Portada

Euskararen Eguna eta Eusko Ikaskuntza

Rosa Miren PAGOLA

Euskararen eta euskal kulturaren historian badira, noski, ekintza esanguratsuak, baina azken mendean kokatuko lirateke aipagarrienak eta eragin handiena izan dutenak. Eta hori aurkako aldi luze eta arriskutsuak falta izan ez diren arren. Burutapen horiek etorri zaizkit ospatu behar den Euskararen Egunaren harira, Eusko Ikaskuntzak horretan protagonismo osoa izan zuelarik.

Izan ere, XX. mendearen lehenengo erdian, euskararen eta euskal kulturaren ekintza nagusien eta eraginkorrenen sortzaile eta bultzatzaile izan zen. Datorren urtean beteko ditu ehun urte Euskal Herriko lurralde guztiak hartzen dituen erakunde honek, eta iraupen hori bera ere meritua da, ez baita erraza gure historian horrenbeste irautea horrelako elkarte batek, are gutxiago hain mende katramilatsuan. Halere, mendeurrenetik hurbil den arren, lanean tinko jarraitzeko gogorik eta indarrik ez zaizkio falta.

Eusko Ikaskuntzaren ibilbide zientifikoan antolatu eta ospatu diren Kongresuak izan dira, nola kultura mailan hala zientzia arloan, haren emaitzarik nabarmenenetakoak eta gure herriaren erreferente deigarriena hainbeste urtez. Kongresu horiek unibertsitatearen falta betetzen zuten neurri batean, orduko zientifiko eta irakasle unibertsitario gorenak bilduz eta giza zientzia eta kultura jakintza arloak landuz. Bi direla esango nuke kongresurik esanguratsuenak: Lehenengoa (Oñati, 1918) eta Zazpigarrena (Biarritz, 1948). Oso egoera ezberdinetan garatu ziren arren, elkarren artean berdintsuak diren berezitasunak dauzkate eta biek eman zioten gure herriari, kultura eta zientzia mailan, ordura arte izan ez zuen presentzia. Eta oraindik ere haien emaitzak jasotzen ari gara.

Lehenengoa antolatzeko asmoa, eta antolaketa bera eta babes osoa, foru aldundiei zor zaie erabat. Lau aldundietako lehendakariak euren ekimenez kongresuaren antolaketa hartu zuten hastapeneko urratsak eman eta egin beharrekoak beren artean bananduz. Kongresuaren barne-antolaketa eta gaien hautaketa Bizkaiko Aldundiak hartu zuen. Partaideen harrera, ostalaritza, komunikazioa eta marketina eta jaien antolaketa Gipuzkoakoak. Kongresuko barne-araudia prestatu eta idaztea Arabakoak. Nafarroak, dena ikuskatu eta onartzea. Hizlarien hautaketa, aldiz, lurralde guztien artean egin zen. Mugaz alde bietako intelektual, ikertzaile eta unibertsitateko irakasle aipatuenak bilduko ziren hautatutako jakintzaren zazpi arlo lantzeko. Benetan, handia eta zabala izan zen eratu zen egitarau zientifikoa. Horrez gain, kultura, kirol eta mota ezberdinetako hainbat ekitaldi ere programatu ziren.

Esan bezala, hona ekarri nahi dudan beste kongresua Zazpigarrena da, 1936ko irailean Lizarran hasteko antolatua zegoena, baina gerra zela eta bertan behera utzi behar izan zena. Hamabi urte luze eta ilunen ondoren Biarritzen ospatu zen 1948an, irailaren 12tik 19ra. Aspaldiko ideia hura berreskuratzea eta aurrera eramateko kemena Manu de la Sotari esleitu eta eskertu behar zaizkio. Gizakume trebez inguratu zen, batez ere Iparraldean Gernika Euskal Institutuan eta, noski, Eusko Ikaskuntzak kanpoan aritzeko izan zuen hedaduran, Nazioarteko Eusko Ikaskuntzen Lagunartea izendatuan. Izugarria izan zen antolatzeko hartu zen lana eta mundu guztian gutunak banatuz parte hartzeko eman zen aukera. Jaurlaritzaren babesa izan zuen, Jose Antonio Aguirre lehendakariarena bereziki, eta, aurrera eramateko, Ameriketan zeuden euskaldunen laguntza ekonomikoa ere jaso zuen. Lau hizkuntzetan eskaini zen programa, eta, euskaltzale guztiez gain, nazioarteko jakintsu kopuru ugariak parte hartu zuen, denera, 15 jakin-arlo eta 250 txosten.

Argentinako Euskal Echea Kultura eta Ongintza Elkarteak eskuratu zuen ENE Saria 2016an zehar euskara eta euskal kulturaren alde egindako lanagatik

Argentinako Euskal Echea Kultura eta Ongintza Elkarteak eskuratu zuen ENE Saria 2016an zehar euskara eta euskal kulturaren alde egindako lanagatik.

Arrakastatsua eta aberatsa izan zen kongresu hau, argitaratu ziren lanek agertzen duten bezala. Ondorioak asko eta funtsezkoak izan ziren eta, beraz, Eusko Ikaskuntzaren gain gelditu zen egitekoa bereziki handia izan zen. 1949. urtean garatzeko, hamazazpi ekintzetara ekarri zuten dena. Horietan garrantzitsuena Euskal Unibertsitatea sortzea, zeinetarako batzorde berezia sortu zen. Bestalde, euskal kultura eta euskararen inguruan beste ekintza kopuru handi bat. Eta horien artean, atal berezian aipatua, 1930tik hasita gerra hasi arte arrakasta handiz hegoaldean ospatzen zena, Euskararen Nazioarteko Eguna sortu zen. San Frantzisko Xabierren egunean, abenduaren 3an, ospatzeko, “Lotsa handia litzateke guk, Euskaldunok, geure hizkuntza galtzen ikustea” lelopean. Eta bide batez, urtean behin, mundu guztiko euskaldunei euskara lantzeko eta indartzeko diru laguntza eskatzea erabaki zen, diru hori zertan erabiliko zen argituz. Lehenengoa, 1949an, Buenos Airesen, “Laurak Bat”en ardurapean egin zen. Gero Eusko Jaurlaritzak, Euskaltzaindiarekin batera, 1995. urtean berpiztu zuen, eta ordutik, data berean, Euskararen Eguna ospatzen jarraitzen da. Bestalde, Eusko Ikaskuntzak urtero ENE (Euskararen Nazioarteko Eguna) deitzen den saria kudeatzen du, urtero diasporatik euskara bultzatzen eta garatzen gehien saiatzen den erakundea sarituz.

1948. urtean ezarri ziren helburuak lortuak daude, ondo gainera. Orain, egin beharrekoak beste batzuk dira eta Eusko Ikaskuntza gaurko garai eta erronka berriei erantzuteko eguneratu egin da eta bere sorkuntzako helburuei erantzunez, buru belarri ari da lanean, euskal gizarteari etorkizunerako bide berriak bilatzen eta erakusten laguntzeko. Eta, aldi berean, gure aurrekoen eredu onari eutsiz, hurrengo XVIII. Kongresuari eta, batera, datorren urtean ospatuko den Eusko Ikaskuntzaren sorkuntzaren Mendeurrenari dagokien maila emateko.

Horrela sortu zen Euskararen Eguna, garai bateko egoera larrietan, baina hantxe zen Eusko Ikaskuntza ahaleginean aurreko kongresuei jarraia ematen eta gure herriaren arnasari eusten. Orain, egoera guztiz aldatua, urtero denok jai giroan ospatzen dugu Euskararen Eguna itxaropenez eta pozez.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Urteko Galdera

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia