Portada

Ongizate eredu propio baten bila

Joseba ZALAKAIN

Eusko Ikaskuntzako Sozio-ekonomia eremuak egungo gizartearen erronka eta kezkekin bat datozen hiru gai nagusi aukeratu ditu hausnarketarako, hain zuzen ere, pertsonak eta gizarte-kolektiboak —gure benetako lehengaia— ardatz hartzen dituztenak:

Jarraian, Ongizatearen inguruan Liburu Berdean jasoko diren erronkak eta galderak.

Nola jarrai dezakegu oinarrizko berdintasun-mailak bermatzen?

Benetan berdintasunezkoa da gizartea?

Erronka eta aukera globalak eta haien Euskal Herri mailako irakurketa aztertzean esan dugunez, euskal lurraldeek desberdintasun- eta pobrezia-tasa txiki samarrak izan dituzte, Europaren testuinguruan. Edonola ere, errentaren —eta aberastasunaren— berdintasun erlatibo horrek ezin ditu beste elementu kezkagarriago batzuk ezkutatu, hala nola: a) beste eremu batzuetan dauden desberdintasun handiak (osasun-egoera, ugaltze-jarduerarekiko erantzukizuna, parte-hartze politiko eta soziala, hezkuntzarako sarbidea edo aisialdiaren erabilera, adibidez); b) faktore biografiko jakin batzuek (generoa, adina, jatorria...) errenta- eta aberastasun-desberdintasunetan duten eragina; eta c) gizarte-babeseko sistema publikoen gero eta zailtasun handiagoa desberdintasun horien azpian dauden arrazoiei aurre egiteko, eta ondorioak prebenitu eta arintzeko, gizarte-mugikortasunak gero eta oztopo gehiago dituen testuinguru honetan.

Lehenengo bi galderei buruzko datuak oso ugariak dira. Horietako batzuk aipatzearren: emakumeen batez besteko soldata gizonen batez besteko soldataren % 75 da; ama langileek gizonek baino 500 ordu gehiago ematen dituzte urtean seme-alabak zaintzen; irakurmenari dagokionez, gizarte-egoerarik ahulenean eta onenean dauden ikasleen arteko aldea ia bi ikasturteren baliokidea da; parte-hartze politiko eta sozialen tasari erreparatuta, ekonomia-egoerarik onenean dauden pertsonen tasa lau aldiz handiagoa da egoerarik ahulenean daudenena baino; Euskadin, pertsona guztiek goi-mailako hezkuntza duten pertsonen heriotza-tasak izango balituzte, 4.000 heriotza saihestu edo atzeratuko lirateke urtean (gizonen heriotzen % 21 eta emakumeen heriotzen % 18a).

Gehien duenari gehiago ematea: Nola saihestu Mateo efektua? Nola aktibatu gizarte-igogailua?

Gaur egun, herri-administrazioek gero eta zailtasun gehiago dituzte desberdintasun horiek murrizteko, nahikoa banatzailea ez den ongizate-estatu baten esparruan; izan ere, kontribuzio-prestazioen pisuaren ondorioz, gehiago laguntzen diete gehiago duten pertsonei. Ildo horretan, euskal lurraldeak ez daude Mateo efektutik kanpo, batik bat prestazio ekonomikoak langileen lan-ibilbideko kontribuzio-historiarekin eta soldata-mailarekin oso lotuta daudelako. Euskal Herrian –agian, Hego Euskal Herrian nabarmenago— indarrean dagoen gizarte-babeseko ereduak produkzio-sistemarekin estuki lotutako biztanleriari laguntzen dio bereziki; hau da, duenari eman egiten zaio, eta gehiago izango du, eta ez duenari duen apurra ere kenduko zaio. Izan ere, PGEIaren datuek EAEren kasuan agerian jartzen dutenez, ongizaterik gabeko egoeran dauden pertsonek (% 10,8) gizarte-prestazio guztien % 5,8 soilik jasotzen dute. Aitzitik, ongizate-egoeran dauden biztanleen % 75ek prestazio horien % 80 jasotzen dute.

Ongizatearen Estatua behar bezain birbanatzailea ez izatearekin lotutakoaz gain, beste zenbait kezka daude: batetik, gizarte-mugikortasuna galarazteko oztopoekiko kezka, eta, bestetik, Ongizatearen Estatuaren orientazio gerontokratiko nabarmenarekikoa (adibidez, Euskadin); izan ere, gastu sozialaren % 60, hezkuntzako gastu publikoa barne hartuta, zahartze- eta gaixotasun-funtzioei aurre egiteko erabiltzen da.

Testuinguru horretan, zer politikak lagundu dezakete oinarrizko berdintasun-mailei eusten —errentan, baina baita bizi-aukerei, denboraren erabilgarritasunari, eta erabakiak hartzeko eta politikan eragiteko ahalmenari dagokienez ere— aberatsen eta pobreen artean, emakumeen eta gizonen artean, eta haur, heldu eta adinekoen artean?

Esparru horretan, Europako erakundeen eta gizarte-babesaren alorreko aditu askoren arabera, beharrezkoa da gizarte-politikak berraztertzea, gizarte-ongizatearen eredu klasikoa eguneratzea, lotura estua duten bi ikuspegi edo paradigmaren bultzadatik abiatuta. Hona hemen paradigma horiek: aurrebanaketa eta gizarte-inbertsioa. Nahiz eta haien artean desberdintasunak egon, gure gizarte-babeseko ereduek —Estatuan eta, neurri txikiago batean, Europan hartutako erabakiek baldintzatuta— aurrera jarraitu behar dute euren printzipio, praktikak eta mekanismoak berbideratzen.

Ikusten denez, Ipar Euskal Herrian ezarritako gizarte-babeseko ereduak, zenbait muga baditu ere, antz handiagoa du Europako erdialdeko eta iparraldeko sistemekin zenbait arlotan (esaterako, familia-politiketan), Hego Euskal Herrikoak baino. Ezin da ukatu azken urteotan aurrerapenak egon direla, baina, hala ere Euskadiko eta Nafarroako ereduak Mediterraneoko ereduekin bat datoz hainbat alderditan, neurri handi batean Estatuko araudiek gizarte-babeseko politiketan duten eraginaren ondorioz.

Berbideratze hori gauzatzeko, hainbat galderari erantzun behar zaio: Nola berma ditzakegu goranzko gizarte-mugikortasuna eta aukera-berdintasuna haurtzarotik? Nola berma dezakegu hezkuntza-berdintasuna, eta saihestu gurasoen kultura- eta harreman-kapitalak seme-alaben hezkuntza-maila baldintza dezan? Nola lortu belaunaldien arteko itun bat, aldi berean adineko, gazte eta haurren beharrak asetzeko? Zer neurritan jarraitu behar du kontribuziotasunaren printzipioak gizarte-babeseko politikak gidatu behar duen oinarrizko printzipioa izaten? Zer onura lortuko dute gizarte-babeseko politiketatik batez ere babesa eta konponketa behar dituztenek? Nola uztartu aurrebanaketa eta birbanaketa? Zer erakundek —estatuz azpiko mailatik— susta ditzakete gizarte-babeseko, aurrebanaketako eta birbanaketako politikak euskal esparruan?

Euskal biztanleriaren % 15 inguru gizarte-bazterketako egoeran bizi da

Euskal biztanleriaren %  15 inguru gizarte-bazterketako egoeran bizi da.

Zer oinarritan eta zer mekanismoren bidez sustatu gizarteratzea?

Euskal biztanleriaren %  15 inguru gizarte-bazterketako egoeran bizi da.

Gizarte-bazterketaren fenomenoa zaila da zehazten eta neurtzen. Edonola ere, adostasun handiz onartuta dago gizarte-bazterketako prozesuek askotariko arrazoiak dituztela; eguneroko bizitzako hainbat arlotako gabezien eta zailtasunen ondoriotzat hartzen da. Hona hemen arlo horiek: diru-sarrera ekonomikoak, enplegua, etxebizitza, osasuna, hezkuntza, gizarte-harremanak eta parte-hartze soziala.

Gizarte-politikek eta, bereziki, Gizarte Zerbitzuek tradizioz landutako beste kontingentzia edo behar batzuek (pobrezia, mendekotasuna, ezgaitasuna, zahartzea...) ez bezala, fenomeno horren hedapena neurtzeko eta eraginik handiena jasaten duten kolektiboak identifikatzeko tresnak ez dira behar bezain fidagarriak. Nolanahi ere gurean egin diren inkestek jakitera ematen dutenaren arabera, Hego Euskal Herriko biztanleriaren % 15 inguru bazterketa-prozesu moderatuan edo larrian dago. Bestalde, gutxi gorabehera, familien erdiak daude gizarteratze osoko egoeran (Nafarroan, % 46, 2013an, eta Gipuzkoa, % 56, 2014an), eguneroko bizitzako esparru guztietan gabezia esanguratsurik gabe.

Proletariotzatik prekariatura: Euskadiko biztanleria aktiboaren herena enplegu-ezegonkortasuneko egoeran edo langabezian dago.

Nahiz eta, esan dugunez, gizarte-bazterketaren ikuspegitik dimentsio bakarra izan ez, enplegurako sarbidea funtsezkoa da gizarteratzearen eta gizarte-bazterketaren prozesuak azaltzeko: hain zuzen, EAEko biztanleriaren diru-sarreren % 63 enplegutik dator, eta, enplegua lortu aurretiko kontribuzio-prestakuntzak ere kontuan hartuta, ehuneko hori % 88 da. Funtsezko errenta-iturri gisa duen funtzioaren gainetik, enplegurako sarbidea gizarteratzearen giltzatzat hartu izan ohi da, errealizazio pertsonala, parte-hartze soziala eta ongizate psikologikoa eragiten dituen neurrian. Baina lan-merkatua, krisia hasi baino askoz lehenagotik, aldatu egin da, eta zalantzan jar dezakegu iraganean zuen gizarteratze-ahalmena izatea gaur egun. Enpleguak pobreziaren eta bazterketaren aurka babesten du, baina ez lehen bezala: esate baterako, Nafarroan, gizarteratze-egoeran dauden pertsonen % 63 lan-merkatuan dago, baina baita gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonen % 33 ere.

Zalantzarik gabe, lan-merkatua prekarizazio-esparru batean dago, eta enpleguaren gizarte-araua hautsi egin da, lan-harremanen globalizazio, digitalizazioa eta desarauketarekin lotutako aldaketa sakonen ondorioz, eta, gauzak horrela, enplegua gizarteratze-prozesuetan zeukan garrantzia galtzen ari da. Izan ere, hainbat urtetan lan-integrazioa gizarteratzeko eta pobreziaren aurka babesteko tresnarik eraginkorrena dela pentsatu izan da. Gaur egun, ordea, nabarmen txikitu da soldatapeko enpleguak gizarteratzea eta langile askoren eta haien familien ongizatea bermatzeko zuen ahalmena. Hona hemen zenbait arrazoi: soldatapeko enplegua gero eta ezegonkorragoa da; langile pobreen fenomenoa sortu da (berriro), eta biztanleria aktiboaren zati handi baten (bereziki, emakumeak eta gazteak) lan-ibilbideak zatikatu egin dira. Proletariotzak prekariatuari eman dio bidea. Adibide gisa, Euskal Autonomia Erkidegoan, 2017an, lan egiteko adina zuen biztanleriaren % 32 langabezian edo lan-ezegonkortasuneko egoeran zegoen (soldata txikiak, lan-pobrezia, aldi baterako kontratazioa eta/edo lanaldi partziala).

Isolamendu- eta bakardade-egoeren eragina.

Langabezia eta enpleguaren prekarizazioa ez dira bazterketaren eragile bakarrak; baditu beste gabezia eta zailtasun batzuk. Besteak beste, isolamendu- eta bakardade-egoerek, diskriminazio-bizipenekin batera, eragin nabarmena dute pertsonen bizi-baldintzetan eta gizarteratze-mailetan. Horrenbestez, EAEn, biztanleriaren % 2,5ek (ekonomia-gabeziako egoeran dauden pertsonen % 6k) adierazi du arazo sozial larriren bat duela harreman pertsonal, familiar eta sozialetan. Nafarroan, biztanleriaren % 6,3 dago gizarte-gatazkako egoeran, eta % 2,7, gizarte-isolamenduko egoeran: gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonen kasuan, ehunekoak halako hiru dira. Bestalde, adineko pertsonen laurdenak bakarrik bizi dira, eta gero eta adineko gehiago daude isolamendu-egoeran.

Testuinguru horretan, zer oinarriren eta zer mekanismoren bidez susta dezakegu gizarteratzea? Izan daiteke aurrerantzean ere soldatapeko enplegua gizarteratzearen oinarria eta gizarte-eskubideetarako sarbidearen atea?

Esparru horretan, zenbaitek adierazten dute “enpleguaren gizarte-arauaren krisiaren paradigma onartu behar dela (azkenean), eta enpleguaren krisia benetako aro-krisialdi baten elementutzat hartu (sakontasun osoarekin)”. Oinarrizko galdera da, hain zuzen ere, ea enplegua diru-sarrerak lortzeko tresna nagusitzat hartzen jarraitu behar dugun, eta gizarte-eskubideetarako sarbidearen atetzat eta gizarteratzearen bermetzat. Langabe guztiei lanpostua bermatu behar eta ahal diete administrazioek, bermatutako lanaren aldekoek uste duten bezala? Edo, aitzitik, diru-sarrera ekonomiko bat, baldintzarik gabekoa eta indibiduala, bermatu behar diete Euskal Herriko administrazioek biztanle guztiei, oinarrizko errenta unibertsalaren defendatzaileek eskatzen duten bezala? Aurrera egin daiteke gure egungo errenta bermatuen sistema selektibo eta baldintzatua baino irekiagoa den eta hain selektiboa eta baldintzatua ez den eredu batera? Prekarizazio-testuinguru batean, langile pobreen soldata txikiak konpentsatu behar dituzte administrazioek, Euskadiko DSBEak, Nafarroako Errenta Bermatuak edo Frantziako Jarduera Sariak bezala? Enpleguaren banaketa eta lanaldiaren murrizketa langabezia txikitzeko formula baliagarriak dira?

Galdera horien erantzunak argi izango bagenitu ere, beste galdera sakon batzuk egin beharko genizkioke geure buruari: Nola susta dezakegu enpleguaren mundura bakarrik iristerik ez duten edo oso denbora laburrerako lortuko duten pertsona guztien gizarteratzea? Gizarte-eskubideak gauzatu ahal izateko oinarrizko baldintza izaten jarraitu behar du lana eskuratzeko borondateak? Legez, zer baldintzatasun-maila, zein meritu-irizpide eta zer elkarrekikotasun-maila eskatu ahal zaizkie herritarren elkartasunaz baliatzeko asmoa dutenei? Zer eskubide sozial eta ekonomiko onartuko dizkiegu heldu berriei eta, baita ere, hemen aldi baterako daudenei? Digitalizazioaren testuinguru honetan, nola saihestu isolamendua eta bakardadea, nola aktibatu herritartasun aktiboko eta parte-hartze sozialeko sareak?

zainketen krisia

Europako gainerako gizarteetan bezala, zainketen krisia eguneroko errealitate bat da euskal lurraldeetan ere.

Nola erantzun zainketen krisiari?

Nork eta nola zaindu behar ditu mendeko pertsonak? Arreta pertsonarengan jartzen duen zainketa-eredu baterantz.

Europako gainerako gizarteetan bezala, zainketen krisia eguneroko errealitate bat da euskal lurraldeetan ere. Ekonomia feministaren ekarpenen arabera, honetaz ari gara zainketen krisiaz mintzatzean: biztanle askok euren burua zaintzeko, beste batzuk zaintzeko edo zainduak izateko dituzten zailtasunak agerian jartzeaz eta areagotzeaz. Zailtasun horiek arrazoi hauengatik jarri dira agerian: alde batetik, zainketen gaineko erantzukizunen banaketa-eredu tradizionala ezegonkortu egin delako eta sistema sozioekonomikoa goitik behera berregituratu delako; eta, beste batetik, etxeko lanaren sexu-banaketa eta lan-merkatuko genero-segmentazioa aldatu ez direlako. Gizarte-ongizatearen sistema zabaltzeko eta hobetzeko, ezinbestekoa da ugalketa-eta zainketa-lanen azpian dauden genero-harremanak berriz hausnartzea, bai eta, zentzu zabalago batean, zainketen desfamiliarizazio- eta desmerkantilizazio-maila berraztertzea ere.

Baina, gainera, zainketa horien edukiari buruz hausnartu ere egin behar da, adinekoei eman beharreko arreta-motari buruz, pertsonarengan ardaztutako arretaren ikuspegitik. Euskadin adinekoen edo mendeko pertsonen zainketen arloan lan egiten duten erakundeek pertsonarengan ardaztutako arreta lotzen dute arretaren pertsonalizazioarekin, hautatzeko ahalmenarekin, bizi-kalitatearekin, autodeterminazioarekin eta kontrolarekin (erabiltzaileen aldetik); aurreko ereduan, ordea, profesionalak eta erakundeak dira protagonistak. Zalantzan jarri ezin diren aurrerapausoak eman diren arren, gizarte-zerbitzuen euskal sistemak ez du paradigma hori guztiz barneratu, eta haren eskaintza, nagusiki, egoitza-erakundeetan (oraindik ere zaharren egoitzen formatuekin, batzuetan) eta prestazio ekonomikoetan oinarritzen da.

Esparru horretan, ez dira beti beharrezkoak diren baliabideak erabiltzen pertsonak euren etxean, euren ohiko bizitza-ingurunean, zahartzea ahalbidetzeko. Gainera, gizarte-zerbitzuen arloko koordainketek gizarte-zerbitzuetarako eskubide subjektiboaren printzipioa hondatzen dute, eta erdiko eta goiko klaseei zerbitzu horiek erabiltzeko asmoa kentzen diete, merkatu pribatu alegal eta desarautu batean lor baititzakete (prezio hobean eta malgutasun handiagoarekin). Testuinguru horretan, baliabide gutxi eta oso premia handiak edota oso laguntza-sare ahulak dituzten pertsonek erabiltzen dituzte, bereziki, teorikoki unibertsalak diren gizarte-zerbitzu publikoak. Osasunaren alorrean, osasun-sistemek gaixotasun larrietan gehiegizko arreta jartzen jarraitzen dute, eta ez dira oraindik gai izan —ez antolaketaren aldetik, ez kontzeptualki— kronikotasunaren erronkara egokitzeko.

Egoera horretan, erronka eta galdera asko daude: Zer laguntza eman behar zaizkie mendekotasuna duten pertsonak zaintzen dituztenei? Nola indartu prebenitzeko eta norberaren autonomia pertsonala sustatzeko zerbitzuak, mendekotasunik izan ez baina egoera ahulean dauden biztanleentzat? Nola diseinatu koordainketa Gizarte Zerbitzuetan? Nola ahalbidetu mendekotasuna duten adinekoek euren etxean jarraitzea? Nola orekatu prestazio ekonomikoen eta zerbitzu profesionalen hornidura? Nola bermatu mendeko pertsonen autodeterminazioa? Nola lehenetsi zaindutako pertsonen eskubide, behar eta itxaropenak, haiek zaintzen dituzten erakundeen eta erakundeen beharren aurretik?

Nola iraunarazi, finantzatu eta antolatu gizarte-ongizateko eredu zabal bat?

Gizarte-babes publikoa zergen bidez finantzatzen da. Ipar Euskal Herrian ez bezala, Hego Euskal Herriko lurraldeek zergak biltzeko ahalmen txikia dute, Europako gainerako lurraldeekin alderatuta, zerga-bilketa lurralde bakoitzeko BPGren arabera neurtuta, bederen. Baina historikoki zerga-presio handia izan duten Estatuek ere, hala nola Europako iparraldekoek eta Frantziak, gero eta zailtasun gehiago dituzte Ongizatearen Estatuak behar dituen baliabide ekonomikoak biltzeko. Herrialde guztietan, zergekin lotutako iruzurra, ihesa eta saihespena gero eta zailtasun gehiago sortzen ari dira, jarduera ekonomikoen globalizazio, uberizazio eta digitalizazioaren testuinguru honetan.

Bestalde, ezinbestekoa da gizarte-ongizateko politikak egiteko behar den lurralde- eta eskumen-esparruari buruz hausnartzea. Alde batetik, Gizarte Zerbitzuena da udalerriei oinarrizko funtzioak ematen dizkion ongizate-sistema bakarra (Hegoaldean gehiago Iparraldean baino, eta Euskadin gehiago Nafarroan baino), betiere, beharrezko baliabide teknikoak eta ekonomikoak eman gabe. Horrez gain, kudeaketa-, plangintza- eta arauketa-eskumenak Estatuko, erkidegoko eta foruko administrazioen artean banatzen dira; pentsioak, berriz, Estatuari dagozkio, eta Gizarte Segurantzak kudeatzen ditu. Azkenik, behar-beharrezkoa da, beste herrialde batzuetan egiten ari diren bezala, biztanleriaren premia desberdinei, baina elkarrekin lotutakoei, modu estankoan erantzuten dieten zerbitzu publikoen koordinazioa hobetzea, baita integratzea ere. Hain zuzen ere, gizarte-premiarik konplexuenak gizarte-, hezkuntza-, enplegu- edo osasun-zerbitzuen arteko zirrikituetan daude; hortaz, premia horiei erantzuteko, gizarte-eta hezkuntza-esparru, gizarte- eta osasun-esparru edo gizarte- eta lan-esparru arinagoak behar dira.

Bestalde, kontuan hartu behar da gizarte-zerbitzuen horniketa publikoaren eta pribatuaren arteko oreka ezegonkorra dela, eta komunitate-elkartasunaren eta herritartasun aktiboaren sareak indartu behar direla. Zalantzarik gabe, azken urteetan, irabazi-asmorik gabeko ekimenak berpizten ari dira, eta gizarte-politikak garatzeko lotura komunitarioen eta erlazionalen garrantzia handitzen ari da. Izan ere, zerbitzu publiko konbentzionalak agortu egin dira, nolabait, eta gizarte-politikek gero eta zailtasun gehiago dituzte gero eta konplexuagoak diren beharrei erantzuteko. Biztanleria, gainera, eredu malguagoak eta arinagoak eskatzen ari da, euren itxaropen, eskaera eta beharrei erantzuteko aukera gehiago dituztenak. Herritarren partaidetzarekiko konpromiso horren ideia nagusia hau da: administrazioek eta herritarrek elkarrekin jardun behar dute auzoen eta haietan bizi diren pertsonen arazoak konpontzeko. Toki- edo lurralde-mailarekin batera, borondatezko lana herritartasun aktiboaren aldeko apustu horren funtsezko elementuetako bat da, biztanleriak borondatez komunitatearen garapeneko zereginetan parte hartzean oinarritzen baita. Horrek guztiak hurbiltasuneko boluntariotza-eredu baten garapena dakar berekin, eta, eredu horretan, komunitateko pertsonak eta baliabideak (bizilagunak, saltokiak, elkarteak, auzoetako baliabide publikoak...) autoantolatu egiten dira, zerbitzu publikoek konpondu ezin dituzten zenbait premiari (laguntza, zainketa, prestakuntza, etab.) erantzuteko.

Testuinguru horretan, askotariko galderak daude, eta konplexuak dira, gainera: Zer zerga-presio izan daiteke nahikoa eta, aldi berean, bideragarria euskal lurraldeetan? Zer zerga sustatu behar dira gizarte-babesa finantzatzeko? Frantzian edo Alemanian bezala Euskadin ere sortu beharko genituzke zerga edo kotizazio finalistak, zahartzeak sortzen dituen gastuak finantzatzeko? Nolakoa izan behar du gizarte-zerbitzuen eskumen-egiturak? Zer zeregin izan behar dute tokiko erakundeek gizarte-ongizateko zerbitzuak ematean? Nola uztartu ditzakegu ekintza publikoa eta ekintza pribatua (irabazi-asmoa duena zein irabazi-asmorik gabekoa)? Zer zerbitzu eman behar dituzte herri-administrazioek soilik, eta zein utz ditzakegu merkatuaren edo herritarren elkartasunaren esku? Nola berpiztu komunitate-elkartasuna eta auzo-elkartasunaren sareak, herri-administrazioek gizarte-premiak asetzeko duten erantzukizuna murriztu gabe?

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Urteko Galdera

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia