Escribe

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Ezagutzaren gizarterantz al doa Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE)?

Auxkin GALARRAGA EZPONDA

Auxkin Galarraga Ezponda
2011ko apirilaren 8an defendatutako doktorego tesia
Zuzendaria: Ander Gurrutxaga Abad

Ibilbidearen Kontakizuna

Gizarte Postindustriala, Informazioaren Gizartea eta Ezagutzaren Gizartea giza garapenaren eta modernitatearen hurrengo fasea izango zirenaren ideiarekin liluratuta ibili izan dira hainbat pentsalari azken hamarkadetan. Egia esan, ezin uka daiteke mendebaldeko herrialdeetan eta baita munduko beste hainbat txokotan kontzeptu hauen bitartez adierazi nahi izan diren prozesuek eta dinamikek presentzia eta garrantzia nabaria izan dutela azken hiru hamarkadetan. Horien artean, pisu erlatibo handia egotzi zaie manufaktura-industriaren gainbehera prozesuari eta zerbitzuen ekonomiaren nagusitasun berriari, informazio eta komunikazio teknologien garapena eta hedapen sozialari, hirien berregituraketa prozesua eta antolamendu eredu berrien ezarpenari, teknozientziaren botere-hartze garrantzitsuari, egituraketa sozialaren baitan atzemandako segmentazio prozesuari, kontsumo ereduen aldaketa eta bizitza estiloen dibertsifikazioari, indibidualismoa eta haustura sozialaren espresioei, globalizazioak eremu lokaletan dituen eraginei, politika eta demokraziaren ahulezia eta muga berriei, ideologia tradizionalen desagertzeari, dibertsitate kulturalak dituen erronkei, ingurugiroarekin erlazioan sortzen diren erronka berriei eta Estatuaren antolakuntzak hartu beharreko norabide berriei.

Besteak beste, Daniel Bell (1976), Yoneji Masuda (1980) edo Manuel Castells-ek (1997) egindako ekarpenak aintzat hartuta gizarte egitura eta eredu berri baten zantzuak atzeman daitezkeela defendatu izan da modu iraunkorrean. Hala ere, ez da adostasunik egon “aro berri” honen agerpenak garapen sozio-ekonomikoari ateak ireki ala itxi egin ote dizkion eztabaidatzerako orduan. Zalantzarik ez da gizarte prozesuen egungo konplexutasunak kontuan hartuta ezinezkoa suertatzen dela afera honi erantzun definitibo bat ematea, azken 30 urteetan bizi izan dugun aldaketa giro honetan txanponaren bi aurpegiak ezagutzeko moduko tendentziak ikusi ahal izan ditugu eta mundu osoan zehar. Erantzunak gainera guztiz desberdinak bilakatzen dira garapen prozesuaren baitan zenbait arlo eta norabideri besteei baina garrantzia handiagoa eskaintzen badiogu. Aldiz, gure egungo erronken dimentsioa ikusita, bai arlo ekonomikoan, zein politikoan, sozialean, ingurugiro arloan eta kulturalean, eremu guztietan batera aurrera egiteko denborarik eta aukerarik baina ez daukagu, aipatutako bat ere ez mesprezatu gabe.

Argazkia: CC BY - Corin@ 2008.

Datuek eta ikerketa desberdinek adierazten dituzten tendentziak kontuan hartuta ausartegia litzateke gizarte industriala atzean utzi eta garapen ekonomiko eta sozialaren eredu berri eta berritzaile batean murgilduta gaudela defendatzea. Zentzu honetan, inuzenteegia bilakatzen da informazioaren gizartea edo ezagutzaren gizartea zentzu euforikoan, optimistan eta progresiboan irudikatzea, bi arrazoi nagusi direla medio. Alde batetik, garapen gizatiarra bultzatzeko lagungarri izan zitezkeen hainbat prozesuk oraindik ere hedapen urria izan dute gure gizarteetan eta beste aldetik, eraldaketa sozio-ekonomikoa bultzatu nahian hartutako neurriek ondorio ezegokiak edo ahulak eragin dituztelako. Aldiz, datuez ahaztu eta ezagutzaren gizartera pausua eman dugula defendatzen duten diskurtsoek , gizarte industrialaren gainbehera egunak hasi zirenetik pairatzen ditugun hainbat desoreka ezkutuan uzteko joera izan oi dute.

UNESCO (2005) erakundeak ikerlari eta pentsalari desberdinen ekarpenak kontuan hartuta, azken hamarkadetako aldaketa ekonomiko, sozial eta kulturalen inguruko hausnarketa burutua du, ezagutzaren gizarterantz osatutako ibilbidea arakatu nahian. Sakonki landutako idatzian modu zehatzean adierazten da gizarte industrialaren gainbeheraren ostean agertutako hainbat prozesurekin indarrarekin ibilbide berri baten hasiera puntuan besterik ez gaudela. Ibilbide honetan, aldaketa guztiak positiboak eta eraginkorrak izan ez direla onartzen da testuan zehar, norabide berri honetan arriskuak eta mugak, aukerak bezain indartsuak direla adieraziaz gainera. Hemendik abiatuta, ezagutzaren gizartea finkatutako errealitate modura deskribatu beharrean, landu beharreko ildo eta jomuga modura identifikatzen du. Benetako ezagutzaren gizarteetara aurrerapausoak eman ahal izateko hazkunde ekonomikoaz haratago, garapen sostengarria, kultura aniztasuna, kohesio soziala, demokrazia eta garapen gizatiarra politika publiko eta ekimen pribatuen erdigunean kokatzea ezinbestekoa dela defendatuaz1.

Errealitatea eta utopia uztartzen saiatzen den definizio honetatik abiatuta, idatzi honetan laburbiltzen den Doktorego Tesiaren (Galarraga, 2011) hipotesi orokorrak hondokoa adierazten du: gizarte industrializatuak orokorrean, eta zehazki Euskal Autonomia Erkidegoa (aurrerantzean EAE), ezagutzaren gizarterantz trantsizio prozesu batean murgilduta daude, ibilbide honetan bai geografikoki, zein sozialki eta sektorialki erritmo desberdinak aurkitu daitezke eta asinkronia honek hainbat kontraesan, segmentazio prozesu, anbibalentzia eta haustura arrisku nabarmen sortzen ditu. Hipotesiari erantzuna eman ahal izateko, EAE ezagutzaren gizarterantz burutzen ari den ibilbidea enpirikoki kontrastatzeko saiakera landua burutu da doktorego tesi honetan bi fronte ezberdinetatik abiatuta. Alde batetik, gizarte egituraren azterketa sakona burutu da datu sekundarioak oinarri modura hartuta eta beste aldetik metodologia konparatiboa landu da, EAE bizitzen ari den trantsizio prozesuarekin antzekotasunak (eta baita desberdintasunak) dituzten beste zenbait zonaldeekin alderaketa eginez, jasandako eraldaketa sozio-ekonomikoaren xehetasunetan eta adierazpen konkretuetan sakontze aldera.

Erritmo eta Formula Desberdintasuna

Prozesu historikoek herrialde desberdinetan sortarazten dituzten adierazpenek, zonalde horien ondorengo bilakaeran berebiziko pisua hartzen dutela sinetsita, ezagutzaren gizarterantz osatu daitekeen ibilbidea herrialde bakoitzak bizitako historia zehatzaren arabera baldintzatua dagoela kontsideratu da oinarri teoriko modura. Europako industrializazio zaharreko bi erregio (Manchester Handia eta Dortmund-eko ingurune Metropolitarra) eta industrializazio prozesua kapitalismoaren garapen teknologikoaren azken olatu-aldian bizi izan duen erregio baten (Helsinkiko erregioa) artean alderaketa egin ostean, industrializazio zaharreko zonaldeek (EAE horien artean, Europako eta EEBB-etako beste hainbat bezalaxe), ezagutzaren gizarterantz aurrerapausoak eman ahal izateko zailtasun bereziak aurkitu izan dituztela ondorioztatu daiteke, gizarte industrialaren desintegrazioak oraindik ere nabarmenak diren haustura eta desoreka sozio-ekonomiko sakonak sortuak dituztelako. Industrializazio prozesuan “hasiberriak” direnek aldiz, ez dituzte degradazio ekonomiko eta sozialaren ondorioak kudeatzeko beharrik eta beren egitura ekonomiko, politiko eta sozialek egun eremu globalean indarrean dagoen eredu industrialean egokitzapena lortzeko aukera gehiago lortzen dute.

Zentzu horretan, EAE-ren baitan norabide kontrajarrietan mugitu diren tendentziak nagusitu dira azken 30 urteetan, krisia eta susperraldia oso kilometro gutxiren arteko distantzia dela adieraziz. Ibilbide orokorrari begiratuta eta estatistika nagusienei erreparatuz gero, EAE-ren kasuan krisi industrialaren garai gogorrak gaindituak daudela argi geratzen da, bizi kalitatea munduko beste herrialde garatuenetakoaren parera jartzeraino iristeko ahalmena erakutsita. EAE-k krisi industrialari erantzuteko gaitasunak erakutsi izan ditu denbora guzti honetan zehar, hainbat eragile, ekimen eta errekurtso bateratuaz, egitura ekonomiko, urbano, politiko eta sozio-kulturalak modernizatu eta sofistikatzeko asmoarekin. Hala ere, honek ez du adierazten EAE-ko herri eta komarka guztiek suspertzea modu bateratuan eta erabatekoan burutu dutenik eta ezta gizarte sektore guztiek prozesu honetan parte hartzeko aukera berberak izan dituztenik ere. Izan ere, krisi industrialak kolpatutako hainbat zonalde eta giza talde, berreskurapen sozio-ekonomikoaren zirkuluan barneratzeko zailtasun nabarirekin ibili izan baita.

Argazkia: CC BY - kookalmanza.

Modu honetan, erakunde publikoen lidergoaz baliatutako susperraldi sozio-ekonomikoa modu azkarrean eta garrantzitsuan eman bada ere, ezagutzaren gizarteranzko ibilbidea osatua dagoela defendatzeko sostengu enpirikorik ez dago, hiru arlo desberdinetan gainditu gabeko problematika nabariak oraindik ere agerian geratzen direlako. Alde batetik, EAE-n ezagutzaren gizartearen eraikuntza partziala dela defendatzen da doktorego tesi honetan, ezagutzaren ekonomiak hedapen erlatiboa besterik lortu ez duelako, gizarte sektore desberdinen artean aukerak eta itxaropenak eskaintzeko zailtasunak dituelako, kohesio soziala mantendu beharrean haustura eta kontraesan berriak zabaltzen ari direlako, praktika berritzaileen presentziek eragin mugatua dutelako eta zonalde zenbaitentzat (batez ere krisi industrialak gogor kolpatutako guneentzat eta industrializatu gabeko EAE-ko eskualdeentzat) ezagutzaren gizartea urruneko kontua besterik ez delako.

Beste aldetik, bigarren multzo batean kokatzen dira krisi industrialetik ateratzeko ahaleginetan burututako berregituraketa politika eta praxiek eragin dituzten aurreikusi edo nahigabeko ondorioak. Horien artean, nabarmentzekoa da EAE-ko administrazio publikoaren baitan sortarazten joan den gizentze prozesua —konplexutasun eta bikoiztasun maila oso altuetara iritsi arte—, mentalitate eta praktika berritzaileen garapena oztopatuaz. Era berean, EAE-k bizi izan duen aldaketa eta berregituraketa prozesuarekin batera bere singulartasun politiko eta sozio-kultural tradizionala galtzen jardun du (nahiz eta guztiz ez desagertu). Indibidualismoak, kontsumo gizarteak, bizitza estiloen dibertsifikazioak eta erakunde sozialen (lana, familia, hezkuntza, komunitatea, etab) inguruko irakurketa berriek beren bidea aurkitu dute, modernizazioaren fase postindustrial honetan zehar. Azkenik, hirugarrenez, izaera konplexua eta globala duten erronka desberdinen kudeaketa burutzeko egungo tresnen ahulezia eta gabezia agerikoa da EAE bezalako herrialde batentzat, batez ere aldaketa klimatikoaren auzian edo egungo krisi ekonomikoari aurre egiteko ahalmenetan, garapen gizatiar eta sostengarrian aurrera egiteko trabak eta zailtasunak ezarriaz.

Beraz, ezagutzaren gizartearen garapena gainditu gabeko irakasgaia da EAE-n —munduko beste hainbat txokotan bezalaxe—, osatu gabe dagoen prozesua; egungo krisia eta etorriko direnak ahalik eta garantia handienekin aurre egiteko ezinbesteko ibilbidea. Horretarako baina, benetako eredu sostengarri eta gizatiarren hedapena ezin da denbora gehiagoz atzeratu, boteretsu eta dirudunen indartzea bultzatzen duen egungo kapitalismoak ezagutzaren gizarteen eraikuntzan aurrerapausoak beharrean atzerapausoak sortarazten ditu eta. Hein handi batean, egungo krisi ekonomikoaren atzaparretan horren indartsu erori izana, ezagutzaren gizarterantz pausu nahiko ez ematearen ondorioa ere bada. Garai historiko berriaren erronkek eztabaida sakonak eskatzen dituzte, oraindik ere EAE-n, arlo politikoan pil-pilean dauden mugimendu eta eskarietatik haratago.

Bibliografia:

Bell, Daniel (1976), El Advenimiento de la Sociedad Postindustrial: Un Intento de Prognosis Social, Madrid, Alianza.

Castells, Manuel (1997), La Era de la Información: Economía, Sociedad, Cultura. Vol. 1. La Sociedad Red, Madrid, Alianza.

Galarraga, Auxkin (2011), Procesos Inconclusos: la Industria y el Conocimiento en la C.A. del País Vasco, Leioa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea.

Masuda, Yoneji (1980), The Information Society as Post-Industrial Society, Tokyo, Institute for the Information Society.

UNESCO (2005), Hacia las Sociedades del Conocimiento, París, Organización de las Naciones Unidas para la Educación, la Ciencia y la Cultura.

1Definizio eta ikuspuntu honen zantzuak aurkitu daitezke Europar Batasunak 2000. urtean Lisboako Estrategiaren izenpean ezagutzera eman zuen akordioan erabilitako lengoaian eta planteatutako helburuetan.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia