Daniel Fioramanté
DANIEL FIORAMANTÉ
Eskultorea
2002 / 04-26 / 05-03
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Artisaua
 Prozesua
 Prezioak


ARTISAUA

Daniel Fioramanté 1963ko ekainean jaio zen, Briançon-en (Alpe frantsesetan). Aita frantsesa du, eta ama, berriz, nafarra (Oitz de Santestebangoa).

Bi urte zituenetik, Daniel askotan joaten da bere aiton-amonengana, Oitzera. Bihotza guztiz errotu zitzaion herrixka hartan, eta hantxe bizi da orain.

  Argazkia
Gaztea zela, 1980an, moto istripu bat izan zuen, eta ergoterapia egitea gomendatu zioten (errehabilitazio terapia). Horrela hasi zen artilea, egurra eta buztinarekin lan egiten. Azken honekin, busto bat egin zuen, eta gustatu egin zitzaion esperientzia.

1987an, Marsellan Kultura fisikoko irakasle ikasketak amaitu ostean, Oitza etorri zen bizitzera, eta Elizondoko Zaharren Egoitzan mantentzeko gimnasiako irakasle gisa lanean hasi zen. Bitartean, eta dibertimendu gisa, buztina lantzen jarraitu zuen etxean. Noizean behin, artisautza azokatara joaten zen Oitzeko koilaragilearekin, maitasunez Osaba Miguel deitzen dion Miguel Urroz Arrastiorekin. Miguelek bere postuko ertz bat uzten zion, Danielek bere piezak erakusgai jarri eta saltzeko. Lehenbiziko pieza horiek askeak izaten ziren (ez zuten oinarririk izaten) eta margotu gabeak. Geroago hasi zen margotzen, zurezko pieza batzuk gehitzen, betuna ematen, etab.

Elizondoko Zaharren Egoitzako kontratua amaitu zitzaionean (1993), buru-belarri buztinezko eskulturak egiten hasi zen. Eta horrelaxe jarraitzen du artista honek, noizean behin inguruk herrixketan gimnasiako klaseak ematen dituela. Elkarrizketatu ditugun beste artisau askoren kasuan bezala, oraingo honetan ere artista autodidakta bat daukagu aurrean.

Bere etxean eta artisautza azoketan bakarrik saltzen ditu bere produktuak.

Euskal bizimodu herrikoieko buztin egosizko irudiak dira bere espezializazioa.

Jada prest dagoen buztina erosten du, eta oso irudi errealistak egiten ditu, xehetasun guztiak dauzkatela. Miniaturazko benetako artelanak egiten ditu.

Bere lanak horrelakoak izan dira:

Esate baterako, honelakoak ikus genitzake: laiarekin lanean dabiltzan laborariak, aizkolariak, arrantzaleak, artoa aletzen ari diren amonatxoak, igitaia zorrozten ari diren aitonatxoak, gazta egiten ari den artzaina, euskal inauteriko irudiak... Horrela, mundu tradizionaleko jarduera guztiak aipatzen jarraitu ahal izango genuke, denak baitira bere inspirazio iturri. Ez da harritzekoa bere liburutegian on José Miguel Barandiaran eta Jimeno Jurioren liburu mordo bat, Euskal Herriko antzinako argazkien liburuak, eta Mitologiari buruzko hainbat eta hainbat izatea.

Bere lanak oso aproposak dira sari, urteurreneko oroigarri edo enpresako opari gisa emateko, edota dekorazio modura, besterik gabe.

Enkarguz, eskulturak ere egiten ditu, bustoak batez ere.

  Argazkia
Metalezko erremintak erabiltzen ditu, eta hori ez da oso ohikoa, buztina darabilten eskultoreek zurezkoak erabiltzen baitituzte normalean. Danielek dioenez, tresna hauen zama eta ukipena oso atsegina da beretzat.

Buztina eskuetan duela, pieza modelatzen du, eta gura duen pertsona sortzen du. Artelana amaitutakoan, ireki egiten du, eta barrua hustu ondoren, itxi egiten du, airearentzako bi zirrikitu utziz. Esperientziak erakutsi dio trinkoak errazago puskatzen direla labean, burbuilak barruan zabaltzearen ondorioz. Gainera, lehertzerakoan, ez da pieza hori bakarrik puskatzen, baizik eta aldamenean dauzkanak ere puskatu egiten dira.

Lehortzen utzi ondoren, labe elektriko batean sartzen ditu, egosteko, eta handik ateratakoan argizaria ematen die, piezak pixka bat iluntzeko. Ondoren, bakoitzari dagokion zurezko oinarria ipintzen dio, eta ezpelaren egurrez egindako osagarriak: aizkorak, laiak, etab.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen