Asier ZARRAGA, BCBLko ikerlari predoktorala
Sasoian eta osasuntsu egoteaz pentsatzen dugunean, lehenengo bururatzen zaiguna ariketa fisikoa da, baina gure burmuinaren osasuna zer? Organo miragarri honek ere ohiturazko ariketa behar du bizkor eta osasuntsu mantentzeko. Kirolariek azkarrago edo indartsuago egoteko entrenamendua behar duten moduan, gure burmuinak ere entrenamendua behar du.
Pentsa dezagun momentu batez zenbat kostatuko litzaigukeen leku zehatz bat aurkitzea Londreseko mapa batean. Gogora dezagun GPS teknologia ez zegoela eskuragarri azkeneko 10 urteetan dagoen bezala. Horregatik, taxi gidariek behin eta berriz aurkitu behar zuten orratza lastategian. Ikerketa batek Londreseko taxi gidarien eta beste edozeinen burmuinak alderatu zituzten, ea behin eta berriz erronka horri aurka egiteak burmuinean eraginik ote duen begiratzeko. Ikusi zuten, memoria espazialari dedikatutako burmuin zati bat —hipokanpoa— taxi gidarietan leku gehiago okupatzen zuela. Eguneroko beharrei eraginkorrago erantzuteko burmuinak leku gehiago egokitzen dio funtzio horri. Burmuinaren ezaugarri bikain honi plastizidadea deritzo. Plastizidadea etxeko gizon/andre eranginkor bat bezala da, burmuina gai da eguneroko funtzionamendua hobetuko duten aldaketak egiten (bai memoriak edo gaitasunak indartzen), eta aldi berean, behar ez ditugunak edo gutxi erabiltzen ditugunak “garbitzen” edo ezabatzen ditu. Animalia gehienek ikasteko denbora leiho txiki eta goiztiar bat dute bakarrik, baina gizakien plastizidadeak bizi guztian zehar ikasteko gai egiten gaitu.
Sasoian eta osasuntsu egoteaz pentsatzen dugunean, lehenengo bururatzen zaiguna ariketa fisikoa da, baina gure burmuinaren osasuna zer?
Argazkia: CC BY - lgh75
Bizi guztian zehar ikas dezakegun arren, errazagoa da haurtzaroan. Ikerlari holandar batek egindako ikerketa informalak argi uzten du hau: kontrolak alderantziz (hau da, eskulekua ezkerrera biratuz gero gurpilak eskuinera biratzen zuen, eta alderantziz) zituen bizikleta batean ibiltzen ikasi nahi zuen. Urte betez saiatu zen gidatzen lortu arte, baina bere 5 urteko semeak bi astetan lortu zuen.
Hala ere, posible da gauza berriak ikastea bizitzan zehar. Izan ere, ikastea zailtzen duten faktore indartsuenak ez dira biologikoak, psikologikoak baizik. Haurrek gogo gehiagorekin ikasten dituzte gauza berriak. Gogoko dute gauza berriak egitea eta ikastea, gaizki egin eta huts egiten duten arren. Ikerketek frogatu dute, akatsak ikastearen prozesu bat bezala ikustea beharrezkoa dela ikasteko, eta influentzia handia duela ikasteko moduan. Adibidez ikerketek frogatu dute, matematikan trebetasuna garatzeko, garrantzitsuena ez dela berezko trebetasuna, baizik eta ikasketei eskainitako ordu kopurua eta akatsen aurrean nekaezintasuna garrantzitsuago dela.
Duela urte batzuk, burmuina entrenatzen zuten jokuen boom bat egon zen. Behin eta berriz ariketa berdinak egin ondoren, gero eta hobeto eta azkarrago egiten ziren ariketak. Pertsonek pentsatzen zuten (eta horrela iragartzen ziren) ariketa hauek eginda azkarragoak bihurtuko zirela, baina gertatzen zen bakarra ariketa horietan (eta horietan bakarrik) hobeak zirela. Honek ez du esan nahi sudokuak edo gurutzegramak ez ditugula egin behar, bereziki horrelako ariketak beste jarduera pasiboagoak (adibidez, telebista ikustea) baino hobeak direlako. Gure burmuina entrenatzea badugu helburu, sudokuak egitea baino aukera hobeak badaude. Eta zeintzuk dira horiek? Gauza berriak ikastea: instrumentu bat jotzea, kirol berri bat jokatzea, hizkuntza berri bat ikastea, eta abar. Berdin dio zer, burmuinak gogokoen duena gauza berriak ikastea da.
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria