Portada

“Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen” egitasmoa: hurbiltzen ari da lanean hasteko unea

Beñat GARAIO

“Ez esan mundua zikin dagoenik zure betaurrekoak ez badituzu garbitu”

Aaron Hill egilearen aipua erabili nahiko genuke artikulu honi hasiera emateko, ondo baino hobeto deskribatzen baitu komunitate euskaldunak bizi duen egoera eta egoera horretaz egindako irakurketa. Era berean, esan genezake Eusko Ikaskuntza ere antzeko egoera batetik abiatu zela.

Eusko Ikaskuntzaren mendeurrena da 2018an eta data garrantzitsu horri begira, hausnarketa-prozesu batetik abiatutako lan-ildo berri batzuk sortu dira. Bost lan-ildo berri horietako bat da, hain zuzen ere, euskara, eta hor kokatu behar da Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen egitasmoa. Bestalde, elkarren artean estuki lotuta dauden euskararen biziberritzearen eta euskalgintzaren osasunak ere badu garrantzia e5 delako hau garatzeko beharra zegoela ikusterakoan. Izan ere, eta ondorengo lerroetan agertuko den bezala, Eusko Ikaskuntzak abian jarritako e5 euskararentzat eta euskalgintzarentzat egina dago.

Izan ere, Eusko Ikaskuntzak apustu berritzailea egingo du diziplinartekotasuna eta gizartearentzat eta gizartetik egindako jarduera uztartuz. Horretaz gain, esan liteke Eusko Ikaskuntzak gizarteari (eta euskarari) honako beste bertute hauek ere eskaini ahal dizkiola: territorio bat, euskal gizartean erreferentzialtasuna, patxada zientifikoa, eragileen ikuspegi zabaltzailea, konfrontazio ideologikotik urrun lan egiteko gaitasuna eta Arturo Campión sortzaile nagusietako batek bezala, euskararekiko sentsibilitate berezia.

Hori dela eta, Eusko Ikaskuntzan ere euskalgintz(et)an egin den hausnarketarekin bat egiten dugu: “aro berri bat iritsi dela argi dago”. Euskararen aldeko hauspoa apur bat ahuldu delakoan daude hainbat eragile, izan ere, “azken hamarkadetan mundua zeharo aldatu duten dinamika eta abarrek baldintza berriak ezarri dizkiote Euskal Herriko hizkuntza-egoerari. Oro har, bertako hizkuntza-egoera, paradigma gero eta zabalagoetatik irakurri eta ulertu behar dugu [...]”.

Hitz horien argitan, badago behar bat etorkizuna begi berriz ikusteko eta nolako etorkizuna nahi dugun arduraz eta eraginkortasunez erabakitzeko. Beste era batera esanda, badago beharra euskalgintzaren eta euskaldunon “amets doituak” egi bihurtzeko. Zeintzuk dira, ordea, amets doitu horiek? Noren begirada egongo da azken urteotako ajeez salbu?

Eusko Ikaskuntza ez dago, akaso, hizkuntza politika egiteko, baina bai, ordea, hizkuntza politika hori adostasunez eta arrakastarako bermeekin egin dadin laguntzeko. Eusko Ikaskuntza, hori bai, guztiz prest dago euskalgintzaren erreferentzia izateko eta euskararen alde lan egiteko. Hori da, hain zuzen ere, Eusko Ikaskuntzaren ardura, zilegitasuna eta arrazoia “e5: Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen” egitasmoa abian jartzeko: etorkizun adostu eta doitu horretara iritsi ahal izateko erreferentzia izan daitekeelako.

Egitasmo honen helburuak

Aurreko lerroetan nondik abiatzen garen ikusi dugu, eta orain, berriz, zer nahi dugun. e5-ek euskalgintzaren beharrekin lerrokatu nahi du, partekatutako helburu batzuk erdiesteko asmoz:

Beste hitz batzuekin azaltzeko, euskaraz garatu nahi duen komunitatea jarri dugu egitasmo honen erdi-erdian, euskaldun horientzako diseinatutako egitasmo honek behar-beharrezkoa baitu euskaldun aktibo horien parte-hartzea, eskarmentua eta ezagutza. Aurreko atalean ikusi bezala, euskalgintza indar makalaldi batean dago, baina gure hizkuntzaren biziberritze prozesua martxan jarri zuen desira hor dago, eta desira hori ekintza zehatzetara bideratu zuten eragileak hor diraute oraindik ere. Euskarak bizi duen egoera beste begirada baikorrago batekin ikustea falta zaigu, gure indarguneak zeintzuk diren aztertuz eta indargune horietatik abiatuta etorkizuna nolakoa izango den irudikatuz. Eragileen parte-hartzea beharrezko baldintza eta zeharkako helburua dituen metodologia garatu dugu, beste jakintza esparru batzuetatik hartutako hiru metodologia berritzaile egokituz.

Zer da, baina, e5 delako egitasmoa?

“Garrantzitsuena atea irekitzen duen giltza da, eta ez serrailaren nolakotasuna. Serraila aztertu eta ulertzea ez da beharrezkoa serraila ezberdinetara egokitzen den gakorde bat badugu esku artean” (O’Hanlon eta Weiner-Davis)

Aurretik hainbat alditan esan dugun eta gerora ere errepikatuko dugun moduan, euskalgintzaren garai berri honetan agertu diren erronkentzako erantzun eta irtenbide berriak asmatu behar ditugu. Einsteinek esana da ezin dela emaitza ezberdinak lortzea espero gauza berdinak eginez. Era berean, eta Woodbury bezalako adituen aholkuei jarraika, diziplina arteko elkarlana funtsezkoa dela ikusi dugu hizkuntzen biziberritzean. Edozein delarik hautatzen dugun bidea, orain arte euskararen alde egindako lan-eskergari jarraipena eman behar zaio, ekintzailetza berpiztuz eta euskal komunitatea trinkotuz. Hori horrela izanik, Marketing eta Kudeaketa alorretatik hiru metodologia hautatu eta euskararen biziberritzera egokitu ditugu. Esan beharra dago hiru ikuspegi hauek aldi berean jorratu, teorizatu eta maila praktikora jaisten saiatu den lanik ez dela ezagutzen, are gutxiago hizkuntzen munduan.

Labur-labur definitzekotan, Arakatze Apreziatiboa (AA) erantzun baikorrak eskatzen dituzten galdera sakon batzuen bitartez egiten den hausnarketa-metodologia da. Kapitaletan Oinarritutako Komunitatearen Garapena (KaKoGa), berriz, erakunde baten egoera zein den aztertzeko eta erakundea bera garatzeko honek dituen kapitaletatik (indarguneetatik) abiatzen den eredua da. Etorkizuneko Eszenario Partehartzaileak (EEP), aldiz, etorkizunari begira plangintza estrategikoa burutzeko teknika bereziki kualitatibo parte-hartzailea da.

Hiru metodologia hauek aukeratzeko arrazoi ugari izan dira, baina ezeren gainetik, metodologia hauek dituzten abantailek eta ezaugarriek euskararen kasuan aplikatzeko aukera paregabea eskaintzen digute.

Arakatze Apreziatiboa

“Aldaketak sortzeko gure ahaleginetan, maiz ahazten dugu erabakitzea zer den mantendu nahi dena” (Damàs Basté).

e5-en muinean dago Arakatze Apreziatiboa, euskararen eta euskalgintzaren egoera beste begi batzuez ikusten eta etorkizuna beste era batean irudikatzen lagunduko digulako. Erakundeen, eta oro har, enpresen eraldaketarako erabili den metodoa izan da hau, gehien bat. Izan ere, diagnostikoa ikuspegi baikorrago batekin gauzatzea ahalbidetzen du Arakatze Apreziatiboak, euskalgintzak momentu historiko honetan behar duena, hain zuzen ere.

Arte Ikasketetatik kontzeptu hau moldatu ostean, Arakatze Apreziatiboaren izaera marraztuko zuten 8 “hipotesi” izendatu zituen David Cooperrider sortzaileak:

1. Gizarte, erakunde edota edozein taldetan dago ondo dabilen zerbait
2. Arreta eskaintzen diogun hori guztia gure errealitatea bilakatzen da
3. Errealitatea momentuan bertan sortzen da eta errealitate ugari daude
4. Erakunde edo talde bati buruzko galderak egiteagatik bakarrik eragin daiteke nolabait talde horrengan
5. Konfiantza gehiago dugu eta erosoago sentitzen gara etorkizunera (ezezaguna) iraganaren zatiak badaramazkigu (ezaguna)
6. Gurekin iraganeko zati batzuk badaramazkigu etorkizunera, gure zati onenak izan beharko lirateke, ezinbestean
7. Ezberdintasunak/aniztasuna baloratzea garrantzitsua da
8. Erabiltzen dugun hizkuntzak sortzen du gure errealitatea

Arakatze Apreziatiboak berau erabiliko duen erakundearen izaera bera zalantzan jarri nahi du, etorkizun itxaropentsuagoa lortzeko sustraietatik hasi beharra baitago. Edonola ere, erakundeak gizabanakoz osatuta daude eta hauek derrigorrez euren jokaeraren zati bat aldatu beharko lukete.

Halaber, argi izan beharko genuke komunitatea dela metodo honen bitartez indartu nahi duguna, “prozesura bideratutako prozesu hau” abiatuz euskal hiztun aktiboen trinkotzea lortu nahi da eta.

Bestalde, Xabier Erize eta Julia Sallabank-ek sarri aldarrikatu duten eskaria gure egingo dugu e5-n, Arakatze Apreziatiboaren izaerarekin bat datorrelakoan. Hau honela, hemendik aurrera euskararen mantentzea eta biziberritzea ahalbidetu duten faktore, egoera eta gertaerek hartuko dute garrantzia gure analisia egiterako orduan, hizkuntza-galera azaltzen duten ikerketen ordez.

Kapitaletan Oinarritutako Komunitatearen Garapena

“Izatez, askok hitz egiten dute etorkizunari buruz, baina oso gutxik argudiatzen dituzte euren aurreikuspenak” (Ernest Querol)

Desiratutako etorkizunera baliabide jakin batzuekin iritsi liteke, inoiz ere arazoetatik abiatuta edo modu ezkorrean lan eginda. Hori dela eta, komunitate batek dituen indarguneak zeintzuk diren jakin beharko luke diagnostikoa egin ahal izateko. Gure elementu ‘positiboak’ erabilita aukera gehiago izango ditugu finkatutako helburuak erdiesteko? Eta zeintzuk dira, bada, komunitate euskaldunaren indarguneak? Eusko Ikaskuntzan kapitalak kontzeptua erabiltzen dihardugu azkenaldian. Kapitalen garrantzia azpimarratuz, gure hiztunen komunitatearen diagnostikoari izaera baikorra eta eraldatzailea atxikituko diogu. Zehatzago esanda, kapitala “baliabide gehiago ekoizteko gai den beste edozein baliabide mota” dela proposatu zuten Flora, Flora eta Feyk, eta horrela imajinatu liteke euskararen biziberritzea ere: kapital horietaz baliatuz baliabide gehiago ekoiztea, izan hiztun aktiboak, izan ekintzailetza, izan legedia, izan...

Etorkizuneko Eszenario Partehartzaileak

“Etorkizunaren gauza liluragarriena da guk geuk eman ahal diogula forma” (Handy)

Euskararen biziberritzea jarri zuen (eta du) euskal komunitate etnolinguistikoak helburutzat, eta honek ezinbestean bi ondorio dakartza. Lehenik eta behin, etorkizun bat irudikatzen edo desiratzen ari gara, zeinetan euskarak orain ez duen egoera bat izango duen. Halaber, bigarren ondorioa aski logikoa da eta lotura estua du aurreko baieztapenarekin: etorkizunean euskararen egoera ezberdina izango bada, horrek euskal hiztunei etorkizun horretara iristeko ekintza batzuk aurrera ateratzea eskatzen die. Horrenbestez, etorkizunerako bide-orri kolektibo bat amestu eta finkatu beharra dago, aldez aurretik finkatutako helburua lortu nahi bada, behintzat.

Wilkinsonek dio ezinezkoa dela etorkizuna nolakoa izango den aurreikustea, eta hortaz, gure erabakiek, kasu honetan hizkuntzari dagozkionak, ahalik eta berme “egingarri” handiena behar dute. Eszenario horiek hainbat esparru ezberdinetatik abiatuta definituko ditugu (ekonomia, gizartea, politika, etab.), eta eskura dugun informazio guztiarekin gai bagara komunitatearen nahiak irudikatutako etorkizun horretara bideratzeko, gure amestutako eszenario horiek “errealitateak sortuko dituzte”, Xabier Aierdik dioen gisan.

e5-en prozesuaren kronograma

Beheko grafikoan ikus liteke e5 “Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen” egitasmoaren faseak zeintzuk izango diren:

e5-en prozesuaren kronograma

Orain arte, metodologia hauek fintzen eta uztarketa hau lantzen aritu gara, baina udararekin batera hasiko gara prozesu hau euskalgintzarekin batera egiten. Horretarako, Eusko Ikaskuntzaren 18. Kongresuan amaituko den ibilbide hau proposatzen dizuegu. Datorren ekainaren 2an metodologia bera aurkeztu eta euskararen indarguneez jakiteko Kontraste Mintegia burutuko dugu Gasteizen. Mintegi horretako ekarpenak jaso eta landu ondoren, 2017ko udazkenean eszenario horiek irudikatzen hasi nahiko genuke euskaltzaleekin batera. 2018ko martxoko bilkuran, berriz, etorkizun horretara nola iritsi gaitezkeen ondorioztatzea izango da helburua eta 2018ko urrian azkenengo kontrastea egingo dugu. Esan bezala, Eusko Ikaskuntzaren 18. Kongresuan amaituko da ibilbide hau eta bertan aurkeztuko dira prozesu honetan jasotako eta denon artean eraikitako ondorio nagusienak. Edonola ere, 2019 urtean zehar ondorio horiek aberastuko dira eta hedapena egingo da euskalgintza eta gizarte-mailan.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Escribe

Egilea

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia