Portada

Protokoloa: kapitalak elikatzeko tresna

Paul BILBAO SARRIA, Euskararen Gizarte Erakundeen KONTSEILUAren idazkari nagusia

Mendeurrenaren karira, Eusko Ikaskuntzak nazio mailako gogoeta-prozesu integralari eman zion hasiera duela hilabete batzuk. Aipatu gogoetak bost zutabe nagusi ditu eta, beraz, ikuspegi osoa hartuko du. Batetik, Euskal Herriko etorkizuneko eszenarioak irudikatzea eta horiei aurre egiteko proposamenak jasotzea du helburu; bigarrenik, etorkizunean gure gizartea nolakoa izatea nahi dugun ikertzen saiatzea; hirugarrenik egungo egitura sozio-politikoaren baitan etorkizuneko konponbideak eta erabakiak proposatzea; laugarrenik eredu sozio-ekonomikoen inguruan azterketa zabal eta sakona egitea, eta, azkenik, euskararen etorkizuneko eszenarioak eraikitzea.

Zaila egiten zait identifikatzea horrelako beste prozesurik Euskal Herrian, eta zalantzarik gabe, Kontseiluak ere honen guztiaren parte aktibo bihurtu nahi izan du. Finean, egun Euskalgintzako eragile nagusienen bilgunea izanik, alegia, komunitatearen kapital sozialaren bilgune nagusia izanik, horrelakoen aurrean erantzukizunez jokatzeko bokazioa dugu.

Interesgarria bai, Beñat Garaiok Euskonews aldizkariaren 719. zenbakian adierazi bezala, euskaraz garatu nahi duen komunitatea jarri dutelako egitasmoaren erdi-erdian.

Akaso, eta halakoetan kontrapuntua jartzea ere prozesua guztion artean eraikitzearen seinale delako, bitxia egin zait euskalgintzari krisi aktiboari ekarpena egon nahi dion egitasmo gisa aurkeztu izana. Izan ere, behin baino gehiagotan entzun edo irakurri dut balizko krisi horri buruz, eta oraindik ez dut hori identifikatzerik izan.

Uste dut Euskalgintza zerbait dinamikoa dela, urterik urte proiektu berriak eta berritzaileak sortzen dituela, eta gizartean eragiten duela. Segurki beti ez du asmatzen eta, segurki, zer hobetu badu, baina izaera hain dinamikoa duen gizarte-sektore hori krisian dagoenik ez nuke esango. Aitzitik, uste dut badagoela krisian dagoen beste elementurik, hain zuzen ere, gure lurralde osoan berezko hizkuntzan bizi ahal izateko baldintza juridiko, politiko eta ekonomiko egokiak ahalbidetuko dituen hizkuntza-politika integrala, eta akaso, horretan eragiteari begira prozesu honen emaitzak zeresan handia izan dezakeela iruditzen zait.

Dena dela, artikulu horren helburu nagusia Eusko Ikaskuntzak abian jarri duen prozesuan KONTSEILUAk zer nolako ekarpena egin nahi duen azaltzea da. Lehen esan bezala, guztiok garelako prozesu honetako protagonista.

Metodologiari dagokionez ere, berritzailea da prozesua garatzeko erabili dena. Horrela, diagnosia egiteko komunitateko kapitalen analisia egitea proposatzen da. Jakin dakigu kapitalak baliabide gehiago ekoizten gai den beste edozein baliabide-mota dela eta lotura zuzena duela komunitatearen erresilentzia-gaitasunarekin. Eta erresilentzia da, hain zuzen ere, Auñamendi Entziklopedian irakur daitekeenez, euskararen biziraupena azaltzeko arrazoi edo gakoetako bat.

[...] historiak erakusten du Euskal Herritarren izatea historian barrena anitza eta aldakorra izan dela, baina erresilientzia sakoneko mekanismoa ere izan dituztela ere, iraunkortasun-elementuek dirautelako. Euskal hizkuntza bera litzateke horren adibide eta euskal herritarren historian zergatik iraun duen izango da bereizgarrietako bat.

Finean, kapitalak kontzeptua erabiltzen da, hain zuzen ere, komunitatearen indarguneak zein diren jakinda diagnostikoa egin ahal izateko. Kapitalen garrantzia azpimarratuz, gure hiztunen komunitatearen diagnostikoari izaera baikorra eta eraldatzailea atxikiko diogu.

Antolatzaileek adierazi bezala, desiratutako etorkizunera baliabide jakin batzuekin iritsi liteke, inoiz ere ez arazoetatik edo modu ezkorrean lan eginda, eta horrexegatik, hain zuzen ere, planteatu dute kapitalen kontzeptua.

Printzipio horietatik abiatuta, eta kontuan hartuta prozesuan parte hartuko duten eragileen aniztasuna KONTSEILUAn lehenetsi genuen kapital batean baino gehiagotan eragina izan zezakeen proiektu bat txertatzea. Izan ere, gure erakundea euskalgintzako eragile askoren bilgune da, eta eragile horiek badute zeinek bere sektoretik, zeinek bere lanetik, kapital desberdinei begirako ekarpenak egitea. Horrexegatik, eragileen bilgune dugun ezaugarri horretan oinarritutako ekarpena proposatzeko ariketa egin dugu.

2016ko abenduaren 17an, lepoz beteta zegoen Donostiako Kursaal jauregian, hogeita hamar hizkuntza gutxitu baino gehiagoren berreskurapenaren aldeko ehunetik gora gizarte eragileok Europa mailan inoiz egin dugun azterketa parte-hartzaileenaren ondorioak aurkeztu genituen dokumentu batean: Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa (aurrerantzean Protokoloa). Zeinek bere egoeratik, zeinek bere bizipenetatik, zeinek bere arazoetatik, zeinek beretik egindako ehunka ekarpenek osatutako bide-orria da Protokoloa. Geure hizkuntzetan bizi ahal izateko gizarte eragileok adostutako 185 neurrien bilduma jorratzea lortu genuen bi urteko prozesuaren ondoren.

Donostiako Protokoloa sustatu duten eragileen familia-argazkia Kursaal jauregian 2016ko abenduan

Donostiako Protokoloa sustatu duten eragileen familia-argazkia Kursaal jauregian 2016ko abenduan.

Halere, Protokoloaren prozesua iazko abenduan itxi bazen ere, azken hilabeteotan Protokoloaren edukiak gure hizkuntzara eta gure errealitateetara ekartzeko ariketan arras murgilduta gaude orduan bat egin zuten eragileekin zein beste batzuekin. Horrexegatik, Eusko Ikaskuntzak bere prozesurako aurreikusten dituen tempusak erabat uztargarriak dira Protokoloaren Euskal Kaiera delako prozesuarekin, eta alde horretatik, azken produktu hori hausnarketa-prozesu honetarako material interesgarria izango delakoan gaude.

Testuinguru horretan, beraz, zehaztasunera joaz, artikulu honetan, Protokoloak komunitateko kapitalak sendotzeko egin dezakeen ekarpena dugu aztergai. Noski, ez dugu Protokoloa testu artikulatu gisa soilik ulertzen. Aitzitik, hortik harago, dokumentua bera osatzeko prozesuak eta aurrera begira eman diezaiokeen garapena ulertzen dugu kapitalak sendotzeko baliabide gisa. Horiek guztiak izan beharko ditugu gogoan, beraz, Protokoloa aipatzen dugunean. Halaber, lehen aipatu bezala, Protokoloa ez da dokumentu itxia. Aitzitik, hilabeteotan ehunka eragilek adostutako bide-orria geure errealitateetara ari gara egokitzen euskal komunitateko hamarnaka eragilerekin tresna are erabilgarriagoa lortze aldera.

Eusko Ikaskuntzak proposatutako hausnarketa sei kapitaletan ardazten da, hain zuzen ere, kapital soziala, kulturala, politikoa, ekonomikoa, azpiegitura kapitala eta giza kapitala. Kontseiluak Protokoloa mahai gaineratzean argi du bere baliagarritasunak ez duela sei kapitaletan eragiten, bai, ordea, lautan, hain zuzen ere, giza kapitalean, kapital kulturalean, kapital sozialean eta kapital politikoan. Gainera, kontuan hartu beharrekoa da kapitalek ez dutela modu autonomoan funtzionatzen eta euren arteko elkar-elikatze hartu-emanak dituztela. Dena dela, gatozen, bada, horien azterketara:

Giza kapitala

Protokoloak hizkuntza-eskubideen eta normalizazio-prozesuaren ezagutzan sakontzeko tresna dela ondorioztatzen dugu. Kapital honek jendearen abileziak eta gaitasunak hartzen dituela kontuan ikusita, arras lotzen zaio Protokoloaren prozesuari. Izan ere, horixe izan zen, neurri handi batean Protokoloa bera jorratzeko izan genuen elikagairik garrantzitsuena. Finean, Protokoloaren oinarria da gizarte eragileen ekarpenekin osatutako tresna dela. Bete-betean egiten du, hortaz, Protokoloak giza kapitalaren ezaugarriekin.

Gauzak horrela, Protokoloa bi ikuspegitatik izan daiteke interesgarri giza kapitalak aztertzean. Batetik, berau osatzeko prozesuan ehunka herritarren abileziak eta gaitasunak izan zituelako kontuan. Bestetik, azken produktua gure ezagutza handitzeko kanpo baliabidetzat hartzekoa delako.

Kapital soziala

Kapital honen barruan jendearen eta erakundeen arteko elkarrekintzak aztertzen dituela kontuan hartuta, Protokoloaren prozesuak berak ehunka eragileren saretzea ahalbidetu zuela esan dezakegu. Horrela, bi balio nagusi du dokumentuak. Batetik, euskal hizkuntza-komunitateko berrogeita hamalau eragileren elkarlanari euskal sindikalgintzako sei aktore nagusiak batu zaizkio berriki, eta beraz, bertan jasotzen den edukia elkarlanaren ondorio zuzena da. Euskararen inguruan biltzen diren eragile nagusienen arteko elkarrekintzaren emaitza da Protokoloa, bai eta egun garatzen ari garen Protokoloaren Euskal Kaiera ere. Horrexegatik, ekintzailetasunaren isla dela esan dezakegu. Bigarrenik, nazioarteko proiekzioa izan zuen prozesuaren ondorioa da eta, beraz, hogeita hamar hizkuntza baino gehiagoko 70 eragile saretzetik lortutako emaitza da.

Kapital kulturala

Kapital honek jendeak mundua ezagutzeko modua islatzen du, bai eta taldearen barnean sustraitutako ohitura, ondare eta sinesmenak ere. Protokoloa produktu gisa kohesio ideologiko-diskurtsiboa eta hizkuntza-eskubideen inguruko kosmobisioa eskuratzeko tresna dela berretsi nahiko nuke. Finean, mundua ezagutzea ere zerbait poliedrikoa dela adierazi izan zaigu behin eta berriro, eta gure mundua edota etorkizuna eskubideen paradigmatik ere ikusteko beharra badagoela esango genuke, hain zuzen ere, egoera gutxituan dagoen hizkuntza-komunitate bateko kideak garen heinean.

Kapital politikoa

Kapital honen barruan kokatzen da komunitateak boterea bereganatzeko edo bertan eragiteko gaitasuna. Horrela, Protokoloa agenda politikoan eragin eta proposamen politikoak mahai gaineratzeko tresna dela esan behar dugu. Proposamen zehatza da Protokoloa, 185 neurri zehatz biltzen ditu eta neurri horiek garatzeko bidea eskainiko du hilabete batzuk barru aurkeztuko dugun Protokoloan Euskal Kaierak. Horrela, dokumentuaren eta prozesuaren gizarteratzeak aukera ezin hobea eskainiko digu gizarte eragileok ahaldundu eta hizkuntza-eskubideen gaia agenda politikoaren erdian kokatzeko.

Dena dela, eta aurretik adierazi bezala, kapitalak ezin dira zutabe isolatu gisa aztertu. Egia da, bai, azken produktua kapital politikoarekin lotura zuzena duela, baina prozesua giza kapitalean eta kapital soziala aberasteko baliagarria dela esango genuke.

Gainera, Kapital Kulturalean azaldu bezala, Protokoloak abiapuntu gisa gizateriaren kapital gisa ulertu litekeen hizkuntza-eskubideetan du oinarria. Alegia, mundu mailako onarpen zabaleko eta balioan jarritako ‘kontzeptu’ horretatik abiatzen da.

Eta azkenik, gure komunitateko azterketara mugatu ordez, beharrezkoa iruditzen zaigu hizkuntza-gutxiagotuen komunitateez hitz egitea, beti ere, ulertuta, hizkuntza-gutxiagotuen komunitateen kapitalak sendotu ahala, gure komunitatea ere sendoagoa egongo dela. Hori aipatuta, errazago uler liteke, Protokoloak nazioartean lantzeko eginiko apustua. Hasieratik ikusi genuen, halako dokumentuak eta prozesuak nazioarteko hizkuntza-gutxiagotu guztiei egin ziezaiekeela ekarpena. Gainera, horien guztien babesa lantzean, ondotik, komunitate bakoitzak erabiltzeko tresna sendoago bilakatzen zuen.

Nator, beraz, neure buruari artikulua idatzi baino lehen egindako galderara: Zer eta nola egin genezake komunitateko kapital horiek areagotzeko? Uste dut Protokoloa, dokumentu gisa eta prozesu gisa ulertuta, kapitalak areagotzeko eta indartzeko tresna dela, hain zuzen ere, bete-betean egiten duelako kapitalen metodologiak eskatzen dituen oinarriekin. Horrela, batetik, baliabide gehiago ekoizteko aukera eskaintzen duen dokumentua da. Eta, bestetik, komunitatearen handitasuna, elkarrekintza eta saretzea ardatz duela, euskarak aurrera egin dezan baldintza juridiko, politiko eta ekonomiko egokiagoak erdiesteko proposamen zehatz eta adostua da.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Urteko Galdera

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia