Idatzi

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Gizon eta emakumeen irudikapena bideojokoetan

Nerea SANCHO, Bitxigorria Sexologia Zerbitzuko zuzendaria

Zer da sexuen hezkuntza? Nork egiten du? Zein da ilustrazioen papera hezkuntzan? Nola eragiten dute bideojokoetako irudiek gure sexualitatean? Zein ondorio ekar ditzake? Galdera hauek guztiak erantzuten saiatuko gara jarraian.

Zein da sexuen hezkuntzaren helburua?

Gizabanako bakoitzari desberdin egiten diona ezagutu, onartu, elikatu eta garatzea, gizon edota emakume zoriontsuak eraikitzeko. Gizon eta emakume oro, bakarra da munduan eta historian, eta horretaz jabetuta, bere ezaugarri maskulinoak eta femeninoak koherentziaz eta pozik bizitzea du helburu hezkuntzak. Nolako gizona izan nahi duzu? Zein emakume klasetan bihurtu nahi duzu? Galderak hauek erantzutea, bidea egiten laguntzea da bilatzen dena.

Nor arduratzen da sexuen hezkuntza egiteaz?

Heziketarako erakunde publikoek, legez, euren arduratzat hartu beharko balukete ere, egia da, sexuen hezkuntza luzea, formala eta sendoa ez dagoela inondik inora bermatua gure lurraldean. Hortaz, hutsune hori, beste hainbatek betetzen dute: telebistak, zinemak, pornografiak, prentsak, publizitateak... eta bideojokoek ere bai.

Gizon eta emakume oro, bakarra da munduan eta historian, eta horretaz jabetuta, bere ezaugarri maskulinoak eta femeninoak koherentziaz eta pozik bizitzea du helburu hezkuntzak.
Ilustratzailea: Ivan Landa

Ilustrazioen papera hezkuntzan

Hainbat materialetan agertzen den informazio bisuala, errelatoa eta testua baino askoz lehenago ailegatzen da garunera. Adibidez, publizitatean, haur eta gazteentzako irakur-liburuetan eta baita bideojokoetan ere. Marrazkiak ez dira dekoratzeko, eduki propioa dute eta txiki-txikitatik dekodifikatzen dira prezisio handiz.

Bideojokoetako emakume birtualak nolakoak dira?

Produktuaren erakargarri gisa erabiltzen dira oro har eta ez protagonista aktibo gisa. Gizonezkoekiko menpekoak dira eta bigarren mailako zeregina izaten dute. Pasiboki jokatzen dute, gehiengoek. Biktima papera betetzea ere oso ohikoa da. Euren desirak erreprimitzen dituzte, eta besteenak gailentzen dira. Hortaz, apaingarri hutsak dira sarriegi.

Gorputz erakargarriak dituzte —bular handiak, ipurdi borobilak, gerri estu-estuak—, eredu estetiko ez-osasuntsu edo/eta irrealak dituzte. Gainera, haien janzkera ez dator bat egiten ari direnarekin eta gorputzaren erotikotasuna baloratzeko janzkera daramate.

Gizonak izango balira bezala jokatzen dute, horrela, egiten dutena errespetagarria izatea lortzen dutelarik. Gazteak, zuriak, altuak, ederrak eta probokatzaileak dira horietatik asko.

Eta nolakoak ditugu bideojokoetako gizon birtualak?

Foto: CC BY - Delmonti

Bideojokoetako emakume birtualak produktuaren erakargarri gisa erabiltzen dira oro har eta ez protagonista aktibo gisa.
Argazkia: CC BY - Delmonti

Ausartak, indartsuak, oldarkorrak, babesleak, protagonistak, aktiboak eta heterosexualak. Horrez gain, zuriak, gazteak, altuak eta erakargarriak izan ohi dira.

Gudetako gizon beltzak, arabiarrak, asiatikoak, etsaiak izan ohi dira eta hil egin behar izaten dira jokoan zehar. Beste batzuk, gorputz garatuak dituzten kirolariak dira, beti ere, lehiakorrak direnak.

Protagonistak ez dira inoiz homosexualak, ijitoak, urritasunen bat dutenak edota etorkinak. Oldartsuak (batzuetan eroak), azkarrak, eraginkorrak, bai. Diskriminatzaileak izateko joera argi eta garbi agertu ohi da. Adibidez, Carmageddon jokoan, gidariak zaharrak, haurdunak edota urritasunak dituztenak harrapatu ezkero, puntu gehiago lortzen dira.

Nola eragin dezakete neska eta mutilen bizitzetan honek guztiak?

Autoestimu baxua eragin dezake, ez dutelako uste gai direnik maitatzeko, maitatuak izateko edota plazera eman edo jasotzeko. Ez dute euren antzekoak diren erreferenterik, hortaz, desegokiak sentitzen dira. Normalak ez direla pentsatzeko joera dute eta ez dute koherentziaz bizitzen euren errealitatea.

Konplexu fisikoak sortzea errazten da, erabiltzaileak ez baitira ereduetara iristen. Gaztetasuna gainbaloratzen da eta zahartzaroa mespretxatzen da (euren buruak etorkizunean, alegia). Bestetik, neskek dependentzia ikasten dute, mutilek aldiz, dominazioa eta posesibidadea.

Horrez gain, itxaropen okerrak sortu ohi dituzte; harremanez espero daitekeena, errealitateari baino fantasiari lotuago dago. Bizitzan eurek lortu behar dutenaz itxaropen zehatzak identifikatzen dituzte bestalde: mutilek, funtzio politiko, sozial eta ekonomiko garrantzitsuak garatzea eta neskek, hiper-erakargarriak bihurtzea mutilen begiradapean onartuak izateko.

Mutilek euren sentimenduak gordetzen ikasten dituzte: negarrik ez egin, hotzak eta gogorrak izan, garaipenak eta arrakastak jarraitu eta boterea lortu. Maskulinitatea da eredua eta beraz, neskak mutilen balore eta erregeletara egokitu behar dira baloratuak izateko.

Zer egin dezakegu honen aurrean?

Bideojoko modu berriak eragin ditzakegu, Kritikoak izateko hezi, eredu estetiko berriak proposatu, aniztasuna azpimarratu, sexuen hezkuntza sustatu eta gidoi alternatiboak sortu.

Egungo teknologiak, sentikortasunaren bidezko kontrola duten jokoak garatu dituzte (Wii motako bideojokoek) eta hauek, koordinazio bisomotriza eta talde-joko mistoa sustatzen ditu, pertsonaien estetika estereotipatuez at. Elkarbizitzari dagokionean, eraikigarriagoak diren bide berriak jorratu eta garatu dira, beraz, azken urte hauetan.

Argazkia: CC BY - MJ/TR

Egungo teknologiak, sentikortasunaren bidezko kontrola duten jokoak garatu dituzte (Wii motako bideojokoek).
Argazkia: CC BY - MJ/TR

Nola bizitzen dituzte neska eta mutilek bideojokoen erabilerak?

Entzun ditzagun neska eta mutilen ahotsak:

Neska batek partida batean irabazten badit, beste mutilek iseka egiten didate, neska hori jokoan ni baino ordu gehiagotan ibilia edo zaharragoa izan daitekeen arren. Zergatik?.

Mutil bati partida batean irabazten badiot, ez dute onartzen bera baino iaioagoa naizenik; zortea besterik ez dela izan esaten didate. Horrek amorru handia ematen dit.

Neska naiz eta ‘mutilen’ bideojokoetan jolastea atsegin dudalako, gainerako neskek gaizki begiratzen didate, ‘marimutila’ banintz bezala.

Joko berrietan mutilek jokatzen dute, eta ni zaharretan jokatzearekin konformatzen naiz; horrela eroso sentitzen naiz.

‘Neskentzako’ bideojokoak (arrosa koloreko kaxan datozen horiek) makillaje, moda eta antzeko gaiei buruzkoak izaten dira. Neska naiz, eta ez ditut atsegin.

Nire nebak ez dit gure bideojokoa uzten bera nekatu arte. Badirudi ‘mutilena’ dela. Gurasoek ez didate jaramonik egiten, kexatzen naizenean. Eskolako patioarekin gauza bera gertatzen zen; mutilek hartzen zuten ia beti toki osoa.

Nerea Sancho Esnaola. Bitxigorria Sexologia Zerbitzuko zuzendaria
Doako sexu aholkularitza profesionala Bitxigorria Boutique Erotikoan:
Telefonoz: 943 42 00 00
e-posta bidez: asexoria@pittilingorri.com
Aurrez-aurre: Salamanka Pasealekua, 3 ½. 20003 Donostia
http://es-es.facebook.com/Bitxigorria
www.bitxigorria.com

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia