Cesáreo Soule
CESÁREO SOULE
Hargintza
2002 / 11-29 / 12-06

Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Historia
 Prezioak


SARRERA

Txoko honetan bertan hargintzari buruz aritu ginen aurreko zenbaki batean genioenez, hargintza da ezagutzen dugun lanbiderik zaharrena. Gogoan izan harria lantzeko gaitasuna dela gure arbasoen arteko sailkapena egiteko jarraitzen den irizpidea, eta alde batetik Harria lantzen ez zeneko Aroa daukagula (edo, zehatzago esanda, Aro desberdin batzuk daudela adierazi beharko genuke), eta beste batetik Harri Landuaren Aroa (Neolitikoa). Aztarnategietan, Kristo aurreko 30.000 urtean egindako emakume itxurazko harri landuak aurkitu izan dira.

Aipaturiko ale hartan, artista edo artisaua izatearen artean badagoela desberdintasunik aipatzen genuen. Hiztegiak dioenaren arabera, artisaua "arte edo lanbide mekaniko bat lantzen duen pertsona da", eta artista, berriz, arteren batean jarduten duena. Ikus daitekeenez, oso antzekoak dira bata eta bestea. Gaur egun, ordea, bien artean nolabait desberdintzearren, esaten da lehenengoak kalitate estetiko handia duten piezak egiten dituela, eta bigarrenak, berriz, elementu herrikoiak. Beste desberdintasun bat ere aipa genezake: artistak tresna estetikoak egiten dituen bitartean, artisauak erabiltzekoak diren tresnak egiten ditu. Hori guztia horrela bada, Cesareo Soule artista bat dela esan behar dugu. Bera dugu artikulu honetako protagonista.

Hargintza hizpide dugun honetan, On Jose Miguel Barandiaranek jasotako ipuin polit bat datorkit gogora:

"Hargin bat nazkatuta zegoen egunero harriak pikatzen aritzeaz. Aberatsa izan nahi zuen, eta lamina batek aberats bihurtu zuen. Baina aspertu egin zen aberats izateaz. Boteretsuagoa izan nahi zuen, eta laminak orduan enperadore bihurtu zuen. Uda heldu zenean, eguzkiak kiskali egin zuen, eta orduan eguzkia izateko gogoa sartu zitzaion. Eta laminak eguzki bihurtu zuen. Baina eguraldia aldatu egin zen, eta hodei batek estali egin zuen eguzkia. Orduan, hodeia izan nahiago zuela erabaki zuen, eta laminak hodei bihurtu zuen. Hodeiak euria bota zuen, baina haitz bat euriaren aurrean sendo mantentzen zela ikusi zuen, eta orduan haitza izatea erabaki zuen. Eta laminak haitz bihurtu zuen. Eta orduan gizon bat ikusi zuen, mailu batekin haitza txikitzen, eta gizon hura bezalakoa izan nahi zuela erabaki zuen. Eta laminak hargin bihurtu zuen. Eta une horretan, zera esan zion: "gauza bat daukanak beste gauza bat izatearekin amesten du, baina hasieran zeunden bezalaxe zaude orain. Beraz, aurrerantzean ere, izan gaitezen orain garen gauza bera: ni lamin eta zu hargin". Eta lamina betiko desagertu zen".

Azpimarratzeko moduko bi ideia azaltzen zaizkigu ipuin honetan: batetik, hargina nazkatuta zegoela harria pikatzeaz, eta, bestetik, daukagunarekin konformatzen ikasi behar dugula. Pertsona batzuek bizitzak ekarri dien lanbidea izaten dute, baina beste batzuek, berriz, bokazioz aukeratu duten lanbidean jarduten duten. Bada, bigarren hauen artean kokatuko genuke gure gaurko artisaua, Cesaero Soule.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen