J. Inazio MARKO JUANIKORENA
Zein baliabide edo aktibo ditu euskaraz garatu nahi duen komunitateak, nahikunde kolektibo horretan komunitate gisa ahaldundu eta bere helburuetan aurrera egiteko? Nola proiektatu nahi du Komunitate horrek bere etorkizuna eta nolako eszenarioak irudikatu nahi ditu proiekzio horretan? Eszenario horietara hurbiltzeko, nolako arkitektura diseinatu behar du?
Era honetako galderak izan dira Eusko Ikaskuntzaren «Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen (e5)» proiektuaren hasieran sortu eta berau funtsatu dutenak.
e5 Proiektua Eusko Ikaskuntzaren Mendeurrena eta XVIII. Kongresuaren baitan txertatzen den egitasmoa da. Bere helburu nagusia Datozen hamarkadetarako euskalgintzaren aro berria konfiguratzen laguntzea da. Eta horretarako, azpi-helburu gisa:
Hizkuntza normalkuntza gisa izendatu izan den prozesua, eraldaketa prozesua da, gizarte aldaketarekin lotzen den komunitatearen praxi soziala. Praxi hori, aldakorra den gizartearen botere eta elkarrekintzazko egituretan eta espazioetan gorpuzten eta gauzatzen da, eta, aldi berean, gizarte-egituretan berrikuntzak eta aldaketak eragiten dituen praxia ere ba da. Hori horrela ulertuta, e5 Proiektua ondoko indar-ideia nagusi hauetan oinarritzen da:
Proiektuaren eredu metodologikoa Arakatze apreziatiboaren ikuspegian oinarritutako eraldaketa-hausnarketan fokalizatuko da. Sistemaren muin positiboan zentratzen den arakatze eta eraikitze prozesu kolaboratzailea, dauden indarrak apreziatuz eta balioan jarriz.
Komunitatea. Kontzeptu konplexu eta multidimensionala. Garapen komunitarioaren ikuspuntu batetik (Eito eta Gomez, 2013; Hillery, 1955; Marchione, 2004), komunitatea giza-talde bat da, espazio/lurraldea, ezaugarri kolektiboak, harremanak eta interakzio pautak partekatzen dituena, eta bere garapenerako hainbat baliabide eta bere baitatik sortzen diren hainbat nahikunde eta demanda partekatuak ere badituena.
Euskal Komunitatea. Bere gizarte garapenerako eta sozializaziorako perspektiban, eta hizkuntza aniztasunaren testuinguruan, lurraldeko hizkuntzarekiko (euskararekiko) identifikazioa, sentimenduak, eta jarrera eta portaera aktibo eta positibo komunak partekatzen dituen komunitatea (Hernandez, 2008; Kasares, 2012, 2015; Tejerina, 1992).
Komunitatearen Kapitala. Komunitateak bere garapenean etorkizuneko helburuak erdiesteko sortu edota eskura dituen aktiboen (baliabideen) multzoa da.
Aktiboak. Emaitza berriak sortze aldera gara-indarra eduki dezaketen baliabide edota errekurtsoak dira. Aktibo horiek ahalbide berriak agerrarazteko baliatzen direnean, Kapital bihurtzen dira.
Kapitalen aktiboak izan daitezke ukigarriak (eraikinak, diru baliabideak, argitalpenak,...) edo ez-ukigarriak (sare sozialak, lidergo ahalmenak, eragin politikoa, ..). Aktibo horiek areagotu edo agortu egin daitezke. Esate baterako, giza-kapitalaren alorrean pertsonen hizkuntza-lidergoak indartzeko inbertsioa egiteak ekar dezake gero pertsona horien gaitasunak eta ahalmenak areagotzea (giza-kapitala), pertsona horiek gizarte sare berriak sustatzea (gizarte kapitala), edo jardun politikoan eragitea eta hizkuntza politikak bultzatzea (kapital politikoa). Aitzitik, aktiboak agortzen direnean, ez dituzte baliabide edota ahalbide berriak sortarazten.
Proiektu honetan kapitalen analisirako proposatzen den erreferentziazko eredua, Emery, Fey eta Cornelia (2006) egileek komunitatearen aldaketa positiborako landutako Community Capitals Framework ereduaren egokitzapena da. Ondoko irudian agertzen dena.
Proiektua, 2018ko azaroan burutuko den Eusko Ikaskuntzaren Mendeurren eta XVIII. Kongresuari begira egituratu da, 2017 eta 2018 zehar egindako hiru Mintegiren bidez.
Lehen Mintegia pasa den ekainean izan zen Gasteizen (jabetu eta baloratu). Bertan proiektua azaltzearekin batera, proposatutako eredua balidatzeko eta ekarpenak jasotzeko Kontraste-elkarrizketak gauzatu ziren, eta Komunitatearen Kapitalen Mapa lantzeko lehen Tailer Apreziatiboa ere bideratu zen. Mintegiaren ondoren, eta bertan egindako lehen talde-hausnarketari segida emanez, mintegian parte hartu edota interesa adierazi zuten pertsonei aditu gisako ekarpen pertsonala eskatu zaie Delphi moduko galdetegi baten bidez, honako helburuekin: Komunitatearen Kapitalen Mapeoari buruz Mintegian jasotakoetan sakontzeko, eta, proiektuaren 2. Mintegiari begira oinarri-materialak prestatzeko.
Lehen Mintegia pasa den ekainean izan zen Gasteizen (jabetu eta baloratu).
Bigarren Mintegia datorren urtarrilean egingo da (imaginatu). Mintegi horretan, Kapitalen Maparen emaitzak azalduko dira eta Etorkizuneko Eszenarioen konstelazioa lantzen hasiko da. Ondoren, berriro beste Delphia zabalduko da hausnarketan sakontzeko.
Hirugarren Mintegia 2018ko maiatza edo ekainean egitea aurreikusten da (modelatu). Mintegi horren xedea Etorkizuneko Eszenarioen konstelazioaren emaitzak azaltzea eta Arkitektura Estrategikorako ekarpenak jasotzen hastea izango da.
Azkenik, Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren ekitaldiaren baitan, arloaren Kongresu-ekitaldia burutuko da (diseinatu eta eraiki). Bertan, prozesuan zehar egindako hausnarketa eta analisien emaitzak azalduko dira, arkitektura estrategikorako ekarpenen komunikazioak eta aurkezpenak egingo dira eta geroko eraikuntzarako ondorioak eta proposamenak jasoko dira.
Ekainean egindako Mintegian, proiektua aurkeztu ondoren, proposatutako ereduari ekarpenak egiteko eta berau balidatzeko kontraste-elkarrizketak egiteko tartea ireki zen. Partaideak hiruna kidez osatutako mahaitxoetan elkartu ziren eta emandako galdetegiari erantzunez proiektuari balorazio kuantitatiboa eman eta ekarpen kualitatiboak egin zizkioten:
Grafikoak erakusten duen moduan, proiektuaren bultzatzearen aldeko iritzi garbia azaldu zuten bertan elkartutakoek, 4.5eko batez besteko balorazioarekin. Beraz, alde horretatik esan dezakegu proiektuak eragile eta adituen kanpo balidazioa jaso duela.
Hori guztia horrela, Euskonews-eko zenbaki honetan zenbait eragile esanguratsuren hausnarketa jaso nahi izan dugu, beti ere proiektuaren ikuspegitik enfokatuta eta, kasu honetan, bakoitzak bere arlotik kapitalen inguruko hausnarketa eskatuz.
Bibliografia:
Eito, A. eta Gomez, J. (2013). El concepto de comunidad y trabajo social. Revista Espacios Transnacionales (1), 10-16.
Hernandez, J.M. (2008). Euskara birpentsatu beharra, ekarpen batzuk antropologiatik. Bat Soziolinguistika Aldizkaria, 69, 2008 (4), 27-42.
Hillery, G. A. (1955). Definitions of Community: Areas of Agreement. Rural Sociology (20), 111-123.
Kasares, P. (2012). Euskaldun hazi Irunean. Inguru erdaldun(du)etako familien hizkuntza elkarrekintzak eta komunitate aukerak. Bat Soziolinguistika Aldizkaria, 85, 2012 (4), 143-158.
MArchioni, M. (2004). La acción social en y con la comunidad. Zaragoza: Certeza
Tejerina, B. (1992). Nacionalismo y lengua. Madrid: CIS – Siglo XXI
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria