Portada

Gasteizko euskal komunitatearen aktiboak, aktibazioari begira

Alex VADILLO

Kike Amonarrizek Gasteizen eman zuen hitzaldi batean, bertako bilakaera soziolinguistikoaz datu eta adibide esanguratsuak eman ondoren, egindako lana harro egoteko modukoa esan zuen: “ez da egongo ziurrenik Europan hizkuntza bat Gasteizko halako tamainan biziberritu duen beste hiririk”.

Manex Agirrek ere antzeko zerbait zioen Jakin 206 aldizkarian: “lurralde oso batean modu integralean eman diren aurrerapausoei begiratuta, aldaketarik adierazgarriena eta homogeneoena izan duen lurraldea izan liteke Araba”.

Autokonplazentzia ez da ona, baina... harrotasun puntu bat nabaritu izan dugu horrelakoak entzuten ditugunean, nahiz eta jarraian ñabardura ugari egitera behartuta egon.

Asko egin da? Ziur aski bai. Gehiago egin zitekeen? Ziur. Zein izan da gakoa? Eusko Ikaskuntzak e5 proiektuan proposatzen digun eredua iradokitzailea da, alde horretatik. Ez da gako bakarra, hainbat faktoreren batura baizik. Eusko Ikaskuntzak euskarak edota euskal komunitateak dituen aktiboak sei multzotan zerrendatzea proposatzen du: giza kapitala, kapital soziala, (azpi)egiturak, kapital ekonomikoa, kapital politikoa eta kapital kulturala.

 

Zein dira euskal komunitatearen aktiboak Gasteizen?

Hauek guztiak...

... aek, denon eskola, ika, sarburu, gasteizko ikastetxeak, udaberria, ikastolen elkartea, hegoalde, ikasleen euskara batzordeak, mondragonlingua, bai&by, irakasle eskola, araba euskaraz, korrika, euskararen ginkana, euskara elkargunea, hala bedi 2, zizta, irakurle kluba, gaztetxea, guraso elkarteetako euskara batzordeak, euskara zerbitzua, geu elkartea, euskharan, tinko, euskararen eguna, alea aldizkaria, 365 egun, mintzalagunak, ikastetxeetako normalkuntza teknikariak, oihaneder, aisa taldeak, lazarraga, topagunea, bai euskarari ziurtagiriaren elkartea, euskaltegietako ehunka euskara irakasleak, berritzeguneko normalkuntza mintegia, igandeak jai, ulibarri, euskaraz bizi, urtxintxa, amaia zentroa, #gasteizenbai, auzoko, hainbat enpresetako euskara planak, lingolang...

... gertu ditudan batzuk besterik ez aipatzeagatik.

 

Giza aktiboak: gazte euskaldunak

2011. urtean, bi urte edo gehiagoko 232.827 pertsona bizi ziren Gasteizen, EUSTATeko datuen arabera. Horietatik 52.298 (% 22,5) euskaldunak ziren, beste 60.851 (% 26,1) euskaldun hartzaileak (ia-euskaldunak), eta azkenik, 119.678 pertsona (% 51,4) ez euskaldunak. 1986tik 2011ra ez euskaldunen portzentajeak behera egin du etengabe: % 77tik% 51ra Gasteizen.

Bereziki esanguratsu da adinaren araberako irakurketa egiten badugu.

Gazteen artean erdia baino gehiago euskaldunak dira, eta % 80 inguru dira neurri batean ala bestean euskara ulertzen dutenak. 10 eta 14 urte bitarteko haur-gaztetxoen artean, adibidez, hirutik bi euskaldunak dira eta adin horretan euskara ez dakitenak % 10 inguru baino ez dira. Datu hauek zer pentsa eman eta bestelako aldaketak eragin beharko lituzkete: jauzi kualitatiboak emateko aukerak sortu, eta etorkizuna pentsatzeko moduak aldatu. Euskara Gasteizen hizkuntza gutxitua da, baina gazteen artean ezin da esan gutxiengo baten hizkuntza denik... bada masa kritiko nahikoa: aktibazioa da gakoa.

EKOLINGUA proeiktuak gazteak euskal hiztun gisa ahaldundu eta hizkuntza ekologistak aktibatu nahi ditu

EKOLINGUA proeiktuak gazteak euskal hiztun gisa ahaldundu eta hizkuntza ekologistak aktibatu nahi ditu.

Gasteizko euskalgintza (soziala zein instituzionala) horretaz ohartu dela esango nuke, eta hainbat proiektu interesgarri abiatu ditu.

Gazte eta gaztetxoengan dago, beraz, Gasteizko giza kapitalaren mamia.

Unibertsitatea bera —Arabako kanpusa, alegia— bada aktibo garrantzitsu bat, hiriko administrazioek eta hiriko mugimendu euskaltzaleak oso gutxi kontuan hartu badute ere. Gasteizera ikastera etorri diren gazte unibertsitarioek eragin positiboa izan dute euskararen aurrerabidean: beharrezkoa da errealitate horri behar besteko garrantzia ematea, sortzen dituen aukerak aintzakotzat hartzea, eta etekina ateratzea.

 

Kapital soziala: mugimendu euskaltzalea eta eragile sozialak

Helduen Euskalduntzea

Urtez urte 6000 pertsona inguru ari da euskaltegietan euskara ikasten. Gasteizko herritar helduen artean asko eta asko dira euskaltegi batean inoiz matrikulaturik egon direnak (adin-tarte batzuetan, hirutik bat). Helduen Euskalduntzea lehen-lehen mailako fenomeno soziala izan da Gasteizen, eta euskalgintzaren ernamuina ere izan da sarri.

Gasteizko euskaltegiak ezagunak dira eta publikoaren onarpen zabala dute. Ondo koordinatuta daude, eta administrazioarekin elkarlanean aritzeko borondate garbia adierazi dute etengabe. Doakotasunaren gaia eragileen agendan sartzea lortu duten neurrian, litekeena da hor mugarri berri bat izatea, eztabaidak fruituak ematen baditu.

Euskara Elkarteak

GEU elkarteak 25 urte bete ditu. Tarte horretan gorabeherak izan baditu ere, egun inoiz baino biziago ageri da. Proiektu garrantzitsuak ditu, eta eutsi egiten die hasierako helburu eta asmoei: Gasteizen euskararen erabilera sustatzea eta euskaldun eta euskaltzaleen komunitatea trinkotzea.

Mintzalagun egitasmoak berariazko aipamena merezi du. 600etik gora dira astero-astero euskaraz jarduteko eta mintzapraktika egiteko biltzen diren pertsonak. Egitasmo jendetsua da eta oso onespen zabala du. Geu elkarteak kudeatzen du, baina hainbat eragileren artean sortu eta garatu da, era kolaboratiboan: Gasteizko Udala, aek, ika, Udaberria, Hegoalde, Bai&By... Bi dira, gure ustez, arrakastaren gakoak: (a) izaera kolaboratibo hori bera, egitasmoaren irudi zabal eta erakargarria ahalbidetu duena eta (b) Gasteizko errealitate soziolinguistikoari oso modu egokian erantzuten dion egitasmoa izatea; euskaraz eroso jarduteko maila, ziurtasun edota konfiantza nahikorik ez duten ehunka euskaldun erdigunean jartzen baititu.

Anaia edo ahizpa txikiak sortu dira auzoetan: Salburuan, Zabalganean edota Txagorritxun, esate baterako... Euskara elkarte txikiak, auzoetatik bertatik euskara bisibilizatzeko eta euskaldunak biltzeko lanean ari direnak. Ona da eragile berriak agertzea.

GEU elkarteak 25 urte bete ditu

GEU elkarteak 25 urte bete ditu. Proiektu garrantzitsuak ditu, eta eutsi egiten die hasierako helburu eta asmoei: Gasteizen euskararen erabilera sustatzea eta euskaldun eta euskaltzaleen komunitatea trinkotzea.
Argazkia: GEU Elkartea

Arlo soziekonomikoa

Arlo sozioekonomikoan Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea nabarmendu behar da, edota elkarte horrek berak, Arabako Foru Aldundiarekin eta beste hainbat eragilerekin batera, abian jarri duten LANABES proiektua: euskara eta lana ubide berean jartzeko bokazioarekin sortutako proiektua da.

Udalak merkataritzan jarri du arreta, hiriaren hizkuntza paisaian duen eraginagatik, eta herritarren eguneroko bizimoduan eragiten duelako. Udala merkataritza arloa euskararen ikuspegitik lantzen hasi zenean, orain dela dozena bat urte, Merkataritza Ganberako teknikari batek esaten zuen, udalari aterkia izatea zegokiola: merkatari edo enpresari batek euskararen aldeko apustua egin nahi izanez gero, udalak apustu hori babestu behar zuela, politikoki markatua izateren beldurra uxatzeko. Jarrerak aldatu dira. Gaur egun, merkatariak eta merkatarien elkarteak biltzen dituen AENKOMER erakundea da herrialdeko merkatariei euskarari keinu bat egin diezaiotela eskatzen diena. Horretarako #ArabanBai ekimena antolatu berri du.

Bereziki interesgarria da sektoreko eragileak izatea euskararen lekukoa hartzen dutenak.

Hezkuntza arloa

Hezkuntza aitzindaria izan da euskararen normalizazioan. Familiek ere apustu garbia egin dute. Hiru ikastetxeetatik batek era bateko edo besteko normalizazio-egitasmo egituratua du, eta gainontzekoetan ere hainbat ekintza garatzen dira, ikastetxearen edo guraso-elkartearen ekimenez.

Arrue ikerketaren arabera eskolaz kanpoko egitasmoak giltzarrizkoak dira euskararen erabilera sustatzeko. Ahalegin horretan ari dira. Hizkuntza normalkuntza eskolatik kalera ateratzea da erronka.

Kulturgintza eta hedabideak

Kulturgintza garrantzitsua da bi aldetatik: (a) euskararen presentzia soziala bermatu nahi dugun neurrian, garrantzitsua da euskarak hiriko bizitza kulturalean duen lekua; (b) baina beste irakurketa bat ere egin behar da: euskarazko kulturgintzak dituen beharrak aztertu eta asebete behar dira, baita komunitate linguistikoak dituen behar kulturalak ere.

Lehenaren aldetik Gasteizek hutsuneak ditu, baina bigarrenari buruz ari garela, mugimendu interesgarriak antzeman dira 3-4 urtetik hona, hala nola, Gasteizko Kafe Antzokia eta Oihaneder Euskararen Etxea: aktibo kulturalaren eta egiturazkoaren ikuspegitik ere garrantzia berezia du, eta litekeena da etorkizunean are paper garrantzitsuagoa jokatzea.

Euskarazko hedabideak estrategikoak dira herri gisa. Gainera Gasteiz moduko hiri jendetsu batean, tokiko hedabideak funtsezkoak dira, hiztun komunitatearen erreferente izateko eta hiztunak trinkotzeko. Alea aldizkariak arrakastaz bete du Geu Gasteiz-ek utzitako hutsunea.

Argazkia: Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea

Gazte eta gaztetxoengan dago, beraz, Gasteizko giza kapitalaren mamia.
Argazkia: Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea

Zubigintza eta lankidetza

Euskararen aurrerabidean desiragarria da mugimendu euskaltzalearen eta administrazio publiko(ar)en arteko osagarritasuna lantzea: euskalgintza sozialak eta euskalginza instituzionalak bat egitea. Gasteizen bide hori jorratu dela iruditzen zait, eta jorratzen jarraitu beharko dela aurrerantzean ere: elkar ezagutu, elkar onartu, elkarrekin jarduteko espazioak sortu edota daudenak indartu, lankidetzan sakontzeko lagungarri diren ikuspegiak elikatu, lidergo partekatua bultzatu, lankidetzarako bide berriak sortu... Ingelesezko co-create eta co-working kontzeptu haiek euskarara ekartzeko premia ikusten dugu (azala eta mamia): elkarrekin sortu eta elkarrekin landu (Euskaltzaindiak ko-sortu eta ko-lana onartuko luke?).

 

Amaitzeko

Eta bai... Egia da ñabardura asko egin daitekeela eta hemen aipatu ez diren argilun ugari dagoela, baina gaurkoan —Eusko Ikaskuntzako lagunek proposatu bezala— ikuspegi apreziatiboa nabarmentzea izan da helburu.

Diotenez, euskal hiztunen aktibazioa izango da datozen urteetako gakoetako bat: pertsonak, elkarteak, taldeak eta kolektiboak aktibatzea, eta euskararen mundura eragile berriak erakartzea.

Gasteizek badu horretarako aktibo nahikorik. Oparoa izango da.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Urteko Galdera

Egilea

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia