José Javier FERNÁNDEZ ALTUNA
Hurrengo urtetan arkitektura lanbidean aldaketa handiak gertatuko dira, eta ondorioz aurreko bederatzi artikuloetan aipatu ditugun erronkaz gain denborarekin beste batzuk sortuko dira arkitektura lanbidearekin harremana dutenak eta guzti horietatik hamar aukeratu ditugu, adibidez, ziurrenik ikasketak aldatuko dira edukiak arinagoak izanik (1), eta ondorioz aurreko jakintza multzo zabalak mugatuko dira eta sortuko diren hutsune berriak aurreko erronkan aipatutako talde lanak edota beste lanbidetako profesionalak bete beharko dituzte. Bestetik, ziurrenik ere tamaina ertaineko estudioak desagertzen joango dira (2) eta egoera berriak profesioa bi muturretara eramango du, estudio handi eta txikitara. Baina estudioak handiak edo txikiak izanik hurrengo urteetan lehiakortasuna bai oso handia izango dela (6) eta gure artean kanpoko estudioen presentzia gero eta ohikoagoa izango denez gure estudioak ere lana bila kanpora atera beharko dute.
Egoera honetan belaunaldi gazteak lanbide honetan txertatzea ez dute erraza izango baina egoera berri hauetan egokitzeko aukera gehiago ere izango dituztenez belaunaldi aldaketa baten aurrean kokatuko gara (3) eta egoera honek era berean bat egingo du demokratizazio prozesu batekin (5), belaunaldi gazteen artean orain arte ez ohikoak ziren klase sozialetako kide berriak txertatuko baitira. Gainera, gazte hauen artean gero eta gehiago ere emakumeen partehartzea esanguratsuagoa izatea espero dugu (4), pixkanaka eta kostata gertatzen ari bada ere eta oraindik proiektu garrantzitsuak gizonezkoen eskuetan badaude ere, dinamika hau hurrengo urtetan aldatuko delakoan gaude.
Bestetik, arkitektoak beraien burua hobekiago eskaintzen jakin eta ikasi beharko dutela argi dago (7) eta ez bakarrik beraien lana saltzeko asmotan ezagutarazteko baita ere lan hezitzaile garrantzitsua egiteko dagoelako (8) gizarteari erakutsiz arkitekturaren balioa eta beharra. Lan honetan eta aipatzen ari garen erronka berri hauen zerrenda amaitzeko bereziki paisaiaren inguruko bi gai korapilatsu baina oso interesgarriak ere aurkituko ditugu: naturarekiko sentsibilitatea eta jarrera berria arkitekturaren ikuspuntutik (9) eta kalearen berreskurapena hiritartasunatik (10).
Ondoren aurrena erronka berri hauek banan bana aztertuko ditugu, eta gero Euskal Herriko arkitektura garikidearen erronka berriei eskainitako hamaikagarren eta azken artikulo hau bukatzearren bi oharrekin amaituko dugu, lehenengoan aurreko artikuloetan aukeratutako 63 eraikinen artean erronketan aipamen gehien jaso dituzten eraikuntzen zerrenda osatuko dugu, eta bigarrenean artikulo hauetan bildutako informazioa eta datuak osatzeko orduan zein iturri erabili diren aipatuko ditugu esker onak adieraziz.
Arkitektura Goi Eskola Teknikoa, Donostia.
Arkitekturaren arloan aurreikusten diren ikasketa plan berriak aurreko garaietakoekin konparatutak arinagoak izango dira, hau da, teknikoagoak eta zahatzagoak, espezializazioa joera nabarmenduz eta ondorioz ikasketak ikuspegi orokorra eskaini beharrean ezagutza atalka landuko dute aurreko plangintzetako arlo eta multzo zabalak mugatuz. Egoera berri honetan ziurrenik alderdi humanista baztertu egingo da eta ondorioz ezagutza arlo honekin harremana duten ikasgaiak garrantzia galduko dute. Era berean, espezializazioaren aldeko apustua eta alderdi teknikoak bereziki jorratzeko borondatea formakuntzako beste zenbait arlotan hutsune nabarmenak sortuko ditu eta ondorioz bederatzigarren erronkan aipatutako talde lana eta beste lanbidetako profesionalen laguntza hemendik aurrera arkitekturan ezinbestekoak izango da.
Lan taldeak orokortzeaz gain talde hauek sortu eta antolatzeko garaian egoera profesionalak berriak sortuko dira eta orain lan talde edota bulego gehienak gure artean behintzat erdi tamainokoak badira ere ziurrenik etorkizun batean joera nagusiak egoera bi muturretara eramango du, hau da, alde batetik bulego handiak sortuko dira lan asko eta desberdinak aurrera eramateko gaitasunarekin, eta bestetik bulego txikiagoak eratuko dira lan xumeagoak burutzeko asmoarekin. Ondorioz, tarteko bideak eta apustuak desagertuko dira eta egoera polarizatu egingo da bi aukerak guztiz ezberdinak izanik, bulego handiak eraikin handiak eta nazioarteko merkatu batera zuzenduko diren neurrian, txikiak gehienetan eraikin txikiagoak eta hurbileko eremutara mugatu beharko dira, aurrekoekin alderatuz proposamen desberdinak eskainiz.
Etorkizuneko egoera berri honetan belaunaldi gazteak lanbide honetan aukerak izan eta txertatzea ez dute erraza izango, baina beste aldetik egoera berri honetara egokitzeko eta moldatzeko aukera eta baliabide gehiago izango dituztenez belaunaldi aldaketak ere lehenago eta maizago gertatuko dira eta ondorioz neurri batean aurreko epeak murriztu egingo dira. Horrela, lehen aurreko belaunaldietan heldutasuna eta ondorioz lan garrantzitsuak egiteko aukerak soilik adin zehatz batetik aurrera sortzen baziren ere orain egungo egoeran alde batetik aukera hauek krisiaren ondorioz gutxitu egin badira ere beste aldetik edozein momentutan sortzeko aukera areagotu egin da eta bereziki adinaren aferak, heldutasunaren zamak garrantzia galduko du.
Belaunaldi gazteen artean gero eta gehiago emakumearen partehartzea esanguratsuagoa izango da. Printzipioz kostata gertatzen ari den prozesua da tamalez arkitekturako eskoletan ikasle kopuruarekiko izan den bilakaera emakumeen kopurua nabarmen igoz oraingoz ez baita lanbide arloan errepikatu. Adibidez, guk gure erronkak irudikatzeko hautatu ditugun 63 eraikinetan emakume arkitektoen partehartze zuzena soilik 24 proiektuetara mugatzen da ondorioz beste 39 lanen egilen artean ez da emakumerik aurkitzen. Egoera hau gertatzeko faktoreak asko eta desberdinak badira ere argi dago hurbil aurkitzen den etorkizunean egoera hau nabarmen aldatuko dela eta zorioneko garai horretan egoera bidezkoagoa izateaz gain lanbidea aberastuko da.
Arkitekturaren esparru orokorrean eta zehazki lanbidean azken urtetan demokratizazio prozesu bat gertatu da, belaunaldi gazteen artean orain arte ez ohikoak ziren klase eta talde sozialetako kide berriak txertatu baitira. Hau da, aurreko belaunaldietan arkitekto gehienak gure gizarteko goi mailetan jatorria bazuten ere neurri haundi batean arkitekto lanbide eremua nahiko endogamikoa izan baita eta ondorioz ohikoa zen familia berean belaunaldiz belaunaldi profesioa partekatzea, egun joera hau murriztu egin da eta ondorioz orain eskoletan nahasketa handiagoa dago eta egoera zalantzarik gabe aberasgarriagoa ere, ikuspegi desberdinak eta anitzak gizartean jorratzen diren alderdi diferenteak jasotzeko aukera gehiago eskaintzen dutelako.
Zuloaga plaza, Donostia.
Etorkizuneko arkitektura bulegoak handiak edo txikiak izanik hurrengo urtetan lehiakortasun giro basatiago bat biziko dute. Eta egoera hau neurri batean krisi ekonomikoak sortu badu ere, bestetik lehiakortasunaren areagotzea gure artean kanpoko bulegoen presentziaren ondorioa izango da, berez prozesu hau gero eta ohikoagoa gertatzen ari da eta horretaz jabetzeko gure eremutik kanpo hona lanera etorri diren bulegoen zerrenda ikusi besterik ez dugu egin behar. Hala ere, egoera berri honek beste alde bat ere izan beharko luke, hots, errepideak norabide bikoitza izan behar du eta ondorioz gure bulegoak ere lana bila kanpora atera beharko dira —berez, askok egiten ari dira— tartean elkartrukaketa interesgarria eta berriro ere aberasgarria gertatuz.
Egoera berri honetan arkitektoak beraien lana hobekiago eskaintzen jakin eta ondorioz ikasi beharko dute, eta ez bakarrik beraien lana ezagutarazteko eta modu horretan hobekiago merkatuan kokatzeko asmotan, baizik eta baita ere ezagutza zabaltzeko eta partekatzeko asmotan. Garai berri hauetan non teknologia berriak komunikazio zuzena eta irudiaren garrantzia nabarmenki azpimarratu dituzte, arkitektoak derrigorrez joku berri honetan parte hartu beharko dute webguneak sortuz, blogak eskainiz edota sare sozialak erabiliz; egun, oraindik arrigarria gertatzen da egiaztatzea interneteko sarean arkitekto eta proiektu askok ez dutela ez presentziarik ez lekurik. Etorkizunean tamalez erronka hau ez da hautazko zerbait izango, ezinbestekoa baizik.
Aurrekoarekin lotuta, argi dago ere arkitekturaren esparruaren aldetik lan hezitzaile garrantzitsu bat egiteko dagoela, gizarteari erakutsiz eta irakatsiz gizakiak arkitekturaren balioa eta beharra duela. Ondorioz, arkitektura gizarteratu egin behar da, erakutsi, ezagutarazi, horretarako beharrezkoak diren tresnak erabiliz: erakusketak, argitalpenak, ikerketak, aipatutako webguneak, blogak eta beharrezkoa bada sare sozialetan ere parte hartuz. Hau da, arkitekturak gizartearekin harremana berreskuratu behar du, eta harreman hori estutu, arkitektura gizakia eta gizartearen zoriontasunerako ezinbestekoa den neurrian bere garrantzia azpimarratu eta nabarmendu behar du eta horretarako bere hedapena zaindu behar du, heziketaz kezkatu behar da.
Arktektura etorkizunean naturaren inguruko eztabaida askotan sartuta aurkituko da, eta alde batetik bere defentsa eta aldarrikapena beharrezkoak izango badira ere, bestetik arkitekturak bere lana egiten jarraitu beharko du, erantzukizunez, jasangarritasuna eredutzat hartuz eta mozorro berdeko arkitekturatik hies eginez; baina horrek ez du esan nahi bere eginbeharrari uko egin behar dionik, hau da, gizakiaren mesederako lan egin gizarte hobeago bat lortzeko asmotan non natura gehienetan guztiz errespetatu eta babestu beharko da baina bestetan erantzukizunez moldatu, egokitu gizakia eta gizartearen beharretara. Eta gai honen inguruko erabakiak eztabaidaz osatuak egongo badira ere hauek aurrera eraman behar dira azken emaitza aberatsagoa izango baita.
Aurreko erronkarekin lotuta zalantzarik gabe beste bat kalearen berreskurapena hiritartasunaren ikuspuntutik izango da. Kaleak, herri eta hirietako kaleak elkarbizitzarako espazio gisa ulertutak azken urtetan ahaztutak izan ditugu, baztertutak, eta gainera, azken urtetan gure hirigintzak neurri handi batean gaizki ulertu dituelakoan gaude, aurreko garaietako eskasiarekin alderatuz gure garai berri hauetan gehiegi sortu baitira, asko eta handiak tamainaz baina ez edukietan, ondorioz sortu bezain azkar lagatu egin ditugu. Espazio hauek gizakia eta gizartearen mesedetara eta esanetara ipini beharrean ikuspegi guztiz funtzional batetik antolatuz irudi eta sinbolo desberdinen menpe jarri ditugu, benetan behar dituzten edukiak landu gabe utziz.
Haurra bat eraikitzen Arkitektura tailerra batean.
Baina aurreko hamar erronkaz gain beste asko ere planteatu daitezkela argi dago, zorionez arkitektura esparrua eta lanbidea oso anitza eta aberatsa da, gizakia eta gizartearekin harremanetan dauden alderdi asko zuzenean edo zeharka ukitzen baititu. Beste aukeren artean honako hauek nabarmenduko ditugu: jasangarritasunaren beharra, informazioa eta ezagutzaren eragina, tokiarekiko atxikimendua, hirigintza eta hiritartasunaren erronka, auzo-uharteen arazoa, mugikortasunaren afera, zabor bilketaren auzia, eraikin sistema industrializatuen aukera, garapen iraunkorraren etorkizuna, gizarte erantzukizunaren garrantzia edota komunikazioen beharra zentzu zabalean. Arkitekturak guzti hauek eta gehiago jorratu beharko ditu lanbide honek altxatzen dituen eraikinak arkitekturan bihurtu nahi baditu.
Azken artikulo honekin amaitzen dugun saila Euskal Herriko arkitektura garaikidearen erronka berriei eskainia non hamaika artikuloetan hamar erronka garatu ditugu, lehen zortzi erronkak eraikinen ezaugarrien inguruan landu genituen neurrian —eta azken biak lanbideaz— erronketako argudioak eta azalpenak irudikatzeko asmotan guztira 63 eraikin aukeratu ditugu eta eraikin asko erronka batean baino gehiagotan erabili ere. Ondorioz, artikulo sail honen lehen asmoa eta nagusiena Euskal Herriko arkitektura garaikidearen egoera orokorra aztertzea izan bazen ere azkenean sail honen azken artikulo honetan eraikin zerrenda bat osatzea erabaki dugu bertan eraikuntza aipatuenak nabarmenduz; horrek ez du esan nahi eraikuntza hauek azken urtetako hoberenak izan direnik, baina neurri handi batean ziurrenik bai adierazgarrienetakoak. Eraikinen zerrenda kontutan hartuz aipamen kopurua honako hau da:
Lau aipamenekin:
Hiru aipamenekin1:
Amaitzeko aipatu nahi dugu ere bai guztira idatzi ditugun hamaika artikuloak lantzeko —lehenengoa sarrera artikuloa izan zen eta beste hamarrak erronka bakoitzari eskainitakoa— zein iturriak erabili ditugu, hau da, nondik lortu dugu behar izan dugun informazioa. Multzoka antolatutak, bi izan dira erabili ditugun informazio iturri nagusiak eta lehenengoz egin beharrekoa guztiei eskerrak ematea da. Hona hemen multzoak:
. Informazio orokorra: artikuloetan landu diren erronkak sortzeko eta argudiatzeko erabili diren hiru iturri nagusiak honako hauek izan dira:
. Informazio zehatza: artikuloetan landu diren eraikin eta egilen ezaugarriak aurkitzeko eta aztertzeko erabili diren hiru iturri nagusiak honako hauek izan dira:
1Hiru aipamen dituzten eraikinen zerrenda alfabetikoki antolatuta dago.
Lotutako artikuluak:
Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian: Sarrera eta aurkezpena
Erabilera anitzeko eraikuntzen aldeko apustua. Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian (I)
Eraikuntza sistemen eta materialen inguruko hausnarketa. Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian (II)
Arrazionalismo abstraktua eta minimalismoaren garaipena. Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian (III)
Adierazkortasuna eta komunikazio dimentsioa salbuespen. Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian (IV)
Arkitektura jostun lana gisa ulertuta. Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian (V)
Eskala txikiko arkitekturaren aldarrikapena. Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian (VI)
Eraikuntza zaharrentzat erabilera berriak. Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian (VII)
Eraikuntzen txertaketa testuinguru zabalean. Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian (VIII)
Arkitektura talde lanen errealitatetik abiatuz. Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian (IX)
Sarrerako argazkia: Potxoenea kultur bulego eraikina, Usurbil (Ainara Sagarna, Maialen Sagarna eta Juan Pedro Otaduy, 0S3 Bulegoa)
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria