Idatzi

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Elkarlana eta elkarbizitza, hor daude gure geroaren giltzak

Odile KRUTZETA

Elkarlanetik sortu ziren ikastolak, kooperatibak eta gure inguruan ezagutu ditugun beste hainbat esperientzia. Euskal gizarte zibilak gaitasun handia erakutsi du bere burua antolatzeko, hau da, autoeraketarako. 21garren mendea nolakoa datorren ikusita, gaitasun hori elementu klabe bat izango da gaur egungo krisia gainditzeko eta gizarte humanoago baten aldeko pausoak emateko. Umiltasuna berreskuratu beharra daukagu, justizia soziala begi bistatik ezin dugu galdu eta gure gizarteak “resilientzia” erakutsi beharko du, hau da, egoera zailetan ez etsitzeko gaitasuna.

Gogoeta horiek Eskola Armeriaren 100garren urteurreneko ekitaldi batean plazaratutakoak dira. Garbiñe Biurrun majistratuak, Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidenteak, Andoni Egaña bertsolariak eta Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko irakasleak azaldu zituzten Armeria Eskolako aretoan, azaroaren 15ean. Mahai-ingurua Odile Kruzeta kazetariak koordinatu zuen, “Gure Herriaren Asmoak, Erronkak eta Ametsak” izenburupean.

Jon Sarasuaren esanetan, “21garren mendea galdera teknologiko eta galdera etiko berriekin dator”. Adibidez, “geneak masiboki manipulatzeko boterea izango du gizarteak aurki, baina oraindik ez da eman ahalmen hori ondo kudeatuko duen salto etikoa”. Petrolioaren zibilizazioa ere agortzear dago eta dagoeneko sortu dira, han eta hemen, erregai fosilik gabe funtzionatzen duten komunitate esperimentalak, hau da, transition towns izeneko esperientziak (transizio hiriak).

Garbi?e Biurrun

Garbiñe Biurrunek, justizia sozialean jartzen du fokua. “Planetako baliabideak hobeto banatu behar dira munduko biztanleen artean”.

Hala ere, eta Sarasuak dioenez, “gaur egungo gizartean belaunaldi progresistak jarraitzen du hegemoniko izaten” eta irtenbide handirik gabeko garapen industrial eta teknologiko azeleratu bat bultzatzen ari da. Bere ustez ordea, 21garren mendeak planteatzen dituen galderak ez ditugu matrize progresista batekin erantzungo. “21garren mendeak postprogresista izatera deitzen gaitu” eta alde horretatik Euskal Herriak badu muga bat. “Pentsamendu modernoa eta progresismoa oso berandu sartu zen hemen eta emozio handiz. Euskaldunok emozio handiz bizi dugu dena, bai karlismoa eta bai progresismoa. Ziklo desarrolistan egon gara ia-ia oraintsu arte eta ziklo progresistan gaude”. Beraz, horrek ahulak egiten gaitu 21garren mendeko erronka berrien aurrean.

Ikuskizun dago zer gertatuko ote den 21garren mendean mundu mailako dibertsitate linguistiko eta kulturalarekin. Korapilo horren erdian dagoen herri bat da Euskal Herria. Baina bere alde ditu euskalgintzaren arloan azken 50 urteotan egindako lana eta esperientziak. Lehentasuna du beraz, “euskal hiztun komunitatearen egituratzeak”.

Gure herriaren alde dago baita ere, autoeraketarako erakutsi duen sena berezia. Hor daude ikastolak, kooperatibak, soziedade gastronomikoak eta beste hainbat adibide. “Autoeraketa izango da mende berriko material ideologikoetako bat”, esan zuen Jon Sarasuak, “eta hor badugu humanizazio potentzial bat eta esperimentazioa”.

Elkarlanaren ildotik mintzatu zen baita ere Iñaki Dorronsoro.

“Euskal Herrian baldintza onak ditugu elkarlanean oinarritutako ekonomia bat garatzeko. Izan ere, erreferente gara enpresa barruko elkarlanari dagokionean. Baina horrez gain enpresa arteko elkarlana ere bultzatu beharra daukagu. Herri bezala txikiak gara, enpresa bezala diminutoak eta tamaina bat behar dugu munduan konpetitzeko”. Era berean, beharrezkoa da enpresaren eta bere inguruko komunitatearen arteko elkarlana sustatzea eta baita enpresaren eta administrazio publikoen artekoa.

Bestalde, epe luzeko azterketa ekonomikoak egitearen garrantzia azpimarratu zuen Iñaki Dorronsorok “epe motzekoek ez baitute balio munduko dinamikak ulertzeko”. Azken mendeotako ziklo ekonomikoek 60 eta 90 urte bitarteko iraupena izan dute. Ziklo bakoitzean eskualde zentral edo nukleo bat egon da eta haren inguruan beste eskualde periferiko eta semiperiferikoak. Gaur egungo zikloan Estatu Batuek izan dute zentralitatea baina “badirudi gainbehera doala azken urteotan”. Eta zentralitatea oso inportantea da. Izan ere, “zentroko eskualdeak, sistema osoak sortutako balio erantsiaren zati handiago bat bereganatzen du, erlatiboki”.

Dorronsororen esanetan, “azken 15 urteetan gure koiuntura ekonomikoa hain ona izan da ez garela preokupatu epe luzera daukagun arazo izugarriarekin. Gure industriak ahaztu egin du sektore aurreratuetara eta herrialde aurreratuetara joateko esfortzua. Ez ditu ulertu mundu mailako dinamikak. Epe motzerako planteamenduekin bizi izan gara. Konpetitibitatea galdu dugu”.

Andoni Ega?a

Andoni Egañaren ustez, “elkarbizitzarako proiekturik onena proiektuen elkarbizitza da. Proiektu batean benetan sinesten duzunean, zure kideekin aurrera eraman duzunean, entrenatuta zaude elkarbizitzarako”.

Beraz, Iñaki Dorronsorok honako proposamena zabaldu zuen Armeria Eskolako aretoan, “gure gaitasun eta teknologietan oinarrituta honako hau lortu beharra daukagu: zentralitatea duten erresuma aurreratuekin kokatzea eta hango industria aurreratuekin lotzea. Ahal dela, inbentu ikaragarririk egin gabe. Herri bezala helburu horren atzetik jarri behar dugu bai gure berrikuntza sistema guztia eta baita gure estrategia guztia ere. Esatea erraza da. Egitea ez, ordea”.

Garbiñe Biurrunek berriz, ez lieke hainbeste begiratuko herrialde aurreratuei eta gure herriaren begirada oso bestelako leku batera bideratuko luke, premia gorrian daudenengana. Biurrun-ek, justizia sozialean jartzen du fokua. Planetako baliabideak hobeto banatu behar dira munduko biztanleen artean. Horretarako, kontrol zorrotzagoa ipini behar zaie botere ekonomikoei. Biurrunen esanetan, “pentsatzen badugu borroka honetatik garaipen ekonomiko batekin irten behar dugula oker gaude”. Justizia soziala nagusituta “gure herria eta gu galtzaile izango gara ekonomikoki, baina bestelakoan asko irabaziko dugu”.

Modu beretsuan mintzatu zen Andoni Egaña ere, esanez, “gutxiagorekin zoriontsu izaten ikasi beharra daukagula”. Gauza zaila benetan, “pertsona baita animalia enbidioso bakarra”. Horrela ba, etsipenean erori gabe “gure gizarteak erakutsi beharko du badakiela eusten, badakiela gutxiagorekin konformatzen. Euskaldunok egoskorrak izateaz gain euskorrak ere izan behar dugu, alegia, resilienteak”. Eta Egañaren ustez, “elkarbizitzarako proiekturik onena proiektuen elkarbizitza da. Proiektu batean benetan sinesten duzunean, zure kideekin aurrera eraman duzunean, entrenatuta zaude elkarbizitzarako”.

Andoni Egañaren ildo beretik Jon Sarasuak azken gogoeta hau jarri zuen mahai gainean. Herri bezala “egoskorrak eta euskorrak gara eta horrek gauzak egiteko gaitasuna ematen digu. Baina aldi berean, gure arteko dibergentzietan galtzen ditugu gehienetan gure aukerak. Azken 50 urteotako drama izan da herri honetan gehien sinesten duten bi korronte emozional eta politikoak, nazionalismo klasikoa eta ezker abertzalea, nola egon diren guztiz estrategia kontrajarrietan banatuta; batzuk mendian armekin, besteak instituzio batzuen aldeko apustua eginda. Orain beste garai bat hastera goaz”. Hala ere, Sarasua kezkatuta azaldu zen “bi familia abertzale handiak datozen 20 urteetan nagusiki bestea higatzera dedikatu daitezkeelako”, elkar erosionatzera. Izan ere, ezkerretik erraza da demagogia egitea eta PNV berriz, bete-beteko desarrolismoan kokatuta dago. Beraz, herri honen aurrerabidea blindatu nahi badugu, “gure bi tradizio politiko handiak, akordioetara iristera bultzatu beharko genituzke; herri honentzat estrategikoak diren akordio politikoetara iristera eta funtsezkoak diren proiektu politikoak blindatzera”.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia