Sonia SAN JOSÉ SANTAMARTA
Burdin Aroko metalurgia-jarduerari buruzko tesiaren laburpena
Historiaurreko azkeneko aroan aldaketa sakonak gertatu ziren Euskal Herrian, bai lurraldearen antolakuntzari, bai jarduera ekonomikoari dagokionez. Aldi hau Azken Brontzea - Burdin Aroa da, eta, gutxi gorabehera, Aroaren aldaketaren aurreko milurtekoan izan zen, Erromatar okupazioa izan baino lehen (LLANOS et alii 2009).
Europar kontinentearen toki askotan bezala, Euskal Herrian idazkuntza ezagutzen ez bazuten ere, beste herrialde batzuek testu idatziak utzi dizkigute gure lurraldean bizi zen populazioari buruz, eta horri esker badakigu herriak antolatuta zeudela eta tribuak edo taldeak osatzen zituztela. Antolakuntza horren isla jarrai dezakegu erregistro arkeologikoan eta, horrela, jakin badakigu biztanleria herri harresituetan bildu zela. Herri hauek mendi garaietan eraiki zituzten, non bertatik ingurunearen eta baliabideen kontrol estrategiko handia eta defentsa natural nabarmena baitzituzten. Gainera defentsa horiek harresiekin eta hobiekin osatu ohi zituzten.
Herri hauek inguruko lurraldearen kontrol osoa zuten, bailara nagusien gainean baitzeuden eta komunikazio bideak menperatzen baitzituzten. Askotan bi herrik elkar ikusten zuten eta pentsa dezakegu harremanen bat egongo zela haien artean.
Protohistoria ere deitzen zaion periodo honetan, nekazaritza eta abeltzaintza ziren jarduera ekonomiko garrantzitsuenak. Garia, garagarra, artatxikia eta oloa ereiten zituzten, eta lekadunekin txandakatzen zutela dokumentatu da. Animalien artean, ardiak, ahuntzak, behiak eta txerriak izaten zituzten batez ere. Hala ere, bilketatik jasotako produktuek ere pisu handia izango zuten haien elikaduran. Ehiza, berriz, mantentzen zen arren, ez zuen aurreko garaietan izan zuen garrantzia; besteen artean, basurdea eta oreina ehizatzen zituzten.
Basagain (Anoeta, Gipuzkoa) herri harresitua.
Argazkia: Sonia San Jose
Jarduera horiez gain, beste batzuek ere garatu zituzten herri hauetan, hala nola zeramikagintza, ehungintza, merkataritza edo, garrantzi handia izan zuena, metalurgia.
Azken Brontzea eta Burdin Aroan hileta-errituak aldatu egin ziren, Europatik zetozen korronteei jarraituz, eta horrela, ehorzketaren ordez, gorpua pira batean erretzen zuten eta errautsak zistetan edo zeramika-ontzietan sartzen zituzten, ostilamenduarekin batera.
Euskal Herrian aurkitu diren burdinazko lehen aztarnak Burdin Arokoak dira. Hasiera batean, trukearen bidez objektu bukatuak lortu zituzten, eta aurrerago, II. Burdin Aroan, metala bertan ekoiztu eta era guztietako objektuak, tresnak eta armak egin zituzten.
Arkeometalurgiaren bidez antzinako gizarteen metalurgiaren ezagutza jakiten saiatzen gara. Horretarako, egungo metalurgiak erabiltzen dituen teknika analitikoen bidez ahalegintzen gara ezagutzen burdinaren kate operatiboarekin lotutako prozesuak, baina kontrako norabidean. Horrela, indusketa arkeologikoetan berreskuratutako objektu eta azpiproduktuak aztertuz, metalurgiarekin lotutako ekintzak iker ditzakegu: minerala erauzteko jarduerak, mineraletik metalera pasatzeko operazioak eta objektu bukatuak egiteko teknikak (ROVIRA 1987).
Ez da erraza dokumentatzea labe edota prozesu piroteknikoekin erlazionatutako egituren aztarnak. Egitura horietan egindako prozesuen arrastoak, aldiz, ugariak dira, hala nola, mineral zatiak, zepak, burdinazko produktu erdilanduak edota bukatuak. Material horiek ikertuz eta egokiak diren analisien bidez, interpreta ditzakegu aztarnategi batean gertatu ziren prozesu metalurgiaren faseak (MANGIN 2004). Are gehiago, errementari baten lantze-teknikak aztertu ditzakegu, haien artean, beroko forjaketa, tenplaketa, zementazioa, etab.
Euskal Herrian, Aroaren aldaketaren aurreko VIII. mendean dokumentatzen da burdinazko objektuen erabilera, gutxi gorabehera. Tresna hauek lurraldearen hegoaldean aurkitu dira batez ere, baina benetako metalurgiaren aztarnak Aroaren aldaketaren aurreko I. milurtekoaren bigarren erdialdetik aurrera atzeman dira ia lurralde osoan.
Oso urriak dira burdina lortzeko behar den mineralaren ustiaketari buruz dauden datuak. Burdina, oso gutxitan aurki daiteke metalezko eran, baina oso ugaria da oxidoekin, karbonatoekin edo sulfuroekin elkartuta. Ziur asko, burdinazko meen azaleramenduak ustiatuko zituzten. Hauek burdinazko oxido eta hidroxidoetan oso aberatsak dira eta metala lortzeko errazenak. Gainera, azaleramendu mota hauetan ez da zaila minerala lortzea eta ez du meatzaritza teknika korapilatsuen beharrik. Hala ere, garai honetan —antzinatik beste meatze-baliabideekin gertatu den bezala— galeria eta putzuak ere egiten zituzten minerala ustiatzeko, mearen zaina jarraituz.
Anoetan dagoen Basagain herri harresituan (Gipuzkoa) burdinazko mineralaren erabilera dokumentatu da (SAN JOSE 2011; PEÑALVER, SAN JOSE 2003). Ustiaketa-toki zehatza oraindik ezagutzen ez bada ere —saiakerak egiten ari dira Felix Ugarte Elkartearen kideak—, herrian bertan aurkitutako mineral zatiek erakusten dute bertako burdinazko mineralaren ustiaketa. Izan ere, herri harresitua eraiki zen mendiaren magalean burdinazko meak daude. Hori dela-eta, pentsatu behar dugu herria kokatzeko faktoreen artean, babes-ezaugarriez gain, garrantzi handia izango zuela burdinaren baliabidea kontrolatzeak.
Burdinazko zepak.
Argazkia: Sonia San Jose
Burdinazko minerala behin lortuta, mineraletik metala lortzea izango zen hurrengo fasea. Aurreko Aroetan beste metal batzuk ezagutzen eta ustiatzen ziren zegoeneko, haien artean, urrea, zilarra eta kobrea. Nahiz eta metal hauek naturan izaera natiboan aurkitu, laster dagokien mineraletatik metala lortzen hasi ziren, eta metalen arteko aleazioak ere lortu zituzten, brontzearen kasuan bezala —kobrearen eta eztainuaren nahasketatik datorrena—. Baina brontzea lortzeko behar diren prozesu metalurgikoak eta burdina lortzeko behar direnak zeharo desberdinak dira. Burdinaren kasua pixka bat korapilatsuagoa da, besteekin gertatzen ez den bezala, burdina urtzeko beharrezkoa baita oso tenperatura altua (1538 ºC).
Horregatik, antzinako gizarteek burdina lortzeko prozesu zuzena deritzona erabiltzen zuten. Prozesu horretan burdin minerala eta ikatz begetala batera sartzen dira labean eta erredukzio-erreakzioen ondorioz, burdinazko ore heterogeneoa lortzen zuten, solido egoeran, eta zepa eta ikatz zatiekin nahastuta. Ore hori landu ahal izateko, beroko forjaketaren bidez mailukatu behar zen ezpurutasunak kanporatzeko eta burdina trinkotzeko. Horren ondoren, edozein objektu lor zezaketen forjaketaren bidez (GÓMEZ RAMOS 1996).
Indusketetan oso ohikoa da burdinazko objektuak berreskuratzea, baina, era berean, metala edo produktu horiek ekoiztu zirenean sortutako azpiproduktuak ere ugariak dira. Mineral zatiek, zepek, ikatzek... erredukzio, forja edo birziklatze-jarduerak egiten zirela adierazten digute.
Objektuei dagokienez, ia aldakuntzarik gabe aurki ditzakegu inauskai, igitai edo golde-mutur bezalako lanabesak gure aitona-amonen baserrietan. Indusketa arkeologikoetan, oso ohikoak dira zura lantzeko trintxak eta gubiak, eraikuntzarako iltzeak eta eskarpiak, eta lantza-punta bezalako armak. Burdinaren lantze-teknika eskuratu zenetik, material honek brontzea ordezkatu zuen ia jarduera guztietan, batez ere xaflakortasunarengatik eta zailtasunarengatik. Brontzea apaindura-objektuak egiteko alboratu bazen ere, exekuzio-teknika aparta lortu zuten eta arte-lan oso konplexuak eta bikainak egin ziren Burdin Aroan.
Harritzekoa da teknika metalurgikoetan eta tipologietan europar kontinente ia osoan lortutako homogeneotasuna. Era berean, heldutasun gradu altua ere lortu zuten, Burdin Aroan diseinatutako tresna-mota batzuk milurtekoan zehar ia ez baitute aldatu, harik eta material berriekin egun garatzen ari den iraultza arte.
Bibliografía
GÓMEZ RAMOS, P. (1996): “Análisis de escorias férreas: nuevas aportaciones al conocimiento de la siderurgia prerromana en España”. Trabajos de prehistoria 53, 2, 145-155.
LLANOS, A.; ARMENDÁRIZ, J.; CASTIELLA, A.; PEÑALVER, X.; SÁENZ DE URTURI, P.; UNZUETA, M. (2009): “La Edad de Hierro en el Cantábrico oriental y su entorno”. Congreso Internacional “Medio siglo de Arqueología en el Cantábrico Oriental y su entorno” (Gasteiz, 2007), 201-344. Instituto Alavés de Arqueología. Vitoria-Gasteiz.
MANGIN, M. (2004): Le Fer, Errance, Paris.
PEÑALVER, X.; SAN JOSE, S. (2003): “Burdin Aroko herri harresituak Gipuzkoan”. Bertan 20. Gipuzkoako Foru Aldundia. Donostia.
ROVIRA, S. (1987): “Algunos aspectos de la tecnología metalúrgica en el Bronce Final y la Edad del Hierro”. B.A.E.A.A. 23, 53-57.
SAN JOSE, S. (2005): “Los inicios de la metalurgia del hierro en la Protohistoria de Gipuzkoa”. I Congreso Internacional de Paleosiderurgia y Recuperación del Patrimonio Industrial. Hierro, Historia y Patrimonio, 63-76. Inasmet. Donostia.
SAN JOSE, S. (2011): “Aprovechamiento de mineral de hierro en el monte Basagain (Anoeta, Gipuzkoa, Euskal Herria) desde la Protohistoria hasta nuestros días. Estudio preliminar”. Povoamento e Exploraç?o de Recursos Mineiros na Europa Atlântica Ocidental, 71-82. CITCEM APEQ. Braga.
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria