Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Asier ASTIGARRAGA
Barandiaranen heriotzaren 20. urtemugaren karietara zilegi bekit kanpotik eta ikusle huts moduan haren lanaren laudorioa egitea.
Oso erraza da gaur egun Barandiaranen balizko akatsak eta ahuleziak azpimarratzea. Besteak beste, hauexek dira kritikatu dutenek behin eta berriz aipatzen dutena:
1. Elizgizona zen eta katoliko militantea. Nabarmena da haren lana bultzatzen duen teleologia. Ezin beraz oinarri honen gainean inongo objektibotasun edo zientzia sustatu.
2. Barandiaranen lehentasuna nekazal giroko mundua berreskuratzea izan zen, hiri eta ziutateen gaiztakeriak saihesteko: kristautasunaren kontrako jarrera, erlijio epeltasuna eta eliza kristauaren helburuen aurkako hizkuntza eta ohiturak ez azaltzeko. Bere euskal munduaren iruditeria garai jakin itxi eta agortu batekoa da.
3. Metodologiaren aldetik lehentasuna beti da materialen bilduma egitea eta, zientziaren bidearen kontra, ez zuen inongo hipotesiren, analisiren edo konparazioren proposamenik egin.
4. Berak aukeratu zuen galdetegi itxien bidea ere, aztertzaile amateur askoren habia izateaz gain, gaurko zientziaren ikuspegitik agorra da.
Barandiaran elizgizona zen eta katoliko militantea.
Lehen argudioa dela eta esango nuke ikerlari guztiek dutela euren historia, euren aurrehistoria eta euren janzkera eta uniformea ere. Mundura sortu garenetik eta gora, guztiok daukagun zama da hau eta ez deritzat zuzen eta zilegi eztabaida maila honetan jartzeari gainera. Bakoitzak atera ditzala bere kontuak. Gaia da aldean daramatzagun janzkeren gora-beheran zein den lan zientifikoaren aurrean hartzen dugun jarrera eta zein den helburua.
Bigarren argudioa dela eta egia da Barandiaranek zuzenean garatutako lanaren ardatza hori izan zela baina ez dut uste berak programatu zuen lan egitarauan hau zenik helburu bakarra. Eta bere etnografia honetara mugatu behar dela irakurtzen duenak, behar, bada iturria agortzen eta mugatzen ari dela esan daiteke. Zer dela eta aipatzen eta markatzen zituen Barandiaranek hainbeste edozein testuingurutan azaldu beharreko aldaketa kultural eta trantsizioak?
Hirugarren eta laugarren kritikak ere lotuta doaz. Metodologia da eztabaidagaia. Eta XXI. mendearen balkoitik oso erraza da trufak egitea. Egin dezagun atzerantza eta azter ditzagun Barandiaranek gizarte-zientzietan orokorrean zegoen egoera. Antropologiaren eta etnografiaren “sortzaileen” garaikidea izan zen. Eta, jakina denez, joera kultural eta sozialen arteko banaketa XX. mendean zehar gauzatu zen. Eta eztabaida honek oraindik badauka jarraipena. Eta nabarmen bereiztu izan diren eskolak sortu ditu.
Laugarren kritika honetan ere ikuspegia aldatuta Barandiaranen egitasmoaren indargunea ere aurki daiteke. Zelan bideratu ikerketa zientifikoa unibertsitaterik ez duen eta epe luzean izango ez duen gizarte batean? Eusko Ikaskuntza batek azal dezake zein izan zen bere I. Biltzarraren ostean garaiko botererik gorenek euskal unibertsitate bat eraikitzeko azaldu zitzaien asmoaren aurrean agerturiko jarrera.
Inkesten bidea itxia dela? Ba gaurko ikuspegitik bai, argi dago. Garaiko ikuspegitik eta baldintza objektiboak kontuan hartuta? Ba behar bada Barandiaranen zuhurtziaren eta argitasunaren alde hitz eginez hasi behar genuke.
Zer dugu, bada, Barandiaranen alde? Ba hauxe eta beste gauza asko ere!
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus