Portada

1950-1975: euskal komunitateari buruzko hausnarketa, ardatz

Ana GANDARA SORARRAIN

Denok darabilgu ahotan 1950-1980 bitarteko hamarkadetan euskal komunitateak bizi zuen eztanda kulturala. Anitz erran da bai orduko kulturgileen lanaz, baita testuinguruaz ere. Zernahi gisaz, garrantzitsua da garai hartako izpiritua, egun, bertzela bizi dugunon ikuspegia ere aditzera ematea. Hortakotz, ikuspegi horren muina argitzen saiatuko gara, segidan.

50eko hamarkadatik aitzinera euskal munduan izaniko lurrikara hark lagun izan zituen munduan zehar zabalduriko dinamikak. Ez zen izan Euskal Herrian soilik gertaturiko ekimena, bertze hainbat herrialdetan ere sortu ziren antzeko izaeradun mugimenduak; ahots zokoratuak, isilaraziak edo gutxituak goititzeko garaia heldu zen: Historia ofizialak alde batera utziriko jendearen eta komunitateen izana birpentsatu eta aldarrikatzeko momentua iritsia zen.

Tokiz toki, herri bakoitzaren baitan, momentuko egoera soziopolitikoari zegokion dinamika garatu zen. Gurean, hiru ardatzen baitan egituratu zen aldaketa nahi hura: berreskuratze lana, aldaketa beharra eta kultur lanen arteko elkarreragina. Hiru ardatz horiek osatu zuten, preseski, artikulu honetan hizpide dugun dinamika kulturalaren funtsa: euskal komunitatearen izanari buruzko hausnarketa nagusitu zen 50eko hamarkadatik hasi eta 1975-1980ra bitarte.

Gogoeta hark inflexio puntu nagusi izan zuen Jorge Oteizaren lana. Batetik, Arantzazun osaturiko proiektuak lan modernoenen artean kokatu zuen euskal artea —Francisco Javier Sáenz de Oiza eta Luis Laorga arkitektoekin, Lucio Múñoz eta Néstor Basterretxea margolariekin, Eduardo Chillida eskultorearekin eta Javier Álvarez de Eulate frantziskotarrarekin batera—.

Bertzetik, Quousque tandem...! lan gogoangarriarekin ere euskaltasunarekiko jarrera positiboa, eta haren ondoriozko duintzea, sustatu zituen; euskal mentalitatea arte garaikidearen eskutik joan zitekeela argudiatu, eta bertsolariak garaikidetasun horretan ardatz behar zuela aldarrikatu zuen. Kulturgile gazteenek ere —60ko hamarkadatik aitzinera eragile nagusi bihurtu zirenek— hala hauteman zuten eskultorearen ahalegina, Mikel Laboaren hitzok bildu gisa:

Creo que Oteiza fue el verdadero motor de la década de los 60, de todo el renacer cultural que se dio en ese momento. Su “Quo[u]sque tándem” fue una especie de biblia euskaldun. Tuvo mucho que ver en el despertar cultural de una generación. De ahí salieron energías que llevaron a todo el movimiento cultural vasco a surgir con aquella fuerza, y películas como “Amalur”, que supuso un gran impacto, son ejemplo de todo ello. Hay que recordar que eran tiempos difíciles, de brutal represión franquista y censura. (Laboa, 2008)

1954-1968 bitartean, apostoluak bide bazterrean geratu ziren

1954-1968 bitartean, apostoluak bide bazterrean geratu ziren, lanen modernitateagatik geldiarazi baitzuten proiektua.

Iragan kolektiboa berreskuratu, hausnartu eta etorkizunerako gaitu behar izan zen. Iraganaren ezagutza hutsaz harago, corpus ezezagunaren hurbilketa ezinbertzekoa izanik, kulturgileen inplikazioa hagitz garrantzitsua izan zen. Hala, garaiko musikariek eginiko esfortzua behar-beharrezkoa izan zen Oteizak bultzaturiko jarrera positiboa komunitatearen gehiengoarengana helarazteko. Tradizio ezezagunaren edo urrunduaren hurbilpena, adibidez, euskaltasunaren sentipena eraberritzearekin izan zen lotua. Euskaltasunaren funtsa aurkitu eta sustatu nahi zelarik, horren isla ziratekeen errepresentazioak ugaldu ziren. Hori dela eta, euskaldungoaren garai bateko kultur errealitate anitz eta aberats gisa atzeman ziren “Haika, mutil”, “Berterretxen khantoria”, “Goizuetan” eta bertze hainbat kanta nahiz kopla zahar.

 

Entzun “Goizuetan” (Laboa)

laboa

Zernahi gisaz, eginiko hausnarketak eguneratze lana eskatzen zuen; Gabriel Arestiren “Aurresku eta antzesku” olerkian iradokitzen zen gisa, iragana moldatu behar zen orduko beharretara eta etorkizuneko nahietara.

Urteak dituk
Pernandoren egiak
esaten ditudala,
Atsularren arrazoiak
ematen ditudala.
[...]
Ezpain artean hartzen diat
lehengo eta oraingo
herriaren kantua:
Etsepare zaharraren berso bihurria:
[...]
Edo Arrese berriagoaren berso zabala:
[...]
Honelasen
bete huen
Garaziko
dornua.
Orain beste dornu
berri bati
hasi behar zioguk
iraul-arazitzen. (In Aresti, 1964)

 

Entzun “Aurresku eta antzesku” (Aresti)

aresti

Hala, bada, komunitatearen ezagutza eta berreskuratu berria zen corpusarekiko atxikimendua abangoardiazko lan modernoen eskutik joan zen, hein handi batean. Horietan guztietan, diziplinartekotasuna nagusitu zen. Euskal Kultur Sistema eraikitzeke izanik, kultur adierazpide desberdinetako artistak eta pentsalariak aritu ziren elkarlanean, ez baitzen kultur eremu bakoitzari zegokiokeen sistema egituraturik. Horrek berak anitz lagundu zituen kultur adierazpide desberdinen arteko elkarreragina nahiz beharra.

Horiek horrela, ez da harritzekoa kultur errepresentazioetan sinboloak partekatu eta testuartekotasuna nagusitu izana. Mailua eta harria sinboloak, 50eko eta 60ko hamarkadetako punta-puntako sorkuntzan, zedarririk gabeko mugarri izan ziren. Bitorino Gandiagaren ondoko olerkiak, kasu, bide komunean bateratu zituen erreferentzia partekatuak —Oteizaren Arantzazuko lana, zizelkadak, eta Arestiren harria—:

Tiriki, tauki, tauki,
mailuaren hotsa.
Tiriki, tauki, tauki,
mailuaren hotsa.
Hamasei harri lantzen
ari da Oteitza.
Ai, oi, ai,
ari da Oteitza.

Tiriki, tauki, tauki,
mailuaren hotsa.
Tiriki, tauki, tauki,
mailuaren hotsa.
Mailua penazkoa,
harria gau beltza.
Ai, oi, ai,
harria gau beltza.

Tiriki, tauki, tauki,
mailuaren hotsa.
Tiriki, tauki, tauki,
mailuaren hotsa.
Etsipen kolpe bat da
ukaldi bakoitza.
Ai, oi, ai,
ukaldi bakoitza. (In Gandiaga, 1974)

 

Entzun “Tiriki tauki tauki” (Iriondo)

iriondo

Alabaina, 1960-1975 bitarteko dinamika nagusiari gaur egunetik erreparatuta, iduri du ikuspegi bat izan zela, zehazki, testuartekotasun dinamika hura ez ezik, kultur ekimen oro eragin zuena: komunitateari buruzko hausnarketa. Gogoeta zabal horren baitan, euskal komunitatearen iragana ezagutu, pentsatu, beretu nahiz atxikimendua sortu eta etorkizunerako gaitu nahiz modernizatu behar zen.

Komunitateari buruzko hausnarketaren gailentzeak bi ondorio nagusi izan zituen. Batetik, 50eko hamarkadatik aitzinera, errealitate sinbolikoaren berregituraketa sakona gertatu zen: sinbolo berriak sortu eta zaharren adiera berriztatu zen, horien guztien atzemate kolektiboa eraiki eta, bereziki, eragite ahalmena areagotu zen. Hala, euskal errealitate sinbolikoa osatu eta sostengatzen zuen sistema (adierazi eta adierazleena) birformulatu zen. Bertzetik, lan zehatzek osatu zuten kultur lanen ulertze bateratua; jatorri, adiera edo helburu desberdinetarik eratorriak izan arren, euskal komunitateari bereziki lotuak balira bezala ulertu ziren hainbat lan, ekimen eta corpus.

Hau da, iraganetik berreskuraturiko corpusa euskal komunitatearen maila desberdinetako adierazgarri gisa sumatzeko joera, dinamika, zabaldu zen: kopla zaharrak, bertsotan gorderiko baladak, kanta gisa mantenduriko herri olerki eta istorioak, doinu herrikoiak eta abar komunitateari bereziki zegokiokeen errealitatearen forma gisa atzeman ziren; hala nola, “Pasaiako herritik”, “O, Pello, Pello,”, “Txinaurria”, “Urtsuako kanta” eta “Iturengo arotza” doinua. Erreferentziazko bi paisaiatan kokatu zen horiek bilduko zuketen “euskal arima”. Gernika bihurtu zen hondaturiko iraganaren erreferentzia, eta Arantzazu, aldiz, euskal biziberritze garaikidearen ikur.

Edozein gisatan, iraganari erreparatzen zion koherentzia bateratu horren eskutik nahi izan ziren, baita ere, momentuko proposamen berritzaileak eta kultura abangoardista. Hori dela eta, Ez Dok Amairuko kideek eginiko lana bikoitza izan zen: iragana eguneratzeaz gain, etorkizuna sustraitzen lagunduko zukeena.

[...] egun ez duzu betiko eran egiten genuen jaialdirik idoroko. Egun, gisa berri batez azaltzen gaituzu. Orain arte, kantari baten atzetik bestea zetorrelarik zoan jaialdia. Hau, emanaldien egiteko era bat da; eta ez dugu baliosa ez denik esaten, ez gutxiagorik ere. Sakonkiago egin behar direlakoan gaude, eta guk jarraituko dugu egiten. Baina egun, behar baten barrenean aurkitzen gara: atzokoan funtsatua eta oinarri biharkoarena. (Sentikarirako lehen emanaldiko orritik, in Iriondo, 2007)

“Baga, biga, higa... sentikaria”n, erraterako, maila desberdinetan islatu zen komunitateari buruzko hausnarketa. Mailarik agerikoenean, taldeari jarririko izenak eta hautaturiko irudiak dira komunitatearen izanari buruzko gogoetaren erakusgarririk nabarienak. Tradiziozko istorio eta instrumentu gisa sumatu ziren bi elementu hautatu zituzten: Resurrección María de Azkuek Euskalerriaren yakintza liburuan bilduriko “San Martinen estutasuna”, izenerako, eta Remigio Mendiburuk txalapartaren ideiatik abiatuta sorturiko eskultura, irudirako.

Ez dok amairu

 

Azkue Azkue Azkue
Klikatu gainean handitzeko
“San Martinen estutasuna” (in Azkue, 1935-1947)

Sentikariaren lehen agerraldian erabiliriko esku-orrian ere ageri zen komunitateari buruzko hausnarketak izaniko garrantzia:

Erdian txalaparta daukagu; antziñako lan-tresna, oraiko gizonen lanaren adiereazpena; taldearen beraren errorik sakonenetarikoa. Erdian daukagula, beraz, kondairaren akelarrea —kanta zaharrak, tresna zaharrak, gure kantak, olerkiak, dantza—, gure izatea zehar osaturikako sentikaria agertu nahi genuke. Eta orok parte hartuz, kondaira zehar osatzen eta aberasten joatea. (In Iriondo, 2007)

Azkenik, sentikariko hainbat elementuk ere hausnarketa beraren zantzuak islatu zituzten. Hala nola, txalapartaren erabilerak, Baztango mutil dantzak eta “O, Pello, Pello” kantaren presentziak iradokitzen dute euskaldunen iragan errealitatea, tradiziozkoa, lan garaikide modernoen zutarri gisa landu zutela.

Ez dok hamairu

Ez Dok Amairuko kideak, Donostia (Trinitate Plaza), 1971-09-07.
Argazkiak: Javier Garayalde - Gure Gipuzkoa

Ez Dok Amairukoek modernitatetiko begiradatik landu zuten tradizioa, ez baitzen iragan zaharkituan kondenaturiko komunitatea bildu nahi, garaikidetasun eta etorkizun funtzional eguneratua baizik.

Banako lanetan ere sumatu zen komunitatearen inguruko hausnarketa zabal hura. Mikel Laboak, bertzeak bertze, komunitateari buruzko hausnarketa bateratu zuen arrazoiaz haraindiko komunikazioa lantzea ardatz zuten Lekeitioetan. Euskal komunitatearen iragana berriz ere kontatu zuen, atzenduriko errealitate baten isla ziratekeen istorioak eskainiaz (“Urtsuako kanta”, “Txinaurria”, “Oies errondan dabil”...). Gainera, garai berrietarako eraginkor eta baliagarri zatekeen kode artistiko abangoardiazkoetan eraberritu zituen kontaketa horiek (“Gernika - Lekeitio 4, 1972”); gisa horretan, tradiziozko elementu berreskuratuak txertatuaz, kantariak eskuragarri jarri zuen etorkizun modernoari aitzina egiteko gauza zen corpusa.

 

Entzun “Gernika - Lekeitio 4”

gernika

Erraniko guztiak kontuan izanik, 50eko hamarkadan ereiten hasi eta egun arte eragiten digun dinamika kulturala ezagutzea ezinbertzekoa dela iduri du. Hori dela eta, fundamentala da egun dugun erreferentziazko euskal kulturaren funtsa egituratzen hasi zen garaiaren berrirakurketa egitea. Denak ematen digu aditzera dinamika hartan euskal komunitateari buruzko hausnarketa gailendu zela, eta egun dugun Euskal Kultur Sistema nahiz sistema sinbolikoa osatzeko ezinbertzekoa izan zen ahalegin hura.

Hausnarketa hark ez zion, soilik, iraganari erreparatzen, etorkizuna ere jokoan zen. Orduan proiektaturiko etorkizuna, ordea, egungoa da. Bada garaia dinamika haren berrirakurketa osatuaz, ikuspegi desberdinetatiko hausnarketak proposatzeko; horiek guztiek erraztuko dute etorkizuna —izanen dugun oraina—, nahi gisara, berriz ere, formulatzen.

Aipaturiko bibliografia:

ARESTI, Gabriel, 1964, Harri eta Herri. Zarautz: Itxaropena. Inpr.

AZKUE, Resurrección María, 1935-1947, Euskalerriaren yakintza (Literatura popular del País Vasco). Madril: Espasa-Calpe. Inpr.

GANDIAGA, Bitoriano, 1974, Hiru gizon bakarka. Bilbo: Mensajero. Inpr.

IRIONDO, Joxemari, 2007, “Ez dok amairu” erakusketa, 1966-03-06 - 1972ko abendua, Euskera 1-52 lib.: 509-530. Inpr.

LABOA, Mikel, 2008, “Lo que hago no es transgredir, es sacar lo que tengo”, Mertxe Aizpuruak eginiko elkarrizketa (2006-05), Gara 2008-12-02. Sarean eskuragarri.

OTEIZA, Jorge, 1963, QUOUSQUE TANDEM...! Ensayo de interpretación estética del alma vasca. Donostia: Auñamendi. Inpr.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Escribe

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia