Artisaua | |
Produktuak | |
Prezioak |
ARTISAUA
1959an Cañizo-n (Zamora) jaioa. Bere aita Sestaon hasi zenean lanean, Bernatek hiru urte zeuzkanean familia guztia hara bizitzera joan zen. Lanbide Heziketa egin eta munduan zehar bidaiatzen ibili ondoren, hamazazpi urterekin pintatzeari ekin zion. 23 urterekin, Zaragozan animatzaile sozio-kultural gisa hasi zen lanean, eta sortzen zitzaizkion bestelako lanak ere hartzen zituen. Pintatu ere egiten zuen, baina "brotxazoka", berak dioenez. Zaragoza bertako Universidad Popular-ean zeramika ikastaro batzuk egin zituen, eta pinturan ikasitako jarraibide estetikoak zeramikari aplikatzeari ekin zion. Muraletan espezializatu zen. Une hartan aldatu egin zuen bere estiloa, pinturaren bidez estilo figuratiboa lantzen zuelako, eta buztinarekin, berriz, abstraktua lantzen hasi zelako.
Trofeos |
Donostian ARTELEKU zabaldu eta bertan harrizko eskultura ikastaro bat antolatzeko asmotan zeudela jakin bezain pronto, berehala eman zuen izena. Jugoslavia eta Donostia artean zebilen Carlos Lizarriturrik izan behar zuen irakaslea. Ostera, antolakuntza arazoak zirela-eta, hilabetez atzeratu behar izan zuten ikastaroa, eta orduan Carlosi prestaketa lanetarako laguntza eskaini zion. Horrelaxe hasi ziren elkarrekin lanean. Bernatek dioenez, denbora horretan Markinako ikastaro guztian zehar baino gehiago ikasi zuen. Ikastarorako tresnak egin zituzten: falkak, lerratokiak, harria puskatzen eta tenplatzen ikasi zuen, etab. Egunero-egunero, lehenengo Markinatik Ondarroara joan-etorrian ibiltzen zen, eta handik gero Donostiara autobusez. Ikastaroa amaitu eta hurrengo udan, Jugoslaviara joan zen, Carlosengana, han honek antolatzen dituen udako ikastaroetan parte hartzeko.
Ondoren, Bilboko hargintza tailerrean eskolak emateko deitu zioten, eta urtebete eman zuen bertan. Aldi berean, Bilboko Museo Historiko eta Etnografikoan harrizko elementuak zaharberritzen aritu zen, eta baita ezkutuak, estela diskoidalak, erreprodukzioak, etab. egiten.
Bere lanik aipagarrienen artean, Gernikako udaletxeko ezkutua legoke batetik, forma kurboa eta bi metro baino gehiagoko luzera duena, eta Dominikar Errepublikan Puerta del Mar-erako egindako ezkutu batzuk bestetik, lau metro baino gehiagoko luzera dutenak, eta ezkutu nagusian Carlos V.aren armak agertzen direla.