Portada

Euskal Herriko eta Europako prentsaren kalitate-indizeak aztergai

Beatriz ZABALONDO
Alazne AIESTARAN
Txema RAMÍREZ DE LA PISCINA
Antxoka AGIRRE

1. Sarrera

Euskal Herriko Unibertsitateko HGH ikerketa taldeak (Hedabideak, Gizartea eta Hezkuntza-Media, Society & Education) azken hiru urteetan egindako lana jaso du Kalitatezko kazetaritza: Ba al dago etorkizunik? Erreferentziazko prentsaren eboluzioa Euskal Herrian eta Europan (2001-2014) liburuan. Euskaraz ez ezik, ingelesez ere argitaratu du (Quality Journalism: is there a future? The evolution of the refernce press in the Basque Country and Europe (2001-2014)); hartara, euskaraz besteko hizkuntzetan mintzatzen diren ikerlari eta akademikoek aukera izango dute jakiteko gure ikerketa honen nondik norakoak eta nolako emaitza-ondorioak utzi dituen.

Kalitatezko kazetaritza: Ba al dago etorkizunik?

Kalitatezko kazetaritza: Ba al dago etorkizunik?

HGH ikertaldea UPV/EHUk ofizialki onartutako ikertalde finkatua da (GIU-11/04-14/09). Talde honek 2003. urtean hasi zuen ikerketa ibilbidea, eta askotariko diziplinetako irakasleak bildu izan ditu lanera (http://www.ehu.eus/eu/web/hgh/hasiera).

Taldearen abiaburuko lana Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak1 eta UPV/EHUk2 diruz lagundutako proiektu hau izan da: Albisteen kalitatea neurtzeko ikerketa.

2. Ikerketaren nondik norakoak

Proiektuak bi ardatz izan zituen. Hasiera batean, Europan erreferentzia diren bost egunkaritako albisteen kalitatea neurtzeko helburua zedarritu zen: Financial Times (FM), Le Monde (LM), Frankfurter Allgemeine Zeitung (FAZ), Corriere della Sera (CDS) eta El País (EP) hautatu ziren ikerketarako3. Euskal Herriko agerkarietako albisteen kalitatea neurtzea izan zen ikerketaren bigarren ardatza, eta euskal prentsa modernoaren egungo hiru agerkari garrantzitsu hautatu ziren, bakoitza bere esparruan erreferente zena: Euskaldunon Egunkaria/Berria, Argia eta Goienkaria/Goiena.

Bi ardatzetako analisi diakronikoa (2001eko urtarrilaren 1etik 2012ko abenduaren 31ra bitarteko papereko edizioak) eta sinkronikoa (2013ko lehen hiruhilabeteko edizio digitalak) egin zen lehenik, eta, ondoren, euskal prentsaren eta Europako prentsaren kalitate-indizeak alderatu ziren.

Lan hori bideratzeko, HGH ikertaldeak propio atondutako metodologia erabili zuen, Denis Mc Quailek plazaratutako media performance kontzeptutik (1992) abiatuta, eta kalitateaz, azken hamarkadetan, bildu diren ekarpen nagusiak kontuan hartuta4. Egindako sistematizazio lanarekin, albisteen alderdi kualitatibo-kuantitatiboak neurtzeko bidea zehaztu zen.

Alde batetik, formatuaren kalitatea neurtu zen: aspektu teknikoak, estetikoak eta funtzional edo lapsus clavisak5, esaterako. Bestetik, edukien kalitatea neurtzeko hiru parametro hartu ziren kontuan: albistearen hautaketarekin zerikusia duten aldagaiak, albistearen lanketari dagozkionak eta gizarte ekarpenari lotutakoak: orotara 15 aldagai neurtu ziren6.

Europako agerkari bakoitzaren analisi diakronikoa egiteko, hiru albiste ikertzeko irizpidea hartu zen: azaleko nagusia, nagusi horren barruko garapena eta bigarren mailako beste albiste bat. Euskal prentsako lagina osatzeko, hainbat egokitzapen egin ziren: Euskaldunon Egunkariaren eta Berriaren kasuan, Europako prentsan erabilitako lagin bera eta data berak erabili ziren, baina sei eguneko aste konposatua osatu zen zazpi egunekoaren ordez, Euskaldunon Egunkaria eta Berria ez baitira astelehenetan kaleratzen. Argia eta Goiena agerkarien kasuan, ez direnez egunerokoak, lagin aleatorio sinplea erabiliz, urte bakoitzeko zazpi egun hartu ziren analisirako. Orotara, 1.137 albistek osatu zuten lehen lagin hori Europako prentsan, eta 488 informazio piezak osatu zuten euskal prentsaren lagina: Argia (84 item), Euskaldun Egunkaria/Berria (164 item) eta Goiena (240 item) (Aiestaran et. al., 2014, 49-50).

Hamabi urteko azterketa egin ostean, inprimatutako edizioaren eta edizio digitalaren arteko analisi sinkronikoa egin zen, 2013an. Kasu horretan, aste jarraituaren teknika erabiltzea hobetsi zen, eta aste hauek osatu zuten lagina: urtarrilaren 23tik 29rakoak, otsailaren 6tik 12rakoak eta martxoaren 13tik 19rakoak (kasu guztietan, bi datak barne). Prozedurari zegokionez, honako bidea jarraitu zen: lehenbizi, edizio digitaleko azaleko albiste nagusia aukeratu eta jaso7; biharamunean, agerkariak papereko edizioan albiste berari eskainitako testua jaso8, eta, azkenik, bi albisteok ikerketan erabilitako metodoarekin aztertu. Euskal prentsaren azterketa sinkronikoa egiteko lagina 82 piezak osatu zuten (Aiestaran et. al., 2014, 49-50).

2.1. Profesionalei eta erabiltzaileei galdezka

Kalitatea neurtzea helburu izan duen ikerketa honetan, inkesta analitikoak ere erabili ziren, kazetari profesional eta Interneteko erabiltzaileek duten iritzia jaso eta ezagutu ahal izateko. CIESek egin zituen inkesta gehienak, HGH taldeak horrela eskatuta. Guztira, Europako eta Euskal Herriko 700 Internet erabiltzailek (500 europar) eta eskarmentu handiko 73 kazetarik erantzun zituzten inkesta analitikoak, informazioaren kalitatearen inguruan.

Bi inkesta egin ziren. Lehenengoa, Interneteko erabiltzaileei zuzendu zitzaien, 2013ko abenduan burutu zen, eta Euskal Herriko 18-75 urteko 200 pertsona elkarrizketatu ziren.9 Erabiltzaileek betetako inkestak prentsa idatziari nahiz digitalari buruzko 31 galdera zituen; inkesta horren akats-tartea % 3,8koa izan zen, eta konfiantza-maila, % 95ekoa.

Bigarren inkesta 2013ko azarotik 2014ko martxora bitartean egin zen, Europako eta Euskal Herriko hedabideetako kazetari, profesional eta arduradun postuetan zihardutenen artean (ez soilik gure ikerketarako hautatutako agerkarietakoak). Hala, 54 profesional europarrek eta Euskal Herriko 19k erantzun zioten gure galdera sortari. Kazetaritzaren kalitateaz landa, kazetaritzaren krisiaz, teknologia berrien eraginaz eta lanbidearen etorkizunari buruzko itaunak prestatu ziren. Orotara, galdetegi honek 29 galdera bildu zituen: horietarik 19, erabiltzaileei eginiko galdera berak ziren, beste hamar lanbidearen ingurukoak, eta bost, erantzun irekikoak. Inkesta horiek, CIES etxearen laguntzarekin diseinatuak, taldeko kideok egin genituen Euskal Herrian.10

3. Liburuaren mamia

Quality Journalism: Is there a future?

Quality Journalism: Is there a future?

Bederatzi ataletan dago banatuta liburua. Lehenengo atalean, gaia mugatze aldera, prentsa idatziak munduan eta Euskal Herrian bizi duen egoeraren berri ematen da. Halaber, hiru urtean egindako ikerketa honek izan dituen helburuak, hipotesiak eta iker galderak mahai gainean jarri eta hori guztia marko teorikoarekin osatu da. Bigarren kapituluan, kalitatezko kazetaritza adigaira hurbilpen teorikoa egin da. Hirugarrenean, albisteen kalitatea neurtzeko HGH taldeak garatu eta erabili duen metodologia jasotzen da, luze eta zehatz. Laugarren atalburuan, euskal prentsaren hiru agerkari garrantzitsuenen eta Europako prentsaren erreferentziazko egunkarien informazio-kalitatearen neurketen (ikerketa sinkronikoa eta diakronikoaren) emaitzak xehatuta aurkezten dira, eta, gainera, Europako eta Euskal Herriko prentsaren datuak alderatuta eman dira. Bosgarren atalean, Euskal Herriko eta Europako prentsa digitalaren erabiltzaileen artean egindako inkesta analitikoen emaitzak datoz, hemen ere Europako eta Euskal Herriko erabiltzaileen arteko erkaketa eginez. Euskal Herriko eta Europako kazetari profesional ezagunei egindako inkestaren emaitzak jasotzen dira liburuko seigarren kapituluan, eta, aurrekoetan bezala, Euskal Herriko eta Europako profesionalen iritziak konparatu dira, antzekotasunak eta desberdintasunak agerian utziz. Zazpigarren atalean, 2013ko azaroan HGH taldeak Leioan antolatu zituen jardunaldien kronika osoa bildu da (“Kalitatezko kazetaritzaren etorkizunari buruzko Nazioarteko Jardunaldiak”). Zortzigarrenean, Europako komunikabide publikoen esperientzien berri ematen da konbergentzi mediatikoaren ikuspegian sakonduz. Azken atalak argi izpi bat izan nahi du kazetaritzaren etorkizuna irudikatzeko orduan.

4. Emaitza gogoangarrienak

Ondorengo paragrafoetan, HGH taldeak 2012-2015 urtealdian egin duen lanaren eta argia ikusi duten artikuluetan bildu direnen emaitza aipagarrienak aurkeztuko dira, gaika bilduta:

4.1. Salmentez eta irakurleez

Europan bezala, Hego Euskal Herrian ere prentsa idatziaren beherakada nabarmena izan da. OJD Espainiako Hedapenerako Ikuskaritza Bulegoak zabaldutako datuen arabera, 117.004 egunkari gutxiago saldu ziren Hego Euskal Herrian, 2008an krisia hasi zenetik 2014ra bitartean. Hego Euskal Herrian, zazpi urtean, % 31,9 egin du behera egunkarien salmentak. Euskal Autonomia Erkidegoan krisiaren inpaktua nabarmenagoa izan da (% 33,10 ale gutxiago), Nafarroan baino (% 28,27).

Paperezko edizioetan egunkariek irakurleak galdu dituzte —oso agerian uzten dute datuek—, baina edizio digitaletan askoz ere irakurle gehiago irabazi dituzte (Ramirez de la Piscina et. al., 2015b: 32).

Sareko edo Interneteko prentsari dagokionez, ez dago alde ikaragarri esanguratsurik Europako eta Euskal Herriko Internet erabiltzaileen artean. HGHren inkestaren erantzunetan, emaitzek erakutsi zuten Euskal Herrikoek gehiago irakurtzen dutela prentsa digitala (% 51k egunero, eta % 46k astean bizpahiru aldiz baino gehiagotan), Europako irakurleek baino (% 46k egunero eta % 39k astean bi-hirutan baino sarriago). Sarean irakurtzen denbora gehien ematen dutenak gizonezkoak dira, bai Europan, baita Euskal Herrian ere. Eta informazio motari dagokionez, tokiko informazioa da gehien bilatzen dutena erabiltzaileek, eta, horretarako, hedabideen webguneak dituzte kanal estimatuenak (Ramirez de la Piscina et. al., 2015b: 157).

4.2. Kalitateaz

Europako egunkari txikienak, Le Mondek, ia 300.000 ale argitaratzen ditu egunean; aldiz, Argiak, Berriak eta Goienak, hiruren artean, 50.000 ale kaleratzen dituzte (Ramirez de la Piscina et. al., 2015: 84).

Euskal agerkariak, bere txikitasunean, Europako prentsaren kalitate mailetatik oso gertu dabiltzala erakutsi du HGH taldearen ikerketa honek. Ikerketa diakronikoak erakutsi duenez, oro har, Europako eta Euskal Herriko prentsaren kalitateak behera egin du 2001-2012 ikerketa epean, eta jaitsiera nabarmenagoa da 2007tik aurrera. Euskal Herriko prentsaren kalitate-indizearen batez bestekoa 5,07 izan da (10 puntuko eskalan), eta Europakoa, berriz, 5,39 (Aiestaran et. al., 2014: 62).

Informazioen kalitatea neurtzeko erabili diren hiru parametroetatik (albistearen hautaketa, albistearen lanketa eta gizarte ekarpena) gizarte ekarpenaren atalean gailendu dira euskal hedabideak. Atal horretan, euskal hedabideak europarrak baino 28 ehuneneko gorago agertzen dira. Esan daiteke, beraz, euskal hedabideetan egon badela joera aginteari eragiten dioten gaiak zorrotz samar lantzeko, eztabaida publikoa sustatzeko, pertsonen duintasuna bermatzeko, kultur aniztasuna agertzeko edota bazterketa soziala borrokatzeko (Aiestaran et. al., 2014, 63).

Ikerketa sinkronikoaren (2013ko sareko bertsioa eta inprimatutako edizioa) emaitzek erakusten dutenez, edizio inprimatuaren kalitatea sarekoa baino hobea da, oro har: bi edizioen arteko tartea 0,36koa da euskal prentsan, eta Europako prentsan, 0,46koa. Hortaz, baliabide urriagoak izanda, euskal prentsa bere txikitasunean ez da gaizki moldatu jauzi teknologikoaren erronkei aurre egiteko (Ramirez de la Piscina et. al., 2015b: 118-119).

Datu horien arabera, baiezta daiteke sarerako idazteak eskatzen duen erritmo azkarrak eta presak informazioaren kalitateari kalte egiten diola. Hortaz, azkartasunak eta bikaintasunak bat egitea zaila dirudi, berehalakotasuna eta sakontasuna uztartzea bezainbeste (Aiestaran et. al., 2014: 62).

Kazetarien ustetan, medio tradizionalek digitalek baino hobeto bermatzen dute informazio eskubidea. Erabiltzaileek, ordea, digitalen alde egiten dute.

4.3. Krisitik irteteko, kazetariei galdezka

Egungo krisi egoeratik irteteko hiru giltzarri aipatzen dituzte galdetegiari erantzundako profesionalek: kalitatea, berrikuntza eta prestakuntza. Horiexek izango dira, kazetari profesionalen ustez, kazetaritzak aurrera egiteko modua bermatuko duten gakoak. Horretan bat datoz Europako zein Euskal Herriko kazetariak. (Ramirez de la Piscina et. al., 2015b: 182).

Hala ere, Euskal Herriko kazetariek europarrek baino kritikoago begiratu diete kazetaritzaren zenbait arlori: kode etiko eta deontologikoen ahultzea, lan-baldintzen okertzea, sentsazionalismorako joeren indartzea edota konbergentzia digitalaren gauzatzea lanbidearen galbiderako izan dira (Ramirez de la Piscina et. al., 2015a: 40).

Profesionalen ustez, kalitatea nagusitu behar da, eta horretarako, honako jarraibide hauek inplementatzea proposatzen dute: analisi gehiago sartzea, informazio espezializatuagoak, ikus-entzunezko baliabide gehiago erabiltzea, tokiko informazioa gehitzea, narratiba berriak lantzea eta finantzaketa-bide berriak topatzea. Guztiak edukiei prezioa jartzearen alde daude (Ramirez de la Piscina et. al., 2015b: 182).

4.4. Etorkizunaz

Europako zein Euskal Herriko profesionalak nahiko kritiko dira etorkizunarekiko. Euskal kazetariek argi dute paperean argitaratzen den prentsa ez dela desagertuko, baina birmoldaketa ezinbestekoa dela adierazten dute. Birmoldaketa beharrari dagokionez, bat egiten dute erabiltzeek ere (Agirre et. al., 2015).

Euskal Herriko eta Europako profesionalen iritziz, sareko informazioa hobetu egingo da etorkizunean. Hobekuntza hori, profesionalen esanetan, interaktiboagoa eta sakonagoa izango delako gertatuko da, batik bat(Ramirez de la Piscina et. al., 2015a:40).

Edukiak ordaintzeko formula Euskal Herrian Europan baino arrotzagoa bada ere, handiagoa da erabiltzaileen ordaintzeko prestasuna, oro har. Halaber, Euskal Herriko erabiltzaileek fideltasun maila altuagoa erakusten dute egunkari gogoenarekiko, Europako irakurleek baino (Agirre et. al., 2015).

CIESek 2013ko bere ohiko bigarren neurketan —soilik Nafarroako eta EAEko irakurleak hartuta, 1.944 elkarrizketa guztira—, zein egunkaritako edukiak ordainduko lituzketen galdetu zuen, eta azpimarratzeko emaitza hauxe izan zen: Berria da galdetutako egunkari guztietan euskara hutsez den bakarra, baina kazeta horren edukiak ordaintzeko egingo lukete irakurleek ahalegin handiena. Ondoren dator Gara. (Ramirez de la Piscina et. al., 2015b: 162).

Artikulu honetan erakutsitako emaitzez landa, HGH taldearen ikerketak beste hamaika datu bildu zituen; guztiak daude zabal azalduta Kalitatezko kazetaritza: Ba al dago etorkizunik? Erreferentziazko prentsaren eboluzioa Euskal Herrian eta Europan (2001-2014) liburuan.

5. Erabilitako bibliografia

AGIRRE, A.; AIESTARAN, A.; ZABALONDO, B. eta RAMIREZ DE LA PISCINA, Tx. (2015). “Euskal Herriko eta Europako kazetari eta prentsa irakurleak lanbidearen geroari begira”, In: Zer, 39. (in press).

AIESTARAN, A.; ZABALONDO, B.; AGIRRE A.; RAMIREZ DE LA PISCINA, Tx.; Gz. GOROSARRI,M. (2014). “Kalitate-indizeak euskarazko kazetaritzan”, In: Uztaro 91, 41-64 or.

RAMIREZ DE LA PISCINA, Tx.; AIESTARAN, A.; ZABALONDO, B. eta AGIRRE, A. (2015a). “Kazetaritzaren garabideak: kalitatea, berrikuntza eta prestakuntza”, In: Uztaro, 93, 19-42 or.

RAMIREZ DE LA PISCINA, Tx.; AIESTARAN, A.; AGIRRE, A. eta ZABALONDO, B. (2015b). Kalitatezko kazetaritza: Ba al dago etorkizunik? Erreferentziazko prentsaren eboluzioa Euskal Herrian eta Europan (2001-2014). Leioa: UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua.

1 Evolución de la calidad de las noticias en los medios europeos de referencia (2000-2014) [Ref. Ministerio: CSO2011-23237].

2 [Erref: GIU 11/04].

3 Europako bost herrialde populatuenetan (Erresuma Batua, Frantzia, Alemania, Italia, Espainia), tirada handiena duten egunkariak, hain zuzen.

4 Maria Gonzalez Gorosarriren tesia barne (2011): Albisteen kalitatea. Euskadi Irratia, ETB1 eta Euskaldunon Egunkaria/Berria (Research on Basque Media’s News Quality). Leioa: UPV/EHU.

5 Ulermena trabatzen duten akats ez-gramatikalak.

6 Alderdi metodologikoa zehatz azalduta dago aipugai dugun liburuan ez ezik, baita artikulu honetan ere: Aiestaran et al. (2014): «Kalitate-indizeak  euskarazko kazetaritza». In: Uztaro, 91, 41-64.

7 Kazeta digitalak, aukeratutako egunean, 12:00etatik 16:00ak bitartean argitara emandako albiste nagusia.

8 Biharamunean soilik Euskaldunon Egunkaria eta Berriarekin egin ahal izan da. Argia eta Goienkaria/Goienarekin, aste bereko idatzizko edizioan albiste berari eskainitako testua jaso da.

9 50na inkesta, herrialde bakoitzean: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Iparraldea, Nafarroa.

10 Inkesten inguruko xehetasun gehiago jakiteko, ikus: Ramirez et al. (2015a). «Kazetaritzaren garabideak: Kalitatea, berrikuntza eta prestakuntza». In: Uztaro, 93, 26-28 or.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Idatzi

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia