetan. Euren estilo apalagoari berrekin zioten, eta zazpigarrenean bezala “Urtziztiko Kardaberaztarrak” izenpetze kolektiboarekin aurkeztu zituzten zenbakiko hamalau gaiak.

Misioak

Apaizgaitegiko ekintzen barruan Misioetako Elkarteak eragiten zuena zen garrantzizkoenetakoa. Eta lantegi hartan Jose Ariztimuño “Aitzol” gailendu zen iragan mendeko bigarren hamarkadan, 1928-29 ikasturtean Misionologia gaiaren lehen irakaslea izan zela azpimarratuz eta aldi berean Misioetako Eliz-barrutiko Idazkaritzaren Zuzendaria.

“Nuestro Misionero/Gure Mixiolaria” zen Elkartearen aldizkaria eta 1924an hasi zen argitaratzen, bi hilabetean behin. Azken zenbakia 1936ko otsailean atera zen, hirurogeita hamargarrena, hain zuzen.

Jose Ariztimuño “Aitzol”i zor zaio hasieratik aldizkariko edukiaren pisuzko zatia. Eta Ariztimuñorekin batera, agertzen den beste izen handia Manuel Lekuonarena da, euskarazko edukien arduraduntzat har baigenezake.

Beste ekintzak

Literatura-argitalpenak ditugu Kardaberaz eta Gymnasium aldizkariak. Aipamen berezia ere egin diogu “Nuestro Misionero/Gure Mixiolaria” agerkariari. Baina izan ziren publikapen gehiago ere. Adibidez, 1934-35ean Apaizgaitegiko erretorea zen Eduardo Eskarzagari eskainitako omenezko liburuan, euskarazko lan bana argitaratu zituzten Jose Maria Arizmendiarrieta, Domingo Loinaz eta Manuel Lekuonak. Eta Jose Miguel Barandiaranek ere bultzatuta, Idearium aldizkaria azaldu zen, 1934ko martxoan. Erlijioso-zientziaren sintesi eta ikerketarako agerkaria zen. Manuel Lekuonak lan banaka batzuk publikatu zituen euskaraz bertan.

Baina ezer aipatzekotan Apaizgaitegiko euskal literaturari dagokionez olerkigintzara jo behar da. Apaizgai mordo batek landu zuen generoa eta sarritan garaiko idaz-lehiaketa desberdinetara aurkeztu ziren, nahiko emaitza onarekin.

Kardaberaz aldizkariko lehen zenbakia

Kardaberaz aldizkariko lehen zenbakia, 1933ko abendukoa, “Lizardi”ri eskaini zioten. Gelatinan dago inprimatuta eta ez darama ezelako zehaztasunik lanen egileak identifikatzeko.

Garai haietakoak dira Praixko Garmendia, Maximo Yurramendi, Daniel Ayerbe, Luix Agirre, Jose Luis Iñarra, Meliton Sarasua, Fabian Loidi, Luxio Martinez, Jose Antonio Usobiaga, Alexander Mendizabal, Mitxel Lasa, Txomin Jakakortajarena, Jose Luis Lekuona, Anizeto Zugasti, Joakin Dorronsoro, Iñaki Otamendi, Angel Sukia eta abar luze bat olerkari. “Euskaltzaleak” elkarteak 1930ean publikatutako “Euskal Olerkiak” liburuan horietako batzuen olerkiak azaltzen dira.

Kalitate garaiko literatura, beraz, zen Apaizgaitegian burutzen zena eta batzuk sarituak izan ziren Aitzolek antolatutako “Euskal Olerti-Egunean”. Horrela, 1932a, Txomin Jakakortajarenak bigarren saria eraman zuen “Loramendi” irabazlearen ostean. Urte hartan ere, Kardaberaz Bazkuna saritu zuten, lan kolektiboarengatik. Bi urte geroago, Kardaberazek ere eraman zuen saria Gabon giroko olerki-ekarpenarengatik eta Dorronsorok herri-saileko bildumarengatik. 1936koa izan zen ediziorik aberatsena Gasteizko Apaizgaitegiaren ordezkarientzat: Iñaki Otamendik eraman zuen Ohorezo Saria, “Giza Adinak” obrarekin. Eta Angel Sukiak, berriz, Ohorezko Aipamena, “Eusko Apaizgaiarena”.

Azken bi saridun horien beste lan batzuk irakurri ahal izan ditut, Manuel Lekuonaren artxiboan. Lan gehiagoren artean, “Otamendi’tar Iñaki “Goierri” izengoitiz eta “Sukia’tar Gotzon”en olerki ineditoak gordetzen dira, Gasteizko Apaizgaitegian burututako literatura historia baten zain.

“Aurrera Beti” zein Yakintz-Bide Batzakoen araudietan euskal kultura, ahalik eta modurik zabalenean barreiatzea aldarrikatzen zen, eta horri atxiki zitzaizkion indar osoz. Antzerkia izan zen zereginetako bat. Manuel eta Martin Lekuona anaien “Eun dukat” ezinbesteko obrari beste batzuk gehitu zitzaizkien, apaizgaiek eurek sortuta. Arizmendiarrietaren artxiboan gordetzen da berak 1934ko abenduan idatzitako obraren kopia bat: “Mendibitarren larrijak”.

Liturgian ere aldaketa sakona eman zen euskarari dagokionez. Andres Ibañez Aranak Gasteizko Apaizgaitegiari buruz eginiko ikerketa lan mardulean, euskararen gaineko ohar ugari ematen ditu. Eta berak egindako kalkuluen arabera, 1926-32 urteetan abesten ziren kantuak, %80a gaztelerazkoak ziren eta %13a euskaraz. Gainerakoa latinari zegokion. Proportzioa, ordea, 1932-36 urteetan zeharo aldatu zen: %71 zen euskaraz abesten zena.

Euskal Pizkundea Arabako gizarte zibilean

Gasteizko Apaizgaitegitik XX-eko lehen hiru hamarkadetan ateratzen ari ziren apaiz euskaldun gazte berri ugari Arabako herrixketara bidali zituzten. Kasu batzuetan, gainera, zigor gisa. Apaizgaitegian bizi izandako euskal giroa eta, batez ere, Kardaberazeko kide gisa hartutako konpromezua azkeneraino eraman zuten apaiz haiek, Denbora gutxi izan zuten, ordea, apaiz gazteek euren bihotzean zeramaten euskararekiko garraz eliztarren kontzientziak pizteko. Baina haien predikuak ez ziren lur idorretan erori.

Gizarte zibilean, nolako eragina izan zezaketen arabar euskaldunek euskararen hedapenean? Oso gutxi, jakina, bai egile eta baita balizko hartzaileen kopuruak txikiak ziren-eta. Izenak aipatzearren, Luis Eleizalde, Odon Apraiz eta Andoni Urrestarazu “Umandi” araiarra dira, entzutetsuenak. Aipagarria dira ere Abdon Gonzalez de Alaiza —“Txistu” lehen euskal komikiaren egilea, 1927an— eta Jose Mari Azkarraga “Lurgorri” Errenderiko aramaioarra.

1 Gomendagarria da Andres Ibañez Aranaren  “Historia del Seminario Diocesano de Vitoria. Volúmen I eta II” liburua.

2“Euskeraren aroak” (Koldo Agirre “Mikelats”. Lekuona’tar Manuel Jaunaren Omenezko idazki — bilduma. 1977)

3“Historia del Seminario Diocesano de Vitoria. Volúmen 1” (Andres Ibañez Arana. ESET. 2005)

4“Jose Maria Arizmendiarrietaren oharrak” “Arizmendiarrietaren Dokumentu Funtsa”. www.euskomedia.org

5“El euskera en el seminario de Vitoria hasta la guerra (1926-1936)” Andres Ibañez Aranaren oharrak, hitzaldi baterako prestatuta.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia