Portada

Hizkuntza-ekologiaz bi hitz

Belen URANGA, Soziolinguistika Klusterra

Hizkuntza-ekologia hizkuntza-galera masiboari aurre egiteko garatu den nazioarteko pentsamendua, zientzia eta praktika da. Einar Haugenek duela ia mende erdi bat terminoa proposatu zuenerako (Haugen 1973)1 munduko hizkuntza-dibertsitatearen galeraren berria zabaltzen hasia zegoen; ondorengo urteetan homogeneizaziorako arrisku hori biodibertsitatearen galeraren adinakoa ere bazela baieztatu zen (Krauss, 1992)2. Harrez gero, hizkuntza-ekologiak galtzeko arriskuan dauden hizkuntzei erantzun partikularra emateaz gain, mundu-mailako praxiaren beharraz ozenki ohartarazten du.

Hemen aipatuko diren ideia guztiek badute hainbat eta hainbat pentsalari eta ekintzaileren oinarria. Esate baterako, nazioartean Haugen, Mühlhäusler, Maffi, Midows, Fill, do Couto, Junyent edo Bastardas eta gure artean Txepetx, Sarasua, Martinez de Luna, Erize eta Marko, besteak beste3. Lan handia eta bide oso dibertsifikatuetan ari da egiten nazioarteko akademia hizkuntza-ekologiaren esparruan, eta ez da erraza modu laburrean horien inguruko ideiak laburbiltzea. Baina bi bide nagusien berri behintzat emango dugu testu labur honetan.

Alde batetik, esan daiteke hizkuntza-ekologia (hizkuntzen ekologia edota ekolinguistika, ñabardurak ñabardura) hizkuntza orok bere ingurunean —bere ekosisteman— dituen harremanak begiratzeko eta aztertzeko zientzia bat dela. Ekologiak erabili ohi dituen analisirako tresna kontzeptualak balioan jartzen ditu —psikologiak, soziologiak, eta ekonomiak erabiltzen dituzten bezala, bestalde—, esate baterako ekosistema edo habitat kontzeptua.

Hizkuntzaren ekosistema hiztun-komunitatea da, eta bertan hizkuntzak betetzen dituen funtzioen sarea. Ildo horretan, hizkuntza/hiztuna/hizkuntza-komunitatea triangeluaren elementuen arteko harremanak aztertu, ulertu, zaindu, aberastu, eta etorkizuneko egoera iraunkorrean izan daitezen ziurtatzea du helburu hizkuntza-ekologiak; hizkuntza guztientzat.

Beste modu batean esanda: zer ematen dio hizkuntza batek hiztunari? Ikuspegi ekologiko batetik abiatuta, nolako harremana sortzen da hiztunaren eta euskararen artean? Eta hiztun horren eta frantsesaren edota gaztelaniaren, ingelesaren eta tamazight-eraren artean berdina da? Nola aldatzen da hizkuntza hiztunen eraginez? Zer da hizkuntza-komunitatea? Zein harreman ditu hiztunak komunitatearekin? Zer desberdintzen ditu hiztunen eta hizkuntza-komunitate desberdinen arteko harremanak?

Beste aldetik, hizkuntza-ekologiak elkar ukitzen duten hizkuntzen arteko harremanak aztertzen ditu; nolakotasunak eta bilakaerak. Horretarako, hizkuntzen funtzioen aldaketak aztertzen ditu (funtzioak irabaztea, aldatzea, galtzea) ahalik eta modu zorrotzenean, zientifikoenean, gertaerak deskribatzeko, azaltzeko eta aurreikusteko. Ekologiak biodibertsitatea aztergai duen bezala hizkuntza-ekologiak hizkuntza dibertsitatea du aztergai eta haren defentsa helburu; hizkuntza guztien defentsa egiten du, izan hiztun-kopuru handikoak zein hiztun gutxi dituztenak, idatzizko tradizioa dutenak zein ahozko tradizioz gaurdaino heldu direnak, eremu geografiko txikian hitz egiten direnak edota esparru zabalagoan daudenak.

Nolanahi ere, hizkuntza-ekologiak —ekologiaren kasuan bezala— aniztasunaren defentsa eta zaintzatik beste maila baterako jauzia egin du (ekologiak bezala), eta bere indar-gunea iraunkortasunaren kontzeptuan kokatu da (garapen iraunkorraren kontzeptuan).

Gogora ekar dezagun: Garapen iraunkorra 1987an idatzitako Brundtland Txostenak definitu zuen eta 1992an Rio-ko Munduko Gailurrean mundu zabalera hedatu zen, kontzeptua honela definituz:

Garapen iraunkorra gaur egungo beharrei erantzuteko garapen modua da, datozen belaunaldien beharrak asetzeko euren gaitasuna arriskuan jarri gabe. Garapen iraunkorrak gizakiaren bizitza baldintzatzen dituen hiru esparru elkar lotzen ditu: ekonomiaren garapena, gizarte gaietan ekitatea eta ingurumenaren zaintza.

Hiru esparruak dira garatu beharrekoak, beraz, modu ekosistemiko batean eta ezinbestean elkar loturik (ekonomia, gizartea eta ingurumena). Eta hor kokatzen da hizkuntzaren eta kulturaren dimentsioa, gizateriaren garapen sozialaren erdigunean txertatuta, gizarte gaietan ekitatearen bila. Alegia, komunitatearen garapen iraunkorra ziurtatuko da baldin —eta soilik baldin— komunitate horren dimentsio kulturala eta hizkuntzarena garatzen baldin bada. Ez da ahaztu behar bioaniztasunaren garapenak eta kultura- eta hizkuntza-aniztasunarenak jatorri berbera dutela, alegia, inguruneari eta ingurumenari denboran zehar egokitzeko gaitasuna; eta garrantzizkoagoa dena, bioaniztasunaren galera-arriskua, hizkuntza-aniztasunarena bezala, gizakiaren jokamolde arduragabearen emaitzak direla.

Komunitateen iraunkortasuna ziurtatzeko hizkuntzen iraunkortasuna sendotzea da hizkuntza-ekologiaren izateko lehentasunezko arrazoia

Komunitateen iraunkortasuna ziurtatzeko hizkuntzen iraunkortasuna sendotzea da hizkuntza-ekologiaren izateko lehentasunezko arrazoia, alegia, tokian tokiko hizkuntzak baliagarriak izan daitezen ziurtatzea, datozen belaunaldietako hiztunen hizkuntza-beharrak ase daitezen.

Ikuspegi horretatik, komunitateen iraunkortasuna ziurtatzeko hizkuntzen iraunkortasuna sendotzea da hizkuntza-ekologiaren izateko lehentasunezko arrazoia, alegia, tokian tokiko hizkuntzak baliagarriak izan daitezen ziurtatzea, datozen belaunaldietako hiztunen hizkuntza-beharrak ase daitezen. Zehaztuz gaia: gure lurraldearen ekosisteman, euskararen lurraldean, bertako datozen belaunaldietako biztanleek euskara osasuntsu izan dezaten zein dira gaur egun ezinbestean bete beharreko baldintzak?

Erantzuna oso konplexua izan daiteke, baina ideia bat behintzat garbi agertzen da: datozen belaunaldiek modu naturalean jaso, erabilgarri izan, eta ondorengoei transmititzeko nahia ziurtatuko duen sistema marrazteko ahaleginean saiatzea da hizkuntza-ekologiaren erronka.

Izan ere, hizkuntza-ekologia, ez da soilik errealitatea aztertzeko zientzia bat; hizkuntza-ekologiak hainbat balio etikotatik iragazten du ezagutza, hau da, printzipio etikoak aplikatzen ditu. Printzipio horien baitan kokatzen du gertakariak ulertzea. Hizkuntzaren ekologiaren ikuspegitik printzipio horiek balio unibertsala dute, hau da, pertsona guztiei eragiten diete, ekologian bezala; bai gutxitutako hizkuntzetako hiztunei eta baita hizkuntza hedatuetako hiztunei ere. Inportantea da hori azpimarratzea, ezinbestekoa ere badelako horien inplikazioa lortzea.

Goazen beraz, aipatzera zein diren ekologiak aintzat hartzen dituen balio etiko unibertsalak, labur-labur, hausnarketarako baliagarriak izan daitezkeelakoan.

. Hizkuntza-aniztasunaren balio unibertsala. Hizkuntza guztiek balio unibertsala dute; denak dira gizakiaren sorkuntza-gaitasunaren eta ingurumenari egokitzeko ahalmenaren adierazpideak. Beraz, ez da onartzen hizkuntzen arteko balio-hierarkiarik. Norberaren hizkuntzari besteenari baino balio handiagoa ematea beste gizartekoak baino boteretsuago sentitzearen ondorio da. Aldi berean, gizarte batek —edo gizarte horren zati batek— bere hizkuntzari balio gutxiago ematen badio berez, menpeko sentitzen denaren seinale izango da. Ez dago berez, hizkuntza-ekologiatik begiratua, hizkuntza hobeagorik edo txarragorik. Gure kasuan, beraz, munduko hizkuntza-aniztasunaren izenean dagokigu, beste lurralderik ez duen euskarari balio unibertsal hori aitortzea, zabaltzea eta zaintzea.

. Berdintasunaren printzipioa: Printzipio horren arabera esan daiteke “desberdin dagoena berdin tratatzea ez dela berdintasuna, injustizia baizik. Aukera berdineko egoerara, ekitate-egoerara heltzeko neurriak hartu behar dira”. Printzipio horrek ahalbidetu behar du euskararen —gutxitutako hizkuntza guztien kasuetan bezala— neurri babesleak, neurri garatzaileak, neurri bereziak hartzea, gutxienez ekitatea lortzeko. Printzipio horrek legitimotasun handia eskaintzen du hizkuntza boteretsuko hiztunak neurri horien beharraz jabetzeko.

. Subsidiaritatearen printzipioa. Printzipio horren arabera, hurbilekoaren garapena eta erabilera lehenestea komeni da. Hizkuntzaren kasuan, bertako hizkuntzak, gure kasuan euskarak egin dezakeena ez dezala beste batek egin balioan jartzea da. Erronka da ekosistema osoa kontuan hartuta, eta kasuan kasuko azpi-ekosistemek eskatzen duten egokitzapenak aplikatuta euskarak bete ditzakeen funtzioak definitzea, adostea eta praktikara eramatea, hurbileko hizkuntzak bete ditzakeen funtzioak hizkuntza horretarako gordetzea, hizkuntza hedatzaileagoak horiek beregana ez ditzan.

. Belaunaldien arteko zaintzaren printzipioa, zuhurtziaren printzipioa. Printzipio horren arabera, ez da etikoa etorkizuneko belaunaldientzat kaltegarriak izan daitezkeen erabakiak eta neurriak onartzea. Hau da, neurri horiek onuragarriak izango direla ziurtasunik ez badago, hobe zuhurtziaz jokatzea, beti ere, hizkuntza gutxituaren ekosisteman eragin kaltegarria izan ez dezan.

Printzipio horiekin batera badira beste batzuk, aipatu besterik egingo ez direnak testu honetan, baina ez ahaztea merezi dutenak. Horien artean aipatzea komeni da elkartasunaren printzipioa eta erantzukizun sozialarena.

Printzipio etiko horiek kontuan hartuz pasa gaitezen hizkuntza-ekologiaren hirugarren zutabera, ekintzaren, praktikaren esparrura. Ze irakaspen atera daiteke ezagutza horretatik, balio etiko horiek aplikatuz euskararen biziberritze-prozesuan tresna sendoak izateko? Ondoko ideiak behintzat aipa daitezke:

Aipatutako horrek guztiak plangintza-politikoan eragina izan beharko luke, eta baita praktika pertsonaletan ere, ekologiak eragiten duen bezala. Arduradun politikoei eskatzen die etorkizuneko ikuspegia garatuz praktika politikoan ekologiaren pentsamendu zabala barneratu dezaten, bertan hizkuntza eta kulturaren iraunkortasunaren kontzeptua txertatzeko. Ziur gaude etorkizuna iraunkortasunaren bidetik joan beharko lukeela, tokian tokiko kulturak eta hizkuntzak bere lekua hartuz, ondorengo belaunaldiei gizarte iraunkorra transmititu nahi bazaie behintzat, ekologiak aldarrikatzen duen bezala.

1 Haugen, E. 1972: The Ecology of Languages” Standford University Press. California.

2Krauss, M. 1992: “The World’s Languages in Crisis” in Language 68 (19:4-10)

3 Hizkuntza-ekologiaz aritzen diren adituen zerrenda oso luzea da egun, eta euren lanak erraz eskura daitezke, esate baterako, HABEren Donostiako liburutegi espezializatuan.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Urteko Galdera

Egilea

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia