Portada

Begirada biomedikoaren eragina eskolan

Jexux LARRAÑAGA ARRIOLA, Gizarte eta Kultur Antropologian Doktore

1. Medikalizazioaren arazoa eskolara

Adin goiztarrietatik hasita, eskola arazoei lotutako medikalizazioaren arazoa, erraztasunez onartzen da gaurko gizartean, gizarte beraren nahietara egokiro erantzuten duen merkatu baten baitan kokatzen denez gero. Edonolako ondoeza delarik, “pilula magikoen” bitartez sendakuntza azkarra lortuko denaren ustea, ondo errez onartzen du garaikidetasunak. Gehiago galdetzeko beharrik ez duen “sendakuntza azkarraren” ideia da zientzia modernoak industria farmakologikoaren merkatu interesarekin batera bultzatu duen ustea. Uste horren baitan baina, ez da tristura eta sufrimendurako lekurik gelditzen: norbera lehena izatea eta zoriontsuena izatea bihurtu da gizarte arrakastaren nahitaezko baldintza. Haatik, gizarte globalak bultzatzen dituen balioen multzoan bat eginda kokatu behar dugu azken hamarkadan hasi eta gaurdaino eman den eskola-haurren medikalizazioaren gorakada larria1. Hain zuzen hori dela eta, medikalizazio praktika, maiz, eskolan naturalizaturik azaltzen zaigu, bizi dugun sistema-ereduak sortzen dituen albo-kalteak apaltzeko beharrizan bihurturik.

Foucaultek (1989), medikalizazioaren praktikaren azpian botere harremana salatu egin zuen, praktika horiek ez baitira batere neutroak eta menderakuntza interes bati erantzuten baitiote: “bio-boterea” zeritzon gorputzaren gaineko kontrola iragarri zuen, pertsonaren kontrol osoa izateko bitartekoa bihurturik. Hark azaldu zuenez, garaian garaiko gizarteak erabakitzen du zer den medikatu beharrekoa eta zer ez den. Alajaina, medikalizazioa gizarte prozesu baten baitan ulertu behar dugu nahitaez. Medikalizazioa erabiltzen dugunean hauxe esan nahi dugu funtsean: gizarte bizitzaren problematizazioaren ondorioz, jatorri sozialeko arazoak banakoaren eremura iragaiten direnean eta arazoaren jatorri biologikora bakarrik murrizten denean bere konponbidea, medikalizazioaren prozesuaren aurrean gaudela esan dezakegu.

Behinola, gogoan dugu maizen eskola bihurtzen dela gizarte arauek aurreikusten dutena behar bezala ote doan ikusteko behaketa-leku ezin hobea. Eskolak gizartean betetzen duen funtzio erreproduktiboaren ikusmiratik, estandarrera egokitzeko eskola-haurrak eduki lezakeen arazoa atzemangarria egiten denean, arazoaren gaineko begirada “biomedikoa” izaten da askotan gizarte honetan hobetsiko dena, lehiakortasuna eta arrakastari bakarrik lekua egiten dion ereduaren izenean. Gizarte begirada horren ikuspuntutik, behatu egin beharko da non sortzen den desbideratzea, eta geroago, praktika mediku-kimikoekin desbideratze horren konponbidea taktika konduktistekin edo/eta farmakologikoekin lehenbailehen sendabidean jarri. Horrela sortzen dira eskolak gero eta maizago onartu dituen “signatura” edo “etiketa”2 guztien ondoezak: “trastornoak”3 deitzen diren kategoria psikiatriko berriak bihurturik. Begirada horren (haurra-gizaki-makina) baldintzapean hezkuntzarekiko eragin biomedikoa definitu dezakegu. Hezkuntzaren eragin biomedikoa, kalitatezko erantzun azkar eta eraginkorra ematen duenaren mozorropean, haurtzaroa medikalizatzeko makinaria bihurtzen da, mundu garatuaren milioika haurren osasuna arriskuan jarrita baldin bada ere.

Argazkia: CC BY - Images Money

Gizarte globalak bultzatzen dituen balioen multzoan bat eginda kokatu behar dugu azken hamarkadan hasi eta gaurdaino eman den eskola-haurren medikalizazioaren gorakada larria.
Argazkia: CC BY - Megan Skelly

2. Eskola sarbidearen nondik norakoa

Mendebaldeko gizarte hiperteknifikatuan “epidemia” bat balitz bezala edozein eskoletara zabaldutako nahasmenduen aita-pontea bihurtu den Arreta Gabeziaren Nahastea (AGN) edota Arreta Gabeziaren Nahastea Hiperaktibitatearekin (AGHN) adierazle ezin hobea bihurtzen da eskola testuinguruko zailtasunei lotutako medikalizazioaren sarbidea nola egiten den ikusteko.

Behin zuzendu beharreko “akatsa” eskola-haurrarengan atzemangarria egiten denean, ustezko desbideratze horren arazoa definitzen da terminologia medikuaren arabera deskribatuz. Normalki, behatzaileak, behaketa eskala bat erabiliko du susmopean jarritakoa baieztatzeko asmoarekin. Aurreikuspena behin egiten denean, “profezia” baieztatzea bezalakoxea da ondorena eta behatzaileak aldez aurretik iragarritakoa baieztatzea baino ez da geldituko. Susmopean jarritako ezaugarria edo desbideratzea “elur pilota” bezala handitzen joango da zientzia positiboak iragarritako profezia bete artean. Gainera, arazo horren konponbidea medikuntzak berak sortutako jakintza eta emandako sendabidearen baitan dagoenez gero, eredu beraren bultzatzaile eraginkorrena bihurtzen da, predikzioak sortutako datu estatistikoen berrespenarekin baieztatu ahal izateko auzitan jarritakoa. Estatistikek, profezia baieztatzeko funtzioa beteko dute horrela. Behinola, medikuntza bidez konfirmatutako “akatsa”, eskolak ezarri beharreko teknika konduktibista eta tratamendu farmakologikoaren sendabidearekin konpondu beharko da. Zirkulu horren itxierarekin, diziplinamendua eta menpekotasuna sortzeko makinaria osoaren eskola zeharbidea deskribatu dezakegu. Eskolaren arau normatiboaren desbideratzea medikuntzaren arlo biologikora iragan ondorenean, norbanakoaren arazoa, gaixotasunaren ikuspuntura murrizturik gelditzen da.

Hauxe da makinaria biomedikoaren prozedura osoa: lehenik, arazoaren jatorri biologikoa seinalatzen da; ondoren norbanakoaren esperientzia osoa matrize mediku-psikologo finko batera murrizten da; ondoren, norbanakoa, zientzia biomedikoaren objektu bihurtzen da; azkenik, kategoria diagnostikoa ezartzen zaio. Hemendik aurrera, egindako “izendapena” edo etiketazioa, norbanako osoaren izaeraren baldintzatzailea bihurtzen da.

3. Botere jokoa: DSM-a eta interes farmakologikoa

Hauxe da begirada biomedikoaren funtsa: arazodun haur tipologia guztiak sartzeko moduko kategoriak sortzea eta kategoria horiek geroz eta ugariagoak bihurtzea. Jakintza modu honen erabilera, botere ariketa bihurtzen da. Hori horrela delarik, galde dezakegu zeinek egiten du diagnostikoa eta zertarako? Norentzat eta nondik egiten duen?

Botere jokoan, batetik, industri farmakologikoaren eragina eta interesa aipatu behar dugu, eta bestetik, industri farmakologikoa sostengatzen duen DSM (Diagnostic and Statistical Manual of Mental Disorders) eskuliburua. Azken hau, buru asalduren diagnosi eta estatistika eskuliburua, medikuntza liburu bat da, APA Elkarteak (American Psychiatric Associaton) sortutakoa. Biblia bat bezalakoa da zeinetan buruko asaldura guztien sailkapena proposatzen den gaixotasun bakoitzaren deskribapen eta diagnosia zehatzarekin. 1952ean sortu zenetik hainbat bertsio izan ditu, gaur egungo DSM V bertsiora iritsi delarik, eta urtetik urtera gaitz kopuru handiagoa sailkatzen duela ikusi dugu. Industri farmakologikoaren etekinei dagokionez berriz, milioika dolarretan neurtzen dira haren irabaziak. Sailkapen horretara nahasmendu berri baten izena gehitzean, diru etekinetan neurtuko den negozioa bihurtzen da.

Adibidez, arreta gabezia sendatzeko erabiltzen den Metilfenidato (MPH) substantziaren ekoizpena %800 igo zen AEBtan aurreko hamarkadan, eta 6-14 urtekoen adin bitartean %12 diagnostikaturik zegoen ordurako gaitz horrekin. Bi mila eta hamaika (2011) bitartean, %3-%5 artean igo zen urtez-urteko “gaixoen” kopurua. Haurrengan psikoestimulanteen kontsumoa promozionatzen duen eredua da industria horrek bultzatu duena, beti ere etekin farmakologikoaren mesedetan. Alajaina, osasunaren izenean egiten den jokabide merkantilista honek haurraren osasunean bere ondorioak agerian utzi ditu dagoeneko. Esan behar dugu, metilfenidatoarekin medikatuak izan diren haurrengan egindako ikerketek erakusten dutela beste gaitz larriagoak eragin ditzaketela hainbat alditan: depresioa, antsietatea, tikak, arritmiak, lo ezak, edo kasu larrienetan ezagutzen den bat-bateko heriotza.

Argazkia: CC BY - Images Money

Haurrengan psikoestimulanteen kontsumoa promozionatzen duen eredua da industria horrek bultzatu duena, beti ere etekin farmakologikoaren mesedetan.
Argazkia: CC BY - Images Money

4. Begirada biomedikoa auzitara

Azken hamarkadetan arreta gabezia eta egonezinaren arazoarekin lotutako guztia zaku berean sartu eta haurra medikalizatzeko zabaldu den gizarte joera, homogeneotasuna eta kontrola goresten duen gizarte eredu baten testuinguruan nagusitu da. Gaur gaurkoz, agirikoa da ezinegonaren arazoak geroz eta ugariago egin direla herrialde garatuen eskoletan, hainbatetan ikaste prozesuak zaildu, moteldu edota porrotera zuzenean bultzatuz. Baina ez da hori hemen eztabaidan jarri duguna. Hemen auzitan jarri duguna, arazo horien guztien jatorrian arrazoi biologikoei eman nahi zaien trataeraren nagusitasuna da, zientziaren begirada neutroa delakoan, ikuspegi bakarreko eredu biologikoari nagusitasuna eman eta jatorri sozialeko aldagaiak baztertu eta isiltzera eramanez. Auzitan jarri duguna, hainbeste haurren egonezin arazoak izendapen bakarraz kategorizatzeko joera da, eta ondorioz, patroi berdinaren arabera zientzia prediktiboaren (estatistikek diotena betetzeko helburua duena) iragarpenak jarraituz, haur horiek kopuru kezkagarrietan medikalizatzeko grina. Haurra sailkapen baten arabera homologatzeko behar hori, dena sendatu beharrekoa dela aldarrikatzen duen garaikidetasunaren izenean egiten da. Horren ondorioz, trataera farmakologikoaren bidezko eskola arazoaren sendakuntza, haurraren bizitzaren antolatzailea izatera iristen da bere identitate garabidean eta haur/gazte/ nerabe horren subjektibitate ekoizpena, zientzia normatiboak esleitutako kategoriaren arabera ekoitzi beharko du aurrerantzean.

5. Ondorioa

Prozedura honen hondoan garbi ikusten da eskola-instituzioak zuzenean pairatzen duela gizarte medikalizatuaren pentsamendu eragina, ez hori bakarrik, bereganatu egiten duela eta bere gaineko jarduneko praktiketan bultzatu egiten duela. Gizarte aro bakoitzean nagusitzen diren ideien paradigmek, gizarte horren pentsamendu sistema errotik baldintzatzen dutela ikusten da hemen, eta eskola porrotaren testuinguruan, halatsu islatzen da. Norbanakoaren homologazioa eta gizakiaren kontrol osoa izateko nahia al dago zientzia biomedikoetatik eratortzen diren sineste berrien jatorrian? Funtsean, giza konplexutasuna egi(a) bakarreko dimentsio finko bakar batetara errenditzeko betiereko nahia adierazten da hemen, norabide bakarreko pentsamendu paradigmaren eragina. Norabide bakarreko pentsamendu paradigma gizarte kontrolarentzako tresna ezin hobea bihurtzen da.

Sailkapen hauek gizartearen pentsamendua norabide batean ekoizten dute, ez dira batere neutroak eta subjektibotasuna ekoizten dute. Bioboterearen arrazoiaren nagusiagoak zelatatzen duen munduan, haur/gazte/nerabe horien ondoezaren oinarrian dauden arazo psiko-sozio-kultural-politikoen trama isiltzen duen paradigmak, gizaki-makinaren ideia eta pentsamenduaren kontrola ustiatzen duen ideologia dominantearen mesedetan irabazten ditu bere mozkinak. Gizaki-makinaren ereduak eta osasunaren merkantilizazioak, medikalizazioaren arazoa, ideologia garaikidea bihurtzen dute. Begirada biomedikoak hezkuntza arazoetan ezartzen duen prozedura, interes jakinetara makurtzen dela arrazoitu dugu hemen, industria farmakologikoaren interesaren mende eta gizarte eredu neoliberalaren balioei erantzuten dien neurrian. Haatik, gizabanakoaren ikuspegi murritzailearen aurrean, bestelako begirada sozial bati sarrera ematen dion ikuspegi antropo-sozial konplexuagoa dugu jomugan. Hori dela eta, hemen egin dugun arrazoibidea egin ondoren, eskola zailtasunekin loturiko hainbeste “nahaste”-en zioa, norbanakoaren ustezko gabezia neurologikoetatik baino, jatorri sozialeko harreman konplexutasunetik eratortzen dela ondorioztatu dugu.

Bibliografia

- BENASAYAG, L (2011): ADDH. Una patología de mercado?. Noveduc, Buenos Aires, Argentina.

- BLEICHMAR,S. (2011): La construcción del sujeto ético. Paidós, Buenos Aires.-FOUCAULT, M (1989): La voluntad de saber. Hª de la sexualidad, vol.1. Siglo XXI, Madril

- FREUD, S (1970): El malestar en la cultura. Alianza Madril

- GARCIA CRUZ Y COLS (2010): “Trastornoa arreta eskasiagatik, hiperaktibitatearekin edo gabe, Euskal Autonomia Erkidegoan. Prebalentzia eta aldagai soziofamiliarren azterketa”. Bol.S Vasco-Nav Pediatri, vol. XLII, nº 1, 5-12

- JANIN B. (2014): Niños desatentos e hiperactivos. Noveduc Buenos Aires, Argentina

- MORIN E. (2011): Introducción al pensamiento complejo. Gedisa, Bartzelona

- UNTOIGLICH, G (2014): En la infancia los diagósticos se escriben con lápiz. Noveduc, Buenos Aires, Argentina

1 Ikuskatu ditzakegu CDC Centers for Disease Control and Prevention, 2003/2011 bitartean. Holandan esaterako harrigarria egiten da gehikuntza horren ondorioa: eskolaumeen medikazioa 3:1 proportzioan egiten da egonezinaren arazoak sendatzeko.

2 Kontutan hartzen dugu, diagnostiko / tratamenduaren eredua, zientziaren izenean egiten den prozedura ohikoa denean, hezkuntzara aplikatu ezkero ez da ariketa batere neutrala, are gutxiago ariketa prebentibo gisa egin ohi denean.

3 Eskolaren eremuan ezagunak egin diren nahasmendu asko DSM-aren nahaste psikiatrikoen eskuliburuan jasotzen dira. Diagnostikoen liburuak 1952ean sortu zenetik hainbat bertsio izan ditu, gaur egungo DSM V bertsiora iritsi delarik. DSM II, 180 kategoria psikiatriko zituen; DSM III, 292; DSM IV, 350 baino gehiago. Gaur egun DSM V eskuliburua dago indarrean 2013ko maiatzaren 18az geroztik, eta dagoeneko sailkatutako gaixotasunen kopurua biderkatu egin da. http://www.psychiatry.org/dsm5

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Escribe

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia