Idatzi

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Donostiako katedrala. Artzain Ona

Ander BARANDIARAN GARCÍA

Artzain Ona Donostiako katedrala da, Manuel Echave arkitektoak XIX mende amaieran estilo neogotikoan eraikia, 1897an inauguratu zen. Artzain Onaren plazan kokatzen da, Donostiako erdigunean (43.3167ºN 1.98139ºW) eta Gipuzkoako eliz barrutiko egoitza nagusia izateaz gain Donostiako elizarik handiena da, 1.915 metro karratuko azalera dauka. 1899an amaitu zen eraikitzen eta 1953. urtetik katedral maila du.

Historia

1887ko abuztuan, udalak orduan urpean zegoen lursail bat eman zuen Donostiako Zabalgune berrirako eliza bat eraikitzeko. Urte bereko abenduaren 10ean proiektua garatzeko konkurtsorako oinarriak onartu ziren. Aurkeztu ziren lauen artean, Manuel Echave arkitektoarena (Antonio Cortazarren suhia zen, Donostiako Zabalgunearen egilea) aukeratu zen eta hari esleitu zitzaion obra zuzentzea ere.

Artzain Ona Donostiako katedrala

Artzain Ona Donostiako katedrala da, Manuel Echave arkitektoak XIX mende amaieran estilo neogotikoan eraikia, 1897an inauguratu zen.

Eliza neogotiko hau 1897. urtean inauguratu zen, eta eliza gotiko germaniarren ereduetan inspiraturik 1899. urtean amaitu zen, Ramon Cortazarren zuzendaritzapean.

Hasiera batean, Gipuzkoa Gasteizko apezpikutzaren menpe zegoen. Donostiako eliz barrutia egin zenean, 1949. urtean, Artzain Onaren eliza Katedral bihurtu zen. Baina elizan aldaketa batzuk egin behar izan ziren horretarako: jatorrizko aldare nagusia —estilo neogotikoa zuena— kendu eta Artzain Onaren irudia jarri zen absideko horman, eta lau ebanjelarien irudiak (Jose Limona, 1864-1943) gurutzaduran. Aldare nagusian, aulkiteria bat (1953) jarri zen koruaren zerbitzura. Sakristian eta lurpeko kriptetako batzuetan ere aldaketak egin ziren. Azken erreforma garrantzitsua 1972. urtean egin zen.

Obra prozesua

Lehen harriaren ezartze ofiziala, Espainiako erregearen familia bertan zela, 1888ko irailaren 29an ospatu zen. Zutabeak jartzen 1889ko apirilean hasi ondoren, proiektuan zenbait aldaketa egitea erabaki zen. Obrak, konkurtso-subasta baten bitartez Benito Olasagastiren esku geratu ziren, hau Antiguako elizaren lanak amaitzear zegoenean. Hau hil ondoren, 1896ean, bere anaiek hartu zuten lanak amaitzeko kargua. Dorrea amaitu gabe egon arren, 1897ko uztailaren 30ean inauguratu zen, oraingoan ere Espainiako erregearen familia bertan zela. Dorrea 1899an amaitu zuten Ramon Cortazar arkitektoaren zuzendaritzapean, Zabalgunearen egilearen semea. 1909an Churruca arkitektoak aurrealdeko handitze lanak burutu zituen eta 1929an absidearen atzealdeko sabaia. Kaperaren dekorazioa, apaindurak, orratzak, eta abarren lana Julio Gargallok egin zituen, aldamenetako aldareen taila lanak bezalaxe.

Deskribapena

Katedrala Donostiako erdigunean kokatzen da, Artzain Onaren plazan toki nagusia hartuz. Santa Maria elizako fatxada barrokoari begira dago, honela, Cortazarren Zabalgunean ardatz bat sortuaz, Hernani kalea eta kale Nagusia hartzen dituen ardatza.

Echavek, dirudienez, Coloniako katedralean inspiratuta egin zuen eta estilo neogotikoaren adibiderik interesgarrienetakoa dugu. Gurutze latindar formako oin-planta du, 1.915 metro karratuko azalera eta 4.000 pertsonentzako lekua.

Sarrera nagusitik abiatuz, hiru nabeko zati bat du lehenik eta gero bosteko bihurtzen da presbiteriotik hurbilen dagoen zonaldean, erdiko nabea besteak baino zabal eta altuagoa duela (64 metro luze eta 25 metro garai). Gurutze gangak, fuste zilindrikozko kolometan deskargatzen dira. 75 metroko orratz formako kanpai-dorrea berriz, sarrera nagusiari bide ematen dion atariaren gainean aurkitzen da. Kokapen zentratua hartzen du eta bertikaltasuna indartzen da, eraikina eskailera batzuez baliatzen den zokalo baten gainean kokatuz.

Ez du girolarik, baina bai ordea arbotanteak, pinakuluak lehiateak eta gotikoaren elementu bereizgarri gehiago.

Katedrala Donostiako erdigunean kokatzen da

Katedrala Donostiako erdigunean kokatzen da, Artzain Onaren plazan toki nagusia hartuz. Echavek, dirudienez, Coloniako katedralean inspiratuta egin zuen.

Xehetasunak

Hormak hareharri landuz eginak dira, kontrahormekin kanpotik. Horretarako, Igeldoko harrobiko hareharria erabili zen. Gangetarako berriz, Bugos Ociotik ekarritako tufarria eta tenpluaren teilatuetarako, Frantziako Angers herriko tupa edo arbel harria.

Kapera nagusia, 1972ko erreformaz geroztik, Goicoechea y Arin, Gasteizko etxeak landutako harlanduzko koral batek estaltzen du. Honen gainean, absidetik zintzilik dagoen oinarri batean, Artzain Onaren taila aurkitzen da, aldare nagusi neogotikoan egon zena. Bartzelonako Jose Llimona (1864-1943) artistaren obra da, zeinek aldare zaharretik ekarritako lau ebanjelarien tailak ere egin zituen, gaur egun gurutzadurako zutabeetan kokatuta daudenak.

Gurutzadurako rosetoien azpian, haserako proiektuak kate batzuk aurreikusten zituen. Hauek azkenean urrezko 2 erretaula neogotikogatik ordezkatu ziren, Jesusen Bihotz Sakratua eta Ama Birjinaren Sortze Garbia aldareetan kokaturik. 1907 eta 1917 urteetan kokatu ziren urrenez urren. Beste elementu interesgarriak dira Famili Saindua, Karmengo Ama Birjina, San Antonio eta Asisko San Franciscoren erretaulak eta aldareak, Julio Gargalloren obrak. Artista honek Santa Teresa eta Virgen del Perpetuo Socorroren aldareetan ere egin zuen lan.

Kripta presbiterio azpian kokatzen da eta 1949-1953ko erreformaz geroztik parrokiako sakristia funtzioa betetzen du. Bertan, lehen parrokoaren aztarnak daude, D. Martin Lorenzo de Urizarenak.

Beirateak Juan Bautista Lazarok diseinatu zituen; absideko zazpi leiho bikoitzak isten dituzten beirateek hamabi apostoluak eta Jesusen eta Mariaren Bihotzak irudikatzen dituzte. Bataiategiak ere beirate figuratiboak ditu. Gainerako beirateak leiho bikoitzetan (goialdean) eta hirukoitzetan (azpialdean) jarrita daude, eta elizaren alboetako hormak estaltzen dituzte, neurri handi batean. Bi arroa-leihok isten dute gurutzadura. Hasierako proiektuan haien azpian ate bana kokatu nahi zen, baina azkenean haien ordez, erretaula batzuk jarri ziren.

Elizan organo bikain bat dago, Europako handienetakoa, bere eskuko bost teklatu, pedalak eta 125 soinu jokorekin. 30 tonatako zama du eta 9.535 soinu tutuk osatzen dute, handienak 10 metro ditu. Antzinakoa ez izan arren, estetika neoklasikoko organoen erakusgai bihurtzen ari da. Azpeitiko OESA enpresak eraiki zuen 1953an eta katedralak izandako bigarren organoa da.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia