Esperientzia Modernoa. UPV/EHUko Ikerketa Taldea

Aintzane RINCÓN DÍEZ

Lagundu

Tesiaren laburpena

Esperientzia Modernoa ikerketa taldeak, Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikidea Sailean garatzen du bere lana. Lau ikerlari fundatzaileen ahalegin eta ekimenari esker hasi zuen taldeak, 1996. urtean, gaur arte dirauen ibilbidea. Haiek hasitako lehenengo pausuen adierazle izan zen “Pentsamendu zientifikoa, generoa eta gizarte aldaketa Euskal Herrian, 1876tik 1936ra” izeneko proiektua, eta ordutik gaurdaino ikerketa taldea hazi egin da, Historian, Arte Ederretan, Zientzia Politikoetan zein Filosofia eta Kazetaritzan aritutako irakasle eta doktoregai berriak hurbiltzen joan direlarik. Hala, hamazazpi pertsonak osatzen dugu UPV/EHUk 2008. urtean “Esperientzia modernoa Espainian (1870-1980) - La experiencia moderna en España (1870-1980)” izenburupean onartu zuen Ikerketa Talde Finko hau.

Gure ikerketen helburu nagusia 1875. eta 1990. urteen arteko Espainiako gizarte modernoaren esperientzia ezagutzea da. Bizipen horrek genero, klase eta nazio identitateetan duen eragin, garrantzi edota ondorioak aztertzea dugu xede. Gure lanak hizkuntza-paradigmaren berrikuste kritikoan du abiapuntu teorikoa. Hortaz, identitateetara hurbiltzen garenean, hauek ez ditugu berezko objektu bezala hartzen baizik eta, alderantziz, gizakiek eraikigarriak, zori historikoaren mendeko eta, beraz, aldakortzat ditugu.

Modernitateaz dugun ideia, gizarte garaikideak arrazionalizazio eta desengainu fenomenoak bizi eta esperimentatzeko dituen modu ezberdinei dagokien fenomenoarekin lotzen dugu. Prozesu horiek gizartea osatzen duten elementu ezberdinen izaera ezegonkorra azalarazten dute. Hortaz, modernitatearekin lotutako fenomeno horien harira, lana, ekonomia, gizartea, feminitatea edota sexualitatea eskema edo egitura egonkorretatik aldendu egiten dira. Hau da, azalarazi egiten da gizartea egituratzen duten adierazitako elementuen ustezko egonkortasunaren izaera ezegonkorra. Honek aldaketak gauzatzea ahalbidetzen du eta errealitatearen eraldaketa proposatzen duten indarren ekintzak errazten ditu. Dena den, aipatutako ezegonkortasunetik ez dugu kontraesanik gabeko norabide bakarreko prozesu bat ondorioztatzen. Fenomeno hauek erdigunerik gabeko sare konplexu baten parte dira. Sare horren elementuren batean emandako aldaketak orokortasunean dauka eragina. Horregatik ez dugu egoki ikusten kausalitatean oinarritzen den gizarte aldaketaren ikuspegirik.

Foto: CC BY - aka JZR

Gure ikerketen helburu nagusia 1875. eta 1990. urteen arteko Espainiako gizarte modernoaren esperientzia ezagutzea da.
Argazkia: CC BY - aka JZR

Oinarri hauetatik abiatuta, hiru lan esparrurekin lotuta garatu ditugu klase, genero eta nazio identitateen inguruan daukagun jakin-mina eta hauek Espainia eta Euskal Herriko gizarte modernoaren sorkuntza prozesuan bizi duten artikulazioaren inguruan daukagun jakingura. Hona hemen, laburbilduta, lan-ildo hauen azalpena:

Lehenik eta behin, diskurtsoen analisian garatzen dugu gure jarduna. Gure proiektuan lantzen ditugun aldi historiko ezberdinetan genero, klase eta nazio identitateen eraikuntzetarako eskuragarri egon zirendiskurtsoak ikasten eta aztertzen dihardugu. Lan esparru honek praktika kulturalak eta esangurak eraikitzen direneko era konplexuetara hurbiltzea errazten digu. Bereziki, gizabanakoa inguratzen duen mundua eta berau irudikatzeko dituen modu linguistikoak aztertzen ditugu. Iturri idatzi eta dokumental ezberdinak erabiltzen ditugu gure proiektuari oinarri ematen dion talde lanean.

Ahozko iturri eta memoriaren lanketari dagokio gure taldearen bigarren lan ildoa. Pertsonen oroimenekin lan eginez, gizabanakoen memorietara hurbildu gaitezke eta euren esperientziak bildu ditzakegu. Gure lan planteamendua bizitza-historiak eginez eta oroimenak errealitatearen diskurtso erreferentziatzat —eta ez iraganeko irudi gardentzat— dituen ahozko historiaren hermeneutikatik abiatzen da. Ikuspuntu honetatik abiatuta, historialariaren lan interpretatiboa beharrezko bihurtzen da memoria ikerketarako iturri gisa erabili nahi badugu. Era honetan kultur eta identitateen aldaketek subjektuengan izandako eragina baloratu dezakegu, esangura berriek gizon eta emakumeen eguneroko bizitzan izandako eragina nolakoa izan zen hausnartu, eta subjektuek sozialki araututako diskurtsoen esanahiei emandako erantzunak zer-nolakoak izan ziren ezagutu eta aztertu dezakegu. Iturri mota honen erabilerak gizarte aldaketen barnean gizabanakoaren rolari garrantzia eta protagonismoa ematea ahalbidetzen digu, eta giza-ekintzaren dimentsio subjektibo eta sinbolikoetara hurbiltzen gaitu.

Bukatzeko, gure hirugarren lan ildoa sexualitateari eta gorputzaren hermeneutikari dagokiona da. Feminitatearen, maskulinitatearen eta praktika sexualen inguruko diskurtso arauemaileek zein hiru hauen inguruko praktika kultural bihurriek merezi dute gure arreta. Honekin lotuta, amodio-kontu eta sexuaren inguruko aldaketa kulturalak (arauemaile eta bihurriak) aztertzen dihardugu. Bestalde, gizarte aldaketa eta honek eragiten duen eztabaida “gorputz espekularrak” deritzaiegunen inguruan gertatzen direla uste dugu. Hots, gizarte eztabaida gorputzen irudikapenen inguruan gauzatu eta antolatzen dela iritzi dugu. Geure ikuspuntutik, diskurtso/sinbolo produkzioaren erdigune dira gorputzak, eztabaida eta hizketarako guneak eta eremuak —nahiz eta hizketa horiek ez diren era oso aktiboan parte hartzen duten diskurtsoen ekintzetara mugatzen—, eta emozioak/sentipenak sorrarazteko gai dira, esperientzien kristalizazioak baitira.

Azaldutako lan-ildo bakoitzaren eremuan, klase, genero eta nazio esparruekin lotutako identitateei zein euren arteko interakzioari heltzen diegu.

Foto: CC BY - aka JZR

Feminitatearen, maskulinitatearen eta praktika sexualen inguruko diskurtso arauemaileek zein hiru hauen inguruko praktika kultural bihurriek merezi dute gure arreta.
Argazkia: CC BY - aka JZR

Gure zeregin historikoan diziplina-anitzen elkarlanaren ikuspuntuarekin bat egiten dugu, eta honek erakunde pribatuekin hitzarmen ezberdinak lortzea ahalbidetu digu. Ramón Rubial Fundazioarekin “Euskal Herriko mugimendu sozialistaren memoria eta kultura historikoaren ikasketa, ikerketa eta zabaltze ekintzak burutzeko” Elkarlaneko Hitzarmena (2008tik eta urtero berriztagarria), Mercedes Arbaizak zuzendua; Euskal Sozialismoaren Dokumentazio Zentroa eta Ramón Rubialen memoria eta historiaren Dokumentazio Zentroaren eraikuntza elkarlan honen emaitzetako bi dira. Gainera, Miren Llonaren zuzendaritzapean, ikerketa taldeak AHOA (Ahozko Historiaren Artxiboa) izeneko memoria historikoaren dokumentazio zentroaren eraikuntza bultzatu du.

Berriki web orrialde bat estreinatu dugu: www.experienciamoderna.com. Interesa duen edonork taldearen ibilbidea, lan garrantzitsuenen erreferentziak eta burututako dokumentuak eskuragarri ditu bertan. Gainera, UPV/EHU-ko Bizkaiko Campuseko Komunikazio Gizarte Zientzietako Fakultatean ere aurkituko gaituzue.

Lagundu

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Escribe

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia