Iñaki BASTARRIKA IZAGIRRE
Irakurlearen ikuspegitik egindako ikerketa baten berri eman nahi dugu, liburuen eta irakurleen arteko harremanaz egin baita, xede batekin, liburuak hobeto jendearenganatzea, irakurlea eta liburuaren artean dauden oztopoak gainditzea, nork bere liburua aurki dezan. Izan ere eragozpenak asko dira (letra tamaina, liburuen formatua, prezioa, liburuen eskuragarritasuna, hizkuntza, badirela jakitea, liburuaren inguruko giroa,...). Ikerketa horri AURKITU ZURE (LI)BURUA izena eman zaio eta ondorio eta emaitza gisa, diagnostiko baten ondoren, zerbait praktikoa egin nahi izan da. Labur esateko, testu dastaketa bat da, irakurleak gustukoen duen testua aukera dezan, baina ohar: testua soilik irakurriko du, idazlearen eta izenburuaren eta argitaletxearen berri izan gabe. Dastaketaren eta aukeraren ostean jakingo du zein liburu den dagokiona. Prozesu honen amaieran liburua erosteko edo mailegatzeko aukera izango du. Hau bi eratara egin daiteke. Bat: Fisikoki karpa batean edo areto batean panel bidez. Bi: aplikazio informatiko baten bidez, webgunea erabiliz. Irakurle, idazle, argitaletxe, eta liburutegientzat oso mesedegarria delakoan gaude. Aurten ere Durangoko Azokan izan denak gustura ibili arren urteroko sentipena ekarriko zuen etxera: Hau liburu-itsasoa, nork aurkitu hemen, behar duena! Berehala esango du baten batek: Galdetu informazioan, katalogoan begiratu! Eta hona erantzuna: Nola begiratuko dugu, denik ere ez dakigun liburu atera berri bat, eta denik ere ez dakigun autore bat? Adibidez aurtengo nobedadeen artean egon da Mara eta izar-saltzailea liburua, Maribel Aiertza-rena, Ibaizabal etxeko mantxinsalto sailean. Baina nola jakin hori, inork aurretik esaten ez badigu? Eta beraz, ez jakinean, nola erosiko edo mailegatuko dugu ba? Nork erosten du merkaturatu denik ere ez dakien auto bat? Edo hozkailu bat? Edo jantzi bat?
Horregatik proposatzen dugu AURKITU ZURE (LI)BURUA proiektua, zubi-lan hori egiteko. Irakurleari liburuak ezagutarazteko. Irakurle horrek aurreiritzirik gabe (egilerik, argitaletxerik, euskarririk, urterik ezagutu gabe) une horretan behar duen liburua aurki dezan. Irakurleak itsuan aukeratzen du testua, testuaz gain beste ezer ezagutu gabe.
Liburu bat zain dauka irakurleak, zein ote da liburu hori?
Aurkitu zure (li)burua proiektuak irakurleari liburuak ezagutarazteko aukera emango dio.
Dastaketa honetan hiru testu daude irakurlearentzat. Nahi duena aukeratzeko.
Irakur bitza eta hauta beza gustukoena.
1. liburua
57. orr.
‘Gogoan izan oso kontentagaitza naizela,’ esan zion baronesak. ‘Gizabide handia al du?’
‘Zurekin handia izango du. Mundu-gizona da; Txinan izana da.’
Madame M?nsterrek algaratxo bat egin zuen. ‘Txinako mundua duen gizon bat! Oso interesgarria izango da.’
‘Etxera aberastasun handia ekarri zuen ideia dut,’ esan zion Felixek.
‘Hori beti da interesgarria. Gaztea al da? Itxura onekoa? Buruargia?’
‘Berrogei urteren azpitik ibiliko da; burua soiltzen hasia du; iaioa da hizketan. Esango nuke,’ erantsi zuen mutilak, ‘miresgarria gertatuko zaiola M?nster baronesa.’
2. liburua
13. orr.
Elkartu egin behar omen da estualdietan, eta horixe egin zuten zuriek. Baina gu ez ginen haietakoak. Jamaikako andreek sekula ez zuten onartu gure ama, “zeren hura oso bere modukoa, oso bere modukoa”, Christophinek zioenez.
Ama gure aitaren bigarren emaztea zen, gazteegia harentzat, andre haien iritziz, eta, are okerrago, Martinikan sortua. Galdetu nionean ea zergatik etortzen zen hain jende gutxi gu ikustera, amak erantzun zidan Spanish Town eta Coulibri estate gure bizilekuaren arteko bidea oso txarra zela, eta bideak berritzea, jadanik iraganeko gauza. (Nire aitak, bisitariak, zaldiak, ohean seguru sentitzea... oro ziren iraganekoak).
3. liburua
Genji Distiratsua, inoiz Asia harritu duen seduktorerik handiena, berrogeita hamar urte bete zituenean ohartu zen hiltzen hasi beharra zeukala. Bigarren emazteak, Murasaki Printzesa Bioletak, kontraesanezko hainbat infidelitate tarteko berak hainbeste maite izan zuenak, aurrea hartua zion bizitza aldakor eta zail honetan merezimenduren bat bereganatu duten hildakoak joan ohi diren Paradisu horietako batean, eta Genji atsekabetuta zegoen, ezin baitzuen zehatz gogoratu haren irribarrea, ezta negar egin aurretik egin ohi zuen imintzioa ere. Hirugarren emazteak, Mendebaldeko-Jauregiko-Printzesak, ahaide gazte batekin engainatu zuen, berak gazte garaian aita enperatriz nerabe batekin engainatu zuen bezala. Antzezpen beraren hasiera zen berriro, mundua den antzokian, baina bazekien oraingoan ez zitzaiola egokituko agure zaharraren papera besterik, eta pertsonaia horrena baino nahiago zuen fantasmarena.
Adibidez irakurleak 3. liburua aukeratu du. Zein ote? Irakurleak jakin-mina du.
Irakurri dituen pasarteetatik gustukoenak zeintzuk diren jakin eta gero ezagutuko irakurleak zein libururenak diren.
Irakurri dituen pasarteetatik gustukoenak zeintzuk diren jakinda, dagokion liburuak zein zenbaki duen honez gero badaki. Behean ikusiko du zenbaki hori zein libururena den. Hau da, zein den irakurtzeko zain duen liburua! Dagokion liburua!
Maileguan hartu edo erosi egin dezake.
1. liburua
Europarrak
Henry James
2. liburua
Sargazo itsaso zabala
Jean Rhys
3. liburua
Ekialdeko kontakizunak
Marguerite Yourcenar
Edozein bilduma edo gai har daiteke. Goiko pasarte horiek literatuta unibertsalaren bildumatik ateratakoak dira, baina egin daiteke, berdin, zientzia-dibulgazioarekin, erlijioarekin, filosofiarekin, historiarekin, txiste-liburuekin... eta baita gai horiek denak nahasian jarrita ere.
Batek baino gehiagok hori galdetuko du, hau pentsatuz: Ez al da aski liburuaren azaleko laburpena irakurtzea? Liburua esku artean hartu eta gainbegiratzea? Bai, zalantzarik gabe, baina irizpidea edo kriterioa duen pertsona batentzat. Denok ez gara aditu hainbat alorretan eta hor argibide bat ongi datorkigu.
Dena den, adituak ere, batzuetan hartzen du ezustekorik, ezagutzen ez duen liburua edo saila aurkituta.
Horrez gain, bide honekin, ezezagunagoak diren liburuek ere besteen aukera bera dute, ez baitu eraginik idazlearen ospeak edo promozioaren indarrak, baizik eta mamiak, testuaren beraren garrantziak edo erakarmenak.
Gertatzen da, baita ere, testuak ezusteko formatuan agertzea, adibidez komikian edo disko baten letretan, aldizkari batean, egutegi batean edo edizio digitalean.
Edo izenburuari begiratuta sekula irakurriko ez genukeen liburu batean pasarte ezin ederragoak, ezin interesgarriagoak aurkitzea.
Edo ipuin liburu bateko ipuin jakin bat, eta ez besteak, gustatzea.
Generoen mugak ere hausten dira. Adibidez gustuko testua hautatu ostean jakiten dugu antzerki obra baten zati dela eta ez nobela baten elkarrizketa. Hala, gehienbat eleberria irakurtzen duen batek apenas edo batere irakurtzen ez duen antzerki-generoa ezagutuko du.
Liburuen bila joateko modu honek badu sorpresaren atsegina, ez baitu jakiten hasieran irakurleak, zein argitalpen egokituko zaion.
Era askotako dastaketak ezagutzen ditugu, batez ere janari-edarienak. Ardo dastaketak ditugu eredu on. Ardoa bera dastatzeaz gain, ardoaren ezaugarriak baloratzen irakasten da, kolorea, usaina, zaporea,... Antzeko zerbait liburuekin egitea, mesedegarri litzateke noski.
Aurkitu zure (li)burua proiektuak urrats bat eman du irakurleari erraztasunak emateko bidean..
Aurkitu zure (li)burua proiektua egoki litzateke liburu azoka bateko nobedadeak ezagutarazteko, esate baterako.
Azokan bertan edo aurreko egun edo asteetan egiteko. Zer dagoen jakitea ona da, gero erosiko bada. Ferietako galtzerdi saltzaile batek esana: “Begiratzen ez duenak ez du erosten”.
Liburutegietan klasikoak ezagutzera emateko ere ona da, izan ere zein gazte ausartuko da bat batean Aristoteles, Montaigne, Erich Fromm, eta abar letzen? Beharrezkoa da apurka hastea, eta zer hoberik esaldi edo paragrafo dastaketa bat baino? Ez dago botila osoa edan beharrik, ardoa nolakoa den jakiteko.
Ikastetxeetan gazteen artean liburu-sail bat aurkezteko era aproposa izan daiteke, sarbidea.
Irakurleak, orain arte eman zaiona baino onespen hobea merezi duelakoan gaude. Esate baterako, gure liburudendetan ez dago aulkirik eserita liburuak ezagutzeko, gainbegiratzeko. Zer esanik ez, liburu azoketan. Eta prezioak? Eskuragarriak al dira liburuak? Ez al da hobe edizio apalagoak eta merkeagoak egitea?
Aurkitu zure (li)burua proiektuak urrats bat eman du irakurleari erraztasunak emateko bidean. Inork bAst etxeak egin duen proiektu hau martxan jarri nahi badu eta laguntasuna behar badu, lasai jar daiteke harremanetan helbide honetara idatzita: i.bastarrika@gmail.com (Iñaki Bastarrika Izagirre.)
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria